"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

  • Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Laura Penagos Rodriguez. Suesca, Kolonbia, 1983

Bogotako Teatro Libre Eskolan graduatu ondoren, antzerki-irakaskuntzan aritu zen Kolonbiako Cartagena de Indiaseko Arte Ederretako Unibertsitatean lehenbizi eta Sabanako Unibertsitatean gero. Bitartean, hainbat antzezlanetan parte hartzeaz gain, Workcenter Jerzy Grotowski eta Thomas Richards taldearekin trebakuntza saioak egin zituen Bartzelonan eta Italian. 2008an Nafarroara etorri zen bizitzera eta euskara ikasi zuen. Gorputz eta ahots formazioak ematen ditu.

Nolakoak izan ziren zure lehen urratsak antzerkigintzan?
Ni Suescan jaio eta hazi nintzen, herri txiki bat Cundinamarca departamentuan. Bogotan antzerkigintza ikasi nuen bertako Escuela de Teatro Libre-n. Oso eskola ona da. Lau urteren ondoren oso gazte graduatu eta Cartagenako Arte Ederretako unibertsitatera joan nintzen aktore teknika eta eszenarako ahots klaseak ematera. Urtebete geroago Sabanako Unibertsitateko Komunikazio eta Kazetaritza Fakultatean jendaurrean hitz egiteko tekniken inguruko klaseak eman nituen, eta bitartean hainbat muntaiatan hartu nuen parte.

Iruñera nola etorri zinen?
Nerbio krisi bat izan nuen antzerkiarengatik. 2006an muntaia profesional batean nengoen, Bertol Brechten Madre Coraje egiten ari ginen, eta zuzendariaren laguntzailea izateaz gain, aktorea ere banintzen. Presioa ikaragarria zen eta izu-atake bat izan nuen. Gainera, muntaia horretan misoginia asko zegoen zuzendariaren partetik. Gaur egun ere argi ikusten dira antzerkigintzan, oro har, dauden bertikaltasuna eta matxismoa. Oraindik hori existitzen da. Medikuak esan zidan ene osasun mentala eta antzerkiaren artean aukeratu beharko nuela. Izugarri beldurtu nintzen, nire familian hainbat aurrekari izan ditugulako amaren partez. Izan ere, nire amona psikiatriko batean egon zen gaztetan. Antzerkia uztea oso erabaki gogorra izan zen, baina hori zen bide bakarra.
Bogota utzi eta Suescara itzuli nintzen, nire ahizpak zabaldu berria zuen ostatuan lan egitera. Suesca oso herri turistikoa eta ezaguna da. Jende asko eskalatzera, bizikletaz ibiltzera eta raftinga egitera joaten da. 2.800 metroko altueran dago eta paisaiak antza handia du Euskal Herriko txoko askorekin.

Suescan nengoela, eskalatzera etorri ziren bi euskaldun ezagutu nituen. Haien artean euskaraz hitz egiten zuten eta horrek arreta eman zidan. Galdetu nien ea zer hizkuntza zen hori eta hasi ginen hizketan. Gero haietako batekin harreman bat hasi nuen eta handik tarte batera ezkondu ginen. Kolonbian bi urte bizi ondoren, Iruñera etortzea erabaki genuen.

Nolakoa izan da euskararekiko zure harremana?
Nire aitak gaztetan jesuiten apaiztegi batean ikasi zuen. Han zeuden apaiz euskaldunek euskaraz egiten zuten haien artean eta pilotan aritzen ziren. Euskal kultura oso presente zegoen han eta horregatik gure etxean betidanik izan dugu euskararen berri. Bestalde, historia liburuetan Nafarroako Erresumaren historiari buruzko atal bat zegoen eta hori interes handiarekin ikasi nuen txikitatik. Iruñea Kolonbiako Pamplona hiriarekin senidetuta dago eta beti izan dut horren inguruko jakin-mina. Nire bikotekidearekin –orain bikotekide ohia– hasi nintzen hitz batzuk ikasten eta 2008an, hona iritsi ginenean, izena eman nuen euskaltegian.

Batzuek esaten zidaten ez ote zen goizegi horretan sartzeko, esanez bezala kolonbiarra izanik zailagoa izango nuela, eta berehala nekatu eta frustratu egingo nintzela. Asmo txarrik gabe esaten zidaten, ene ustez. Hala ere, ni burugogorra eta erronkazalea naiz, eta ikasi nahi nuela argi nuen. Lehen urtea oso gogorra izan zen eta askotan negar egiten nuen. Hizkuntza bat ikastea oso zaila da. Lana, dedikazioa eta maitasuna eskatzen dizkizu. Ongi ikasteko zuk zeuk ere aukerak sortu behar dituzu ahalik eta gehien erabiltzeko hizkuntza hori. Hori da nik beti egin dudana. Aukerarik badut, “egun on” edo “kaixo, zer moduz?” esaten dut.

Ikasketa prozesuan gorabeherak izan ditut eta hainbatetan utzi eta berriro hartu dut. Nik zortea izan dut, Haur Hezkuntza ikasi nuen Iruñean eta haurrekin asko ikasi dudalako. Ikasterakoan oso garrantzitsuak dira laguntasun eta maitasun harremanak. Ohean ere hizkuntza ikasten da! Nik ahalegin handia egin dut, baita ekonomikoa ere. Euskara ikastea doakoa izan beharko litzateke.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Nola sentitzen zara orain Euskal Herrian?
Hamabost urte igaro ondoren hau nire herria da. Kolonbiarra naiz, jakina, eta beti izango naiz, baina orain hemengoa sentitzen naiz, hau delako bizi naizen tokia. Hau ere nire etxea da. Euskal Herriak asko eman dit zentzu askotan.
Izugarri maite ditut lurralde hau, euskara eta euskal kultura. Izugarria iruditzen zait oztopo eta zigor guztien gainetik hizkuntzari eusteko herri honek izan duen ausardia historikoa, batez ere hemen Nafarroan. Hori oso baliotsua da eta asko esaten du hemengo jendeaz. Beti emango diot balio handia horri.

Euskara orain zure lan tresna da
Bai. Niri euskarak antzerkia berriz egiteko aukera eman dit eta hori da ekarpen zoragarrienetako bat. Profesionalki hemen ez dut gaztelaniaz lan egiteko aukerarik izan. Euskaraz, aldiz, Artedrama eta Ander Lipus handiarekin lan egiteko aukera izan nuen, eta urte eta erdiko bira egin genuen Euskal Herrian barrena. Herri eta jende piloa ezagutzeko aukera eman dit horrek. Antzezlan hori nire lan pertsonalena izan da, niretzat oso sakona den galdera batetik abiatzen delako: zer esan nahi duen euskaldun izatea kanpotarra izanik.

"Euskara ikasteko nik ahalegin handia egin dut, baita ekonomikoa ere. Euskara ikastea doakoa izan beharko litzateke"
 

Orain Behi jasa muntaian zabiltza.
Boga-boga Produkzioak-eko Adriana Salvo tafallarrak deitu zidan. Ikusi ninduen Atzerrian lurra garratz-en eta deitu ninduen lan honetan parte hartzeko berarekin eta Iñigo Aranbarrirekin. Oso lan interesgarria da. Genero indarkeriaz hitz egiten du eta gizon bera maite duten bi emakumeren arteko harremana ikusten da, lehia alde batetik, eta ahizpatasuna bestetik.
Beti egongo naiz oso eskertuta lanerako deitzen didaten pertsonekin. Nahiz eta euskalduna izan, ez naiz hemengoa eta hori oso presente dago nire jarduera profesionalean.

Horrek mugatzen zaitu?
Zentzu askotan bai. Orain saiatzen ari naiz zerbait egiten zinema eta telebistan, eta nire aktore-agenteak esaten zidan nire profila beti izango dela prostitutarena, narkotrafikatzaile baten emaztearena, garbitzailearena edo zaharren zaintzailearena. Ni oso kontziente naiz telebistan edo zineman, non hainbeste estereotipo nagusi diren, nire paperak halakoak izango direla. Lanerako deitzekotan, paper horiek egokituko zaizkit, baina gaur egun horrek jada ez dit axola, badakidalako joko horretan sartu nahi badut arau horiek onartu behar ditudala.

Zorionez, antzerkia horretatik kanpo gelditzen da eta beste lengoaia batzuk bilatzen ditu, beste kodeak, gauzak beste toki batetik kontatzea. Antzerkia nire babeslekua da.

Orain zure hirugarren lana aurkeztu berri duzu, ezta?
Putaren bakarrizketa eroetxean. Franca Rame eta Dario Foren lan hau oso ongi idatzita dago eta benetako plazera da horrekin lan egitea.

Aspalditik ezagutzen nuen testua eta sentitzen nuen muntatu behar nuela, nire bizitzako alderdi batzuetan harekin oso identifikatuta sentitzen naizelako. Osasun mentalaren inguruan mintzo da eta gai honek sakonki hunkitzen nau. Bizitzan bizpahiru izu-atake izan ditut eta haietan pentsatu dut burua galtzera iritsi nintekeela. Beti oso emakume askea izan naiz. Jaio nintzen herri txiki eta kontserbadore batean, eta beti nengoen kalean, antzerkia egiten. Nire lagunek beti esan didate erotuta nengoela, eta horrek markatu nau. Bestalde, bere gorputzaren gainean erabakiak hartzen dituen eta bizitza nola bizi erabakitzen duen emakumeaz epaiketa sozial gogorra egin ohi da: putatzat hartzen da.

"Oso zaila da periferiako aktorea izatea, eta ni periferiaren periferiakoa naiz: aktorea, emakumea, migratzailea eta erdi indigena"
 

Lan honetan elkartzen diren gai horiek nirekin zerikusi handia dute. Are gehiago hemen naizenetik. Hemen emakume kanpotarra naiz eta prostituzioa oso lotuta dago kanpotik datozen emakumeekin. Oso gai konplexua eta sakona da, eta oraindik ez dakigu horri sozialki nola aurre egin.

Abusu ugari eta mafia asko daude, baina badira ere emakume asko horretan aritzea erabaki dutenak bizimodu duin bat izan ahal izateko. Oso gai delikatua da, eta legalizatuta ez dagoen esplotazio modu bat. Badira lan asko pertsonak esplotatzen dituztenak, baina lege barruan daudenez ez da ezer gertatzen. Prostituitzeko modu asko dago, baina gizarte genitalizatu batean bizi garenez, soilik prostituzio sexuala jotzen dugu prostituziotzat.

 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Lan hau mugitzen hasi zarete?
Jendaurrean aurkeztu genuen, baina orain Ainara Gurrutxaga zuzendariarekin finduko dugu Errenterian, Niessen antzokian eginen dugun egonaldian.

Hasi gara muntaia mugitzen, baina zaila da saltzea, are gehiago Nafarroan egindako euskarazko antzezlan bat izanik. Oso zaila da eta ez dakit zergatik. Une honetan Bilbon da mugimendurik handiena zinema eta telebista egiteko. Dirua gaur egun han dago.
Niri askotan esaten didate ea zergatik biz naizen Nafarroan, zer egiten dudan hemen Bilbon edo Donostian bizitzeko aukera izanda. Muga bat balego bezala esaten dute, eta niri pena eta amorrua ematen dit.

Iñigo Aranbarri aktorea –eta nire lankidea Behi jasa-n– orain Iruñean bizi da, eta berak eta Oier Zuñiga aktore iruindarrak esaten dute Nafarroako aktoreok oso zaila dugula produkzio handietan parte hartu ahal izatea. Oso zaila da periferiako aktorea izatea, eta ni periferiaren periferiakoa naiz: aktorea, emakumea, migratzailea eta erdi indigena.

Zaila da antzerkiaz bizitzea, ezta?
Prekaritatea da aktore askoren bizimodua. Nik aukera izan nuen urte eta erdi batez hilero kobratzeko Artedramarekin egon nintzenean. Hura opari moduko bat izan zen, baina Euskal Herrian oso konpainia gutxik funtzionatzen dute horrela. Izugarri miresten ditut.

“Nire aktore-agenteak esaten zidan telebistan edo zineman nire profila beti izango dela prostitutarena, narkotrafikante baten emaztearena, garbitzailearena edo zaharren zaintzailearena. Eskerrak antzerkia desberdina den”

Zer esanen zenioke kanpotik etorritako jendeari?
Nik uste dut garrantzitsua dela bizi zaren tokiarekin konektatzea. Ezin zara bizi zaren errealitatetik kanpo gelditu. Bizi zaren tokiko kultura bizitzea eta toki horretan gertatzen dena ulertzea ezinbestekoa da, nire ustez, eta horregatik niretzat beti oso garrantzitsua izan da euskara ikastea. Horrek eraman nau mundua ulertzera eta beste begi batzuekin ikustera. Herri hau eta bere borroka historikoak ulertzen laguntzen dit. Lehengo gatazkak eta gaur egunekoak ere bai. Adibidez, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila nahi du jendarteak? Bai ala ez, eta zergatik?

Oso garrantzitsua da modu batez edo bestez Euskal Herrira bizitzera etortzea erabaki dugun pertsonok hemen gertatzen denaren kontzientzia hartzea. Jende askok esaten du zaila dela, egun osoan lanean ari direlako; bai noski, baina ulertu behar dugu testuinguru batera iristen garela. Ezin dugu bazterrean utzi hemen ere aldarrikapen sozialak eta kulturalak badirela, gure herrietan bezala. Gutxieneko bat da ingurura begiratzea, eta galdetzea non nagoen eta zer gertatzen den hemen. Nik uler dezaket pertsona asko modu oso prekarioan iristen direla. Alde horretatik, ulertzen dut ni pribilegioduna izan naizela, hemengo gizon batekin ezkonduta, paperak berehala lortu nituelako. Nik ez dut inoiz beldurrik sentitu izan kalera ateratzeko, lege barruan egon naizelako, baina nire ustez, edozein egoeratan egonda ere, kontzientzia sozial eta politikoa oso garrantzitsua da bizitzarako.

Gero eta jatorri anitzagoetako jendea dago D ereduan Nafarroan eta horrek pozten nau. Hala ere, batzuetan ez nago ados zabaltzen den mezuarekin, oso paternalista iruditzen zait. Bestalde, bada sinesmen bat asko zabaltzen ari dena eta oso kezkagarria dena: jende askok pentsatzen du euskara galduko dela kanpoko jende asko etorri delako eta horiek euskaraz ez dakitelako. Barkatu, eta hemengo jendea zer? Hemen mendeak daramatzaten herritarrek eta euskara ez dakitenek ez dute erantzukizunik? Hori oso jarrera arrazista da.

Edozein modutan, euskara salbatzeko lehen pausoa da hizkuntza ofiziala izatea lurralde guztietan. Hori da bide bakarra. Ez da gaitz guztietarako soluziobidea, baina ezinbestekoa da. Ni ez naiz erakundeen oso laguna, baina hemen Nafarroan aurrerapauso handia litzateke.

Desberdin tratatua sentitzen zara?
Emakume arrazializatua eta euskalduna zarenean sortzen da exotismo moduko bat, eta horrek ere nekatzen nau, arrazakeria mota bat delako. Arina, baina arrazakeria.

Horrekin batera sentitzen dut beti ikusten nautela migratzailea bezala, baina migratzea prozesu bat da. Inor ez da betirako migratzaile. Hori gezurra da. Nik migratu egin nuen, baina hamabost urte daramatzat hemen. Nahi duzun bezala deitu, baina ez migratzailea, migratzailea mugimenduan den pertsona delako.

Oso eskertua nago jendeak euskara ikastearen meritua aitortzen didalako, baina sentitzen dut niretzat gauza naturala dela, Euskal Herrian euskaraz hitz egitea naturala delako.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-05-12
Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Eguneraketa berriak daude