Arrain egosia, hominido erara

  • Jordan ibaiaren harana, duela 780.000 urte. Hominido talde batek arrain egosia jan zuen Hula lakuaren ertzean. Israelgo Gesher Benot Ya’aqov aztarnategian arkeologoek aurkitutako arrain arrastoei esker iritsi dira ondorio harrigarri horretara.

Ella Maru / Tel Aviveko Unibertsitatea

Bagenekien hominidoak duela 2 milioi urte inguru hasi zirela arrain gordina jaten, baina orain arte adituek uste zuten gizakia duela 170.000 urte hasi zela elikagaiak prozesatzen. Hortaz, nazioarteko ikerlari talde batek Nature Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu berri duen lanak lehen gizakien dietaren iraultza uste baino askoz lehenago gertatu zela frogatzen du.

Lehenik eta behin, desagertutako hainbat arrain espezieren arrasto asko topatu dituzte aztarnategian, eta horrek adierazten du kontsumoa ohikoa zela. Gainera, hainbat geruzatan aurkitu dituzte arrastoak, luzaroan kontsumitu izanaren seinale. Espezie horietako bat Cyprinus carpio edo zamo arruntaren familiako arrain handi bat zen. Arrainaren hortzeko esmaltea osatzen duten kristalak handitu egiten dira beroaren eraginez. Kristal horiek aztertuz ikusi dute karpa handi horiek egosteko tenperatura egokian jarri zituztela, eta ez zituela su espontaneo batek erre. Finean, komunitate haiek arraina egosteko tradizioa zutela.

Gizakiak janari prestatua jaten hasi zirenean, denbora eta energia gehiago izan zuten sistema sozial eta jarrera berriak garatzeko

Elikagai gordinak deskonposatu eta digeritzeko askoz energia gehiago behar da. Hortaz, lehen gizakiak janari prestatua jaten hasi zirenean, denbora eta energia gehiago izan zuten sistema sozial eta jarrera berriak garatzeko. Gainera arrainak omega 3 azidoak, zinka ea iodoa dauzka, garunaren garapena bultzatzen duten substantziak.

Ikerlariek uste dute ur geza zeukaten eremuak funtsezkoak izan zirela Homo erectusa Afrikatik haratago hedatzeko. Ur geza edateko erabiltzen zuten, jakina, baina, animaliak ere edatera hurbiltzen zirenez, ehizarako gune ezin hobeak ziren. Eta arrainak ere hominidoen migrazio bideak baldintzatu zituen neurri batean: sakonera txikiko uretan arrainak harrapatzea erraza zen eta sari nutrizional handia ematen zuten.

Eta, hala, arrain errezeta soil horrek giza garunaren eboluzioa, ingurumenarekiko harremana eta migrazioa taxutzen lagundu zuen.


ASTEKARIA
2022ko abenduaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historiaurrea
10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-14 | Diana Franco
Teknologia
Kobazuloetako teknologiak

Asteburu honetan historiaurreko margoak zeuden kobazulo bat bisitatu dut. Burdin eta manganeso oxidoa erabilita orain dela 30.000 bat urte egindako margoak. Bisita hauek interesgarriak iruditzen zaizkit, gizaki gisa munduan dugun lekua birkokatzeko; aukera dira historia... [+]


Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Gotorlekurik zaharrena

Siberiako taigan duela 8.000 urteko gotorlekua topatu dute Berlingo Freie Universitäteko ikerlariek, inoizko zaharrena. Gotorlekuak Iraultza Neolitikoarekin batera iritsi zirela uste izan da luzaroan, nekazaritzak komunitateak egonkortzea ekarri zuelako.

Baina duela... [+]


Eguneraketa berriak daude