Ondarerik gabeko herritarrak, pobreziaren atzaparretan

  • Europako jendartearen gehiengoa pobretu egin dela diote azken urteotako datu eta estatistika guztiek. Europako Banku Zentralak eta antzeko erakundeek darabilten politika ekonomikoak zerikusi zuzena du horrekin; eta desberdintasun soziala gehiago handituko da ondare apur baten jabe direnen eta ezer ez dutenen artean, prezioen gorakadak herritarren poltsikoa estutu ahala.

Europako Banku Zentraleko egoitza nagusia Frankfurten, euroaren 20. urteurrenaren harira argiztatua. Moneta politika gogorra erabiliz herritarren bizkar jarriko du, berriz ere, krisia. (Argazkia: EBZ)

Herritarren %1aren eta gainerakoen artean arrakala handitzen ari dela sarritan aipatu izan dute aditu eta albistegiek, batez ere azken urteetan. Oxfam erakundeak bere azken txostenean esandakoaren arabera, munduko hamar gizon aberatsenek euren fortuna bikoiztu egin dute Covid-19 garaian, aldiz, %99aren diru-sarrerak gutxitu egin dira. Nobedaderik ez Donostiako Mirakontxako zerumugan. Baina desberdintasun soziala banaketa sinboliko hori baino askoz anitzagoa dela ere badio Oxfamek: generoa, arraza, lurraldea, eta beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar direla, alegia.

“Familien aurrekontua itotzen ari den inflazioaren aurrean, ondare-erreserbek diferentzia markatuko dute”

Europan, eskala sozialaren azpialdean dauden sektore zabaletan ere arrakalak handitzen ari dira –eta gehiago handitu daitezke–, batez ere krisi ekonomikoaren aurrean ondare-erreserba edo aurrezki txiki bat izan dezaketen eta hori ere ez duten herritarren artean. Hala dio, Paris 8 Unibertsitateko ikerketa batek: adin, lanbide eta klase sozialaren arabera, zaurgarritasun ekonomikoa oso desberdina da, eta diru-sarrerez gain, aldagai garrantzitsuenetakoa ondare baten jabe izatea da. “Familien aurrekontua itotzen ari den inflazioaren aurrean, ondare-erreserbek diferentzia markatuko dute”, ondorioztatu dute ikerketan.

Inflazioa %10era iritsi da eurogunean irailean, Eurostatek dioenez, abuztuan baino zortzi dezimal gehiago. Europako Bankuak interes-tasak igo ditu (ikusi erreportaje honen parte den artikuluaren grafikoa), langabeziaren kontura kontsumo eskaria gutxitu eta prezioak apalduko direla dioen dogma liberalari jarraiki, eta Europar Batasuneko gobernuek fiskalitatearen auzia mahai gainean dute. Batzuek, energia kostuen gorakadarekin irabazi handiak izaten ari diren energia-enpresak gehiago zergapetu nahi dituzte –Bruselak 140.000 milioi euro bildu nahi ditu horrekin–, edo fortuna handiei kosk egin, tax the rich (aberatsak zergapetu) ideiarekin bat eginez… bestetzuek kontrakoa egiten duten bitartean. Edo, bestela, aste berean bi gauzak iragartzen dituzte, Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak bezala.

Eztabaida eskizofreniko horren atzean, gehienetan ez dago sistema ekonomikoa aldatzeko asmorik, aberatsa aberatsago egiten duen eredu bera ur-azalean mantentzeko ahalegina baizik. Elon Muskek paparra atera du 2021ean zergatan ordaindu dituen milioika eurotxorekin, baina ez du esan bere ondasunaren (315.000 milioi euro) %3 besterik ez dela kopuru hori. Zergak aberatsentzat bai, baina aberats izaten segi dezaten. Dena normal Davoseko begiratokian.

Sindikatuek deituta herritarrak kalera irten ziren irailaren 29an Ipar Euskal Herrian. LAB

Eta bitartean, desberdintasun soziala eta pobrezia handitzen. Baita gurean ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, 2008tik bikoiztu egin da pobrezia larrian dauden herritarren portzentajea (%6,1), Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak duela egun gutxi V. Gizarteratze Plana aurkezterakoan onartu zuenez. Nafarroan 56.262 lagun daude egoera horretan (%8,6), eta Ipar Euskal Herrian ere milaka dira pobrezia mailaren azpitik daudenak, 17.000 inguru, Euskal Elkargoko Prekarietatearen Behatokiaren arabera. Ez da aztia izan behar jakiteko hipoteken eta erosketa saskiaren garestitze alimalekoak zulo horretara jausiko dituela beste milaka, patu horretatik salbatzeko aurrezki, ondare edo koltxoi nahikorik ez dutelako.

ELGAren esanetan, pertsona bat pobrea da, ez denean gai bere ondare edo aktibo likidoarekin pobreziaren langaren gainetik hiru hilabetez irauteko

Ondare-pobreziaren arrakalak

“Ondare desberdintasunak ‘behetik’ begiratzen ditugunean, ikus dezakegu zer eragin duen aurrezkirik ez izateak klase eta adinaren arabera. Datuak zoratzekoak dira”. Hala idatzi du Nicolas Duvoux soziologoak Twitterreko bere kontuan. Paris 8 Unibertsitateko irakaslea da Duvoux eta “Des classes dépossédées: Pauvreté en patrimoine et vulnérabilité économique” (Desjabeturiko klaseak, ondare-pobrezia eta zaurgarritasun ekonomikoa) artikulua idatzi du La Vie des Idées kooperatibaren webgunean, Senmiao Yang unibertsitate bereko ikaslearekin batera. Bertan azaldu dute, herritarren artean diru-sarrerek ez ezik, aurrezki faltak ere desberdintasun handiak sortzen dituela, egoeraren arabera.

Europa mailako galdeketa bat izan dute abiapuntu: Familien Finantza eta Kontsumo Inkesta, 22 herrialdetan egiten dena –azken olatua 2017koa da–. Inkesta hau bakarra da familien ondare eta aurrezkien inguruko datuak biltzen, eta aukera ematen du aberastasun, errenta, klase sozial eta adinaren araberako konparaketak egiteko.

Inflazioak %20 gehiago garestitzen die erosketa saskia
familia pobreei aberatsei baino

Inflazioak ez dio berdin eragiten diru-sarrera gehiago edo gutxiago duenari, ezta erosketa saskia betetzerakoan ere, kontsumo ohiturak oso desberdinak baitira. Hala ondorioztatu zuen Montrealen (Quebec) egoitza duen IRIS Ikerketa eta Informazio Sozioekonomikoen Institutuak Covid-19aren pandemia garaian egindako ikerketa batean.

Horren arabera, diru-sarrera gutxien duen jendartearen %40ari erosketa saskiaren kostua %20 gehiago handitu zaio inflazioarekin, %10 aberatsenarekin alderatuta. Prezioz igotzen diren produktuak batez ere oinarrizkoak dira, gehien kontsumitzen direlako, eta familia behartsuenetan inpaktu handiagoa du horrek, beren aurrekontuaren zati handi bat suposatzen duelako. Aldiz, aberatsenen kasuan, beharrezkoak ez diren produktu eta zerbitzuetan gastatzen dute euren diru gehiena (entretenimendua, aisialdia…) eta horietan inflazioa ez da hainbestekoa.

Gainera, lehenengoek kontsumo ohiturak aldatzen dituzten bitartean kalitate eskasagoko  produktu merkeagoen bila –eskari horren ondorioz azkarrago garestitzen direnak, bestalde–, bigarrenek ez dute horren beharrik eta betiko kalitate oneko produktuak kontsumitzen dituzte, prezioan aldaketa askorik sumatu gabe. Alegia, arrautzak edo esnea lehen baino askoz karuago dira, baina langostinoak edo urdaiazpiko iberikoa ez hainbeste.

Thomas Piketty desberdintasun sozialak ikertu dituen ekonomialari frantziar ospetsuak kritika zorrotza egin die halako inkestei, esanez ondare handia dutenen inguruko datuak ez direla fidatzekoak. Pikettyk Kapitala XXI. mendean liburuan maisuki azaltzen du aberastasunaren kontzentrazioa nolakoa izan zen XIX. mendetik aurrera, eta nola elite txiki baten eskuetan gelditu zen. Baina Paris 8 Unibertsitateko ikerlariek diote egungo testuinguruan “klase ertainean kokaturik dauden herritarren ondarea” ere oso kontuan hartu behar dela desberdintasun sozialak azaltzeko.

“Aktibo likidoa” deitu diote ondare horri: herritar edo familia batek shock ekonomiko larri baten aurrean (lana galdu duelako, bikotekideak banandu direlako, istripu bat gertatu delako…) momentuan erabilgarri izango lukeena. Horregatik, etxebizitzak edo ibilgailuak ez dituzte kontuan hartu. Hau da, benetan eskura izango lituzketen aurrezkiak dira.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) dio pertsona bat pobrea dela ez denean gai bere aktibo likidoarekin pobreziaren langaren gainetik hiru hilabetez irauteko –langa hori batez besteko errentaren %60an kokatu du ELGAk–. Bada, lanbide bakoitzaren arteko diferentziak zein diren erakusten duen grafiko kezkagarria (ikusi beherago) plazaratu dute Duvoux eta Yangek: 50 urteko enpresari txiki batek, batez beste, hiru urte eta bederatzi hilabete iraun ahal izango lituzke egoera larri baten aurrean bere ondarearekin –beste laguntzarik izan ezean–, pobrezian erori gabe; langabetu batek hiru hilabete eskas. Adinaren arabera ere aldeak nabarmenak dira: 50-64 urteko langile gaitu batek bederatzi hilabetez eutsiko lioke, eta 18-34 urteko batek, aldiz, bi hilabete eta erdi baino ez

Zenbateko pobrezia dagoen kalkulatzeko, erakundeek normalean herritarren diru-sarrerak edo errentak hartzen dituzte kontuan. Adibidez, Frantziako Estatuan %15 legoke diru-pobrezian, eta Espainiakoan %21. Baina ondare-pobrezia askoz larriagoa da: %46,7 eta %49,2, hurrenez hurren. Ikerketaren arabera, Europako herrialde gehienetan populazioaren erdiak ez luke hiru hilabete iraungo aurreztutakoarekin, ezta Finlandia bezalako herrialde “aberats” batekoak ere: %53,6 da pobre ondareari dagokionez  –nahiz eta Finlandiak zerbitzu eta laguntza publiko ugarirekin babesten dituen herritarrak–.

Adinen arteko arrakala ere izugarria da, amildegi bat irudikatzeraino: Espainiako Estatuan gazteen %70 dago ondare-pobrezian, Frantziako Estatuan %58, Alemanian %65… “Honek erakusten du familiak babes sozialerako duen garrantzia eta gazteen degradazioa eskutik doazela”, diote La Vie des Idées-eko artikuluan.

Grebak eta mobilizazioak soldaten murrizketa eta erosahalmen galera salatzeko

Inflazioaren gorakadak eta gobernuen politika ekonomikoek herritarren pobretzea dakartela agerian gelditu ahala, gero eta gehiago dira kalera ateratzen ari direnak. Erresuma Batuan adibidez, sektore ugari borrokan dabiltza Cut profits, not pay (murriztu etekinak, ez soldatak) oihukatuz.

Gurean ere hasi dira lehen mobilizazioak. Baionan, ehunka lagun bildu ziren irailaren 29an “aberastasunaren banaketa justua” galdetzeko, LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta. Emmanuel Macronen gobernuari egozten diote egungo krisia langileei sufriarazi nahia, eta soldatak eta erretretak emendatzea eskatzen dute.
Hego Euskal Herrian, berriz, Espainiako Gobernuak CCOO eta UGTrekin hitzartutako soldata publikoen igoerak hautsak harrotu ditu: aurten %3,5eko igoera adostu dute, 2023an %2,5ekoa eta 2024an %2koa; Kontsumo Prezioen Indizetik (KPI) oso behera, hortaz. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Madrilen erabakitako igoerak ezarriko dituela iragarri du.

Proposamen hori entzun orduko ELA sindikatuak udazkenean greba egiteko aukera mahairatu du; Mitxel Lakuntzaren esanetan, “langile publikoek %20ko erosahalmena galtzea” esan nahi baiko luke horrek.
LABek zuhurtziaz hartu du grebarako asmoa, baina mobilizazioak iragarri ditu sektore publikoan urriaren 14rako, eta egun horretan Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak antolatu ditu. Sindikatuak salatu du 2010ean langile publikoei soldatak %5 murriztu zitzaizkienetik erosahalmena ez dutela berreskuratu, “are gehiago, oraindik gehiago murriztuko digute”.

Eta bitartean, lerro hauek idazteko orduan, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko zuzendari Jose Miguel Aierzak “sakrifizioa” eskatu die langileei, enpleguari egungo mailan eusteko.

Ondorioa garbia da: ezin da pobreziaz hitz egin herritarren aurrezki edo ondare falta kontuan hartu gabe, datuek erakusten baitute zaurgarritasun ekonomikoa askoz sakonagoa dela, esaten dena baino hiru aldiz gehiago izan ere. “Zergatik interesatzen zaidan hau? –dio Duvouxek– Inflazioak behartuko dituelako diru-sarrera gutxi dituzten familiak euren aurrezki urriak erabiltzera. Egiturazko datu hauek premiazko gaurkotasuna dute”.

Euriborraren igoerarekin, eta langabeziaren, gasolinaren zein oinarrizko produktuen prezioen gorakadarekin, “desjabetuen klasea” dei dezakegun  jende multzo horren ezkutuko pobrezia azalera irtengo da berandu baino lehen. Baina bitartean, zaharrak berri Frankfurteko despatxuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude