Gure Eskuk Herritu ekimena aurkeztu du Miramarreko jauregian (Donostia) eta herritar ororen euskal herritasuna adierazteko euskarriak eskaini.
Euskal herritasuna adierazten duen euskarri sorta sortu dute; hain zuzen, txartel bat, pegatina bat eta pin bat. Txartel horrekin bat egiten du plataformaren oinarriekin. Hau da, “Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela eta herritar guztien eskubide guztiak bermatu behar direla”.
Aurkezpenean adierazi dutenez gaur egun Euskal Herriko hiru esparru administratiboak burujabetzaren bidean daude, eta Gure Eskuk “aukera” hori baliatu beharra dagoela azpimarratu du: "Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoaren borondatea dagoelako ”. Beste aldetik, esan dute eskubideak ukatu eta murriztu nahi dituen olatu erreakzionario eta autoritario baten aurrean gaudela, eta horregatik komunitate sena indartu beharra dagoela.
Durangoko Azokan izango da "txupinazoa", lehengoz “herritzeko” aukera. Ostean, herrietan aukera izango dute herritarrek ekimenaren euskarriak eskuratzeko. “Herritzaileen” eta Gure Eskuren tokiko taldeen eskutik, aurreikusi dituzte hainbat dinamika, hala nola, herriz herriko “Herritu Egunak”. Informazio gehiago herrituren webgunearen bitartez lor daiteke.