Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

  • Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat belaunaldia... eta Andy Warholi tiro egiteaz gain, SCUM manifestua idatzi zuen Valerie Solanas. Prest? 

Lehen Mundu Gerraren ondoren heriotza oso presente zegoen Europan. Iluntasun horri aurre egin zioten dadaistek, bizitzaren absurdoari barre eginez.
Lehen Mundu Gerraren ondoren heriotza oso presente zegoen Europan. Iluntasun horri aurre egin zioten dadaistek, bizitzaren absurdoari barre eginez.

Europa zaharrean kaosa eta hedonismoa hedatzearekin bat, beste mugimendu abangoardista bat hedatu zen 1920ko hamarkadan: dadaismoa, mugimenduaren hastapenak aurreko hamarkadan aurkitzen badira ere. Asalduzko garaiak ziren: europar gazteek Frantzia eta Alemania arteko lubakietan infernua ezagutu zuten eta asko ez ziren itzuli; gripearen pandemiak heriotza hirietara hedatu zuen; eta Errusian mundua astindu behar zuten hamar egunak gertatu ziren. Heriotza oso presente zegoen eguneroko bizitzan, eta horren lekuko dugu garai honetan hildakoekin harremanetan jartzeko espiritismo saioek izan zuten arrakasta izugarria. Testuinguru hartan jaio zen dadaismoa, egoera ilun horren aurkako erreakzio bezala.

Bizitzaren absurdoari barre

Dadaismoa Zurich (Suitza) hiriko Cabaret Voltaire aretoan jaio zen, han egiten baitzituzten Hugo Ball eta Emmy Hennings alemaniarrek beraien testuen irakurketak eta performance publikoak. Mugimendu horrek zerikusi handia zuen surrealismoarekin, hura bezala inkontzientetik sortzen zen arte-adierazpena baitzen. “Dada” hitzak ez du ezer esan nahi, gerrak sortu duen hondamendiaren aurrean ez baitago ezer gehiago esateko beharrik. “Dada” hitza, mugimendua izendatuko zuena, zoriz jaio zen, inolako asmorik gabe, inolako esanahi sakonik gabe, ezereza adierazteko asmo bakarrarekin. 

Dadaistak, futuristak ez bezala, antibelizistak ziren. Cabaret Voltaire hartan gerraren ondorioz traumatizatuta zeuden pertsonak bildu ziren, haietako asko gerratik ihes egin zuten erbesteratuak ziren. Ez zuten atzera itzultzerik, ezagutu zuten mundua jada ez baitzen existitzen. Europa zaharreko gizartean arrakala zabaldu zuen Gerra Handiak eta horren aurrean, arteak, behintzat dadaismoak, absurdoa gurtzea erabaki zuen. 

Dadaismoaren barruan sortu zen lehen lana soilik fonemekin osatutako Karawane olerkia da. Ez du hitz ezagunik. Olerki hau ahots gutural eta basatiarekin irakurri zuen Hugo Ball dadaistak gordetzen diren grabazio eskasetan. Batzuetan Mikel Laboaren Lekeitioak lan sortako abestia ekartzen du gogora, edo Akauzazte azkoitiarrek beraien herriko Matadeixen grabatutako abesti bat.

Situazionistentzat ez zen aski kritika egitea, ekintza politikoak behar ziren:
situazioak sortu

Dadaisten artean Hannah Höch-ek garatu zuen lana oso garrantzitsua izan zen punk mugimenduarentzat. Alemaniar jatorriko emakume hori fotomuntaketaren aitzindarietako bat da eta bere collage-kin gizarte heteropatriarkalaren basakeriak gogor salatu zituen, bereziki belizismoa. Collage-ak punk mugimenduan oso hedatuta egon ziren eta, beste askoren artean, Crass taldearen ikurretako bat izan ziren. Musika taldea baino, kolektibo artistiko eta politikoa izan zen azkeneko hori, musikaren euskarriaren laguntzaz beraien mezua zabaldu zuena. Ikonoklastak ziren, garaiko ohitura eta konbentzio sozialen aurka gogor egiten zuten. Bakezaleak ziren, dadaistak bezala, bizi zen gerra nuklearrarekiko beldurraren aurrean pazifismoa eta naturaren aldeko aldarriekin erantzun zuten. Punk mugimenduaren barruko klixeen aurka ere bazeuden, drogen erabileraren aurka, adibidez. Mugimendu antolatua ziren, agitazioaren eta propagandaren ekintzaileak. Diskoen aspektu artistikoa, irudiari dagokionez, musika bezain garrantzitsua zen. Azalak eta barruko insert-ak dadaismoa gogora zekarten collage-ak ziren askotan. Taldearen iruditegiaren erantzulea Gee Vaucher izan zen, kolektibo anarko-punk honen kideetako bat. Berak sortutako artwork-ak taldearen identitatearen ikur bilakatu ziren eta gerora do it yourself espirituaren inguruan sortu ziren kolektibo eta artistengan eragin handia izan zuen emakume horren lanak.

Hasieran aipatu bezala, surrealismoak dadaismoarekin duen lotura oso agerikoa da, biek ala biek bizitzaren absurdoa erabili baitzuten artea egiteko eta burgesiarengan nahasmendua sortzeko. Bi mugimenduen arteko lotura Marcel Duchamp artista frantziarra dugu. Dadaista askok bezala, ez zuen Gerra Handian parte hartu nahi izan eta Europatik alde egin zuen. Baina Duchampen arteak ez zuen dadaismoak zuen izaera politiko markatu hori. Bere esanetan, dadaistek publikoaren eta munduaren aurka egiten zuten, borroka batean sartuta zeuden eta borroka baten barruan ez dago barre egiteko aukerarik. Berak munduaren absurdoari barre egin nahi zion, desira eta sorpresa bizitza berri baten oinarri bilakatu nahi zituen. Artea bakarrik ez, dena zen txantxa bat eta horrela begiratu behar zitzaion munduari. Bere ekarpenik handiena eguneroko edozein objektu arte pieza artistiko bihurtzea izan zen. Berarentzat edozer –gurpil bat, komun zulo bat– artea izan zitekeen. Arte mota horri readymade deitu zion. Garaian kontzeptu hori apurtzailea izan bazen ere, arte burgesaren izaera elitistaren aurka egiten baitzuen, gaur egun topikoa bilakatu da. Ideia horrekin bat eginik, 1961ean arte munduaren aurkako kritika bezala Piero Manzoni italiarrak Artista baten gorotza lana aurkeztu zuen eta 90 ale saldu. Artelana lata bat da, barruan, ustez, artistaren kaka duena. Iruzur hutsa da noski, kaka da, literalki, baina artelan bezala aurkeztuta dagoenez, Manzonik erakutsi nahi zuen jendea prest zegoela hori miresteko eta erosteko. Johnny Rotten Sex Pistols taldeko abeslariak ideia bera transmititu nahi izan zuen taldearen azken kontzertuan mikrofonotik oihukatu zuenean: “Noizbait iruzur egin dizuetela sentitu duzue?”.

Iruzurra aipatua izan denez, ezinbestekoa da Elsa Von Freyteg-en figurari buruz hitz egitea. Emakume honen lan gutxi kontserbatu badira ere, bai dadaismoaren bai readymade teknikaren aitzindarietako bat bezala aldarrikatu beharra dago. Bere lehen pausoak olerkigintzan eman zituen, fonetikoki apurtzaileak izan ziren testuak idatziz. Lan hauetako gehienak galduta egon ziren 2011n berreskuratu eta argitaratu ziren arte. Performanceak egiten zituen, jantzi deigarri eta bitxiekin, gaur egun Drag kulturak erabiltzen dituenaren antzerakoak. Elsa Baronesak –horrela izendatzen baitzuen bere burua– egindako lan askoren autoretza beste artista batzuei –gehienak gizonak– egokitu zaizkie, horien artean Duchampen Iturria (1917) obra famatua.

'Iturria' (1917) Marcel Duchampen obratzat jo ohi den arren, zenbaiten arabera Elsa Von Freyteg edo "Elsa Baronesa" izan zen obraren benetako egilea.

Gerraosteko gazte basatiak

Gerraosteko lehen mugimendu artistiko eta abangoardistetako bat mugimendu letrista izan zen, surrealismoarekiko haustura gisa hasi zena. Beraien lehen ekintza asmo-aitorpen bat izan zen: Isidore Isou, mugimenduaren sortzaileetako bat, Dadari buruzko konferentzia batean sartu, hizlaria moztu eta berak idatzitako poesia irakurtzen hasi zen. Hala ere, aurreko mugimenduekiko lotura agerikoa zen. Jarraipen bezala ikusten zuten letrismoa, Isouk bere buruari “Jesukristok judaismoan izan zuen paper bera” aitortzen baitzion. Dadaismoak izandako hedakuntzaren ondoren, mugimendu hori birrindu nahi zuen Isouk beste hedakuntza fase bati hasiera emateko. Horrela, dadaismoak hitzak ezeztatzeko asmoz hasitako prozesuari jarraipena eman nahi zion poesia musikarekin nahastuz. Olerkigintzarekin batera, zinema ekoizpen ugari egin zuten, baita soldatapeko lanarekin bukatzea eskatzen zuten manifestu politikoak argitaratu ere. Performance ugari egin zuten, eskandalagarriena Notre Dameko (Paris) katedralean monje bezala jantzita sartu eta pulpituan “Jainkoa hil da” zioen sermoia irakurtzea izan zen.

Letrismoa, eta honen ondoren sortu zen Internazional Letrista, mugimendu isolatuak izan ziren eta eragin eskasa izan zuten partaideetatik haratago. Baina gerraostean Mendebaldeak figura berri baten agerpenaren eta eztandaren dardara bizi behar zuen; nerabeak, eta horiekin lotutako mugimendu kontrakulturalak katakonbetatik irten eta masifikatu egin ziren.

1950eko hamarkadan gazteria zuria gelditu ezinik zebilen. American Way of Life delakoan sinetsi ez, eta ideal horretatik kanpo bizitzen hasi ziren gazteak agertzen joan ziren. Gazte horien errebeldiak, izaera politikoa baino, nihilista zuen. Garai haietako heroia James Dean izateak argi erakusten du espiritua zein zen. Musikak ere eragin handia izan zuen, hamarkada horretan gazteria zuriaren artean arrakastatsua izaten hasi baitzen jatorriz beltzek asmatutako rock & rolla. Baina eredu errebelde politizatuagoak, edo behintzat intelektualagoak, aurkitzen ditugu 1950eko hamarkadaren bigarren erdian, konkretuki beat mugimendu literarioaren sorreraren ondorioz. Lehen adierazpena Allen Ginsberg poetaren Howl (Ulua) lana dugu, 1955ean argitaratua. Lan horrek AEBen irudikapen anker eta basatia egingo du, garaian nagusi zen irudiaren aurkakoa.

William S. Burroughs izan zen beat mugimenduko idazleen artetik punk kulturan arrasto handiena utzi zuena. Berez, Burroughs beat mugimenduaren barruan kokatzeak, formari eta edukiari baino, arrazoi kronologikoei erantzuten die. Ginsberg eta Jack Kerouac-en garaikidea izan zen eta beraiekin adiskidetasun harremanak izan zituen, baina Burroughs beste koordenada batzuetan mugitu zen. Hizkuntza birus bat bezala ulertzen zuen, eta gaixotasun horri aurre egiteko idatzi beharra zegoen. Kontrolarekin obsesionatuta zegoen eta bere mezu politikoa horren inguruan artikulatu zuen: kontrolaren aurkako borrokan. Dadaismoarekin badu harremanik, berak praktikan jarri zuen cut-up teknikak dadaisten collage-en antza baitzuen: testu bat idatzi, zati desberdinetan moztu, nahastu eta testu berri bat osatzen zuen. Idazteaz bizi izan bazen ere, inoiz ez zuen arrakasta handirik izan punk mugimenduak aldarrikatu zuen arte. Zahartzaroan Sonic Youth, Patti Smith edo Kurt Cobain bezalako artistekin kolaboratu zuen.

Burroughsengandik asko aldentzen den pertsonaia bat, bere izaera komertzialagatik, Andy Warhol izan zen. Readymade teknika objektuei baino artistei aplikatu zien. Berarentzat edozer eta edozein izan zitekeen artea edo artista. Edozein artistarekin kolaboratu zuen, beti ere horrek etekin ekonomikoa emango bazion. Bere lokalari The Factory deitu zion –fabrika, ingelesez– ikuspuntu komertzialaren beste adibide bat. Warholek marka komertzial bihurtu zuen bere burua. Faktorian jatorria zuten lan artistiko asko “Andy Warholek aurkezten du” zigilupean argitaratzen ziren. Arrakasta eta oparotasunean bizi zen, baina bazen bere jarrerari aurre egin zionik ere.

Valerie Solanas 'SCUM manifestua'-ren egileak Andy Warhol tirokatu zuen.

1968ko ekainaren 3an Valerie Solanas izeneko 32 urteko neska gaztea The Factoryren atean zegoen zain. Urteak zeramatzan New York hirian bizitzen. Lehenik prostituzioan aritu bazen ere, 1965etik aurrera Warholekin harremanetan zegoen eta haren bi filmetan parte hartu zuen, aurretik Warholek galdu omen zion gidoi baten ordainetan. Tarte horretan SCUM Manifestua idatzi zuen –Society for Cutting Up Men (Gizonak ezabatzeko Sozietatea) esaldiaren laburdura da SCUM–, heteropatriarkatuaren aurka ez ezik, gizonen aurka egiten zuen manifestu misandrikoa zen. Goiz hartan ez zen bakarrik agertu The Factoryn, urte hasieran erosi zuen pistola bat lagun zuela joan zen. Paul Morrissey zinema zuzendariak handik joateko agindu bazion ere, Valeriek eraikinera sartzea lortu zuen. Warholen bulegora heldu zen Morrisseyk lagunduta. Zinemagilea komunera joan zenean eta Warhol telefono dei bat erantzuten ari zela, Solanasek hiru bider egin zion tiro Warholi.

Artea eta iraultza: sute baten jarraipena

1960ko hamarkadatik aurrera artean eta politikan –baita 1968ko maiatzeko gertakarietan– eragina izango zuen mugimendua jaio zen letrismotik: situazionismoa. Mugimendu horren lehen pausoak 1957an eman ziren Guy Debord-ek Internazional Situazionista sortzeko testua argitaratu zuenean. Debordek letrismoaren ondorengoak beste mugimendu batean batu nahi zituen, artea eta iraultza politikoa uztartuko zituena. Hari bat ikusten du dadaismoa, surrealismoa, futurismoa eta letrismoa lotzen dituena. Debordentzat, lau korronteek artearen kontzepzio burgesarekin bukatzea lortu zuten, horri izaera berri bat emanez. Baina harago joan beharra zegoen. Ez zen aski kritika egitea, proposamenak eta ekintza politikoak beharrezkoak ziren. Berak egoerak edo situazioak sortzea planteatu zuen: bizimodu alternatiboen une bateko situazioen sorrera. Gizarte kapitalista espektakuluaren fasean sartuta zegoen eta horren hondarren gainean eraiki beharko ziren bizitzaren aspektu guztietan –urbanismoan, olerkigintzan, zineman, eta abar– etorkizun berria argitu behar zuten situazioak. Oinarri horien gainean sortu zen 50eko hamarkadaren bukaeran Internazional Situazionista. Erakundearen hermetismoa gorabehera, Guy Debord, Raoul Vaneigem eta gainerakoek idatzitako testuek eragin handia izan zuten 1960ko hamarkadan sortu ziren mugimendu iraultzaileen artean. Parisko maiatzeko matxinadetan, 1968an, Internazional Situazionistak paper garrantzitsua jokatu zuen eta haren fama izugarri handitu zen. Hori dela-eta, sortzaileek erakundea desegitea erabaki zuten, baina beraiek utzitako sua beste batzuek hartu eta 70eko hamarkadan zehar garraiatu zuten: bereziki Italian, baina baita Euskal Herrian ere hedatu zen mugimendu autonomoak; eta Londresen sortu zen punk mugimenduak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude