"Haurrak maitatzea da andereño baten egitekorik handiena"

  • 18 urte zituen eta lan egin nahi zuen. Zangozako ikastolaren bidean ezarri zuen zoriak eta hantxe egin zituen lau urte, inoiz ahantzi ez dituenak, herriko ikastolaren historiak ere inoiz ahantzi ez dituenak, baina paperean zurian beltz ere jo ez dituenak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Katherine Bidart Peña. Urepel, 1960

Herrian berean egin zituen lehen ikasketak eta, artean gazte, 18 urtetan, Zangozan zen, ikastolako lehen irakasle. Lau urte egin zituen bere biziko lehen lana izan zuenean. Haurrak maite ukan zituen, oroz gain, eta gau-eskolako irakasle ere izan zen Zangozan berean eta Aibarren. Lau urte Nafarroako ikastolei “opari” eginik —gizarte segurantzaren kotizaziorik gabe—, bestelako sarean segitu zuen irakasle. Unibertsitate ikasketak egin zituen, eta hizkuntzak ere ikasi Ingalaterran eta Kanadan (gorren zeinu hizkuntza). Aldaparri izeneko landetxe zoragarria irekia du egun, Azkaraten, Donibane Garazi ondoan.

Nahi baino muga administratibo gehiago ditugu Euskal Herrian. Zu, berriz, Urepelen jaioa izanagatik ere, Zangozako ikastolako lehen andereñoa izan zintugun, 18 urte zenituela!
Bai, eta tartean izan zen Elena Gerezaga. Donapaulekoa zen, baina Paz de Ziganda ikastolan egiten zuen lan, Atarrabian. Urepelen sortua naiz, baina ama nuen Urtasungoa, eta bazuen ahizpa Iruñean, eta nik maite nuen Iruñerat joatea! Eta, hola, asteburu batez Iruñerat ene izeben ikusterat joan nintzelarik, liburuak saltzen ari ziren Gaztelu plazako arkupeetan larunbata goizez. Eta han zen Elena [Gerezaga], liburuen saltzen. Begiratzen hasi nintzen, eta nongoa nintzen galdegin zidan. Nik, Urepelekoa nintzela. Eta hola, Iruñean lan egin nahiko nukeela erran nion, eta berak: “A!, nik badut lan bat zuretzat. Arratsaldean berean eramanen zaitut Zangozarat!”. 1978. urtea zen.

Hain erraz?
Hala izan zen. Elenarekin joan nintzen Zangozarat, eta han José Jabier Abadia eta Pedro Aramendia ikusi genituen. Hastapenean erran nuen ez nekiela lana hartuko nuen, zeren eta Urepeletik Zangozarat joan eta leku arraroa atzematen nuen herri hura, idorra zen, karrika biziki meharrak zituen. Ni menditik heldua, dena berde-berde Urepelen… “Non kristo sartu naiz hemen?” erran nuen. Bertze mundu bat zen zinez enetako. Proposatu zidaten Zangozako Casa Cadenas etxean egotea, eta egon nintzen han aste bat, ez gehiago, zeren eta ez nuen batere maite. Han kamioilariak bakarrik gelditzen ziren. Logela bat banuen, baina ez salarik, ez ezer. Halaz ere, erran behar dut jendeak gisakoak zirela enekin, baina, bertzalde, ni haientzat ez nintzen euskalduna, frantxutea nintzen, gabatxa.

Ez da gauza polita...
Ez, ez da, erraten ahal dizut! Jendeendako kalean gabatxa nintzen. Erran dut asteburu guziz gehienetan Iruñerat joaten nintzela, baina batzuetan Zangozan gelditzen nintzen. Eta desfilea. “Gabatxa, zertan zara hotz! Uste genuen gabatxa-k bero zirela, dena libro zela zuekin!”. Horrela! Gainera, ni heldu nintzen herri tipi batetarik, kultura zuzena ukan dugu. Pentsa, ateratzen banintzen norbaitekin, herri osoak jakinen zukeen. Ez dakit konprenitzen duzun zer erran nahi dudan... Kasu egiten nuen horretarik! Jendeak gisako ziren nirekin, baina “Kaixo, gabatxa! Kaixo, frantxute!”, erraiten zutelarik, ez nuen maite.

Laketu zinen Zangozan?
Etxez aldatu nindutelarik hobeki izan zen. Uste dut José Jabier Abadia konturatu zela: “Ez zara gustura?”. Ni ahalke nintzen, herabe, ez nintzen etxetik sekula aterea. “Erdietsiko dizut etxe bat!” erran zidan José Jabierrek [Abadia]. Eta joan nintzen Jesusa Calvoren etxera, Valladolidekoa zen, emazte ona, eta beti atxiki ditut haren familiarekin eta alaba Nievesekin harremanak. Bertzalde, Zangozan nintzen asteko egunetan, baina asteburuetan Iruñerat joaten nintzen beti edo gehienetan, izebaren etxerat. Urepelerat ere bai. Baina Iruñea izugarri maite nuen, tipi-tipitik. Ene amak ere beti Iruñean lan egin baitzuen, Casa Nagoren, zakuen saltzen udaletxearen parean, eta ni pozik nintzen han. Azkenaz bertze, Elenari [Gerezaga] baietz erran nion, baina bertze pertsona batekin ere mintzatu nintzen, eta zinez balio du haren izenaren aipatzea: Xole Erbiti. [Nafarroako Diputazioko Hezkuntza Zerbitzuko Euskara atalaren arduradun 1972az gero eta langile 34 urtez].

"Haurrek, kasu!, tipi-tipitik maite dute bertzetaz trufatzea, ezagutzen dute nor den mendrea, eta burlatzen dira, eta hori izugarri txarra izaten ahal da”

 

Argazkiak: Zaldi Ero

Zutaz askotan hitz egiten zion Zangozako ikastolako jendeari Xole Erbitik.
Biziki emazte ona zen nirekin. Aita zuen Ultzamakoa, kontrabandista, ene aita bezala! Soledad Erbiti, merezi du aipatzea. Lan azkarra egin zuen denbora hartan, bazuen borondate handia. Ni diputaziorat joaten nintzen, zabaltzen zituzten ate guziak. Beti erraiten zidan: “Zu etorri ene ikusterat zerbait baldin baduzu”. Diputazioan beti ateak zabalik ukan ditut Xoleri esker. Diputazioan erregina bezala hartua nintzen, etxerat bezala joaten nintzen harat: “Soledad Erbiti ikusterat nator”. Eta ateko poliziak berak eramaten ninduen Xoleren bulegorat. Ez naiz gaur joanen!... Emazte azkarra zen, baina sentsiblea. Biziki humanoa zen. Gomitatu ninduen bazkaltzerat behin baino gehiagotan bere senarrarekin batean Iruñean, eta ez edozein ostatutarat!  

Horixe zure Xole Erbiti.
Eta gehiago. Nik Frantziako pasaportea nuen, ez nintzen nahi bezala handik honat eta hemendik harat ibiltzen ahal, eta Xolek atzeman zuen aterabide bat niretzat: hizkuntz eskolan ikasle nintzela ezarri zuen paperean, bertzenaz ez nintzen Zangozan egoten ahal. Xolek atzematen zizkidan beti aterabideak! “Zu, trankil, joanen gara, mintzatuko naiz lagun batekin, ikasle zarela eta hau eta hura”. Aduana pasatzen nuen, baina Eugikoa hetsia zen, salbu ekainetik urri arte. Aita joan zen Quinto Realeko Guardia Zibilari, erranka: “Alaba dut Iruñean ikasle. Hemen duzu papera!”. Ez zen egia, Soledadek egina zuen! Eta karabineroek zabaltzen zidaten Eugiko aduana! Eta ene aitak erranik, badaezpada joan nintzen Iruñeko Gobernu Zibilerat ere, Karlos III.era: “Ikasle naiz...”. Gezurra zen, baina Soledad Erbitik egina nuen papera! Bertzenaz ez zuten uzten Eugitik pasatzerat, beharko nukeen itzuli guzia egin! Kontrabandista xarmantak, Xole eta biok! Kar, kar...

Zangozara joan zinelarik, irakasle zinen?
Ez, ez nintzen irakasle, baina harat eraman ninduten. Lehenbiziko urtean aunitz haur banituen, hura haurtzaindegia zen! Banituen hogeita hamar haur, denak batean. Baina haurrak maite nituen, izugarri maite nituen! Gu zazpi haurride izan ginen etxean, ama gazterik zendu zen, haatik maite nuen ahal nuelarik Urepelerat jitea. Banuen beharra. Etxean bigarrena nintzen, anaia nagusia gaztea zen, haurrideak ere bai… Gauza aunitz.

Zein dituzu ikastolako oroitzapenak? Haurtzaindegia zela erran diguzu...
Bai. Orain musika kontserbatorioa den lekuan zen. Karmengo komentua izana zen, eta klaustroan zen gure lekua. Zaharra zen orduan, biziki zikina. 3-6 urte arteko haurrak nituen, 30 haur. Ez dakit gurasoek nahi zuten haurrek euskara ikastea edo zer nahi zuten, baina kontent ziren haurra etxetik bidaltzen baitzuten. Bakea bazuten! Eta, bertzalde, ni “frantsesa” nintzen, haientzat ez nintzen euskaldun purra! Euskaraz mintzatzen nintzen, baina gurasoekin espainolez. Zangozarat joan baino lehen ere, konprenitzen nuen aunitz, zeren eta ama beti espainolez mintzatzen zen gurekin, eta baitezpada, samurtzen zelarik! Ohartu gabe ikasi nuen gaztelaniaz.

Irakasle egin zinen...
Lekuaren gainean! Iruñerat joaten nintzen larunbatetan, uste dut San Anton plazan zela, Casa Abarzuza. Han erosten nituen liburuak. Lehenbiziko urtean ez nintzen irakasle ona! Ikasi dut poliki-poliki. Entseatzen nintzen haurrak zaintzea, zeren eta banituen aunitz, eta behar ziren komunerat eraman, behar ziren ontsa zaindu, ez zuten eskapatu behar… Eta bakar-bakarrik nintzen, han ez zen nehor, ez zen bertzerik, Katherine baizik! Gero, Karmele Migueliz jin zen, eta elkarrekin lan egin genuen bi urtez. Berak bazituen irakasle-ikasketak, bazuen merezimendu aunitz. Nik ez nuen halakorik.

Baina izugarri maite zenituen haurrak…
Bai, eta ere usatua nintzen ardiekin mendian bezala haurrak ontsa zaintzen. Hori zen diferentzia, barkatu horrela erraitea. Zazpi haurride ginen etxean, ama galdua, usatua nintzen haurren artean. Karmelek ez zuen usaia, uzten zituen haurrak bustitzerat, eta gurasoak ez ziren kontent.… Irriz ari naiz. Izana naiz Zangozan, denda batean, eta hango emazte batek, Rosak, erran zidan: “Badakizu nola erraiten dizugun oraino? La andereño bonito”. Haur tipi bat zuten, enekin zena, eta ez baitzekien erraiten “andereño bonita”, “bonito” erraiten zuen. “¡No quiero con la andereño feo, quiero con la andereño bonito!”. (Ez dut andereño itsusiarekin nahi, nahi dut politarekin!)

Zangozan, frantses eskolak ere eman zenituela erran didate.
Bai, batek galdegin zidan frantseseko eskolak ematea beren haurrari. Baietz erran nion, eta hasi nintzen frantsesaren irakasten. Baina 18 urte nituen, eta mutikoa, berriz, zaila zen. Eta mutikoaren amari joan nintzaion egun batean eta erran nion ez niola bere semeari eskola gehiago emanen, ez zuela errespeturik. Deitu zuen semea eta mokokatu zuen. Ez zen erraza enetako, gaztea nintzen, etxetik orduan aterata…

Ikastola, frantses eskolak… eta gau-eskola!
Josu Gastónek galdegin zidan, jendeek nahi zutela euskara ikasi eta ea ematen ahal nuen. Eta ni ez nintzen menturatzen ezetz erraitera, eta eman nituen klaseak. Denak ziren ni baino zaharragoak, salbu bat edo bertze. Oroitzen naiz egun batean, mutil batek erran zidan euskararik ez nekiela, ez zela “ontsa” erraten, “ongi” behar zela erran. Horrela hasi zen, eta ni negarrez. Bertze batek isiltzeko erran zion, emateko niri bakea, “lotsagabea”, erran zion. Lagunak ziren! Baina banituen jendeak ni defenditzeko ere. Eta Aibarrerat ere joaten nintzen gau-eskola ematera.

Zangozako ikastolako lehen andereño gazte haren poz eta saminak…
Baina ni baino lehen izan zen bertze andereño bat, Karmele Azurmendi zen, uste dut. Izan zen andereño Zangozan, baina ez luzaz. Egin zituen hiru hilabete eta joan zen, zeren eta kalean bizi txarra egiten baitzioten! Insultatzen zuten! “Roja!” erraiten zioten. Bizi gaiztoa egiten zioten zinez kalean. Hortako hartu ninduten ni, ni Iparraldekoa bainintzen, erakusteko jendeei Iparraldean ere mintzatzen zela euskara, ez zela bertze munduko gauza bat.

Argazkia: Zaldi Ero
"Halaz ere, erran behar dut Zangozan jendeak gisakoak zirela enekin, baina, bertzalde, ni haientzat ez nintzen euskalduna, frantxutea nintzen, gabatxa"

Bizi gaiztoa hari, gozoa ere ez zuri… Lau urtez izan zinen Zangozako ikastolako andereño, lehenbiziko andereño, baina ez zinen gelditu betiko-edo.
Gelditzen ahal nintzen, baina Karmele Miguelizek galdegin zuen gizarte-segurantza ukaitea, zeren bere anaiak ordaintzen zuen beretako. Ikastolakoek erran zuten ezetz: “Ez dago gizarte segurantzarik”. Dirurik ez. Nire kasuan, ene aitak ordaintzen zuen gizarte-segurantza enetako. Eta garesti! Eta ni Karmele [Migueliz] defenditzen hasi nintzen, eta orduan ikastolako aita batek erran zidan: “Zu, frantxute!, ados ez bazara, zoaz zu ere!” Gaitzitu zidan aunitz, eta pentsatu nuen joan behar nuela.

Oroitzapen samina duzu oraindik?
Baina gozatu da. Gaizki hartu nuen, zeren hori erran zidanaren etxean egona bainintzen patrona bi urte. Hogeita hamar mila pezeta irabazten nuen, eta hamar mila behar nituen patrona ordaintzeko! “¡Fuera de aquí!” (Zoaz hemendik!) Gaitzitu ninduen aunitz. Ez zutela gizarte-segurantza emaiten ahal erran zidaten. Gero, bertze guraso bat jin zitzaidan, Fernando Erdozain: “Katherine, jin honat. Nik ordainduko dut zure segurantza. Ez da problema!”, erran zidan. Presidente zen ikastolan, baina gero bertze bat ezarri zuten. Aunitzek kritikatu dute Fernando Erdozain, baina berak ordaindu zidan, segidan, gizarte-segurantza. Hura ikastolatik joan zelarik, joan nintzen ni ere Zangozatik.

Zangozatik lekora ere irakasle egin duzu bizia; partez, bederen. Zein da andereño baten egitekorik handiena?
Haurrak maitatzea, haiek ongi ezagutzea... zeren haur guztiak abilak dira. Batzuek amultsutasuna behar dute, bertze batzuekin behar da gogor izan… Haurrak behar dira beti goitik tiratu, den mendren indarra egiten badute… Sekula ez dut notarik ezarri haurren lanetan, beti ezartzen nituen bihotzak edo irriak. Haur batek egina bazuen den mendren urratsa, hari ezartzen nizkion hiru bihotz. Haurrek, kasu!, tipi-tipitik maite dute bertzetaz trufatzea, tipi-tipitik ezagutzen dute nor den mendrea, eta burlatzen dira, eta hori izugarri txarra izaten ahal da, haur bat desegiten ahal da. Eta haurrak biltzen nituen itzulian eta mintzatzen nintzen, eta mendreenak goititzen nituen. Hori Zangozan ikasi nuen, han konturatu nintzen gauza horretaz… Biziki maite nuen Zangoza, eta biziki oroitzapen goxoak ukan ditut!

                                                                                               *     *     *

Ama
“Urtasunen sortu zen ama, Isidora Peña Lesa. Iruñean lan egin zuen, eta ene aitarekin esposaturik, Urepelerat joan ziren bizitzerat. Ez zekien euskara, baina fite ikasi zuen Urepelen! Herriko medikuak erran zion egun batez: ‘O, baina zein laster ikasi duzun euskara!’, eta ene amak: ‘Beharko! Hemengo jendearen aitzinean ene burua defenditzeko!’. Aitak erosi zuen Harizpia etxaldea, baina notarioak ahantzi zuen paper bat sinaraztea, eta bederatzi urtez tribunalean izan zen ene aita. Bi aldiz pagatu zuen etxea! Gu tipi-tipiak ginen, eta beti oroitzen naiz aita eta ama beti  kezka bazutela”.

Aita
“Aita nuen Anton Bidart, urepeldarra. Mandabidea etxean sortu zen Sorogainerat doan bidean. Gero Harizpia etxaldea erosi zuen. Kontrabandista zen, eta Auritzen ezagutu zuen ama, aita harat joaten baitzen egun guziz, menditik. Auritzeko jendeek deitzen dute pasaia hori fronteran ‘Antonen lepoa’, zeren eta aita pasatzen baitzen hortik. Harreman handiak ukan zituen beti Zilbetin, Aurizberrin eta Erron, eta Baztango jendeekin ere”.

L'antibasque
“11 urte arte Urepeleko eskolan izan nintzen. Dena zen frantsesez, eta guk ez genekien! Joaten ginelarik eskolara, bagenuen l’antibasque, makiltxo bat, eta eskola finitzean makila hura azkena bazuenak punizione bat bazuen, kastigua: ehun aldiz idatzi behar Ez naiz euskaraz mintzatuko’. Bizi izan dut hori. Errejentak ez ziren frantsesak, bat Donibane Garazikoa zen, baina ez zuten euskaraz mintzatzen”.

  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude