"Formazio politikoa berriro ‘modan’ dago, baina bakoitzak berea"

  • Oinharri Eskolak uztailaren hondarrean zortzi eguneko barnetegia antolatu zuen herri mugimenduetako hainbat lagunentzat Gasteizko Errekaleor auzo askean. Ohiko formakuntza ereduari koska bat estutu eta parte-hartzaileak astindurik ageri dira. Unai Vázquez eta Gorka Zozaiarekin mintzatu gara.

Argazkia: Oinharri Eskolak utzia.
Argazkia: Oinharri Eskolak utzia.

Eskolaren abiapuntuarekin hasiko gara. Brasilgo MST Lurrik Gabeko Mugimenduaren Florestan Fernandes eskolak badu zer ikusia, ezta?

Unai Vázquez: Eskola hori erreferente bat da, bai, baina ez bakarra. Egia da Oinharri Eskolaren proiektuarekin hasitako batzuk handik pasa garela, eta metodoarekin maitemindu, eta beraz eragin handia izan duela. Aurretik ere, formakuntzarekin harreman estua izan dugu gehienok: herri mugimenduetan, munduko beste eskola batzuetan edo Euskal Herriko Herri Unibertsitatean, kasu.

Dena den, Florestaneko esperientzia izugarria izan zen. Nik Latinoamerikako herri mugimenduei zuzendutako nazioarteko ikastaroan parte hartu nuen bi hilabetez eta sentsazio asko, irakaspen eta kontraesan pila bat sortu zitzaizkidan. Txikitan udalekuetara joateak eragiten duen sentsazio eta poz berdintsua sorrarazten dizu.

Zenbat lagun ari zarete proiektuan?

U. Vázquez: 20ren bat, noski inplikazio maila ezberdinetan, batzuk buru-belarri, Oinharrin militatzea lehentasunez hartuta eta beste batzuk beste militantzia batzuekin uztartuta. Liberatuak izateko gaitasunik gabe, baina ilusio handiz ari gara; zerbait ezberdina, beharrezkoa eta osagarria eraikitzearen sentsazioarekin.

Eskolaren hainbat aurkezpen egin duzue, nola joan dira?    

U. Vázquez: Orokorrean, proiektua interesgarria dela uste da, baina nik uste dut gabezia bat sumatzen dela: bakoitzak bere zilborrari begiratzen dio eta diogu. Normala da, ezagutzen dugunetik analizatzen dugu dena, kanpotik datozen proposamenak ere bai. Gure helburua bikoitza da, alde batetik, formakuntza politiko minimoa ematea, herri mugimendu guztientzat bera; eta bestetik, elkarbizitzaz herri mugimenduen arteko elkar ezagutza sustatzea, gure leloak esaten duen bezala “ezagutuz aldatzea”. Eragileei, proiektua interesgarritzat jotzen badute ere, kostatzen zaie ikustea zertan garen ezberdinak beraiengandik edo beste erakundeetako formakuntza tresnetatik, ikastaroan parte hartu arte. Orduan, metodoan trebatzean, esperimentatzean, proiektua bera ulerrarazten da eta ikuspegia aldatzen da.

Bi barnetegi egin dituzue. Zer balorazio egiten duzue?

U. Vázquez: Lehen barnetegia, kanpoko jendea gonbidatu bagenuen ere, barnera begira izan zen bereziki, guk geuk metodoa ezagutzeko eta trebatzeko, hainbeste teorizatu genuena eztabaidatu eta praktikan ipintzeko. Florestan eskolatik pasa ez zirenek beren gorputzetan senti zezaten ere nahi genuen. Ikaragarria izan zen bigarren egunerako zer konexio genuen, kohesioa ezberdintasunean; adostutako koordinazio eta diziplina militantearekin kolektiboan zer gauza zoragarriak lortu ahal diren. Ikastaroen helburua ez da “eskolak” jasotzea, baizik eta elkar ezagutza kolektiboa, eta horretarako lau ikasketa eremu ditugu: komunitateko lanak, teoria-praktika politikoa, kultur sorkuntza eta antolakuntza. Batak ez du besteak baino garrantzi handiagoa, denak dira ezinbesteko, batak ez badu funtzionatzen errotarriak ez du biratzen, talka egiten du. Talka horren bidez ikasten-irakasten dugu, kontraesanak sorraraziz. Hori tresna nagusi izanda, intentsitate handia izateak laguntzen du kontraesanak areagotzen.

Gorka Zozaia: "Gorputza eta komunitatea, kultura eta antolaketa eduki klasikoekin nahasi eta espazio berri bat eskaintzera dator Oinharri Eskola"

Bigarren barnetegian kanpora zabaldu zarete.

U. Vázquez: Bai, eta horrek ekarri du hainbat talka: militantzia ereduak (“zaharrak/gazteak”), maskulinitateak, barneratuta dugun denbora “librearen” kontzepzio burgesa… Hamaika kontraesan sortu dira, eta identifikatuz eta kudeatuz, ikasten joan gara. Noski, guri ere sortu zaizkigu kontraesanak, eta haietatik ikasten dugu.

Ikastaroa esperientzia bat da, egoera emozional guztietatik pasatzen da, intentzionalitate bat dago horretan guztian. Bukaerako sentsazioak, orain arte behintzat, oso onak izan dira, pena ematen du kideak agurtzeak, kolektiboan bizitzeari uzteak.

Gorka Zozaia: Unaik aipatu duen azken hori oso agerikoa da, barnetegiak komunitatea sortzen du. Norbanako gisa jardutera ohituta gauden munduan, bat-batean apurtu egiten da. Batzuk berehala, besteak hirugarren egunerako, baina norbanako isolatu burujabe-autosufiziente eraikuntza sendoak apurtzen dira, trinkotasunak dakarren intentsitateak bultzatuta hein handi batean. Komunitatean zertzen gara, elkarren premia dugu gure behar material eta emozionalak asetzeko eta behar hori barnetegian agertzen da.

Argazkia: Ruben Sánchez Bakaikoa.

Esperientzia bietan hori oso agerikoa izan da, eta hain zuzen, indibidualtasunaren apurketa gakoa da normalean “formazio” gisa etiketatzen den eduki jakinen ikasketa sakona eta esanguratsua emateko. Izan ere, ez da ohikoa ikasteko –gure burua aldatzeko– prest egotea. Adibidez, gai baten inguruko hitzaldi batean parte hartzen dugunean, maiz aldez aurretik badakigu zer jarrera izango dugun, zein kritika eta ekarpen egingo dugun amaierako hitz-hartzeen atalean. Barnetegiak egoak apurtu, aurrez ezagunak ditugun eduki horiei beste nonbaitetik begiratu eta elkarrengandik ikasteko aukera zabaltzen du. Hori dela eta, ez dugu bereizten “formakuntza” eta “elkarbizitza”: barnetegiko une guztiek dute izaera pedagogikoa, aurrez pentsatuak dira eta intentzionalitate bat dute.

Nola baloratzen duzue formakuntza politikoaren gaineko egoera Euskal  Herrian?

G. Zozaia: Aberatsa da formazio politikoaren mapa. Badaude 40 urtetik gorako egitasmoak eta jaio berriak direnak, edo egitasmo lokalak eta nazio mailakoak. Badira formazioa arrazoian eta eduki klasikoetan oinarritzen dutenak, baita gorputza formazioan integratzen dutenak ere, edo dinamika parte-hartzaileetan edukietan baino arreta handiagoa jartzen dutenak. Eta jakina, badira formazio politiko sakonagoak eta azalekoagoak. Aniztasuna da nagusi, baina oro har, eragile politiko, sozial eta sindikalek beren jarduera politikoa elikatzeko sortzen dituzten egitasmoak dira, eragile anitzetako militanteentzat zabaltzen diren esperientziak barik.

Oinharri Eskolak esperientziok aintzat hartzen ditu, berauetatik edaten du eta ez du ordezkatzeko asmorik. Alta, Hegoalde Globaletik heldu diren formazio esperientziekin elikatu nahi du Euskal Herriko formazio politikoaren mapa. Hala, gorputza eta komunitatea, kultura eta antolaketa, eduki klasikoekin nahasi eta espazio berri bat eskaintzera dator Oinharri Eskola, hainbat eragiletatik eta militantzia eredu anitzetatik heldu diren parte-hartzaileak elkartuz, elkarbizitzan sortzen diren kontraesan eta elkarrekintzetatik ikasteko.

Gainera, gure ustez, ikasketa prozesuak aldaketa ekarri behar du. Ez da prozesu azalekoa eta erraza, esfortzua eskatzen du, eta garaiotan esfortzua ez dago batere modan, edo militanteok ez dugu esfortzu gehigarrietarako ez astirik ez gogorik. Hori dela eta, bada joera bat formazio politikoa arintzeko eta ohiko kontsumo formatuetara egokitzeko, nolabait edozein unetan formatzea errazteko. Lanerako bidean, otorduetan... mugikorraren bidez kontsumitu daitezkeen pilulak, funtsean. Halako formatuak ez dira pertsonetan aldaketa esanguratsuak eragiteko gai.

Unai Vázquez: "Sentsazioa dut ‘Herri Fronte Judutarraren’ eta ‘Judeako Herri Frontearen’ garaian gaudela. Gure lana ez da Judeako Fronte Batua eraikitzea"

Zailtasunei tiraka segiz...

G. Zozaia: Lehen esan bezala, ez da erraza oporralditik egun batzuk ikasteko “sakrifikatzea” gaur egun dugun aisiaren ulermenetik. Badirudi ez badugu urrutira bidaiatzen ez dugula oporrik. Are zailagoa da lan prekarioetan arituta oporraldiak oso laburrak direnean. Honez gain, zailtasun inportante bat da azken hamarkadan areagotu den eragileen atomizazioa, baita elkarrekiko ditugun mesfidantzak ere; zaila da norberaren eragiletik (parrokiatik) kanpo ikasteari ateak zabaltzea. Baina zailtasun horiek berak aukera gisa irudikatzen ditugu, adostasunak eraikitzeko. Izan ere, elkar topatzeko espazioak urriak dira eta bada gogorik. Bestelako formazio politikoak ezagutzeko jakin-mina ere badago, baita oporraldia beste era batera gozatzekoa ere, adibidez turismoaz dugun diskurtsoarekin koherenteago.

U. Vázquez: Aspaldi formakuntza politikoari ez zaio dagokion garrantzirik eman. Formakuntzak zentrala, etengabea eta iraunkorra izan behar du edozein ezkerreko herri mugimendutan. Dialektikaren legeek ohartarazten digute dena etengabeko aldaketan dagoela, formakuntza iraunkorrik gabe geldi geratzen gara, analisirako eta beraz aldaketarako gaitasuna galtzen dugu.

Orain, berriz, ematen du “modan” dagoela formakuntza politikoa berriro, baina bakoitzak berea eta beretzat egiten du. Badut sentsazioa 'Herri Fronte Judutarra' eta 'Judeako Herri Frontea'-ren garaian gaudela. Friki samarra naiz eta The life of Brian filma asko gustatzen zait. Ez gatoz hori aldatzera, gure lana ez da Judeako Fronte Batua eraikitzea, baina elkar ezagutzeak, bestearen borrokak, analisiak, bizipenak ezagutzeak, elkarbizitzak, beti laguntzen du norabidea aurkitzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude