1931ko apirilean Espainian Bigarren Errepublika ezarri zen egun bertsuetan, udal ugarik Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatu zuten, “Euskal Herriko autodeterminazioaren lehen urrats bezala”. Ideia errepublikazale eta soberanistak odolez ito zituzten bost urte geroago faxistek, baina aldarrikapen horren katea gaur arte iritsi zaigu.
Espainiako errege borboi Alfonso XIII.a Cartagenako portuan itsas gerraontzi batera igo eta Londreserako bidea hartu zuenetik, apenas igaro ziren ordu edo egun batzuk. 1931ko apirilaren 16an Azpeitiko udaletxeko areto nagusian herri hartako alkate, sindiko eta zinegotzi guztiak bildu ziren ez-ohiko batzarrean, eta mozio historikoa onartu zuten: “Estatu espainiarraren egituraketa berriaren aurrean, kargua uztera doan Azpeitiko hiribilduko udaletxeak, bere postua utzi aurretik, eta nazio bezala dagozkion eskubide natural eta historikoak baieztatu eta gero, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, beste Errepublika Iberikoekin konfederatuta”.
Azpeitian, beste herri askotan bezala, udal berria hauteskunde prozesurik gabe osatu zen baina kargua hartu zuten agintariek euskal errepublika aldarrikatzea eskatzen zuen mozioa berretsi zuten aho batez
Lau egun lehenago Espainiako Estatuan udal hauteskundeak egin ziren, eta Eibarren apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean, monarka deserriratzea ekarri zuen lurrikara politikoa sortu zen. Azpeitian, beste herri askotan bezala, udal berria hauteskunde prozesurik gabe osatu zen, 1907ko lege bat aplikatuz, baina kargua hartu zuten agintariek –tartean ziren abertzaleak eta karlistak– euskal errepublika aldarrikatzea eskatzen zuen mozioa berretsi zuten aho batez biharamunean, apirilaren 17an. Gauza bera egin zuten beste hamaika herritako udalbatzek ere.
Azpeitia, Hernani, Lazkao, Markina…
Gertakari hura itu garrantzitsu bat izan zela iritzita eta “gure memoria historikoaren hutsune handi bat” betetzeko helburuz, Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna antolatu du Azpeitian maiatzaren 7an, Katea ez da eten goiburupean. Bere ustez, alkate eta zinegotzi horiek “ausardia izan zuten berezko errepublika bat eskatzeko gure herriarentzat”. Ekitaldira, 1931n mozioa onartu zuten beste udaletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte, baita euskal herritar guztiak ere.
Naziogintzak lau urte daramatza Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako artxiboak arakatzen, eta Josu Albero taldeko kideak azaldu digunez beraiek ikerturiko 42 udalerritatik 19tan onartu zen Euskal Errepublikaren aldeko testua: Azpeitia, Bergara, Bermeo, Elorrio, Errenteria, Hernani, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Markina, Mundaka, Oñati, Orio, Ormaiztegi, Urnieta, Usurbil, Zaldibia, Zestoa, eta Zumaia. Baina ikerketarekin jarraitzeko asmoa dute, “ziur gaudelako herri gehiagotan aldarrikatu zela”, dio Alberok.
Euskal Errepublikaren Eguna urtero herri batean ospatzea da Naziogintzaren proposamena, ekitaldiari “dimentsio nazionala” eman eta “euskal errepublikaren beharra sozializatzeko”.
Diktaduratik errepublikara
Euskal Errepublikaren aldarrikapen eskaera egoera politiko nahasian gertatu zen. 1930eko hamarkada hasieran espainiar monarkia oso deslegitimizaturik zegoen, Alfontso XIII.ak Primo de Riveraren diktadura babestu zuelako. Ezkerreko alderdi eta sindikatuak, baita beste alderdi errepublikar eta eskuineko liberal batzuk ere, erregimena aldatzeko prestatzen hasi ziren: 1930eko abuztuaren 17an Donostiako Ituna sinatu zuten indar errepublikazale eta katalanistek, Bigarren Errepublikaren alde.
1930eko abenduko Jakako altxamendua testuinguru horretan kokatu behar da. Zenbait militarrek Damaso Berenguer jenerala gobernutik kendu nahi izan zuten –ez zuelako aurreko diktadurarekin hautsi–, baina ahaleginak porrot egin zuen eta matxinatuak erreprimitu zituzten.
Nolanahi ere, 1931ko udaberrian monarkiaren kontrako kanpaina betean zeuden sartuta mugimendu politiko gehienak, apirilaren 12ko hauteskundeei begira. Euskal Herrian ere giro horren oihartzunak nabarmenak ziren, Joxe Mari Lopetegi errepublikanoen bertsolariak La Frontera aldizkarian utzitako ale hau lekuko:
Biyotza gora begiyak alai
guazen aurrera bidian
samintasunak azaldutzera
iruki gabe gordian;
urte pisuak izan ditugu
sei edo zazpi urtian,
lenaz gañera Dierri dana
sartu digute zorpian,
geyago emen ez da gauz onik
anaitzen geran artian.
Plebiszitu izaera hartu zuten hauteskundeen lehen emaitzak jakiten hasi orduko, ikusi zen hiri handienetan –landa eremuan ez bezala– errepublikaren aldekoek aisa irabazi zutela. Gipuzkoan, adibidez, Donostian, Arrasaten, Irunen eta Eibarren zinegotzi andana lortu zuten. Eibarren hautatutako 19 zinegotzitik 10 sozialistak ziren, 8 errepublikarrak eta bat abertzalea. Ez da kasualitatea herri horretako udaletxeko balkoitik aldarrikatu izana, apirilaren 14ko goizaldean –oraindik bozetako emaitzak garbi ez zeudenean– Bigarren Errepublika; aldaketa politiko huts bat ez ezik, aurrerapauso sozial sakonen abiapuntu ere izan zen hura.
Iberiar konfederazioa
Ordu batzuk geroago, Francesc Macià Esquerra Republicana de Catalunyako buruak Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen, “Espainiako gainerako herriak Errepublika gisa eratuko zain, Iberiar Konfederazioa osatzeko”. Bartzelonako udaletxeko balkoitik lehenik, eta diputazioko eraikinaren balkoitik ondoren, Sant Jaume plazan bilduta zegoen jendetzaren aurrean jaurtitako mezuak haustura suposatzen zuen Espainiarekin: hilda baino ez zituztela hortik aterako esan zuen Maciàk, d'aquí no ens trauran sino morts.
Ez dakigu gauza bera pentsatzen ote zuen Jose Antonio Agirrek. Baina egun horretan bertan, Getxoko alkate zela, euskal errepublika aldarrikatu zuen “Espainiako errepublikaren federazioaren barruan”, Entre la libertad y la revolución (Askatasunaren eta iraultzaren artean) liburuan idatzita utziko zuenez. Bermeo, Elorrio eta Mundakako alkateekin batera, Agirrek deia luzatu zien Bizkaiko beste udalerrietako ordezkariei apirilaren 17an Gernikako Batzar Nagusietan elkartu eta “herriek determinazio askez beren burua gobernatzeko duten eskubide naturalari jarraiki” euskal errepublika aitortua izan zedila eskatzeko.
Gernika Garellano errejimenduko metrailadorez inguratua esnatu zen, ordea, eta udal agintariek ezin izan zuten hango arbola ikusi ere egin. Kanpoaldean sinatu behar izan zuten manifestua. Gainera, ordurako Espainiako Gobernu berriaren ministro-jendea Kataluniara bidean zen, Maciàrekin adosteko Generalitatea sortzea, estatu katalanaren aldarrikapenarekin atzera egiten bazuen.
Errepublika librez osaturiko iberiar federazioaren ideiak hiru egun baino ez zituen iraun. Euskaria fundazioak 2011n ekitaldi bat antolatu zuen Gernikan, gertakariaren 80. urteurrenean: “Egun hartan, lehen euskal Errepublika ezin izan zen izan Espainiako armadaren eta Guardia Zibilaren indarrez, bost urte geroago, ezta Espainiako bigarren Errepublika ere”.
Gernika Garellano errejimenduko metrailadorez inguratua esnatu zen, ordea, eta udal agintariek ezin izan zuten hango arbola ikusi ere egin (...) Errepublika librez osaturiko iberiar federazioaren ideiak hiru egun baino ez zituen iraun
Abertzaleen ekimena
Herri handietara ez ezik, txikietara ere zabaldu zen autodeterminazio nahia egun bete horietan. Altzagako eta Aramako udalak izan ziren lehenengotakoak euskal errepublikaren aldarrikapen eskariarekin bat egiten, gero Ormaiztegi eta Itsasondo...
Kasu askotan testu bera da onartutakoa, eta abertzaleen eskutik bultzatu zen. 1930eko hamarkada hasieran abertzale eta karlisten mugimendu sinkretikoak ahalbidetu zuen errepublikaren aldeko korronte hori; baina errezeloa ere piztu zuen, monarkikoak batu zirelako zenbait kasutan: “Kontuz! Maniobra baten aurrean al gaude?”, ohartarazten zuen La Voz de Guipuzcoa-n Jesus Insausti kazetariak, Uzturre ezizenez idatziriko artikuluan.
Hala ere, herri gehienetan aho batez babestu zuten mozioa. Joxe Anjel Izuzkiza euskaltzale itsasondoarrak –Aramako udal idazkari ere bazena– Murumendi ezizenez idatzi ohi zuen prentsan, eta oso ongi laburbildu zuen giro politikoa: “Euzkadiko errepublika eskatutzia da esatia monarki aldeko Gobernuak kendu zigun eskubidia eskatutzia. Ze asmo ederrak!”, zioen Euzkadi-n. Zortzi hamarkada geroago, udalen aldarri hura Goierriko Nazioen Mundua ekimenaren erreferentzia historiko bihurtu zen erabakitzeko eskubidearen alde, gero Gure Esku Dago izango zenaren ernamuina.
“Nahi dugulako”
Ezkertiarrak indartsuago zeuden herrietan ere ez ziren atzera geratu, Zumaian kasu. Alderdi Errepublikarrak 5 zinegotzi lortu zituen –EAJk 6– eta udal banda Marseillesa-ren doinuak joaz ibili zen kaleetan barrena, Euskal Errepublikaren aldeko testua onartu orduko. George Barbarin idazle eta poeta frantziarra garai horietan Zumaian ibili zen, eta herriko gizartearen erretratu itzela utzi zigun Jesusa Gipuzkoakoa (Baleike, 2018) lanean –Xabier Azkue Ibarbiak eta Maia Ossa Rissanenek euskarara ekarria–: “Errege-erreginen garaian ez ginen ausartzen mezetara huts egiten”, esan zion emakume batek Barbarini. “Eta orain?” galdetu zion idazleak: “Orain berdin-berdin joaten gara, baina nahi dugulako”.
Ezkertiarrak indartsuago zeuden herrietan ere ez ziren atzera geratu, Zumaian kasu: udal banda 'Marseillesa'-ren doinuak joaz ibili zen kaleetan barrena, Euskal Errepublikaren aldeko testua onartu orduko
Erabaki ahal izatea zeinen “asmo ederra” den, Izuzkizari hitzak lapurtuz. Errepublikak eskubide hori ekarriko zuenaren esperantzan, pausoa eman zuten herri askotako zinegotzi eta alkateek urte itxaropentsu haietan.
Baina hitzak kate baten begi solteak besterik ez dira, edukiz josi ezean. Naziogintza Taldeko kideek, behintzat, argi dute: “Euskal Errepublika behar dugu gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eskuratzeko. Eta Euskal Errepublika behar dugu gure hizkuntzari, gure kulturari eta gure identitate kolektiboari eusteko, eta herri bezala bizirik irauteko frantziar eta espainiar asmo asimilazionista aseezinen aurrean”. Hortaz, maiatzaren 7an hitzordua jarri dute Azpeitian, herrien autodeterminazioaren aldeko katea ez dela eten adierazteko.
Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa –koefiziente horrek gizarteen desberdintasun ekonomikoa neurtzen du,... [+]
Geroz eta gehiago dira neandertalek uste baino gaitasun kognitibo aurreratuagoak zituztela adierazten duten ikerlanak. Azkena Journal of Archeological Science aldizkarian argitaratu da, eta 2003an Errusiako Mezmaiskaya kobazuloan aurkitutako hezurrezko lantza-punta du... [+]
Azkenaldian liburu batekin gozatzen aritu naiz. Oso denbora laburrean bi aldiz irakurri dut; lehendabizikoan gozamen hutsez eta bigarrengoan arkatza eskuan. Rodrigo Villalobos arkeologo espainolaren Hoces de piedra, martillos de bronce lanak historiaurreko gizartea arakatzea du... [+]
Espainiako sei pertsonaren gorpuak identifikatu dituzte. Urduñako desobiratze lanak 2024ko abenduak amaitu ziren eta guztira 93 pertsonaren gorputzak berreskuratu zituzten. Aurkikuntza berriekin, hamazazpi pertsona dira jada identifikatu dituztenak.
Txinako Shanxi probintzian, Tang dinastiako hilobi batean, hildakoen eguneroko bizitzako eszenak irudikatzen dituzten pinturak topatu dituzte. Eszena horietako batean gizonezko ilehori bat agertzen da. Ilearen koloreari eta aurpegierari erreparatuta, hilobia aztertu duten... [+]
Kartago, K.a. 814 inguruan. Feniziarrek kolonia bat fundatu zuten, eta Mediterraneo ekialdean nagusi zen zibilizazioa mendebaldera hedatu zen. Bi mende eta erdi geroago, Tiro feniziar metropolia gainbehera etorri zenean, Kartago independizatu egin zen eta bere eragina... [+]
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]
Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]