Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek. Mestizoek beltzei beltzak esaten diete, eta gaztelania ondo ahoskatzeko eskatzen diete. Embera herri indiarrak bere nortasuna aldarrikatzen du eta esaten du haiek ez direla txoloak, baizik eta jatorrizko herria edo indigenak direla. Beltzek esaten dute ez direla beltzak, afrikarren ondorengoak direla. Mestizoek, bestalde, zuriak direla uste dute, eta beraz, besteak baino koxkatxo bat gorago daudela. Esango nuke Hego Amerika osoan errepikatzen dela egoera bera, kontua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta hemen, guri, hegoamerikarroi, ijitoek payoponiak deitzen digute. Hara non! Ijitoek, ze paradoxa!
Ez dago arrazismotik edo klasismotik ihes egiten duen herririk. Eta esaldi hori ez da justifikazioa, errealitatea baizik, tamalez. Ez dut inor ezagutzen arrazista eta klasista ez denik. Beste gauza bat da identifikatzen jakitea noiz zeharkatzen diguten begirada eta pentsamendua mundua eta gizartea ulertzeko logika zahar horiek. Herentzia eta praktika sakon eta sustraitua da. Kolonialismoaren aztarna, kasu honetan, espainiarrena.
Euskal Herrian migratzailea izatea bezain deserosoa da euskalduna izatea, nolabait. Beti oin puntetan ibili behar dugu eta barkamena eskatu behar dugu
Zer esan gaur egungo Euskal Herriaz? Gogoan dut Euskal Herrira iritsi berri, maiz entzuten nuela –euskaldunon berezitasun eta jatortasun gisa– hemen ez zegoela arrazakeriarik. Horrek arrazakeriaz sakon hausnarrarazi zidan, eta baieztapen horiek eta neure esperientzia sozial eta pertsonala alderatu nahi izan nituen. Eta, zoritxarrez, espero zitekeen emaitza eman zuen horrek. Arrazakeria beste herri batzuen inbasioa, espoliazioa, esplotazioa eta genozidioa justifikatzeko Mendebaldeko asmakuntza da. Lotsagarria iruditzen zait gaur egun hori guztia azaltzen ibili behar izatea, kaka esplikatzen, alegia. Baina ikusitakoa ikusita, edo oso oroimen txarra dugu, edo hainbeste pantaila erabiltzeak garuna frijitu digu, edo ez dugu ezer ulertu. Are okerrago, egitura erreakzionarioak eta eskuin muturrekoak jarraitzaileak irabazten ari dira Euskal Herrian.
Adibide gisa orain dela gutxiko eraso arrazista Hernanin. Egoera horrek munstroaren letaginetako bat erakutsi digu, baina duela mende asko isiltasunean eta zigorgabe diharduen munstro horrek letagin, ebakortz, betortz eta hagin bilduma zorrotza eta ikaragarria du. Eta, jakina, euskara astintzen duen munstro bera da. Kolonizatzailearen eta kolonizatuaren arketipoak eta pentsamendua desmuntatu behar ditugu. Zein elkarbizitza eredu mota eraiki dezakegu bestela?
Euskal Herrian migratzailea izatea bezain deserosoa da euskalduna izatea, nolabait. Beti oin puntetan ibili behar dugu eta baimena eta barkamena eskatu behar ditugu existitzeagatik bakarrik, beste batzuk irainduak senti ez daitezen.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.