Badago euskal gazte arkitektoen lana omentzen duen sari bat: Peña Ganchegui Saria. Arkitektoek arkitektoei ematen dioten beste sarien antzera, arkitektura ulertzeko eta egiteko modu bat legezkotzen dute, eta askotan, garai bateko arkitektura deskribatzeko gai dira. Eta gainontzeko sarien antzera, lan berriren baterako atea ireki lezake, lanean jarraitzeko piztzaile izan daiteke, ospea ekar lezake, bozgorailu lana egin lezake, saridunen handikeria elikatu lezake, dirulaguntza bat izan daiteke, eta beti, kurrikuluma ongi apainduko du. Saria emateko lekua berriz, norbaiten alde irizpena emateko leku den unetik, beti izango da botere-gune bat.
Peña Ganchegui Sariak honela definitu du “euskal” izatea: arkitektura-bulegoa Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik egotea edo arkitekto titulua gure lurraldean eskuratua izatea. Eta “gazte” kategoria, titulua 2011 urteaz geroztik eskuratua izatea, hau da, taldekako edo banakako lanak azken hamar urteotako lanak izan daitezela. Euskal arkitekto gazteak bere burua aurkezten du sari honen hautagai izateko eta 20 euro ordaintzen ditu. Saridunak berriz 6.000 euro eskuratzen ditu. Baldintzok ongi definitzen dituzte arkitektura profesioaren koordenadak. Sariak ibilbide bat nabarmendu nahi du, eta influencer lana bete, gailentzen ari den euskal arkitekto taldea identifikatuz. Azken urteko sariduna, Ocamica-tudanca arquitectos taldea izan da.
Eta saridunak nolako bizitza du saritutako ibilbidea gauzatu ahal izateko, malkartsua izan al da? Zein erraztasun eta laguntza izan du? Arkitektura bikaina urteetan mantentzeko, zer nolako esfortzua suposatzen du eta zein egoera ekonomikok sostengatzen du? Gazte izateak, zein handicap du arkitektoarentzat? Saridunaren esperientziak, purpurina jantziaren ondoan, kolektiboaren argi-ilunak amankomunean eta eztabaida mahaira ekartzeko balio lezake? Sariak, arrakasta indibiduala zaintzeaz gain, profesioaren alderdi deserosoagoak argitara emateko balio lezake?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.