Urtearen hasiera munduaren bukaerarekin abiatu zaigu. Fikzioan, diot. Netflix plataformaren ekoizpenak etxe askotara iritsi dira urtarril honetan; omicronpean itxialdian egon garen asko izan gara horien lekuko. Plataforma ugari dira, halere, egoera apokaliptiko eta postapokaliptikoak pantailaratzen ari direnak, eta merezi du tarte batez fenomenoari arreta jartzea.
Into The Night (2020), El colapso (2019), La Valla (2020), Tribus de Europa (2021), #Alive (2020), Don't Look Up (2021). Hamaika dira krisi ekosoziala literalki edo metaforikoki hartuta, urrunegi ez dagoen etorkizuna zientzia-fikzioz jantzi dutenak. Mota horretako filmak ez dira atzo asmatu, gogoangarriak baitira jada klasikoak diren Armageddon (1998) edo The Day After Tomorrow (2004). COVID-19aren pandemia bizi dugunetik, ordea, arruntagoa bihurtu da munduaren bukaeraz pentsatzea. Eta literatura edo zinema ere ez daude beste norabait begira.
Zientzia-fikzioaren ez-fikziotasuna ere aipatzen da azkenaldian: genero honetako filmak, egun, urrunago daude estralurtarren inbasiotik denok hilko gaituen birus baten agerpenetik baino. Badira oraindik gure bukaera dinosauroen patu berarekin alderatzen dutenak. Meteorito batekin denok hiltzea baino probableagoa da, ordea, lurra bizi ezin den planeta bihurtzea gure kabuz, jada egiten ari garen moduan. Eta ildo horretatik, munduaren amaieraren erretratuak kutsu politikoa hartzen du, ez baita gauza bera apokalipsira iristeko modu bat edo bestea. Orain gutxi ikusi nuen Silent Night (2021) filmak eragindako hausnarketetatik tiraka pentsa dezakegu honelako pelikulen efektuez.
Silent Night Camille Griffinek zuzendutako film luzea da, iazko urte amaieran estreinatutakoa. Bertan, apokalipsiari aurre egin behar dion mundua ageri da, egunerokotasunetik erretratatua. Munduaren amaiera da. Baina bitartean Gabonak ere badira, eta Erresuma Batuko landa eremuko etxe zoragarri batean bildu dira hainbat lagun. Lau bikotek eta haur gutxi batzuek osatutako taldeak nahiago izan du ospakizunarekin jarraitu, Prosecco botilak bat bestearen atzetik edan, eta lasaitasunez bizi egoera. Halabeharrezko gizateriaren suntsiketari erreparatzea deserosoa zaie. Aitzitik, normaltasuna antzeztu nahi duten arren, uneren batean aurre egin beharko diote ideia lazgarriari: euren azken gaua da.
Egoera pixkanaka deskribatzen da filmean, ez gara berehala ohartzen azkena gertu dela. Gurasoen arteko gezurrak eta giro txarra gizabidez ezkutatzen dira. Halere, haurrek egoeraren aurrean ulertu dutenaren bidez eraikitzen da gertatzen ari denaren auzi morala. Beste herrialde batzuetan jendea sufrimenduz hiltzen ari da eta, hori saihestu asmoz, gobernuak pilula batzuk agindu dizkie erresumako biztanleei. Pilula horiekin heriotza samurragoa izango da, minik gabea. Pilulak eskuratzea, ordea, ez da denentzako erraza izan: paperik gabekoek ez dute horiek lortzeko baimenik, ez baitira existitzen. Horren aurrean sortzen diren erreakzioak gizartearen moralaren inguruko gatazka etikoak dira, filmeko pasarte ugaritan gorpuztuko direnak. Heriotza airetik iritsiko den gas baten bitartez izango omen da, biharamunean. Hori gertatu aurretik hartu beharko dute denek pilula, sufritu nahi ez badute. Gero, beranduegi izango da.
Irtenbiderik gabe
Oro har, film hauetan gehien kezkatzen nauena ahalduntze-diskurtsoen gabezia da. Normalki, imajina daitezkeen egoerarik gogorrenak irudikatzen dira, eta horrek sortzen dituen paradoxak. Egoera horiek, ordea, saihestezinak diren unean kokatzen dira, atzera bueltarik ez dagoenean. Horrek, beldur irrazionala eragiteaz gainera, ez du ekintzarako aukerarik ematen: “Arduragabeak izan gara, orain jaso dezagun merezitakoa”, litzateke mezua. Eta horrek babesgabe uzten gaitu, salbazioa zein izan daitekeen galdezka. Jainkoa, Estatua, salba gaitzazu. Ados nago, guk ez dugu mundua salbatuko. Baina Jainkoak edo Estatuak ere ez dute egingo. Geratzen zaigun aukera krisia etengabe kudeatzea da, “staying with the trouble”. Elkarren menpekoak diren espezieetako harremanen munduan logikoa den bezala, elkarri lotuta dagoen tximeleta-efektuen kate gisa. Munduaren bukaera jada izan da, eta izaten ari da. Hartzeko prest gauden ardurak dira definitu behar direnak.
Zein bortizki hilko garen irudikatzea baino arduratsuagoa litzateke gure eskuetan dagoenari begira jartzea
Zein bortizki hilko garen irudikatzea baino arduratsuagoa litzateke, nire ustez, gure eskuetan dagoenari begira jartzea, gertatzen ari denari erreparatzea. Beste batzuk hil dira gure aurretik bortizki, eta hiltzen ari dira. Beste espezieei erreparatuta ere, askori amaitu zaizkie bizitzeko baldintzak eta aukerak. Beraz, krisi ekosoziala ezin da arerio-gerra gisa irudikatu, aldekoen eta kontrakoen gudu bezala. Ezin da kontua ulertu bizi garen planetak gure aurka prestatutako eraso gisa. Gizakiaren bakardadearen zaurgarritasuna irudika lezake zinemaren bitartez sortzen den iruditeriak, gizaki eta ez-gizakien aliantzen beharra, inguruarekiko banaezintasuna. Ez pentsatu “haiek edo gu”, baizik eta nola kudeatu gure presentzia krisialdi betean. Akaso, errealitatearen metafora falozentrikoak ez dira gai egoera ulertu eta irudikatzeko.
Film honek, era batean, beste filmetan errepikakorrak zaizkidan tabuak hausten ditu. Meteorito bat erortzeak dakarren erantzukizun eza (gaixoak gu) edo inbasio interplanetario baten suntsiketa (gaiztoak haiek) errazagoak dira kokatzen beti-besteen-errua den errealitatearen interpretazioan. Gogorragoa da pentsatzea egin genezakeena ez dugula egiten, eta gurea dela ardura. Ez dugulako egin nahi, baina jakin ere ez dakigulako zer egin behar dugun. Gutasuna etsaiaren aurrean eraikitzen duten diskurtsoak errazagoak dira liseritzen.
Silent Night-ek suizidio kolektiboaren gaia dakar lehen planora. Pasarte batean ama bi ari dira –pedagogiaren irudikapen gisa– haurrei gertatzen ari dena azaltzen. Haurren jakin-minari eta izuari erantzuten saiatzen diren arren, erantzukizuna gainetik kentzen ahalegintzen dira, azalpenak ematen erabat asmatu gabe. Hala diote: “Gogora ezazue, guk ez dugu errurik”. Haurrak ez daude hain seguru. Halere, esaldia ez dago norberaren pentsamendutik hain urruti, antza. Inorena ez den erruarengatik, ordea, denek hil behar dute eta, ondorioz, denek egin behar dute beren buruaz beste. Suizidioaren tabuak garrantzia hartzen du hemen, sufrimendu irrazionalaren aurrean legeztatzen den pilularen bitartez.
Black Mirror fenomenoaren aurrean, bi erantzunak dira koldarrak: bata, “jada ezin da ezer egin, beraz egizue nahi duzuena”; bestea, berriz, salbazio heroikoa. Ondorengo filmek landu gabe geratzen ari den ekintzarako deiaren hariari begiratu beharko diote...
17. edizio honetan hamar proiekzio antolatu ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak, beste horrenbeste eragilerekin elkarlanean. Helburua, urterokoa: "Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, hainbat gizarte-gai eta -gatazkari buruzko lanak proiektatuta eta... [+]
Vicentek 76 urte ditu eta azken mende laurdena Kanaria uharteetan darama, Maspalomas herrian, 50 urteko bizialdian ezkutatu duen izatea haizatzen: homosexuala da. Ezbehar baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute, eta zahar etxe batean sartuko. Atzera ere, armairuko ateak... [+]
Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.
Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]
Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]
Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.
Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]
IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]
Chantal Akerman zinegile eta lankidea hil eta hamar urtera, haren ondarea zabaltzen buru-belarri jarraitzen du Claire Atherton muntatzaileak. Gaurkoan, ordea, Athertoni bere ibilbideaz galdetu nahi izan diot bereziki. Gasteizen, Artium museoko areto batean hartu gaitu,... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak 2025eko edizioko sariak iragarri ditu. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira palmaresaren irabazle nagusiak.
Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.
Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.