Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
Astelehenean Polizia hasi zen kanporatzen manteroak Gas plazatik, plaza horretan kanpin dendak jarri zituzten txosnagunetik minutu batzuetara Aste Nagusian lan egin ahal izateko. Gehienak gazteak eta senegaldarrak dira, Madrildik, Valentziatik edo Murtziatik etorritakoak, Orainen arabera. Asteartean berriz ere bertaratu zen Polizia plazan lotan zeuden pertsonak kanporatzeko
Horri erantzuteko Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta asteartean 19:00etan elkarretaratzea egin dute Arriaga Antzokiaren aurrean "Polizia indarkeria" salatzeko. Horrekin batera, eraso homofoboak salatu dituzte konpartsek, bata Gogorregi konpartsako kide batek pairatutakoa, eta bestea Unamuno plazan gertatutakoa. Elkarretaratzean "Erasoen gainetik... Aste Nagusia" eta "Bilboko Konpartsak manteroekin bat" aldarrikatu zituzten, "Euskal Herria, harrera herria", eta "Inor ez da ilegala" oihu artean.
Kanporatu dituzte lo egiteko eta atsedena hartzeko zeukaten momentuan
Erasoen kontrako protokoloari jarraituta, konpartsek lapikoak jo dituzte gaueko hamabietan, eta Bilboko Udalari eskatu dizkiote "egiazko irtenbide eta alternatiba duinak" kale saltzaileentzat. Manteroekin bat plataformak salatu du gertatutakoa "lotsagarria" eta "lekuz kanpo" dagoela. Gainera, plataformak azpimarratu du kanporatu dituztela lo egiteko eta atsedena hartzeko zeukaten momentuan, gauean lan egiten baitute, NAIZekin hitz egin dutenaren arabera.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok esan du Bilboko saltoki txikien defentsan aritu direla. Alkatearen hitzetan: "Saltoki txikien defentsa eguneroko betebeharra da, eta ezin dugu onartu kaleko salmentak egitera etorri diren pertsonak kanpamentu batean instalatzea". Kanpamentuetan zeuden manteroak egoera "kritikoan" daudela esan du, baina auzokoen kexak erabakigarriak izan direla, eta horrek bultzatu duela Polizia manteroak kanporatzeko erabakia. Modu berean aipatu du Polizia "bere lana" egiten jarraituko duela, "ezin baitugu onartu horrelako kanpamentu bat hirian egotea".
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Agharas migratzaile imazighen elkartearen txosnan pertsona batek hainbat irain arrazista egin zituen. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean Barakaldon.
Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]
Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]
Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.
Mariaren Bihotza plazan egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean, ertzainek erasotako pertsonei elkartasuna adierazteko eta inpunitate polizialari ezetz esateko.
Erasoa ile apaindegi batean egin zuen Poliziak iragan astean, Bilboko Kontseilu Sozialistak salatu duenez. Ile apaindegiko kamera baten irudiak zabaldu dituzte.