“Pelikula arrakasta pertsonalaren bilaketa da, eta Norak esanahi berria ematen dio arrakasta horri”

  • 2020ko Donostia Zinemaldian estreinatu bazen ere, aurtengo irailean heldu da Nora filma zinema aretoetara. Lara Izagirre (Zornotza, 1985) zuzendariak road trip ez hain utopikoaren bidez hezurmamitu duen bilaketa pertsonalaren istorioa da, familia baten kontakizuna, generoaren inguruko gogoeta eta denok biltzen gaituen “euskal lurraldean” galtzeko bidaia. Metafora jokoez aparte, pelikulak zeresana sortu du; Euskal Herrian eta euskaraz egin den arren, hainbat euskal aretotan gazteleraz proiektatu delako.

Argazkia: Iratxe Etxeandia
Argazkia: Iratxe Etxeandia

Hiltzea ez da modu tragikoan ulertzen pelikulan, hasiera da; askotan, euskal kulturan egin ohi dugunaren aurka. Kontrapuntu hori bilatzen zenuen?

Bizitzaren oinarrietako bat da gauzei nondik begiratzen diegun. Bizitzaren parte da heriotza, bizi osoan zehar izango dugu hurbil: batzuetan hurbilago, beste batzuetan ez hainbeste. Baina beti egongo da presente. Orduan, bada proposamen bat heriotzari bizitzatik begiratzeko: nola bizi hiltzen gabiltzan bitartean, nola bizi gertuko norbait hil denean. Uste dut badagoela jendea horrela bizi dena, ez heriotzarekin borrokan, baizik eta onartuz: “Gertatuko da, eta nondik biziko naiz hori gertatzen denean?”. Pelikulan, pertsonaia bakoitzak bere ikuspegia dauka. Heriotzak sor dezakeen alde ilunean sartu beharrean, argitasuna ikusten du Norak, eta omenaldia egiten du: besteengatik bizitzea haiek ez daudenean.

Familia traba da Norarentzat bere bidea hasteko. Bereak ez diren erantzukizunak baino ez dizkiote ematen. Zergatik bueltatzen da familiarengana?

Nora, pelikularen hasieran, besteentzako bizi da. Aitonak pisu handia dauka, eta zaintza lan handia ere badago: lan hori eta familiarekiko lotura irudikatu nahi nuen. Niretzako gauzak ez dira ez beltzak, ez zuriak; konplexuagoak dira. Horregatik, batzuetan, zaintza lan bat uztea ez da askatasuna bakarrik emango dizun zerbait, agian zaintza lanari lotuta –adibidez, Noraren kasuan– badago adiskidetasun bat eta harreman oso berezi bat. Beraz, ez nuen nahi karga bakarrik izatea. Uste dut pelikulan badagoela beste alde hori ere, aitona “gotorlekua” da Norarentzat.

Behin bere bidea egitea erabakitzen duenean, Nora oso ausarta da: bueltatu egiten da eta ez du ihes egiten, hartu dituen erabakiak komentatu egiten ditu. Lehen aldia da ez duela baimenik eskatzen. Eta bueltatze horretan, familiaren egituran aldaketa eragiten du, elkarrizketa xume batekin. Bi eszena dira, baina dena aldatzen dute, eta orekatu egiten da familia horretan bakoitzak duen lekua. Pelikularen hasieran, behintzat, ez dago oso orekatuta, ez zaintza lanak, ez beste ezer.

Merik, Noraren lagunak, bikotea eta seme-alabak ditu, eredu tradizionalak “familia ideala” deritzona. Baina ez da zoriontsua. Zergatik nahi du Norak bizitza hori kosta ahala kosta?

Argazkia: Iratxe Etxeandia

Uste dut hori “arrakastaren kontzeptua” dela. Zer diren gizarte honetan, bai mundu sortzailean zein artistikoan, familia ereduak. Badaude batzuk arrakastatsutzat jotzen direnak, eta beste batzuekin badirudi ez duzula arrakasta lortu. Nora hasieran kanpora begira dagoenez, gailentzen den arrakasta sozialaren ikuspegia dauka, nahiz eta bere ekintzetan beste bide bat hartzen duen beti. Pelikula horren inguruko gogoeta da. Ez dakit “arrakasta” ote den hitza, baina bada “zer den egin behar duzuna eta zer den egin nahi duzuna” horren inguruko hausnarketa. Hor dago Noraren gatazka. Pelikula arrakasta pertsonalaren bilaketa da, eta Norak esanahi berria ematen dio arrakasta horri.

Niretzat hor dago pelikularen zatirik garrantzitsuena, bihotza edo arima: nola emakumeok aukerak ematen dizkiogun –edo ez– gure buruari, edo zenbat aukera ditugun gure buruari aukerak emateko, erabakitzeko zer egin nahi dugun, baina geure neurrira. Esango nuke guretzat ez dela erraza, gizartea ez dagoelako prest guk gure buruari hori galdetzeko. Ohitura falta horren ondorioz, geure buruei galdera horiek egiteko aukera daukagunean, beldurra ematen digu. Agian konturatzen gara beste leku batean egon nahi dugula, baina hor ausardia behar da, eta ez digute erakutsi ausartak izaten. Orduan, nik uste, Noraren bidaian badago emakume askoren bidaia: “Non gaude eta nora goaz?” galderatik abiatzen dena.

Filmean amaren papera oso argi zehaztuta dago.

Pelikulako ama-alaben arteko harreman horietan islatzen da zaila egiten zaigula batak bestea ulertzea, emakume bezala bizi izan ditugun garai ezberdinengatik. Belaunaldi bakoitzeko kideok aukera desberdinak izan ditugu egin nahi izan duguna egin ahal izateko.

Pelikulan bi elkarrizketa garrantzitsu falta dira. Alde batetik, Loliri [Noraren ama] galdetzea: “Zuk nora joan nahi duzu? Nora joan nahi zenuen eta ez zara joan?”. Eta bestetik, Mari Feliri galdetzea: “Zergatik zaude hemen, eta zein da horrek izan duen eragina zure bizitzan?”. Gure amengana joango bagina galdetuz zer izan nahi duten eta non dauden, eta zer utzi zuten egin gabe gu munduan egoteagatik... Zauri eta distantzia asko geratuko lirateke agerian. Uste dut ama-alabok berdinak garela, baina garaiak elkar ez ulertzeko espazioa sortzen duela.

Pelikulan, Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria eta Argentina –kanpora joandakoen euskal lurraldea– nahasten dituzu. Zergatik aukeraketa hori?

Euskal Herria bere osotasunean irudikatu nahi nuen. Norak bidaia hasten duenean, galtzeko beharra dauka, bere buruari aukera bat eman eta bere lekua aurkitzekoa. Baina horretarako galdu egin behar da. Hor aurkitu nuen bidaia egiteko aukera, munduko beste puntara edo hurbilera. Eta iruditzen zitzaidan gertuko pertsona bat galtzen duzunean, agian munduaren beste puntara joatea ez dela erabakirik egokiena. Horregatik erabaki nuen Nora euskararen lurraldean galduko zela, euskarri bat behar zuelako, nahiz eta etxean egon ez, etxean egongo balitz bezala sentitzeko.

Gero, Argentinako zatia etorri zen. Nire partetik bazegoen borondate bat pelikula koloretsua egiteko, baina ez soilik kolore aldetik, baizik eta zentzu guztietan: hizkuntza aldetik, aniztasun aldetik… Orduan hasi nintzen pentsatzen nor izan zitekeen Noraren aitona, eta Hèctor Alterio pila bat miresten dudanez, prentsatu nuen: “Zergatik ez aitita argentinar bat?”. Gainera, Argentinarekin eta Hego Amerikarekin daukagun historia kontuan hartuta, uste dut interesgarria dela familia horrela osatzea, testuinguru horretan Nora nor den azaltzeko.

"Ez dut lortu euskal kulturatik –erakundeez mintzo naiz, ez publikoaz– babes nahikorik; horrek eragozten dit baieztatzea nire hirugarren pelikula euskaraz izango dela"

EITBko Ahoz Aho programan eskainitako elkarrizketa batean esan zenuen ohikoan ez dela emakumerik egoten euskarazko zinemagintzan. Zergatik?

Esango nuke ez dela bakarrik euskarazko zineman, baizik euskarazko fikzioa egiten duten ikus-entzunezkoetan orokorrean. Urte hauetan egin diren EITBko telesailak ikusi besterik ez dago: zero emakume egon dira zuzendaritza lanetan, eta esango nuke zortzi-edo egin direla. Aurten Nora eta Erlauntza egon dira, baina emakume batek zuzendutako euskarazko aurreko fikzioa, gogoan daukadana, Amaren Eskuak da, eta ez da duela bi urteko lana. Gogoeta egin beharko genuke: sustatzen ari gara euskarazko zinema, baina zeinek egindakoa? Nik arreta berezia jarriko nuke puntu batean: zer ari da gertatzen telebista publikoak banatzen duen diruarekin? Esango nuke Eusko Jaurlaritzak badituela erabakiak hartuak, emakume bat euskarazko film bat egitera ausartzen bada, hura babesteko. Telebista publikoaren alorrean ere badago borondate bat, baina gero, errealitatean, diru publikoa banatzeko orduan hartzen dituzten erabakien berrikuspena egitea falta dela uste dut.

'Nora' filmeko fotograma.

Ikuspegia, beraz, bakarra da, eta hori oso arriskutsua da atzetik datozen emakumeentzako eta orain gaudenontzako. Baina arrisku larria da hizkuntzarentzako ere. Esango nuke erabaki nuela nire lehenengo pelikula euskaraz ez egitea, ez nituelako bi zailtasun aldi berean gainditu nahi: emakume zuzendari izatearena eta euskara hizkuntza gutxitu bezala defendatzearena. Uste dut bigarren pelikulan ausardia izan dudala bi horiei aurre egiteko. Baina bigarren film hau egitea zaila izan da bi arrazoi horiengatik, eta ez dut lortu euskal kulturatik –erakundeez mintzo naiz, ez publikoaz– babes nahikorik; horrek eragozten dit baieztatzea nire hirugarren pelikula euskaraz izango dela.

Noraren gaztelerazko bertsioa eman dute zinema batzuetan, eta bikoiztuta dagoela esan gabe proiektatu dute.

Nora bikoizteko erabakia hartu genuen Televisión Española-rekin eta A Contracorriente banatzailearekin bilera egin eta gero. Espainiako telebistaren diru laguntza bat lortzeko, esan ziguten filma bikoiztu egin behar genuela –ez dakigu derrigortasun hori geneukan ala ez, baina hori uste genuen– eta kontratu bat sinatu behar genuela. Guk hitzarmena A Contracorrientek Televisión Españolarekin sina zezan baimendu genuen orduan, baina estreinaldiaren data oso gertu genuenez, ezin genuen kontratua sinatu arte itxaron bikoizketa egiteko.

Bikoizketa horren atzean pelikula zinema areto gehiagotara heltzeko aukera dago. Euskarazkoa bada bakarrik, aretoen %15era helduko da; bikoizketarekin, agian %50era. Beraz, bikoiztea erabaki genuen.

"Norarekin agian horregatik hartu ditut erabaki batzuk, pentsatu izan dudalako: “Euskara ez da helduko”. Baina gero, mundutik bidaiatu duen bertsio bakarra euskarazkoa izan da: Miamin euskaraz ikusi dute, Manchesterren, Nantesen..."

Halere, ez duzue espero zenuten zabalkundea lortu.

Banatzaileek euskarazko film baten aldeko apustua egin behar dute, eta gertatzen dena da apustu hori txikia dela. Gainera, estatu mailako aretoetan pelikularen jatorrizko bertsioa ematea erabakitzen dute. Beraz, bikoizketa hori egin izanak pelikula ez du Espainiako beste zirkuituetara hedatu. Bestalde, gure harridurarako, gaztelerazko bertsioa erabili dutenak Euskal Herriko areto batzuk izan dira: Multicines eta Getxo, ez dakit besterik egon den.

Hortik sortu da eztabaida. Azken finean, publikoaren beharra egon da, askok nahiago zuelako pelikula ez ikusi, azpidatziak irakurtzen ibili baino. Agian herriaren errepresentazioa da, herrian dagoen hizkuntzaren erabilerarena, eta, zentzu horretan, ez dakit hasieratik guk jarri behar ote genituen mugak zinema bakoitzean erabili beharreko hizkuntzari dagokionez. Benetan, guztiz harrituta nago gertatu denarekin. Pelikula ez dugu horretarako erreminta bezala hartu, eta agian hori egin behar genuen.

'Nora' filmeko fotograma.

Euskarazko pelikula bat justifikatu egin behar da?

Hemen gaztelerazko pelikula bat gazteleraz ikustera bazoaz, inork ez du ezer esaten; euskarazko pelikula bat azaldu egin behar den zerbait da. Guk bikoiztu izana bada, zentzu batean, azalpenak ematea. Baina euskarazko industria eta euskarazko kultura eraiki nahi baditugu, eta bikoizketarik gabe, euskararen normalizazioan lan egitea bada nahi duguna, erakundeetatik eta euskararen zabalkundetik esan beharko genuke: zenbat da horrelako pelikula baten batez bestekoa, 50 kopia? Zer egin dezakegu euskarazko pelikula batek bere gaztelerazko homologoek beste kopia izan ditzan? Bestela, euskara hemen geldituko da. Euskal Herrian gero eta gehiago ari gara jasotzen beste hizkuntza batzuetan egindako lanak: katalanezkoak, galegozko pelikulak eta telesailak… Baina euskara, oraindik, ez da hasi liga horretan jokatzen.

Administrazioaren laguntza gehiago dute gainontzekoek?

Ez dakit hori den, edo erabaki bat den. Adibidez, katalanarekin, esan dute: hemen dago, eta ez da hizkuntza gutxitua. Norberak sinetsi behar du, herri bezala. Hemen baditugu zailtasunak hori sinesteko. Eta nik Norarekin agian horregatik hartu ditut erabaki batzuk, pentsatu izan dudalako: “Euskara ez da helduko”. Baina gero, mundutik bidaiatu duen bertsio bakarra euskarazkoa izan da: Miamin euskaraz ikusi dute, Manchesterren, Nantesen...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-05-12 | Reyes Ilintxeta
Patricia López Arnaiz. Hamaika bizitza bakar batean
"Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke"

Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek... [+]


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Eguneraketa berriak daude