"Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira"

  • Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita gaztetatik. Maleta aldean iritsi da, alai eta indartsu, jaialdiaren antolatzaileak eta beste parte-hartzaile batzuk alboan dituela. Kemenik ez zaie falta.

Argazkia: Teresa Toda
Argazkia: Teresa Toda

Loueila Sid Ahmed Ndiaye. Tinduf, Aljeria, 1990
 

Abokatua eta aktibista sahararra, Kanarietan bizi da duela 20 urtetik gora. Bi ildo jorratzen ditu bere jardunean. Batetik, bere kontura aritzen da abokatu gisa, erregularizazio-prozesuak eta naziotasuna lortzeko izapideak bideratzen ari den jendearekin batez ere. Alderdi aktibistan, berriz, Kanarietara itsasoz iristen diren migratzaileei laguntzen eta haien egoera salatzen dabil.

Hasteko, zure burua aurkezteko eskatu nahi nizun.
Nire izena Loueila da, baina jendeak Lala esaten dit. Duela gutxi abizenak aldatu ditut, askotan gertatzen zaizkigu halakoak migratzaileoi. Lehen Loueila Mint El Mamy nintzen, eta orain, berriz, Loueila Sid Ahmed Ndiaye.

Zer dela-eta aldaketa hori?
Hainbat urtez Justizia Ministerioaren aurka borrokatu behar izan dut naziotasun espainiarra eskuratzeko, ez baitzitzaien iruditzen Espainiako Estatuko gizartean integratuta nengoenik, nahiz eta abokatu gisa lan egiten dudan herrialdean eta bizi osoa daramadan Kanarietan bizitzen.

Jatorriz, berez, sahararra zara.
Bai. Sahararra naiz, abokatua, eta Kanarietara itsasoz iristen diren pertsonekin lan egiten dut, baita ni neu garai batean egon nintzen antzeko egoeran dagoen jendearekin ere: erregularizazioa, nazionalitatea; halako izapideekin laguntzen diet. Hortxe ikusten dut zer-nolako zailtasunak eta oztopoak izaten dituzten nirekin diharduten pertsonek, eta horrek laguntzen dit haien egoera salatzen, nire lanaren alderdi aktibista garatzen.

Nolatan erabaki zenuen zuzenbidea ikastea?
Agian errefuxiatuen kanpaleku batean hazi nintzelako, edo herri-mugimenduetan jarduteak nigan izan duen eraginagatik. Gaztetatik ibili naiz Saharako herriaren borrokan, eta horrek beste herri batzuen borrokarekin eta beste mugimendu batzuekin elkartu nau: feministak, pentsionistak, ekologistak… Ezinbestekoa da gutako bakoitzak bere pribilegioen ardura har dezan, gizartea eraldatzeko. Eta horrek guztiak eraginda ziur aski, txikitatik argi izan nuen justiziaren munduan aritu nahi nuela.

Berez, epaile izan nahi zenuen.
Bai, horretarako oposizioak prestatu nahi nituen, baina, azkenean, hain zuzen ere arrazakeria instituzionalaren ondorioz, ezin izan nuen. Dena den, ohartu nintzen neure tokia hau dela: hemendik egoerak salatu ditzaket, lan egin dezaket eta ez daukat nagusirik –estatua bera izan zitekeen nire nagusia– halakorik egin ezin dudala esaten didanik.

Zergatik ez zizuten utzi oposizioetara aurkezten?
Ez neukalako naziotasun espainiarra. Bost urtez, Justizia Ministerioak bizitza zapuztu zidan. Administrazioak, oso sarri, modu guztiz pasiboan eta burokratikoan jokatzen du –ez bakarrik erregularizazio- eta naziotasun-kontuetan, beste arlo batzuetan ere bai–, desastre bat da, eta horren eraginez migratzaileak linbo juridiko eta legal batean bizi dira etengabe, benetan nekagarria dena bai fisikoki, bai emozionalki.

Zeure kasuan, Espainiako sistemaren barruan egin zenituen ikasketak, eta, hala ere, trabak.
Nire ikaskideekin batera bukatu nituen Zuzenbideko ikasketak, urte berean egin genuen masterra, amaitu genuen, egin genuen abokatutzara sartzeko azterketa, oposizio baten antzekoa, Justizia Ministerioak antolatzen duena, gainditu nuen, baina Justizia Ministerioak berak ez zuenez nire naziotasun-espedientea ebazten, ezin nintzen kolegiatu. Argi ikusi nuen zer desberdin tratatzen zaituzten atzerritarra izanda, nahiz eta sistema beretik pasatu ginen ikaskide guztiak: nire kideek, María eta Ana deitzen zirenek, ez zuten inongo arazorik izan, eta niri, berriz, Loueila Mint El Mamy deitzen nintzenez, titulua homologatu nahi ote nuen galdetzen zidaten, ikasketak atzerrian egin banitu bezala. Sei hilabetez egon nintzen linbo horretan.

"Nire kideek, María eta Ana deitzen zirenek, ez zuten inongo arazorik izan, eta niri, berriz, Loueila Mint El Mamy deitzen nintzenez, titulua homologatu nahi ote nuen galdetzen zidaten, ikasketak atzerrian egin banitu bezala"
 

Izua ematen du administrazioaren jarrera horrek.
Bai, ez dakit pasibotasuna den edo nahita egiten duten, baina bata zein bestea izan, azken batean emaitza bera da: jendea milaka euro ordaintzen ari da erregularizazio-izapideak egiteko, eskatzen zaizkion irizpideak betetzeko –ez da gutxi–, eta gero administrazioak ez du erantzuten edo espedientea galtzen du edo… Horrek jota uzten zaitu, bizi duenak bakarrik ezagutzen ditu horren ondorioak.

Zein dira linbo horretan egotearen ondorio zehatzak?
Bada, adibidez, ezin duzu botorik eman. Egia da nik ez dudala hauteskunde-sisteman sinesten, baina noizbait alderdi bati botoa eman nahi izan banio, ezin izango nukeen, herrialdean zergak ordaindu arren eta bertan bizi arren. Gero, ezin nuen bidaiatu, eta hori garrantzitsua zen niretzat, kanpalekuetan bizi diren senideak ikustea; eta gero, beste gauza bat, niri garrantzitsuena iruditzen zaidana, estatu batean bizi diren gainerako herritarrek eskura dituzten baliabideetara ezin iristea.

Argazkia: Teresa Toda

Azken batean arrazakeria instituzionalaz ari garenean, horri buruz ari gara: pertsona batek bere izenagatik, koloreagatik edo naziotasunagatik sarbiderik ez izatea edo gauzak ezin eskuratzea gainerako herritarren termino beretan. Justizia Administrazioarekin hiru urtez borrokatu nintzen, eta nik gaztelania hitz egiten dut, abokatua naiz, tresnak ditut… Egin kontu halako baldintzarik ez duen jendearen egoeraz.

Kanarietara itsasoz iristen diren migratzaileekin lan egiten duzu. Zer-nolako kasuak jasotzen dituzue?
Kasu larri mordo bat dago. Gaur egun Kanarietan gehien ikusten ari naizena da ez didatela uzten pertsona migratzaileengana iristen abokatu eta aktibista gisa, hau da, pertsonak bere abokatua hautatzeko duen oinarrizko eskubidea mugatu egiten da, zuzenean eta nahita, ez baitute nahi migratzaileek abokatu onik izatea, horrek itzulketak geraraziko lituzkeelako. Oraintxe bertan horixe gertatzen ari da Kanaria Handian: Atzerritartasun eta Mugen Brigadak eta Kanarietako Polizia Nazionalaren buruak modua diseinatuta daukate migratzaileek ez dezaten abokatu bat lortzeko aukerarik izan beste edozein pertsonak, delitu bat egin zein ez, izango lukeen bezala.

Kartzelara maiz joaten naiz lanagatik, eta ikusten dut zer desberdin jokatzen den delituren bat egin duen pertsona nazional batekin eta migratu besterik egin ez dutenekin. Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira: ez bakarrik abokatu bat izateko eskubidea, baita duintasunerako eta osasun-arreta jasotzeko eskubidea ere, besteak beste. Badirudi, migratzaileak direnez, denak balio duela. Hortxe ohartzen zara gauzak oso gaizki dabiltzala.

