ARGIA.eus

2021eko urriaren 16a
Lurraldea eta arkitektura

Autorik ez, eskerrik asko

Ula Iruretagoiena
2021eko urriaren 10a

Urtero bezala, Nazioarteko Mugikortasun Astea ospatu berri da Europako hirigune askotan. Aurten mugikortasun eredu jasangarria izateko aldarrikapen leloari osasungarri hitza gehitu zaio: “Zure osasunaren alde, autorik gabeko eguna”. Azken urtean nagusitu den etxearen babes-gotorleku mezuen aurrean, kaleak ere zaintzen gaituela gogorarazteko unean gara, berreskuratu beharreko eremua dela. Eta kalea elkarbizitzarako espazio izateko, segurua eta garbia behar du izan ezinbestean. Autorik gabekoa, besteak beste. Horregatik geroz eta oihartzun handiagoa du hirietan “Emisio Baxuko Zonak” sortzeko ideiak, landa eremuetan naturako babesguneak egiten ditugun lez. Hirietako babesgune hauetan ziurtatzen da autoek jaurtitzen duten nitrogeno dioxidoa eta partikula finen presentzia onargarria dela. Literalki, hirietako arnasguneak dira, eta horretarako kutsatzaile handiko autoen presentzia mugatzen da. Emisore kutsatzaileak hirietatik gutxinaka desagertzeko beste hirigintza tresna bat da. Pentsa, aurreikusten ari dira Bartzelonan etorkizuneko Cerdà-ko hiri-traman ibiliko diren autoek ez dutela pertsonarik garraiatuko, kaleak objektuak eta produktuak mugitzeko izango omen direlako.

Mugitzeko askatasuna gizarte aurreratuaren garaipena da; pertsonak eta produktuak –eta birusak– distantzia luzeetara eta denbora laburrean alde batetik bestera eramateko gaitasuna. Horregatik mugitzeko aukera da lurraldearen, ekonomiaren eta elikaduraren ardatz. Eta mugikorkeriak, kutsaduraz gain, diru inbertitze eta espazio handia behar ditu, lurralde zein espazio publikoan. Etorkizuneko mugikortasun ereduak  lurraldea autoz hustutzea ikusten badu, autoak liberatuko duen lurralde eta hirietako espazio publikoa herritarrek irabazi beharko lukete; adi egon beharko dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Hirigintza  |  Mugikortasuna

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko urriaren 10a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude