Franco hiltzeko aldapa

  • Donostia, 1962ko abuztuaren 20a. Lehergailu batek eztanda egin zuen Aldapetan, Aieteko jauregira igotzeko bidean. Komunikabide ofizialetan ez zioten batere garrantzirik eman eta suziri batzuei egotzi zieten zarata. Baina, atzean, Francisco Francoren aurkako atentatu saiakera zegoen.

Francisco Franco Aieteko jauregitik irteten. Duela 60 urte, diktadorea jauregirako bidean hiltzen saiatu ziren. (argazkia: Vicente Martin / Fotocar)
Francisco Franco Aieteko jauregitik irteten. Duela 60 urte, diktadorea jauregirako bidean hiltzen saiatu ziren. (argazkia: Vicente Martin / Fotocar)

Ez zen hura espainiar diktadorea hiltzeko lehen ahalegina izan, ezta azkena ere. 1936ko uztailaren 18ko altxamendua baino lehen, armadako bi kabo Franco hiltzen saiatu ziren Kanarietan zegoela, Errepublikako gobernuak penintsulatik egotzita. Ez zuten helburua lortu eta, geroago, falangistek hilko zituzten bi militarrak. Gerra piztuta, Kim Philby The Times-eko kazetariaren txanda iritsi zen. Britainiar inteligentziarako lan egiten zuen Philbyk, baina, ezkutuan, sobietar agentea ere bazen. Salamancan, elkarrizketa egiteko aitzakian hurbilduko zitzaion Francori eta, hala, caudilloa hiltzeko aukera izango zuen. Baina espioiaren planak ez zuen biderik egin.

Gerra ostean, monarkikoen eta anarkisten elkarlanak ere porrot egin zuen. Monarkiko askok erregimen berrian ez zuten etorkizunik ikusten eta, gezurra badirudi ere, aristokrata batzuk Enrique Marco Nadal CNTko idazkari nagusiarekin harremanetan jarri ziren magnizidioa prestatzeko. Nadal atxilotu zutenean, ezerezean geratu ziren asmo horiek.

Baina anarkistek ez zuten amore eman: Francorentzat Ciudad Realen prestatzen zituzten ehizaldietan, ehun eskopetari inguru erabiltzen zituzten eta haietako batzuk konbentzitzen saiatu ziren; Wenceslao Jimenez Oriveren taldeak Madril-Zaragoza errepidean tiro egiteko plana prestatu zuen; Domingo Ibarsek lehergailua prest zeukan Francok Bartzelonara egin zuen bisitaldi batean, baina atzera egin zuen gunea haurrez josita zegoela ikustean; 1964ko udan, Stuart Chirstie eskoziar gaztea atxilotu zuten Francoren kontrako atentatu baterako lehergailuak zerematzala…

1962ko uda hartan ere, Francok Aieteko jauregian emango zuen oporraldia. Baina inork ez zekien Meirasko pazotik noiz iritsiko zen. Seinale guztiei adi zeuden anarkistak, esaterako, jauregi pareko urmaelari; ahateak eta zisneak diktadorea iritsi baino lehentxeago jartzen baitzituzten

Donostian bertan, saiakera ikusgarriena 1948ko irailean izan zen. Laureano Cerrada Santosek hegazkin bat erostea lortu zuen, eta, Franco Azor ontzian estropadak ikusten ari zela, airez bonbardatzea zen helburua. Ez dago garbi zergatik egin zuen porrot plan hark: batzuek diote, bi ehiza-hegazkinek eragotzi ziotela, beste batzuek kikildu egin zela, edo, inguruan hainbeste ontzi zeudela ikusita, sarraskia saihestu nahi izan zuela.

Zoria edo albo kalteak saihesteko ardura?

Garbi dago, ordea, duela 60 urteko atentatuak zergatik ez zuen arrakastarik izan, Octavio Alberola komandoaren buruzagiak berak esanda. 1962ko uda hartan ere, Francok Aieteko jauregian emango zuen oporraldia. Baina inork ez zekien Meirasko pazotik noiz iritsiko zen. Seinale guztiei adi zeuden anarkistak, esaterako, jauregi pareko urmaelari; ahateak eta zisneak diktadorea iritsi baino lehentxeago jartzen baitzituzten. Aldapetako errepidean zuloa egin, ETAk utzitako lehergailuak prestatu, eta Francok egin behar zuen bidea garbi ikusten zen Igeldoko puntu batean zain geratu ziren.

Ia astebete joan zen, Franco ez zen azaltzean eta detonagailuaren bateria amaitzen ari zen. “Ez zetorrela ikusita eta pilei egun bakarra geratzen zitzaiela kalkulatuta, bonba leherraraztea erabaki genuen”, dio Alberolak. Bateria amaituta lehergailuak edozein unetan egin zezakeen eztanda eta biktima errugabeak saihestu nahi zituzten. Ángel De La Rubiaren Cómo matar a un dictador (Nola hil diktadore bat) lanaren arabera, biharamunean iritsi zen Franco Aietera; Alberolaren arabera, handik bi egunera.

Zenbaitek zoriari egozten dio Franco hiltzeko hainbeste ahaleginen porrota. Anarkistek haien kontrako konspirazioak salatu zituzten, baina autokritika ere egin zuten. José Torremocha CNTko buruzagiaren esanetan, “hitzek galtzen gintuzten”. Santiago Carrillo komunistak atentatuei seriotasun falta egotzi zien. Baina ahalegin guztiak jasotzen ez dituen errepaso azkar honek beste faktore bat ere uzten du agerian: hainbat kasutan, albo kalteak saihestu nahi izan zituzten. Ez zituzten zibil errugabeak hil nahi,  Franco hiltzeko gogo bizia izan arren.


ASTEKARIA
2022ko uztailaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Denboraren makina
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude