Veneziako arte Bienala, inoiz baino kutsu onirikoagoaz

  • Leonora Carrington (1917-2011) XX. mendeko margolari garrantzitsuenetariko bat izateaz gain ipuin kontalari trebea ere bazen. Semeei kontatzen zizkien belarri handi-handiak zituzten eta elefante bilakatzen ziren gizonen istorioak, edo krokodriloak maite eta horiekin batera zingira sakonetan murgiltzen ziren ume ausartenak, eta gorputz erdia karramarro itxurakoa eta beste erdia emakume beltz eder formakoa zuten izakien inguruan ere aritzen zitzaien. Istorio oniriko horiek guztiak, ametsak bezala mugarik gabeko imajinaziotik sortuak, The Milk of Dreams (Ametsen esnea) ipuin-bilduman bildu zituen ondoren. Orrialde horietan aurkitu daitekeen fantasiazko mundu amaigabea da aurtengo Veneziako Arte Bienaleko erakusketa nagusian topatu dugun haria.

Argazkia: La Biennale di Venezia
Argazkia: La Biennale di Venezia

Cecilia Alemani italiarra izan da aurtengo Bienalaren komisariotza egiteko enkargua jaso duen komisarioa, eta Veneziako bi gune nagusitan hedatzen den proiektu itzelari izaera, norabidea eta koherentzia eman diona. Egungo egoera ezegonkorraren aurrean –gure bizitzako esparru ia guzti-guztietara hedatzen ari den dardara– kosmobisio berriak, imajinatzeko ezohiko lekuak eta mundua birpentsatzeko aukerak zabaldu ditu artearen praktika heterogeneoaren bitartez. Eta ez da lan erraza, izan ere Venezian bi urtetik behin antolatzen den nazioarteko arte erakusleiho erraldoi hori beti da gehiegizkoa eta menderatzailea, batzuetan operazio efektistetan errazegi erortzeko arriskua daukana. Aurtengoak, ordea, badakar desplazamendu edo toki aldaketa bat: luzez itsuan berresten ari ginen hari ikusezin batekin mozteko desira.

Denbora luzean gailendu den ikuspegi antropozentrista (zuria, gizonezkoa, kolonizatzailea eta patriarkala) agortu dela ikusarazi, eta Carringtonen fantasiazko munduak bizitzeko gonbidapena da aurtengo bienalean azaleratu dena; eta mundu berriak imajinatzeko gonbidapen horretan, artea tresna ezin baliotsuagoa dela azpimarratu da. Egiteko horri forma emateko, nazioarteko berrehun artista baino gehiagoren lanak aukeratu eta Veneziako Giardini eta Arsenal guneetan aurkeztu dira, eta Biennaleko historian lehenengo aldiz –127 urteren ondoren– emakumeak eta genero zehatz batekin identifikatzen ez diren artistak dira gehiengoa aurtengoan. Hori ere hasiera bat da.

Beraz, aurtengo Veneziako The Milk of Dreams erakusketa nagusian munduaren ikuspegi post-humanista bat gailentzen da, non artistek izaki ezberdinen arteko hibridazioetan erreparatzen duten, mundu naturalaren eta teknologikoaren arteko elkarketan, ezagutza ez-arrazionalei protagonismoa emanez, sinesmen eta erritualei lekua eskainiz; azken finean, imajinazioaren uhateak parez pare zabalduta. Horrek guztiak plastikotasun bizi baten forma hartzen du (Cecilia Vicuña, Paula Rego, Prabhakar Pachpute), eta islatzen da tamaina itzeleko eskulturetan (Gabriel Chaile, Simone Leigh), sabaitik zintzilikatzen diren forma organikoetan (Tere Solar, Kapwani Kiwanga) edota beren baitan ekosistema bat osatzen duten ingurune naturaletan (Precious Okoyomon). Giardiniko eta Arsenaleko erakusketa guneetako sarreretako artelanak iruditu zaizkit paradigmatikoak: Katharina Fritsch-en Elephant (Elefantea, 1987) eta Belkis Ayón artista kubatarraren marrazkiak. Lehenak tamaina handiko elefante baten eskultura, animalia matriarkalaren enblema, ispiluz inguratutako galeria neoklasikoa dotore batean kokatzen du; bigarrena tradizio afro-kubatarretan oinarritzen da alegiazko gizarte matriarkal bat deskribatzeko marrazkien bitartez.  

Gorputzaren inguruko hausnarketa ere argi ikus daiteke erakusketa nagusian. Izan ere, gorputz mutanteak eta hibridatuak ikusiko ditugu marraztuta: cyborg-ak, protesiak, haragiz hustutako moldeak, silikonazko bustoak, sexu harremanetarako panpina puzgarriak… Gai horren bueltan koka genezake June Crespo artista iruindarraren Helmets (Kaskoak) lana. Artista euskaldunak 2020an brontzez egin zuen armadurari batzen dizkio altzairu herdoilgaitzaz eta zeramikaz egindako soin formako bi eskultura. Crespok denbora darama eskulturaren bitartez gorputzaren eta arkitekturaren inguruko hausnarketa planteatzen, non eraikuntzarako izan zitezkeen materialez egindako eskulturen hutsuneak edo barrunbeak arropaz betetzen dituen. Hiru piezaz osatuko serieak Aneta Grzeszykowska-ren argazkiez inguratuta aurkezten dira.

Erakusketa nagusi horretaz aparte, pabiloi nazionaletan aurkezten diren proiektu artistikoak dira Bienaleko indargunea. Bertan, bi urtetik behin, herrialde bakoitzak bere pabiloian artista baten edo batzuen lana aurkezten du. Pabiloiak XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran eraikitako eraikuntza nazionalak dira, zentzu batean XIX. mendean Parisen eta Mendebaldeko beste metropolietan loratu ziren expo unibertsalen eta internazionalen zantzua dutenak. Arkitektura bakoitzak eraiki ziren garaiko irakurketa geopolitiko interesgarriak egitea ahalbidetzen du, baina batez ere iraganeko garai bati erantzuten dion eskema baten testiguak dira, eta horregatik, egun zalantzan jarri eta birplanteatu beharrekoak.

Konnotazio handiko espazioak dira. Espainiakoa, adibidez, 1922an hasi ziren eraikitzen eta 1954an fatxada barroko originala bistako adreiluzko fatxada bategatik aldatu zioten. 2019ko edizioan Espainiako pabiloian Itziar Okarizen eta Sergio Pregoren lanak aurkeztu ziren Peio Agirreren komisariotzapean, eta aurten testigua Kataluniara pasa da Ignasí Aballí-ren Corrección (Zuzenketa) esku-hartzearekin. Aballík pabiloiaren arkitekturari erreparatu dio, eta garaiko planoak aztertuta, ikusi zuen hormak hamar graduko lerradura zuela Belgika eta Holandarekin konparatuta. Beraz, bere esku-hartzea lerradura hori zuzentzea izan da, pabiloi barrualdean eraiki dituen hormen bitartez. “Desdoituta dago. Zuzenketaren eta errorearen ideiarekin jolastea erabaki nuen, eta aldi berean kontzeptu kontrajarriekin lan egitea, hala nola: zuzena eta biratua, edo hutsa eta betea, adibidez”, adierazi zuen artistak. Keinua sotila da, oso minimala eta nekez nabaritzen dena, baina hainbat galdera planteatzen dituena: zer inplikatzen du gainontzeko herrialdeekin lerrokatuta egoteak? Zenbateraino da beharrezkoa lerratuta egon behar hori? Aurten ehun urte bete dituen eraikinean bi estruktura batu ditu, non argiak eta hautsak edifizioa okupatzen duten osagaiak diren. Proiektua osatzera datozen sei liburu ere argitaratu ditu, Veneziako hainbat kiosko eta liburu dendetan doan lortu daitezkeenak.

Maria Eichhorn artista alemaniarrak ere arkitektura ardatz hartuta Alemaniako pabiloian esku-hartzea egitea planteatu du. Arestian aipatutakoa keinu sotila bazen, Eichhorn-ena askoz irmoagoa da. Alemaniako pabiloia 1909an eraiki zen Bavariako pabiloia hartzeko. Giza eskala bati jarraika planteatutako eraikina zen harik eta 30 urte geroago erregimen naziak guztiz eraldatu arte: leihoak estali, sabaiak igo, ateak handitu… Ikara eragitera zetorren arkitektura faxista baten adinako pabiloia egin zuten. Artistak espazio horretan bere lana erakutsi baino, nahiago izan du espazioa bera eraldatu, eta 1938ko interbentzio arkitektonikoak desagerrarazi ditu erakusketak iraun bitartean. Operazio horrek, berriz ere, arkitekturaren irakurketa kritikoa egitera behartzen gaitu; edukia bera baino, sarritan espazioan ematen diren baldintzapenak direlako ezbaian jarri beharrekoak.

Errusiar pabiloia aurten itxita egon da. Ukrainak, ordea, izan du ordezkaria Pavlo Makov artistaren obraren bitartez. Holandak Estoniari utzi dio aurten bere pabiloia, eta Kataluniak izan du bere pabiloi propioa, non Lara Fluxaren proiektua aurkeztu den. Egungo egoera geopolitikoaren lagin bat dirudi Veneziako Arte Bienalak. Dena den, kosmobisio eta ezagutza berriei bide emateko gonbita da, guztiaren gainetik, gailentzen den esperantzarako zidorra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude