“Migratzaileak behartuta gaude zaintza eta garbiketa lanetan aritzera”

  • Pobrezian dauden pertsonen kontrako gorrotoa ikusgai egiteko ‘Aporofobia Stop’ antzezlana sortu dute Paris 365 jantoki solidarioak, Ados Teatroak, Asin Soundek, Bidebitarte kooperatibak eta Arteriak taldeak. Iris Mapaly Cárdenasek, Paris 365 jangelako erabiltzaileak, antzezlanean parte hartu du (Lima, Peru, 1980): “Gu geu izan gara gure istorioaren parte bat kontatzen”. Gipuzkoan taularatuko dute abenduan; 11n, Donostian eta 14ean, Errenterian.

Iris Mapaldy. (Argazkia: Josu Santesteban)
Iris Mapaldy. (Argazkia: Josu Santesteban)

Pobrezian dauden pertsonen kontrako gorrotoa salatzeaz harago doa ‘Aporofobia Stop’ antzezlana?

Alde batetik, gizartea sentsibilizatu nahi dugu jendeak ikusteko ez gaudela pobrezia edo bazterkeria egoeran guk nahi dugulako, baizik eta zenbait egoeraren ondorioz. Bestetik, elkarri laguntzeko modu bat da.

Paris 365 jangela solidarioko erabiltzaileen bizipenetan oinarrituta egoteaz gain, zeuek antzeztu duzue; zer gehitzen dio horrek?

Errealismoa eta egia. Esaten digute aktoreak garela, baina ez dugu deus antzeztu; gu geu izan gara gure istorioaren parte bat kontatzen.

Fikzioak badu lekurik antzezlanean?

Ia ez dago fikziorik; esanen nuke %100 erreala dela. Azkenean islatzen duguna da iristean ez dakizula zer egin, nora joan, agian ez duzula hizkuntza ezagutzen. Behartuta etortzen gara, eta behin hemen gaudela datorrena onartu behar dugu, norabide berri bat hartu eta txikitik handira gauzak egiten hasi. Bidean duintasun apur bat galtzen dugu.

Nola bizi duzu kultura kontsumitzetik sortzaile izatera pasatzea?

Aldaketa erradikala izan da, ez nekielako asko horren inguruan. Beti kanpotik ikusi ditut musika, zinema eta artea orokorrean. Ausaz hasi naiz antzezten, eta abenturazalea naizenez, horretan sakondu nahi dut. Bidean jende asko izan dugu, eta irakatsi digute nola kokatu, nola altxatu ahotsa eta nola hartu espazioa oholtzan. Dudarik gabe ahalduntze prozesu bat izan da antzezlanean parte hartzea.

Antzezlanean esaten duzue egun batetik bestera dena aldatu daitekeela, eta edonor pasa daitekeela egoera zaurgarrian egotera. Hori gertatu zitzaizun zuri?

Hamar urteko ibilbidea zeukan enpresa bat neukan Perun. Bizitza bideratuta neukan, lana, familia eta etxea nituen, baina 2019an okertu zen dena. Zoritxarrez Peruko egoera oso bortitza denez, dena utzi, eta mehatxatuta Iruñera etorri behar izan nintzen, zerotik hastera.

Zure bizipenetatik zein azpimarratu nahi izan duzue?

Bereziki nabarmendu dugu emakumea naizenez ez didatela pertsona gisa garatzen uzten. Ez daukat nahi bezala ibiltzeko askatasunik. Ni ez naiz bakarrik emakumea, ama eta emaztea; langilea naiz, eta gainera, sektore maskulinizatu batean. Batez ere egoera arrazistak, baztertzaileak eta estereotipoekin lotura duten gauzak taularatu ditugu.

Metalgintzan lan egiten zenuen Perun; horretaz lan egitea lortu duzu Nafarroan?

Saiatu naiz, baina oso zaila da, emakumea naizenez beste lanbide batzuetara bideratzen nautelako. Txikiagoa naizenez, eta ez naizenez estereotipo batzuetan sartzen, uste dute ez naizela gai. Uste dut ikusten dutenean nola lan egiten dudan, lan egiteko aukera izanen dudala. Hala ere, esanen nuke trabarik handiena dokumentazioa dela.

Zaintzari eta garbiketei lotuko lanak eskaintzen dizkizute bereziki?

Bai. Hona iristen garenean migratzaileak behartuta gaude zaintza eta garbiketa lanetan aritzera. Hiru edo lau urte pasa arte ezin zara zure lanbidean aritu. Aurrerago metalgintzan lanean jarraitu nahiko nuke.

Nolakoa zen sektore maskulinizatu batean lan egitea?

Oso zaila eta arrotza. Etengabe sexualizatzen ninduten, saiatzen ziren besarkatzen, musu bat ematen, beraiekin ateratzeko jazartzen ninduten eta telefonoz mehatxatzen ninduten. Nire lekua aldarrikatu behar izan nuen. Horretarako, hitz egiteko modua aldatu nuen, eta  zakarragoa izaten hasi nintzen.

Dokumentazioa aipatu duzu, zein traba dituzue?

Lan egiteko dokumentazioa behar duzu, baina lan egiten ez baduzu ez duzu dokumentaziorik. Kontraesankorra da, eta elkarren artean talka egiten dute. Babes sozialaz gain, lanari lotutakoa dago. Sei hilabetez lan egiten baduzu lortu dezakezu. Nik orain hori lortu dut, baina pasaportea iraungi da. Zenbat eta egoera informalagoan egon orduan eta zailagoa da; hortaz, gurekin nahi dutena egiten dute, eta gehiago esplotatzen gaituzte.

"Oso zaila eta arrotza da [sektore maskulinizatu batean lan egitea]. Etengabe sexualizatzen ninduten (...) nire lekua aldarrikatu behar izan nuen. Horretarako, hitz egiteko modua aldatu eta zakarragoa izaten hasi nintzen"

Laguntza eskatzeak dakarrenaz ere mintzo zarete; nola daramazu hori?

Nik oso gutxitan eskatu dut laguntza, asko kostatzen zidalako, baina oso eskertuta nago Paris 365 jangela solidarioak eskaintzen duen laguntzagatik, elikadura bermatzea oinarrizko behar bat delako.

Jatorrizko herrialdean familia uzteak zer eragiten duen ere taularatu duzue.

Beti esaten dut zailena dela familia urrun egotea. Ama eta alaba han geratu dira, eta duela urte bat senarra eta semea etorri ziren. Lan berriak ikastea eta sistemara egokitzea, horrek dakarren guztiarekin, ez da zaila; mingarriena eta zailena familia etxean uztea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-25 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


Eguneraketa berriak daude