Ukrainako gerran esnatu da gerra nuklearraren izua, Kubako misilen krisiaren 60 urteurrenean

  • 2022ko otsailean gerra berpiztu da Europan, herrialde baten inbasiotik harago kontinente osoa eta agian mundua sutuko lukeen gerraren beldurra. 24an Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuela jakin araztearekin batera deklaratu zuen Vladimir Putinek: “Norbaitek asmorik baldin badu guri bidea oztopatu edo gure herrialdea eta jendea mehatxatzeko, jakin beza Errusiak berehala erantzungo diola, hark bere historian sekula ikusi ez dituen ondorioekin”. Arma atomikoekin mehatxu egiten ari zen, europar askok ulertu zutenez.

GROM 2022 maniobrak. Ukraina inbaditu bezperetan, Errusiako
armadak
GROM 2022 maniobrak. Ukraina inbaditu bezperetan, Errusiako armadak "Grom 2022" maniobrak burutu zituen, bonba atomikoa eramateko gai diren misilekin. Argazkia: Errusiako Defentsa Ministerioa

Ukrainaren inbasioa hasita lehen eguna amaitzerako, otsailaren 24an,  militar errusiarrek Txernobylgo zentral nuklearra okupatua zuten. Hiru egun beranduago, Putinek “armada errusiarraren disuasio indarrak –esan nahi baita arma eta antolakizun atomikoak– konbaterako alerta berezian” jartzeko agindua eman zuen.  Martxoaren 4an jakin zuten europarrek sutea zegoela Zaporizhiako zentral nuklearrean, Europako handienean: goizaldean artileriaz erasotu zuten errusiarrek hura okupatzeko. Eta biharamunean Kharkiveko Fisika institutua leherrarazi zuten, bere ikerketako laborategi atomiko eta guzti. Horra nola sartu den, ezustean eta kolpetik, atomo militarra europarron bizimoduetan.

Historiak krudela izaten badaki bihotz oneko jendeekin: justu hilabete lehenago, 2022ko urtarrilaren 22an, sartua zen indarrean Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna (TPNW ingelesezko sigletan), Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 2017ko uztailaren 7an sinatua. San Fermin egun hartan munduko 122 herrialdek eman zioten baiezko botoa itunari, Singapur abstenitu eta Herbehereek ezezkoa emanik. Alabaina, 69 herrialdek –indartsuenek prezeski– uko egin zioten bozketan parte hartzeari, tartean  bonba atomikoa eskueran daukatenek; guri dagokigunez, aspalditik daukan Frantziak eta NATOen kide izateagatik arma nuklearren erabileran esku hartzen duen Espainiak ere, euskaldunok ordezkatzen gaituztenak, muzin egin zioten ituna bozkatzeari.

2017an NBEetan onartu
zen Arma Nuklearrak
Debekatzeko Ituna;
2022an bonbaren
mehatxua zabaldu da
berriro

ARGIAn orduan kontatu genuenez, bozketa historiko hartara iristeko sei urtez lana beltz egin behar izan zuten mugimendu bakezaleek eta gerra atomikoaren kontra mobilizatzen diren militante eta pertsonalitate ezagunek, ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina deitu erakundeak sustatuta. Itunaren beharra argudiatzeko ziotenez, “arma nuklearrak debekatu eta desegitea mundu mailako lehentasunetako bat da. NBEren batzar nagusiak gu horretara hurbiltzeko aukera handia dauka eta ez digu huts egin behar”. Potentzia handiek 15.000 arma nuklear baino gehiago dauzkatenez pilaturik, horiek lehertuz gero gerra batean Lurra negu nuklearrean murgilduko lukete, bizirautea lortuko luketen jendeak irradiazioek eragindako kalteen mende geratuko lirateke belaunaldiz belaunaldi, gerra ostean giza bizitza berreraikitzeko azpiegiturak oro suntsituta, ekosistema osoak mehatxatuz eta gizadia amaitze arriskuan jarriz. Mehatxu hori pixkanaka arintzen joateko itxaropena piztu zuen NBE batzar orokorrak 2017ko udan.

Bost urteren buruan, ordea, arma atomikoen kontrolari dagokionez esan liteke 1962ra egin duela atzera munduak. Duela 60 urte egon zen mundua gerra nuklear bat piztetik sekula egon den hurbilen, Kubako misilen krisian. Fidel Castroren iraultza uhartean nagusitu eta gutxira, AEBen eta Kubaren arteko krisi lokal bat izan zitekeena AEBen eta Sobiet Batasunaren lehia zabalago baten baitan katramilatu zen. 1958an  amerikarrek Italian eta Turkian ‘SM-74 Jupiter’ misil balistikoak kokatu eta laster, 1962an, sobietarrek Kubako gobernuarekin hitzartu zuten uhartean –Floridatik 140 kilometrora– ipintzea ‘R-12’ eta ‘R-14’ misilak.

Historiak kontatzen du John F. Kennedyk, Kubari militarki eraso eta gerra pizteari hobetsi ziola uhartea blokeatu eta Nikita Khrustxovekin negoziatzeari.  Gogor negoziatu ostean, heldu ziren adostasun batera: Sobiet Batasunak misil balistikoak Kubatik aterako zituen eta AEBk publikoki hitz  emango zuen ez zuela uhatea inbadituko. Hori jendaurrean aitortu zutena, zeren eta itun ezkutuago batean amerikarrek onartu zuten Turkiatik ateratzea ezarri berriak zituen misilak. Aurrera begirako, berriz, zuzeneko komunikazio lerro bat finkatu zuten bi potentzia nuklear handiek.

1962 hartan hasi zen zabaltzen, afera militarrez aritzean, Elkar Suntsiketa Ziurtatua kontzeptua, ingelesez ‘Mutual assured destruction’ teoria: bi potentziak gerran leherrarazten baldin badituzte arma atomikoak, biak daudela erabateko suntsiketara kondenatuak, arma atomikoak edukitzea dela etsaiari erasotzeko gogoak kentzeko modua eta behin arma lasterketa abiatuz gero ez batzuk eta ez besteak daudela interesatuta ez besteari gerra egiten baina ezta desarmatzen ere. Egia esan, teoriak ingelesez dauzkan siglek –MAD– “zoroa” ere esan nahi dute, heriotzaren estrategentzako ezin egokiagoa.

Gerra Hotzaren garai haietan gizadiaren akaberaren arriskua hain hurbiletik ikusteak hainbat erreakzio ernarazi zituen ondorengo urteetan. Hedabideetan zabaldutako informazioez gain –Espainian prentsa zentsuratuta zegoen, ez da ahaztu behar gaiok Hegoaldean izan zuten oihartzun ahulagoa ulertzeko– artean, literatura, antzerkian eta zineman presentzia handia eduki zuten atomoaren arriskuek. Bat aipatzeko, Stanley Kubrickek burutu zuen gaur gutxik gogoratzen duten  “Dr. Strangelove” filmak (“Docteur Folamour” Frantzian, Espainian “Teléfono rojo, ¿volamos hacia Moscú?”), militar eta agintariak erakutsi zituen –umore beltzez– mundua di-da batean suntsitu dezakeen bonba atomikoarekin jolasean. Eta Erdiko eta Iparreko Europan agintariek erradiazioaren beldurra gainditzeko herri eta etxeetan leherketa atomikoetarako babeslekuak eraikitzea sustatu zuten.

Txernobyl eta
Zaporizhiako zentral
nuklearrekin ikusi
denez, gaurko
munduan nuklear zibila
arma bilakatu da

Herritarren artean, Mendebalde osoan loratu ziren gerraren, bonbaren eta oro har energia atomikoaren aurkako mugimenduak, hainbat borroka epiko burutu zituztenak, hamarkada batzuen buruan lausotzen joan zirenak. Horiek ere izan zuten eragina potentzia handiek arma nuklearrak kontrolatzeko burutu behar izan zituzten negoziaketa berrietan. Adierazgarria izan da, Ukrainako gerrak piztu berri denean, hainbat adituk argudiatzea 1968an sinatutako Armen Ez Ugaritzeko Itun hura eguneratu eta NATOk eta Errusiak Europarako segurtasun marko berri bat adostu beharra daukatela.

Mundua arras aldatuta dago 1968 hartatik, zer esanik ez 1962tik. Jostailu atomiko hilgarria orduan baino aktore gehiagoren esku dago, askok publikoki aitortu gabe gainera. Suntsiketa masiboko armak –hasi kimikoetatik, bakteriologikoak, zibernetikoak…– askoz anitzago eta ugariagoak dira. Siriatik Yemenera, Libiatik Irakera, munduak jada ezagutzen du puntako teknika eta taktika odoltsuenen katalogo zabala. Baina, gainera, arma atomikoen aspaldiko itunetatik at utzi ziren zentral nuklear zibilen artean istripuz Txernobylekoak eztanda egin zuen 1986an Europa erradioaktibitatez kutsatuz eta 2011an Fukushimakoak, ia behartu zuena Japoniako zati handi bat ebakuatzera.

Zaporizhiako erasoa. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari Rafael
Mariano Grossi prentsari azaltzen Zaporizhiako zentral nuklearreko erasoa, martxoaren 4an.

Asteotan Txernobyl eta Zaporizhiako zentral nuklearrekin ikusi denez, delako ‘atomo zibila’-ren ugaritzeagatik “gaurko munduan nuklear zibila arma bilakatu da”, Jean-Michel Bezatek ‘Le Monde’-n idatzi duenez: “Lehenbiziko zentralak abian jarriz geroztik, 1950ean, sekula ez zen lehertu halako gatazka gogor bat herrialde nuklearizatu batean. Ukrainak badauzka 15 erreaktore lau zentraletan, behar duen argindarraren erdia ekoizten diotenak, gehi atomoarekin ikertzen duten zentroak eta hondakin erradioaktiboen biltegiak”. Horra nola Europar Batasunak berrikitan energia iturri berdetzat bataiatutako nuklearrak armak ere badiren. Batetik, etsaiari kendu beharreko arma, hango teknologia eta subproduktuekin bonba egin dezakeelako. Bestetik, etsaiari bere etxe barruan leherrarazi dakiokeen arma, energia gosearen eraginez etxean bertan onartzen duena, etsaiaren xantaiari bidea zabalduz.

Gerra handi guztietan bezala, Ukrainakoan ere badira gerra bat baino gehiago. Gutxienez bi hauek: bata Ukraina estatu burujabearen eta Errusia potentzia inbaditzailearen artekoa, bestea NATOren eta Errusiaren artekoa. Eguneroko triskantzen irudi eta kroniketatik harago gero eta gehiago nabarmentzen da Europarako segurtasun marko bat  finkatu beharra. Ikusiko da ea hori negoziatzea lortzen den  Strangelove doktore berriek kontinentea, zati batean edo osorik, suntsitu baino lehen.

NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera 1962ko urriaren 15ean: AEBetako enbaxadoreak erakutsi
zituen Kuban Sobiet Batasunak kokatutako misilen irudiak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Eguneraketa berriak daude