"Pertsonaren errealitate sozioekonomikoak zeharo baldintzatzen du beste herrialde batean sustraitzeko duen gaitasuna"

  • Bartzelonara asteburu pasa joanda, elkarrizketagile honek aukera aprobetxatu du Güneş Öztürkekin elkartzeko. XIX. mendean ehungintza-lantegi handia izandako Can Batlló espazioan egin dugu hitzordua, bertan baitago Col·lectivaT kooperatiba, ekonomia sozial eraldatzaileko beste zenbait proiekturekin batera. Baina, zaudete pixka batean, gaurko protagonistak beste hamaika gauza ikusi eta entzun baititu hona iritsi aurretik. 

Argazkia: Jordi Borras
Argazkia: Jordi Borras
Özgür Güneş Öztürk. 1982, Samsun (Turkia)

Lan Ekonomia eta Harreman Industrialeko ikasketak egin zituen Gaziko unibertsitatean (Ankara, Turkia) eta Migrazioak eta Bitartekaritza Soziala masterra Lleidako unibertsitatean (Herrialde Katalanak). CIEMEN zentroan ere lan egin du, besteak beste, erlijio yaziditako errefuxiatuen egoera eta Turkiaren mendeko lurralde kurduetako prozesu politikoak aztertuz. Gaur egun, Col·lectivaT kooperatibako kidea da. Kataluniako prozesu independentistari buruz ere idatzi du, hala nola Terra de ningú (Inoren lurra; Pol·len, 2017) liburuan; berriki, Una aproximació a la qüestió de les identitats en perspectiva nacional i de classe (Identitateen auziari gerturapen bat, nazio eta klase ikuspegitik) artikulua argitaratu du Mariona Lladonosarekin batera.

Turkian jaioa zaitugu. Noiz eta nola iritsi zinen Kataluniara?
2007ko urriaren 14an iritsi nintzen Tarregara (Lleida), Europako boluntario-programa batekin. Alba elkartean lan egitera etorri nintzen; erakunde handi eta garrantzitsu samarra da Lleidako lurraldean, eta aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dute. Sekulako babesa eman zidaten, sekulakoa. Egia esan, aitortu beharra dut engainatu egin nituela nolabait ere [barreak]. Esan nien ingelesa hitz egiten nekiela, eta ez zen egia… Turkiera baino ez nekien.

Nola izan zen hori?
Violant Amorós nire tutore maiteak –iaz joan zitzaigun minbiziarekin, zoritxarrez– telefonoz deitzen zien hautagaiei. Turkian nengoen ni, Ankaran, eta handik alde egin behar nuela erabakita nengoen. Deia ikustean, lagun bati eman nion telefonoa –ni baino hamar urte zaharragoa eta unibertsitateko irakaslea–, komunean giltzapetu nintzen, eta eskatu nion mesedez hitz egin zezala ni balitz bezala. Ospa egiteko beharra neukan, eta ez nuen lortuko baldin eta Albakoak konturatzen baziren ez nekiela ingelesik. Ni izateko plantak egin zituen adiskideak, eta onartu egin ninduten.

Zer gertatu zen Tarregara heldu zinenean?
Violant ezagutu nuen egunean, aldez aurretik prestatua nekarren diskurtsoa, ingelesez, nire egoera azalduz. Eta berak esan zidan moldatuko ginela.

Gauza bat esango dizut: oso lagungarria da ingelesik ez jakitea katalana eta gaztelania bizkorrago ikasteko! Elkarrizketa hau Tarregako nire lagunekin egin beharko zenuke, kontatuko lizukete nola ibiltzen nintzen kalean hiru hiztegi aldean neramatzala, eta jendeaz nekatzen nintzenean, burua mahai gainean jarri eta loak hartzen ninduen. Asko nekatzen du ezagutzen ez duzun hizkuntza batean aritzeak denbora guztian.

Boluntario-lanaren ostean, migrazioei buruzko master bat hasi zenuen Lleidako Unibertsitatean.
Bai, baina egoitza-baimena luzatzeko egin nuen. Nola gera zaitezke Europako herrialde batean, Europar Batasunaz kanpoko pasaporte bat badaukazu? Aukera gutxi dago. Bat: ezkontzea; bi: unibertsitateko programa batean matrikulatzea, uste baituzu horrek egoitza-eskubidea emango dizula, nahiz ez den guztiz horrela. Bestela, laneko kontratu bat lortu behar duzu, edo laugarren aukera asilo politikoa jasotzea da.

Nire kasuan, ez zen asilo politikoa, lan-kontratu bat lortzeko bestelako baldintza batzuk bete behar nituen, eta ezkondu nintekeen, baina momentu horretan ez nuen aukera hori aztertu (bi hilabeteren buruan aztertu nuen, ez pentsa).

Masterra, beraz.
Bai. Gainera, biziraupen-politika oso argia daukat nik, eta gustatzen zait hala izatea. Tarregan nengoen, jatorri turkiarreko pertsona bat, ez nekien katalanez, ez nekien gaztelaniaz. Hamaika hilabete pasa nituen 16.000 biztanleko herri batean. Bi hizkuntzak ikasten hasia nintzen, baina oraindik ez nituen menderatzen. Nola jakin nezakeen non bizi nintzen? Nola ezagutu nezakeen herrialdea?

Pentsatu nuen, ikasketak eginez gero, askoz hobeto ikasiko nuela hizkuntza, herrialdea ere ezagutuko nuela beste leku batetik, eta, azkenik, nahiz eta oso gustura nengoen Tarregan eta Alba elkartean, ez nintzen gizarte-hezitzailea, eta ez neukan bokaziorik lan horretan bizpahiru urtez baino luzeago aritzeko, beraz, nire etorkizuna eraikitzen hasi behar nuen nire desiren arabera.

"Gauza bat esango dizut: oso lagungarria da ingelesik ez jakitea katalana eta gaztelania bizkorrago ikasteko!”

 

Argazkia: Jordi Borras

Garai hartan katalan eta gaztelania gutxi zenekiela aipatu duzu. Nola moldatu zinen eskoletan?
Gelan, ni nintzen nazioarteko ikasle bakarra, hizkuntza jakin ez arren programan izena eman zuena. Masterrean izan genuen lehen edo bigarren irakasleak galdetu zigun ea zein hizkuntzatan emango zituen eskolak, eta nik erantzun nion gaztelania eta katalana biak ulertzen nituela antzeko, alegia biak gaizki [barreak], beraz hobe zela katalanez egitea, horrela ikaskideak behintzat beren ama-hizkuntzan jardungo zirelako. Uste dut harrezkeroztik eduki dudala hizkuntza gutxituekiko kontzientzia.

Dena den, bide akademikoarekin jarraitu zenuen, eta doktoregoa hasi.
Nire tesi-zuzendariak, Jordi Garretak, doktoretza egitea proposatu zidan masterraren lehen ikasturtea amaitu nuenean. Harrituta geratu nintzen: orduantxe ari nintzen-eta eskolen %65 ulertzen hasten! Baina animatu egin ninduen, eta beka bat eskatzea proposatu zidan. Nik ez nekien zer esan nahi zuen bekaren kontu horrek. Alba elkartean ari nintzen lanean, eta azaldu zidanean lau urtez mila euroko soldata garbia jasoko nukeela, zertarako-eta ikasteko, baietz esan nion.

Garai hartan, beka eskatzeko, gauzarik garrantzitsuenak unibertsitatea eta irakaslea ziren, ez ikaslearen curriculuma. Horren trukean lan batzuk egin behar zenituen unibertsitatearentzat edo ikerketa-taldearentzat. Eman zidaten beka, eta horrela sartu nintzen mundu akademikoan. Eta ez dut mundu hori utziko herrialdeko presidente izatea eskaintzen didaten arte [barreak].

Tesia egiteko bidean jarraitzen duzu. Zein da gaia?
Hor sartu nahi duzu benetan? Badago norbere tesia hiru minututan azaltzeko sari bat; ni ez nintzateke gai izango ordu erdian azaltzeko ere! Baina laburpentxo bat egingo dizut: nire gaur egungo tesia, laster bukatu nahi dudana, jatorri migratzaileko pertsonak harrera-gizartean integratzeari buruzko teorien kritika bat da, marxismo ez-ortodoxotik egina.  

Gaia asko aldatu da hasi zinenetik, ala?
Egia esan, hazia ez da inoiz aldatu. Kritika nondik egiten dudan aldatu da. Banekien teoria hauek kritikatu nahi nituela, baina 2012tik aurrera kokatu naiz marxismo ez-ortodoxoan.

Horra hor beste kronograma bat, nire bizitzako kronograma epistemologikoa: zer marko teorikotan kokatzen naizen. Tartean behin berritu egiten da marko hori, baina gauza bat ez da sekula aldatu: feminismoa. Hori 7 urtetatik daukat. Marxismoa beranduago etorri da.

Zer da kritikagarria iruditzen zaizuna?
Alde batetik, maila abstraktua edo epistemologikoa dago, kontzeptuei edo zenbait gauzaren kontzeptualizaziori egin ahal zaion kritika. Zentzu horretan, nire tesia teoriko samarra da, funtsean kulturaren eta kultur diferentziaren kontzeptualizazioa kritikatzen duelako.

Maila praktikoari dagokionez, ez diot denborarik eskaintzen tesian, baina adibide bat jarriko dizut. Niri beti esaten didate oso ondo moldatzen naizela katalanez, gertatzen den guztiaren berri daukadala… Jendeak, halako laudorioak esaten dizkidanean, ahaztu egiten du gauza argi bat: nor naizen eta nondik natorren. Ni ez nator klase ertain-altuko familia batetik, baina pertsonaren migrazio-prozesuak, herrialdean sustraitzeko izan duen prozesuak eta haren errealitate ekonomikoak argi eta garbi baldintzatzen dute hizkuntza ikasteko gaitasuna eta herrialde bateko kulturan sartzeko gaitasuna, sareak sortzeko gaitasuna, besteei gustagarri suertatzeko gaitasuna. Jendeak uste du hori dena nire meritua dela, nire izaerarekin lotuta dagoela. Ba ez. Nire errealitate sozioekonomikoarekin zeharo lotuta dago.

Argazkia: Jordi Borras
"'20 urte daramate hemen, eta ez dakite katalanez'. Halako esaldiak entzutean nik beti galdetzen dut gauza bera: zenbat lagun min dauzkazu, jatorri atzerritarrekoak?"

Kataluniako erabakitze-eskubidearen aldekoa zara. Nola eragiten du orain arte aipatu dugun guztiak zure ikuspegian?  
Auzi oso garrantzitsu batzuk daude, eta horiei heldu behar diete ez bakarrik borroka eta erresistentzia horretako figura politiko nagusiek, baita herri katalanak ere bere osotasunean: batetik, auzi feminista dago, edo, funtsean, politika feminista, hau da, emakume katalan gisa nola ekingo dugun proiektu politiko honetan, diskurtso politikoak ordezkatzen gaituen ala ez, espazioa ematen digun ala ez; ematen ez badigu, hartu egingo dugu.

Eta, bestalde, zer egoera daukaten eta nondik eta nola batuko diren proiekzio politiko honetara jatorri migratzaileko herriak, arrazakeriaren aurkako mugimenduak eta herrialde osoko erresistentzia-mugimenduak. Adibidez, errepublika katalan berri honetan zer erantzun emango diogu arrazakeria instituzionalari? Nik hortik hausnartzen dut eta hortik jardun naiteke.

Adibide konkreturik eman zenezake?
Errepara diezaiogun katalan-eskolen antolaketari, esate baterako. A mailako eskolak goizez, arratsaldez eta iluntzean ere eskaintzen dituzte. Baina B eta C mailetan, zer ordutegi daukagu?

Goizez bakarrik.
Bai. Eta zein joan daiteke? Zer pertsona joan daitezke horra eta zer baldintzatan? Nik oso ondo ikasi dut katalanez, bai, baina denbora eduki dut horretarako. "20 urte daramate hemen, eta ez dakite katalanez". Ba agian ez dakite katalanez ez daukatelako norekin hitz egin.

Halako esaldiak entzuten ditudanean nik beti galdetzen dut gauza bera: zenbat lagun min dauzkazu, jatorri atzerritarrekoak? Oso galdera ona da. Eta ez naiz ari jende kosmopolitari buruz, hemen ondoan dagoen nire lankide Alp [Öktem] bezalakoei buruz, zeina Pompeu Fabra unibertsitatera etorri baitzen doktoretza egitera beka batekin. Horrek ez du balio. Gu ez gara Kataluniako migratzaileen gehiengoaren errealitatea.

Lankidea aipatu duzu, eta badugu garaia Col·lectivaT kooperatibaz hitz egiteko. Zer da eta noiz sortu zenuten?
2015ean hasi ginen kooperatibaren ideia lantzen, eta 2017an osatu genuen formalki. Bost bazkide-sortzaile gara. Gutako lauk jatorri turkiarra dugu, eta beste kidea jatorri italiarrekoa da. Hizkuntza eta herri minorizatuekin lan egiten dugu, haientzat eta haiekin, hiru arlotan: teknologia linguistikoa, gizarte-zientzietako ikerketa eta hizkuntzak/itzulpena, ikuspegi feminista eta antiarrazista batetik abiatuta betiere.

Gizarte-zientzietako ikerketaren arloan, adibidez, migrazioen edo lurralde minorizatuen markoa ikertzen dugu –lurralde kurdua esate baterako– baina orobat aztertzen dugu zein den zenbait kolektiboren egoera halako herri eta nazio minorizatuetan.

Eta teknologia linguistikoaren adarrean?
Baliabide teknologikoak sortzen ditugu hizkuntza minorizatuentzat eta estaturik gabeko nazioetako hizkuntzentzat. Katalana da bat. Gaur egun, hizkuntza judutar-espainiar batekin ari gara lanean, ladinoa, Europako proiektu baten bitartez, eta, aurten, amazigerarekin lanean hasi gara halaber.

Ahots-sintesia, itzulpen automatikoa, hizkuntz eta kultur baliabideak digitalizatzea, gordetzea eta eskura jartzea, hizkuntzen ikaskuntzarako material digitala sortzea… Halako gauzak egiten ditugu.

Hirugarren arloa falta zaigu: hizkuntzak eta itzulpena.
Esate baterako, El sol del Nord. Construint l’autonomia a Bakur (Iparraldeko eguzkia. Autonomia eraikitzen Bakurren) filmaren azpitituluak egin genituen. Kide oso maite batzuen proiektua da [Ivardia Produccions], Turkiaren mende dagoen Ipar Kurdistaneko egoerari buruzkoa.

Turkiar jatorrikoa izanik, zer dakar zuentzat halako zerbaitetan parte hartzeak?
Kooperatiba honetako bazkide gehienak Turkian jaiotakoak gara, eta ez gara minoria bateko kideak, hau da, denok jaio gara turkiera mintzatzen den familietan. Nik ez dakit zein izango den gure jatorri etnikoa, baina niretzat gauza bat argi dago: Turkian, kurdua zara ala ez zara –edo, beste neurri batean, minoria erlijioso batekoa zara ala ez–; hortik aurrera, nahi duzuna esan dezakezu zure etniari buruz, baina turkiarra zara, hau da, zure eraikuntza identitarioa ez da zapaldua izan beste talde horiena bezala. Horrenbestez, halako proiektu batean parte hartzea apustu politiko bat da guretzat, bat egiten du gure beste ardatzekin.

Besterik esan nahi zenuke?
Bueno, kooperatibaren hiru lan-ardatzak aipatu ditugu, baina, horretaz guztiaz gainera, lan erreproduktiboa, zaintza-lanak eta abarrak ere egin behar dira egiturari eusteko, jakina.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-25 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


Eguneraketa berriak daude