"Hizkuntza bakarra daukat, eta ez da nirea"

  • Arrazakeriaz, literaturaz eta kulturartekotasunaz kazetari gisa idazten ez duena, bere poemen bidez askatzen du. 2020ko #LdeLírica Poesia biziko Espainiako Estatuko Sari Nazionala irabazi zuen bere poemekin, eta laster argitaratuko du lehen poema liburua. Donostiako Feministaldian bere poemak errezitatu aurretik elkarrizketatu dugu, Tabakaleran. Errezitaldia entzun ondoren beste behin elkarrizketatzeko gogoarekin gelditu gara.

Arg.: Dani Blanco
Arg.: Dani Blanco
Paloma Chen. Alacant, 1997

Alacanten jaioa Wenzhou-ko familia txinatarrean, Utielen (Valentzia, Herrialde Katalanak) hazi zen. Bere haurtzaroko esperientziek kazetaritza-ikerketara bultzatu zuten eta 2019an Crecer en un chino (Txinatar batean hazi) dokumentala zuzendu zuen. Gaur egun, besteak beste, El Salto, El País eta Punt Media hedabideekin kolaboratzen du.

Zer erantzuten duzu nongoa zaren galdetzen dizutenean?
Esan nezake Utiel herrikoa naizela. Valentziako bazterreko herri bat da, Gaztela Mantxatik oso hurbil dagoena. Ni beti bizi izan naiz Utielen, gero Valentziara joan nintzen eta orain Bartzelonan bizi naiz. Baina zintzoa banaiz, nongoa naizen galdetzen didatenean nire familia txinatarra dela esaten dut. Badakit jendeak galdera buruan duela, beraz, esan egiten dut. Valentziarra naizela esaten dudanean, badakit galderak buruan jarraitzen duela. Zuzenean edo zeharka egiten duten galdera erantzutea egiten zait erosoena. Txikitan mingarria zitzaidan. Batzuetan ez zen galdera ere izaten –galdera batek gutxienez erantzuteko aukera ematen dizu–. Askotan baieztapen bat izaten zen: txinatarra zara. Horrek muga bat jartzen zuen ni eta besteen artean. Izan ere, nire herrian gurea zen familia txinatar bakarra, eta ez zegoen nire antza zuen beste inor. Eta noski, zuriak ez dira ohartzen haiek zuriak direla. Denok dugula arraza bat, edo inork ez daukala. Supremazismo zuri honen baitan bizi garenez, ni ere ez nintzen ohartzen horretaz. Ni nintzen ezberdina eta kito. Eta hori naturalizatu egiten duzu denborarekin.

Zure inguruan zure gurasoak eta zure neba baino ez ziren zure “antza” zeukatenak. Horrek muga asko eraikitzen ditu?
Bai, buruan gehienak. Erreferente faltak zure burua ezin proiektatzea dakar. Niri irakurtzea izugarri gustatzen zitzaidan, adibidez. Baina literaturan ere ez nituen inoiz aurkitzen nire antza zuten pertsonaiak edo idazleak. Literaturak harrapatzen ninduen, pertsonaiek eta istorioek eramaten ninduten ezagutzen ez nituen lekuetara, eta horrek zentzu handia eman zion nire bizitzari, baina irakurtzen nuenak ez zidan laguntzen nire identitate gatazka ebazten. Oso berandura arte ez nuen erreferenterik aurkitu. Oso lan nekeza izan da hori. Idazle emakumeekin topo egitea zaila baldin bada, pentsa bestelako identitateez ari bagara. Nerabezaro bukaeran aurkitu nuen nire lehen erreferentea Espainiako Estatuan. Quan Zhou Wu-ren Gazpacho Agridulce ezagutu nuenean shock bat izan nuen. Izugarrizko eragina izan zuen nigan andaluziar eta txinatar identitateak gorputz berean biltzeaz egiten zuen kontaketak.

