ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

  • ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko soldata. Egoera irregularrean zeudenen %67,57ri gertatu zaio gauza bera.


2024ko otsailaren 02an - 12:07

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak lege-aholkularitza zerbitzu doakoa abian jarri zuen 1991n, Bilbon. Langileei euren eskubideen berri ematen diete eta eskubideok lortzeko eskaerak egiten laguntzen diete. Urteroko txosteneko datuak Bizkaian dituzten aholkularitza bulegoetan jasotako kontsultetatik ateratzen dituzte. Estatistikak ondoko datuak eskaintzen ditu: soldatak, lanaldiak, asteko atsedena, oporraldiak eta gizarte segurantzako egoera.

Etxeko Langileen Elkarteak, aurten, bi kontutan jarri nahi izan du azpimarra. Batetik, salatu du Osakidetzak ez dituela ia inoiz onartzen lan istripuak eta gaixotasun arrunt gisa kudeatzen dituela. Bestetik, langabezia-prestazioa kobratu daitekeen lehen urtean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eskatzaileei tratu txarra eman diela azaldu du.

Etxeko langileak emakumeak dira

2023an, aholkularitza zerbitzutik 603 langile pasa ziren eta 737 egoera jaso zituzten. Artatutako pertsonen %98,51 emakumeak ziren. Langileen %40,43 etxeko langile egoiliarrak ziren, hau da, zaintzen zuten pertsonaren etxean bizi ziren. %59,57 kanpo-langileak ziren. %11,13 bertako langileak ziren, eta gainerakoak atzerritarrak edo nazionalitate bikoitza zutenak.

Elkarteak etxeko langile egoiliarrak eta kanpo-langileak bi multzotan banatu ditu eta bakoitzeko ondorioak atera ditu. Lerro hauetan, etxeko langile egoiliarren egoeraren berri eman dugu, haien lan baldintzak kaskarrenak direla kontuan hartuta.

1: Etxeko langile egoiliarren laurdenak baino gehiagok egoera administratibo irregularra dauka. 2022tik, egoera horretan dauden emakumeen portzentajeak hiru puntu egin du behera. Elkarteak gizarte zerbitzuak eta atzerritartasun-aginteak kritikatu ditu, emakumeok egoera irregularrean egon arren, haien errealitateak ez zaizkielako ezezagun. ELEren ustez, “emakume horiek lan hori egingo dutela badakite”. Sektorean gaizkien tratatuak direla diote, eta haien egoera berehala erregularizatzea eskatu dute.

2: Astea etxe barruan igarotzen duten langileen %69,52k 60 ordu baino gehiago egiten ditu lan, hau da, legez onartzen den ordu kopuru gehienezkoa baino gehiago. Paperik gabeko emakumeen %81,08ri gertatzen zaio hori.

%44,3k legez dagokion atseden tartea hartzen du. Zifra hori urtero hobetzen ari da. Aldiz, %21,81ak ez du atseden egunik hartzen aste osoan. %21,19k, egunerokoan, ez dauka atseden ordurik. Egunean bi orduko atsedena hartzen dutenen ehunekoak gora egin du.

3: Elkartearen iritziz, enplegatzailearen eta langilearen artean bitartekari lana egiten duten enplegu-agentziek legez kanpoko baldintzak sustatzen dituzte. Ohikoa da 40 orduko kontratua egitea, eta ez hartzea lanaldiaren zati balira moduan "presentzia-orduak" deiturikoak. Hala, ordu horiek ez dira ordaintzen. Elkarteak salatu du lan ikuskaritzak ez duela kontrolatzen iruzur masibo hori.

4. Gero eta gehiago dira gauez atsedenaldi jarraitua egiteko zailtasunak dituzten langileak. Egunez, menpekotasun handia duten pertsonak zaintzen dituzte, eta gauean lan bera egiten jarraitzen dute. Elkartearen ustez, gauez atsedenik ez hartzeak osasun arazo larriak dakartza. %45,30ak gauean bi alditan edo gehiagotan altxatu behar du menpeko pertsona zaintzeko.

5: Etxeko langileen %97,77k ez du jaso dagokion soldata. 40 orduko lanaldia erreferentziatzat hartuta, egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko soldata, eta egoera irregularrean zegoenaren %67,57k. Eta ez da kontuan hartu langile horietariko askok, asteko, 40 ordu baino gehiago egin dituztela.

6: %34,56ri soldata eskura ematen zaio, inolako agiririk gabe. Jokamolde horrek behera egin du 2022ko datuekin alderatuz gero. Agiririk ezean, langileek lan-harremanari buruzko datu oinarrizkoak ere ez dauzkate: enplegatzailearen datuak, kotizatzen ari den ala ez, zenbat ari den kotizatzen…

7: Astegunetan lan egin eta egoera erregularrean zeuden langileen %93,94 Gizarte Segurantzan alta emanda zegoen.

8. Langileen %86,16 bakarrik bizi zen artatutako pertsonarekin edo pertsonekin. Zaintzen zituzten pertsonen %68,67 emakumeak ziren.

9: Elkarteak salatu du egunez 60 ordutik gorako lanaldiak sistematikoki ezartzea eta laneko osasuna ez direla bateragarriak. Beren kabuz baliatzen ez diren pertsonei eman behar diete arreta eta emakume langileek ez dituzte bermatuta ez prestakuntza, ez ingurunea, ez baliabideak zereginak beren osasunerako kalterik eragin gabe egiteko. Lan ikuskaritzaren eta Osalanen inolako babesik ez dutela kritikatu dute.

10: Langileek zailtasunak dituzte Gizarte Segurantzari bajaren kobraketa eskatzeko. Beste sektoreetan ez bezala, sektore honetan, enplegatzaileak ez baizik eta langileak berak kudeatu behar du baja Gizarte Segurantzan. Elkarteak salatu du aurrez aurre egitea ia ezinezkoa dela eta baliabide informatikoak sarri ez daudela langileen eskura.

11: Enplegatzailea hiltzearen edo egoitzara eramatearen ondorioz, langileen %23,15 langabezian geratu zen egun batetik bestera, eta gehienez 120 eguneko langabezia-prestazioa jaso zuten, lan egindako eta kotizatutako denbora edozein izanda ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Emakume langileen eskubideak
Gehiegizko berdintasuna

Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez... [+]


Itzalpeko emakume arkeologoen itzala

Errenteria (Gipuzkoa), 1892. Aizpitarte kobazuloetan Gipuzkoako lehen indusketa arkeologikoak egin ziren, Lersundi kondea buru zuen taldearen eskutik. Handik hamaika urtera, 1903an Alfontso XIII.a Espainiako erregeak bisita egin zuen aztarnategira, eta aitzakia horrekin argazkia... [+]


Nekane Zabala, polizia-etxetako garbitzailea eta grebalaria
“Bederatzi hilabeteko greba batek marka uzten du, eta batez ere, emakumeengan”

Gipuzkoako ertzain-etxetako garbitzaileek greba deitu dute azaroaren 15etik 19ra. 42 langile dira, ia denak emakumeak, eta kexu dira Garbialdi enpresak eskari gutxienekoak ere ez dizkietela onartzen. Nekane Zabala langile horietako bat da. Badaki zer den greba egitea. 2018an... [+]


Etxeko langile bati langabezia saria jasotzeko eskubidea aitortu diote epaitegietan

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoko zerbitzuak ukatu bazion ere, Bilboko Lan Arloko 7. Auzitegiak onartu dio langileari eskubidea, ELAk jakinarazi duenez. SEPEk helegitea aurkeztu du.


Eguneraketa berriak daude