"Ikuspegi nagusia oso sinple bilakatu da Errusian: gu onak gara eta haiek gaiztoak"

  • Garai interesgarriak bizitzen ari gara Errusian, zalantzarik gabe. Azken hilabeteotan mintzagai nagusi bihurtu den Ukrainako gerrak espazio txikia uzten die bizitzako gainerako aspektuei. Moskun bertan, Pavel elkarrizketatu dugu ARGIArako. Izena faltsua da, hark hala eskatuta, baita elkarrizketatzailearena ere, Errusian hainbat urtetako kartzela zigorra jaso baitezake gerraren aurka publikoki hitz egiten duenak. Gizon gaztea da Pavel deituko duguna, 25 urte ditu. Moskukoa da eta, oraingoz, bertan jarraitzen du. Unibertsitatean hizkuntzalaritza ikasi zuen, gaztelania eta ingelesarekin. Hiru urte daramatza lanean hiriburuan, atzerriko erakunde batentzat.

Iraileko deialdian gudara mobilizatutako hainbat herritar.

Hasteko, nolako harremana duzu Ukrainarekin?

Ukraina nire bigarren herrialdea da, batez ere Ukraina ekialdea. Nire aitona-amona guztiak han bizi izan dira, Mariupol hirian, eta aita eta izeba (amaren ahizpa) ere bai. Horregatik, 2014 urtera arte udaro joaten nintzen Mariupolera. 2006an urtebete egin nuen han, orain ia suntsituta dagoen auzo-eskola batean ikasten. Nire lau aitona-amonetatik hiruk, zorionez edo zoritxarrez, ez dute ikusi hirian eta herrialdean gertatu den izugarrikeria, duela urte batzuk hil baitziren. Amaren amak soilik, bizirik dagoen bakarrak, hirian bizitzen jarraitu du, eta izebak eta aitak ere bai. Hantxe egon ziren hirian batailarik basatienak gertatu zirenean ere.

Nola aldatu da zure bizitza aurtengo otsailaren 24az geroztik? Nola sentitzen zara orain Moskun bizi zarela?

Zoritxarrez, inoiz ezin izango dut otsailaren 24a ahaztu. Ordutik nire bizitza hainbatetan aldatu da, okerrera  beti, etengabe. Egun hartan lagun baten whatsapp mezuak esnatu ninduen, jakin baitzekien nire familiaren zati bat Mariupolekoa zela. Zera esan zidan: "Kaixo! Ikusi dituzu albisteak?". Ez nion erantzun, ez nuelako jakin zer erantzun. Garai hartan ezin nuen ezer ulertu, erabat galduta ibili nintzen. Hilaren 24a baino lehen, zurrumurruak zeuden alde guztietatik, gerra laster hasiko zela, baina niretzat –eta lagun eta senide guztietzat– fake news hutsa baino ez ziren. Ez zuten arretarik merezi; baina azkenerako, dirudienez bai, merezi zuten.

Egun horretan, amak eta biok Mariupolgo familiari deitu genion handik atera zitezen erregutzeko. "Oraingoz ez da posible, hiria blokeatuta dago, baina seguruenik ez du askorik iraungo", esan zuen izebak. Handik bi egunera, harremana guztiz galdu genuen. Erabat izututa eman genituen ia bi hilabete amak, arrebak eta hirurok. Komunikabide guztiak jarraitzen genituen, bai ukrainar nazionalistak, bai Errusiako Gobernuaren aldekoak, gure senideei buruzko edozein informazio aurkitu asmoz. Aurpegi ezagunak aurkitzeko itxaropenarekin, gau eta egun ibili ginen suntsitutako hiriaren argazkiak ikusten, jendea ebakuatzen ari ziren soldatuen bideoei behatzen, orduro eguneratzen ziren ebakuatuen eta hildakoen zerrendak irakurtzen. Apirilaren amaierarako, izebak amari deitu zion, azkenean. Gorriak ikusi zituzten, baina handik ihes egitea eta guregana, Moskura, iristea lortu zuten. Zeukaten aukera bakarra zen.

Moskuko Plaza Gorria.

Nola bizi duzu egoera?

Nire aldetik, ez dut inoiz ulertu edozein eraso mota erabiltzeko beharra. Beti sinetsi izan dut elkarrizketaren, diplomaziaren eta negoziazioen indarrean. Gerraren aurka nago eta inoiz ezin izan dut errugabeak hiltzea babestu, batez ere nire haurtzaroko hiriari, nire familiari eta nire lagunei eragiten dienean.

Lehen ez zitzaidan gogaikarria egiten Errusian bizitzea. Herrialde arrunta zen niretzat, bere abantaila eta desabantailekin, gustuko nituen eta onartzen ez nituen gauzekin. Bazirudien nolabaiteko oreka zegoela ongiaren eta gaizkiaren artean. Banuen Europara bidaiatzeko aukera, lagun atzerritarrak ikustekoa, eta haiek ere bisitan etor zitezkeen. Baina orain traizionatuta sentitzen naiz, eta oso minduta; abandonatuta sentitzen naiz. Nire herrialdeak ez du nire iritzia onartzen, nire iritzia ozen adierazteagatik isunak jaso edo espetxeratua izateko arriskua dut. Munduak nire nazionalitateagatik gorroto nau. Ukrainako ezagun batzuek heriotza opa didate arrazoi berberagatik. Lagunak ditut salbazio bakarra, eta gutxi gelditu dira hemen, gehienek herrialdetik alde egin baitute. Nire hiria askoz ere hotzagoa da orain, askoz itxiagoa, arrotzagoa.

"Mobilizazio partziala ere kolpe gogorra izan da herritarrentzat. Jende kopuru izugarria joan da hemendik, batzuek herrialdetik ihes egin dutelako, beste batzuk mobilizatuak
izan direlako"

Nola bizi duzu Putinek irailaren 21ean agindutako mobilizazio partzialerako deia? Pertsonalki eragin al dizu? Nola aldatu da Errusia horren ondorioz?

Mobilizazio partziala ere kolpe gogorra izan da herritarrentzat, gobernuaren aldetik. Dirudienez, Mendebaldearen zigorrekin nahikoa ez eta, gainera, gure Gobernuak ere min eman behar digu. Jende kopuru izugarria joan da hemendik, batzuek herrialdetik ihes egin dutelako, beste batzuk mobilizatuak izan direlako. Batez ere metroan nabaritzen dut, orain leku gehiago dago, bidaiari gutxiago dagoelako.

Zorionez, beste batzuek baino hobeto bizi dut egoera. Lehenengo mobilizazio-aldia –oraingoa– ez zait egokitzen, ez baitut soldadutzarik egin eta ez dut esperientzia militarrik –bizitza osoan ikasle izan naizelako–. Baina edozein unetan egokitu ahal zait, eta ez naiz harrituko. Egoera honetan, jada ez nau ia ezerk harritzen, utzi diot zerbait ona iristeko zain egoteari.
Errusiako jendeari dagokionez, aldarrikapen nazionalista gutxiago entzuten dut orain. Orain ez dut inor ikusten Z letradun kamiseta edo txanoekin kalean harro-harro ibiltzen. Ez dakit zergatik den hori, agian nazionalista guztiak gerrara joan direlako (ez dut uste), edo bat-batean iritzia aldatu dutelako eta orain isil-isilik daudelako.

Nola ikusten duzue Putinen gobernua gaur egun? Nola eragiten dute komunikabideek ikuspegi horretan?

Nik ez dut nire belaunaldiaren bozeramaile izateko eskubiderik, bakoitzak oso ezberdin bizi duelako egoera. Nire lagunak eta ni hiriburuan bizi gara, eta hiri hau Errusiako beste batzuk baino pixka bat "europarragoa" eta liberalagoa da. Guztiok jaso dugu goi-mailako hezkuntza eta nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa dugu gure familietan. Inoiz ez dugu bereziki babestu Errusiako presidentea, nahiz eta onar dezakegun gauza on batzuk egin dituela. Bai, batzuk bai. Baina orain ez dut argi-izpirik ikusten haren gobernuan, ez dago ezer onik. Ez dut babesten eta ez dut babestuko. Oro har, nire inguruko jendeak ere horrela pentsatzen du.

Komunikabideen eraginari dagokionez, propaganda bortitza besterik ez da, beste ikuspegi batzuk onartzen ez dituena. Gaur egungo ikuspegi nagusia oso sinplea bilakatu da, zuria ala beltza soilik, ñabardurarik gabe: gu onak gara eta haiek gaiztoak; guk babestu eta salbatu egiten dugu, haiek hil eta suntsitu; Errusian jarraitzen dutenak heroiak eta patriotak dira, ihes egiten dutenak traidoreak eta koldarrak, eta abar. Okerrena da badagoela hori sinesten duen jendea, eta tamalez, ez dira milaka batzuk, milioiak baizik.

Maria Fon Pushental artistaren koadroa Friazino hiriko parke batean.

Zer iruditzen zaizu Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zhaporizhia Errusiari atxikitzea? Zer iruditu zitzaizun Plaza Gorrian lurralde horien anexioa ospatzeko egin zen jaialdia?

Lau lurralde horietatik Donetskeko Herri Errepublikan egon naiz soilik, eta egia da bertako jendeak errusieraz egiten duela beti hitz eta errusiar sentitzen dela odolagatik, ez pasaporteagatik. Beraz, nire ustez, bertako biztanleek beren lurraldearen patua aldatu nahi badute, eskubidea dute, betiere modu baketsuan eginez gero, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez. Irrealegia eta baikorregia dirudi, badakit. Hala ere, esango nuke antolatu berri diren erreferendumek ez dutela zerikusirik bertako biztanleen nahiarekin, pertsona bakar baten nahiarekin baizik. Gainera, herrialde bati eskualde berriak atxikitzen bazaizkio, ez al litzateke logikoa  herrialde horretako biztanleei ere galdetzea?

Helburuak oso desberdinak izan daitezke. Ni ez naiz ez politologoa, ez diplomatikoa, pisuzko iritzia eman ahal izateko. Batzuek diote "Errusiaren subiranotasuna babesteko" egin dela; beste batzuek, aldiz, "errusiar biztanle zapalduak babesteko"; eta hirugarrenek diote "Errusiaren muga historikoak berrezartzeko" izan dela. Denetariko iritziak daude. Iritzi zentzugabeak, nire ustez.

Gauza bera gertatu zen 2014an, Krimea "etxera itzuli" eta gero. Lau eskualdeak Errusiari atxiki zitzaizkion egunean, Moskuko erdigunearen ia erdia itxi zuten ospakizunak antolatzeko. Gogoan dut, lanetik metroan itzultzen ari nintzela, seguruenik ekimen horietara zihoan emakume bat ikusi nuela jendearen artean, eskuetan bandera errusiarra zeramalako (oro har, errusiarrok ez dugu eskuan bandera eramaten). Gogoan dut haren begirada, emakume nekatuaren begirada; ematen zuen ez zuela leku hartara joan nahi, barrena ausikita zuela. Mundu guztiak daki ekitaldi horietako parte-hartzaileen %90 funtzionario publikoak direla eta behartuta daudela horrelakoetara joatera, beren lana mantendu nahi badute, behinik behin. Bitartean, "jendartea inoiz baino elkartuago" dagoela oihukatzen dute agertokitik.

Zer iritzi duzu Zelenskiren gobernuak Mendebaldearekin duen harremanaz? Sinesgarri jotzen dituzu Putinen adierazpenak, Zelenskiren kabineteak Ukrainako ultra-eskuineko taldeekin duen harreman estuaz?

Zelenski jauna etsita dagoela iruditzen zait. Bai, bere herrialdea gerran dago eta dena egin behar da herritarrak babesteko, baina ez dut uste jasotzen duen ekipamendu eta diru hori guztia doan jasotzen duenik. Uneren batean, Ukrainak ordaindu egin beharko du, eta auskalo nola ordainduko duen. Hala ere, logikoa iruditzen zait Mendebaldearekin harreman estua izateko erabakia hartzea, nahiz eta horrek ez dion laguntzen armagabetzeari, noski.

Produktu militarrak saltzen dituen denda, Defentsa Ministerioaren atzeko aldean.

Putinek ultra-eskuinaz dioena sinesgarri jotzen dut, bai; badakit egia dela. Hango jendearekin hitz egin dut, Donbaseko jendearekin, nire familia han bizi zen, eta badakit talde horiek oso oldarkorrak direla. Zibilak eta militarrak bereizi gabe hiltzen dituzte; jendeari janaria lapurtzen diote zera esanez: "Guk babestu egiten zaituztegu, behar dugun guztia desjabetu egingo dugu". Separatista hitzetik datorren “Separy” esaten diote Donbaseko jendeari 2014az geroztik, eta ez dute errespetu askorekin tratatzen. Baina otsailaren 24aren aurretik ez ziren hainbeste. Jakina, "operazio militar berezia" hasteak sustatu egin du talde horiek Ukrainako jende askorentzat erreferente bilakatzea eta haiengana jendea erakartzea, ez ideologiagatik, baizik eta borroka egiteko aukeragatik. Donbaseko jendeak esaten du talde horietako kideak oso ondo armatuta daudela, haien ekipamendua ezin modernoagoa dela eta ez Errusiak, ez Ukrainak ez dutela horren antzeko ezer ekoizten.

"Bada jendea oraindik ere pentsatzen duena
bi herriok anai-arrebak garela eta noizbait berriz ere lagun izatea lortuko dugula"

Nola uste duzu ikusten dituztela errusiarrek ukrainarrak gaur egun? Iritzi bakarra al dago?

Errusiarrok inoiz ez ditugu gaizki ikusi izan ukrainarrak. Txantxak egiten ziren, noski, baina oso lagunkoiak, gorroto edo herrarik gabeak. Hiru errusiarretik ia batek ditu lagunak edo senideak Ukrainan, edo ukrainar jatorrikoak. Gaur egun, ordea, propaganda bortitzaren ondorioz, errealitatea aldatzen ari da. Propaganda gehien sinesten dutenentzat, ukrainarrak etsaiak dira errusiarren aurka ari direlako, eta horrek irainak, txantxa ez hain lagunkoiak, gorrotoa eta intolerantzia ekartzen ditu. Eskerrak denek ez dutela horrela pentsatzen, eta badela jendea oraindik ere pentsatzen duena bi herriok anai-arrebak garela eta noizbait berriz ere lagun izatea lortuko dugula.

Nik ere pentsatzen dut, odol errusiarra eta ukrainiarra baititut zainetan. Eta nire lagunek ere pentsatzen dute, jakin baitakite ez dagoela nazionalitate txarrik, nazionalitateak ez duela gizakiaren nortasuna definitzen.

Nola uste duzu amaituko dela gatazka hau?

Ez dakit. Ez dakit jakin nahi dudan ere. Besterik gabe, jendeak hiltzeari uztea nahi dut, soldaduak beren etxeetara onik itzultzea, eta politikariek begiak irekitzea eta ikus dezatela horrela ezin dela jarraitu. Irakurtzen eta entzuten dudanaren arabera, ez du ematen bakea laster itzuliko denik eremu horretara. Baina itxaropena dut oraindik, ez garela iritsi itzulerarik gabeko puntura. Espero dezagun.

"Gora Errusiako heroiak" dioen kartela, Moskuko metroaren bagoi batean.

ASTEKARIA
2022ko urriaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errusia
2024-03-18 | ARGIA
Putinek orain arteko emaitzarik onenak lortuta irabazi ditu Errusiako hauteskundeak

Errusiako hauteskundeetan, Vladimir Putin presidenteak botoen %87 lortu du eta agintean izango da 2030era arte. Putinek adierazi du Navalni trukatzeko ituna egina zuela oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago.


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


2024-02-23 | Gedar
Errusiari zigor gehiago ezarriko dizkio Europar Batasunak

Ukrainako gerra hasi zenetik bi urte betetzear direnean, Errusiaren kontrako hamahirugarren zigor-sorta adostu du Europar Batasunak. Orain arteko zabalenetakoa da, eta aurrenekoz barne hartzen ditu Txinako enpresak ere.


Gotorlekurik zaharrena

Siberiako taigan duela 8.000 urteko gotorlekua topatu dute Berlingo Freie Universitäteko ikerlariek, inoizko zaharrena. Gotorlekuak Iraultza Neolitikoarekin batera iritsi zirela uste izan da luzaroan, nekazaritzak komunitateak egonkortzea ekarri zuelako.

Baina duela... [+]


Eguneraketa berriak daude