Modu gatazkatsuan bizi zenuen, hain zuzen, zure gorputzean identitate ezberdinak biltze hori?
Nik nire identitatea arrakala gisa bizi nuen. Ez nintzen txinatarra baina espainiarra ere ez, ez nintzen aski bat ez aski bestea. Alde batetik zein bestetik nire identitatea zalantzan jartzen zuten etengabe. Nire familia saiatzen zen ahal bezain txinatarra izan nendin. Pixkanaka ohartzen joan ziren ezetz, ez nintzela txinatarra izango, edo ez behintzat haiek irudikatzen zuten modukoa, eta nire txinatar ez izate hori arbuiatu izan dute. Eta aldi berean hemengoek ere argi uzten dizute ez zarela bertakoa. Saiatuta ere, haiek egiten duten guztia eginda ere, ez zarela inoiz izango haiek bezalakoa. Eta zuk ez daukazu tresna ideologikorik horri aurre egiteko eta errua baino ez duzu sentitzen.

Erreferente ezberdinei esker ikusi nuen nola beste era batera ulertu zitekeen kontua. Identitate baten eta bestearen batura gisa. Egiari zor, kontua ez da batura bat bezain sinplea. Ez da nahikoa esatea espainiarra eta txinatarra naizela, adibidez. Identitatearen atal ezberdinak modu konplexuan txirikordatzen dira. Garbi dago txinatar edo espainiar izateko moduak modu monolitikoan eta estereotipatuan ulertzen baditugu, ez naizela ez bat eta ez bestea. Baina genero identitatearekin gertatzen den bezala, kategoriak continuum batean jarritako mugak baino ez dira. Zein emakume ez da urruntzen emakume kategoriaz pentsatzean irudikatzen dugun horrekiko? Eta zein txinatar ez da urruntzen txinatar kategoriaz pentsatzean irudikatzen dugun horrekiko? Zer da txinatar izatea? Kategoria ustez argiak direnak xehe aztertuz gero kontua korapilatu egiten da. Baina konplexutasun hori bera aintzat hartzea askagarria izan da niretzat.

Argazkia: Dan Blanco
"Estereotipoen artean ere inkoherentzia nabarmenak daude. Inmigranteek lana lapurtzen digute. Baina aldi berean, inmigranteek ez dute ezer egin nahi, alfer batzuk dira eta diru-laguntzetatik bizi dira"

Txinara joan zinen bizitzera urte betez. Hango esperientziak zertan egin zizun ispilu?
Erasmus beka baten modukoa lortu nuen Txinan unibertsitate ikasketak egiteko. Eta izugarri gustatu zitzaidan. Txinatar jatorrikook oso idealizatua dugu jatorrizko amerri hori, zure familiaren eta arbasoen lurra… Baina ez da iluminaziorik edo errebelaziorik gertatzen. Niri gertatu zitzaidana da ni bezalako jende asko ezagutu nuela. Txinatik kanpora jaio ziren edo bizi izan ziren pertsona piloa zebilen ni bezala, jatorriari buruzko ikerketa intimoan. Eta ohartzen zara gutako bakoitzak bere ikuspegi estereotipatuak dituela txinatarrei buruz. Eta ikusten duzu txinatarrak haien erara bizi direla, gutako bakoitzak duen irudi finko horretatik aldentzen direla era batera ala bestera.

Hori bai, metroan bidaiatzean izaten nuen sentsazioa izugarria zen. Denak ziren ni bezalakoak eta inork ez zidan arraro begiratzen desberdina nintzelako. Hori ez zait beste inon gertatu. Bertakoa izan nintekeen. Baina sentsazioak ezin zuen askorik iraun. Ahoa zabaldu bezain laster zetozen galderak. Nongoa zara? Berriro gauza bera. Eta behin eta berriz irekitzen zen zauria. Jendea ez da ohartzen, baina mingarria da. Niri ez zait gustatzen kontatu behar izatea nola joan behar izan zuten nire gurasoek haien herritik kanpora bizimodu hobe baten bila, miseriatik ihesi. Ez da erromantikoa. Bestearen errukia edo mespretxua jasotzen duzu eta ez bat eta ez bestea ez dira onuragarriak zuretzat.

Hemen, ordea, ez omen dago txinatarrekiko arrazakeriarik…
Ideia hori oso zabaldua dago. Gizarteak pentsatzen du ez dagoela txinatarrekiko arrazakeriarik, gurekiko dauden estereotipo asko baikorrak direlako, kakotx artean. Etorkin eredugarriak gara. Matematikan onak, isilak… Txinatar etorkinen irudia hori da: ez dute istilurik sortzen. Ez beste batzuek bezala. Marokoarrek bai, latinoamerikarrek ere bai, haiek arazoak sortzen dituzte. Gu omen gara ondoen integratzen garenak. Baina zer da ondo integratzea? Ez kexatzea? Nagusiak nahi adina lan egitea? Erasoei ez erantzutea?

Nik bazterkeria oso handia bizi izan dut haurtzaroan, esaterako. Nire anaiak biolentzia fisikoa ere bai. Bera 11 urterekin iritsi zen hona eta jendeak ez zuen inoiz txinatarrik ikusi. Ni bertan jaioa nintzen, geroxeago, eta nik entzuten nuena zen "ezin duzu gurekin jolastu txinatarra zarelako".

Nire irakasleek, aldiz, oso ongi tratatzen ninduten eta asko espero zuten nigandik. Nire jatorriari lotutako estereotipoekin lotzen ninduten. Oso nota onak ateratzen nituen, baina ez nire merituz. Odolean neraman. Eta nota txarrak ateratzen banituen, drama bat zen. Nola zen posible? Eta hori sekulako presioa zen niretzat. Nire ibilbidea normala izan zedin, nota bikainak ateratzera behartuta nengoen. Hortik beherako guztia arazotsua zen. Estereotipoak, ustez positiboak ere, kaltegarriak dira. Aterabiderik gabe uzten zaituzte. Betetzen badituzu betikotu egiten dituzu, eta betetzen ez badituzu ez betetzea bera problematizatu egiten da.

Gainera, estereotipoek zure izaeraren beste alde batzuk ikusezin bilakatzen dituzte. Niri herabetasunaren estereotipoarekin gertatu zitzaidan, esaterako. "Txinatarrak oso herabeak dira, oso isilak eta oso misteriotsuak". Ni halakoxea nintzen. Beti izan naiz oso bakartia eta barnekoia. Baina isila eta misteriotsua nintzen erabat traumatizatuta nengoelako!

Argazkia: Dani Blanco
"Hemen txinatarraren inguruko iruditeria guztia hedabideek sortutakoa da, eta noski, orientalismotik iragazia. Oso folklorizatua, Konfuzio Institutuak zabaltzen duen antzinako Txinaren irudian oinarritua"

Zergatik dugu txinatarrekiko irudi hori?
Hemen txinatarraren inguruko iruditeria guztia hedabideek sortutakoa da, eta noski, orientalismotik iragazia. Oso folklorizatua, Konfuzio Institutuak zabaltzen duen antzinako Txinaren irudian oinarritua. Denboraz eta espazioz urruneko gisa ikusiak gara. Ia estralurtarrak bagina bezala. Fetitxizatzen da milaka urteko kultura hori, eta hemengo apartamentuetako hormetan txinerazko grafiadun posterrak ditu bertako jendeak. Gu kultura urrun horren eramaile diren gorputz atenporalak gara. Eta hori ezin da hurbileko sentitu. Betiko kanpotarrak gara, ezinbestean. Espainiako Estatuan dagoeneko badaude lau belaunaldi, baina ez dago bertako txinatar bat bera ere.

Baina badago beste iruditeria bat, horrekiko paraleloan, egungo txinatar estatuari eta komunismoari lotua. Izan ere, txinatarrak dira mundu mailako arerio nagusiak. Alderdi komunistak kontrolatutako superpotentzia bat da, asko dira, eta guregana datoz. Horrekin ere lotzen gaituzte. Maiz jendeak Txinako Errepublikari buruzko galderak egiten dizkit. “Zer iruditzen zaizu hau, ala beste hau?” Eta nik zer jakingo dut ba? Ez naiz han bizi, gizona! Galde iezadazu ea hemen nola bizi dudan txinatar izatea. Horri buruz hitz egin dezaket.

Integratuko bazinate ez legoke inolako arazorik…
Horixe da [barre egiten du]. Baina dioguna bezain inklusiboak bagina, ez genioke denari uko egin behar izango "integratu" garela erakusteko. Izena, janaria, egiteko moduak, janzkerak... Egiazki pentsatzen dugu hona gatozela bertakoenak diren abantailen bila. Eta egin behar duguna dela bertakotzea, bertako janzkera, bertako janaria, bertako hizkuntza eta bertako azentua gure egitea, eta ahal dela, desagertzea. Ez dakit nori aditu nion gehiago integratzen bazen desintegratu egingo zela. Zer esaten dugu integratu esaten dugunean? Zer zaizu trabagarri? Kuskusa jatea? Zapia janztea? Beste hizkuntza batean hitz egitea gure artean?

Hizkuntzarena izugarria da. Gure artean txineraz hitz eginez gero kaleko begiradak aldatzen ikusten dituzu. Nik adibidez, hizkuntza galdu nuen. Niri esaten zidatenez ezin nuela ikaskideekin jolastu txinatarra nintzelako, ez nuen txinatarra izan nahi. Nik haiekin jolastu nahi nuen. Eta etxekoekiko amorrua ere sentitzen nuen. Ez nuen txineraz hitz egin nahi. Gaztelaniaz ongi moldatzen nintzen eta txineraz hitz egiteari utzi nion. Gaur egun berriz ikasten hasi naiz, baina nire txinera haur baten txinera da. Eta orain gurasoekin ezin dut haien hizkuntzan hitz egin. Mandarina eta gaztelania nahastuz hitz egiten dut nik. Haiek ez dute ongi hitz egiten gaztelaniaz, eta haien txinera moldatzen dute nirera. Eta egoera hori bizi dut gaur egun oso txikitan hartutako erabaki batengatik, une hartan bizi nuen bereizkeriak bultzatuta. Egoera desdramatizatzen saiatzen naiz pentsatuz komunikazioa ez dela soilik hitzezkoa, eta benetan ez dagoela bere gurasoen hizkuntza berbera hitz egiten duen inor. Baina nire egoera eragin duena bereizkeria estruktural zehatz bat da, eta horrek amorrua ematen dit. Bada Ines Herrerok erakutsi zidan esaldi bat Jaques Derrida Le monolinguisme de l’autre liburutik atera zuena: «Hizkuntza bakarra daukat, eta ez da nirea».

Zurea ez den zure hizkuntzan idazten dituzu poemak ere. Kazetari gisa baino askeago hitz egiteko modu bat da zuretzat literatura?
Aske izateko modu bat da, zentzurik zabalenean. Txikitan pentsatzen nuen nik ere jatetxean bukatuko nuela. Nire erreferente bakarrak nire gurasoak ziren. Eta erreferente zoragarriak dira, baina haientzat ez zegoen beste aukerarik jatetxean orduak eta orduak lanean ematea baino. Eta ni asko kezkatzen ninduen horrek. Ez nuen hori nahi, baina ez nuen ni bezalako inor jatetxe txinatar eta bazarretatik kanpo lanean ikusten. Bide bakarra ikusten nuen, bestelako lanbideak dituzten asiarrek ez dutelako ikusgarritasunik. Ez direlako ikusten telebistan, edo zineman. Ez dira ikusten egunkarietako argazkietan poema liburuak aurkezten. Horrek eramaten zaitu ez sentitzera beste ezer merezi duzunik. Badakizu okindegi batean lan egiteko ere, zure txinatar itxura oztopo izango dela. Baita kazetari izateko ere. Eta errazagoa izan daiteke ezaguna eta erosoa zaizun eremu batean proiektatzea zure burua beste ezer irudikatzea baino. Horregatik idaztea mundu aske bat sortzea izan da niretzat. Mundu aske hori sortzeak egin nau askeago. Nire poemen bidez nire bizipenak ere aldatu dira. Errezitaldietarako hitza hartu dut jendaurrean. Eta hitza hartzeak nire ahotsa bera aldatu du. Nire egoteko modua. Nire poesien bidez askatu naiz ni ere.

                                                                   *     *     *

Schrödinger-en immigrantea

"Estereotipoen artean ere inkoherentzia nabarmenak daude. Inmigranteek lana lapurtzen digute. Baina aldi berean, inmigranteek ez dute ezer egin nahi, alfer batzuk dira eta diru-laguntzetatik bizi dira. Moha Gerehou-k hitz egiten du horretaz eta fenomenoari Schrödinger-en immigrantea deitzen dio. Kontua da bi diskurtso horiek pertsona berak bota ditzakeela mahai-bueltako elkarrizketa berean, bata bestearen atzetik, eta ez duela inork esango hori inkoherentzia bat denik. Migratzaileekiko diskurtso bikoitza dago, eta horrek zigor bikoitza dakar. Ezin zara eskapatu. Erru bat ez baduzu bestea izango duzu, eta –Schrödingerren immigrantearen teoriaren arabera, biak–".

Arraza eta generoa

"Emakume txinatarrak, mendekoak, herabeak, zerbitzatzeko eginak, isilak, misteriotsuak. Zineman pertsonaia asiarrek ia ez dute dialogorik. Begiradak. Zeramika bat. Objektu bat. Ahulak, indargeak, txikiak, maneiagarriak. Oso sexualizatuta eta oso fetitxizatuta daude asiar emakumeak Mendebaldeko ikuspegitik, honi Mendebaldea dei badakioke. Eta edertasunarekin ere harreman anbibalente bat eraiki zaie. Entzun dezakezu han edo hemen emakume asiarrak bereziki ederrak direla, baina aldi berean niri esan izan didate oso polita naizela txinatarra izateko –zer erantzuten zaio horri, “mila esker”?–. Gizonekin, berriz, alderantzizkoa gertatzen da. Ez dira sexualizatzen. Ez direlako aski gizon. Ez dutelako aski bizar. Eta noski, zakil ñimiñoa dutelako".

COVIDa arrazakeriaren katalizatzaile

"COVIDaren istorio honek legitimatu egin du lehendik zegoen txinatarrekiko arrazakeria. Katalizatu egin du. 'Ez gara jatetxe txinatarrera joango afaltzera, COVIDa harrapatzeko ere!'. Bai, noski, Valentziako Utiel herritik atera ez den familia hau infektatuta egotea oso probablea baita. Ez balego oinarri arrazista bat azpian, ez ziren pandemia garaian entzun direnak entzungo. Haur txinatarrei "koronabirus" deitzen hasi zitzaizkien eskoletan. Edo BBVAk lehenik eta La Caixak gero jatorri txinatarreko jendeari kontuak blokeatu zizkieten inolako funts legalik gabe. Nire gurasoei ere gertatu zitzaien. Eta hau ez da zabaldu, baina arrazismo estrukturala da. Komunitate txinatarra mobilizatu egin da, manifestazioak egin dira. Ez izugarriak, eta komunikabideek ez diete oihartzun handirik egin, noski. Baina Ez naiz birus bat kanpaina sortu zen Frantzian eta Italian, esaterako. Horrek guztiak eragina izan du hemen ere. Arrazakeriaren aurkako mugimendua gero eta egituratuago dago, eta jatorri asiarreko aktibistak gero eta aktiboago bilakatzen ari gara mugimendu horretan".

 

 

 


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Guztiontzat Egia, arrazakeriari eta Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteko sarea aurkeztu dute

Donostiako Egia auzoan, azken hilabeteetan, bizilagunen artean segurtasunaren inguruko kezka handitu da, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute.


Eguneraketa berriak daude