Javier Ríosen Aquí estamos [Hemen gaude] dokumentala aurkeztera etorri zara Hernanira. Zer kontatzen duzue bertan?
Covidaren krisiaren ostean gertatutakoa kontatzen dugu, Covida mugarri bat izan baitzen. Hori baino lehen, Atzerritartasun Legeak zehazten zuen eze modu irregularrean Kanarietara sartzen saiatzen harrapatzen bazintuzten zeure herrialdera itzultzeko prozedura bat abiatuko zela. 72 orduz atxilotuta egoten zinen eta CIE atzerritarrentzako zentro itxi batean sartzen zintuzten.

Eta pandemiarekin zer gertatu zen?
Askoz jende gehiago iritsi zen. 2020an 20.000 lagun iritsi ziren, eta 2019an, berriz, 6.000 gutxi gorabehera. Ez zeuden prest hainbeste jende hartzeko, ez zegoen baliabiderik, eta jende asko portuan bertan geratu behar izan zen behin-behinean. Pandemia baino lehen, Atzerritartasunak zehaztutakoa bete egiten zen, pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen baldin baziren ere CIE eta abarrekin, baina hori zen legea. Hori aldatu egin zen konfinamenduaren ostean.  

"Justizia Administrazioarekin hiru urtez borrokatu nintzen, eta nik gaztelania hitz egiten dut, abokatua naiz, tresnak ditut… Egin kontu halako baldintzarik ez duen jendearen egoeraz"

Neurri konkretu batzuk ezarri ziren Kanarietan.
Bai. 2020ko abendutik 2021eko udara bitarte gertatutakoa azaltzen dugu guk filmean. Barne Ministerioak agindu bat eman zuen, zeina ez baikenuen inoiz paperean ikusi, ezin izan genuen aztertu, eta argi dago ilegaltasun bat izan zela, zuzenean Kanarietan ezarria. Bada, agindu horren bitarteaz adierazi zen Kanarietara iritsitako migratzaileek ezin zutela handik atera. Orduan, Lesbos bat bizi izan genuen, Lampedusa bat: jendea atxilotuta eta uharteetan giltzapetuta, ezin atera. Kanariak ez dira migratzaileen helmuga, geldiune bat baizik. Gehienek bertara iritsi nahi dute, eta ondoren alde egin, baina pandemiaren garaian itxi egin zituzten uharteak.

Zenbat iraun zuen egoerak?
Sei hilabete. Frustrazio eta neke handia eragin zuen horrek, eta buru-osasuna ere porru eginda utzi zieten, migratzaile askok ez zuten ulertzen nolatan, bidaia ordaindu eta gero, adibidez Frantziara joan nahi bazuten, bat-batean harrapatuta geratzen ziren... Errefuxiatu-kanpaleku askotan ikusten da hori, eta argi dago agintarien politika dela jendea nekaraztea, amore eman dezaten eta beren herrialdera itzul daitezen. Kasu honetan, plan hori diseinatu zen Kanariak Espainiako Estatuaren parte ez balira bezala, eta aldiz muga bat balira bezala: jendea hor gera zedila harrapatuta. Sufritzen ari direla? Ez du inporta; hor geratzen badira eta ez badira penintsulara sartzen...

Eta orain nola dago kontua?
Zorionez, gauzak hobetu egin dira sarrera eta irteerei dagokienez. Pertsonak beren baliabideekin atera daitezke. Familiaren laguntza, pasaportea etab. dauzkana atera egin daiteke, eta GKEen azpiegituretan daudenek ere lortzen dute nahi duten lekura joatea, izapidea apur bat gehiago luzatzen bada ere. Ez du zerikusirik sei hilabete horietako egoerarekin.
Bestalde, nire ikuspegitik, beste alderdi batzuk ere hobetu dira Kanarietan. Jendea ez dago portuetan edo nabeetan, orain bestelako espazio batzuetan daude, CATE delakoetan [Atzerritarrei behin-behineko arreta emateko zentroak]. Hobeak izan litezke, noski, baina behintzat ez dago arratoirik eta kakalardorik, dutxak daude, oheak, eta pertsonak bere intimitatea du. Eta niri hori funtsezkoa iruditzen zait.

Ez nuke elkarrizketa amaitu nahi Saharako egoerari buruz hitz egin gabe. Martxoan, Espainiako presidente Pedro Sánchezek adierazi zuen Marokoren alde jarriko zela Sahararen auzian.
Ez dut ezer espero gobernarien partetik. Gaur Sánchez, bihar Feijoo, etzi bestea... Ez dut ezer espero. Saharako herriaren borroka ez da eraldatuko Sánchezen jarrera gorabehera. Maskarak erori dira, hori bai. Espainiak, lehendik ere, harreman komertzialak zituen Marokorekin, nazioarteko legea urratzen zuen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenak urratzen zituen, zeinen arabera Marokok ezin baititu Mendebaldeko Saharako baliabideak ustiatu. Espainiak lehendik ere babesten zuen okupazio ilegal hori, armak salduz eta Marokorekiko akordio ekonomikoen bidez. Orain, jardun horri izena jarri zaio,  besterik ez. Neurri batean ondo iruditzen zait, jokoa agerian geratu delako.

Argazkia: Teresa Toda

 

Zure herriaren borrokari dagokionez, itxaropenik duzu?
Federik izatekotan, herrian dut fedea. Gizaterian dut fedea, nahiz eta egunerokoan egiten dudan lanak sekulako higadura sortzen duen. Sinesten dut pertsonak eraldatu egiten direla, eskuzabalak direla, laguntzen saiatzen direla eta altxatu egingo direla beharrezkoa denean. Bestalde, Espainiako Estatuko jende askok saharar herriaren auzian zer posizio hartu duen ikusi dut, eta horrek itxaropena ematen du. Gure borroka bidezkoa dela erakusten digu. Uste dut erresistentzia hutsa dela, eta 45 urtetik gora daramagu horrela. Dena den, iruditzen zait gatazkaren bi alderdiak ez garela parekoak, eta kontratu bat sinatu dela jazarle batekin.

"Plana prestatu zen
jendea Kanarietan gera zedin harrapatuta. Sufritzen ari direla? Ez du inporta; hor geratzen badira eta ez badira penintsulara sartzen..."
 

Bullyingarekin alderatzen dut beti. Demagun eskolan haur bati jazarri zaizkiola: irakasleak ezin dut tortilla erditik moztu, eta bi alderdiak mahaiaren bueltan jarrita, hori banatu. Hemen biktima bat eta erasotzaile bat daude, eta erasotzaileari ere erantzun beharko zaio, ikasi beharko du, baina lehenik eta behin joan gaitezen biktimarengana, hari egindako mina konpondu behar da, barkamena eskatu, eta horren ostean ikusiko da erasotzailearekin zer egin. Beste arlo askotan gauza bera da, indarkeria matxistarekin edo okupazio ilegalarekin, adibidez.

Hain zuzen ere Marokoren eta Saharako herriaren kasuan, ez da parekoen arteko gatazka bat.
Gure lurra kendu digute, erauzi, bertako natur baliabideak ustiatu, herritarrak hil… Ezin dugu negoziatu kolonizatzaileekin ezta okupatzaile militarrekin ere, zeintzuek, bide batez esanda, Espainiak saldutako armak erabiltzen dituzten. Has gaitezen hasieratik. Egoera horrek zer ondorio eragin dizkio biktimari? Okupazioaren pean bizi da, eskubideak urratzen dizkiote, errefuxiatu-kanpalekuetan bizi da, laguntza humanitarioaren mende. Lehenik eta behin konpon dezagun kontu hori. Ezin da negoziaziorik garatu erasotzailearen eta biktimaren artean, ezin da bitartekaritza-prozesurik egin alderdi bat besteari eraso egiten ari zaionean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
2024-05-03 | Antxeta Irratia
Hendaiako erretentzio zentroan %34 pertsona gehiago atxilotu zuten iaz

Cimade elkarteak emandako datuen arabera, %55a aske geratu bazen ere, 2023an 351 pertsona atxilotu zituzten paperik gabekoak atxikitzeko zentroan. Gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zuten.


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-25 | Gedar
Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko du Espainiko Gobernuak Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude