“Alternatiba indibidualen aurrean, kolektiboki pentsatzen hasi beharko genuke”

  • Perutarra da sortzez Luciana Alfaro, eta azken urte luzeetan Bergaran bizi da. Osasun krisiak emakume etorkinen kolektiboetan nola eragin ote duen kezkaturik jo dugu beregana, eta azkenean zaintza lanetan jarduten dutenez hitz egin dugu bereziki. Emakumeen Mundu Martxako kidea da, eta aurtengo edizioan ikusgarritasun handia eman nahi izan diote gaiari: “Hango zein hemengo identifikaturik senti dadin eta borrokari ahalik eta dimentsio handiena emateko”.

"Arrazakeriaren kontra ere antolatuta dagoen mugimendu feminista behar dugu, emakume migratuen agendari ere espazioa emango diona". (Argazkia: Dani Blanco)

Gizarte langilea zara.
Perun egin nituen ikasketak. Han eta hemen oso ezberdina da burutzen dugun funtzioa, baita lan eredua ere. Han modu zuzenean lan egin ohi dugu familia, auzo-elkarte edo enpresekin. Azken horietan, adibidez, langileen ongizatea bermatzeko programak aurrera eramatea izan ohi da gure funtzioa. Familia edo auzo-elkarteetan aldiz, biztanleen antolaketa ereduan jarduten dugu. Betiere bizi baldintza egokiagoen alde. Modu kolektiboan antolatzera animatzen ditugu, modu komunitarioan. Norbanako indibidualen eredua baztertuz. Hemen ordea, udaletatik egin ohi da lan hori. Burokrazia gehiago dago zinezko kaleko lana baino.

Nola eragin du COVID-19aren osasun izurriteak emakume etorkinen komunitateetan?
Oso zaila ikusten dut egoera. Beltza. Argi ukan behar da, emakume etorkinen kolektiboa ez dela homogeneoa. Kolektibo ugari gaude eta oso ezberdinak. Legearen aitzinean dugun egoerak zaurgarriago egiten gaitu. Oso ezberdina da jada modu ofizialean egotea edota paper ofizialik gabe egotea. Zaintza lanetan dihardute emakume etorkin gehienek. Beraiek dira izurrite honetan lehen lerroan egon direnak eta daudenak. Maria Juncay kideak esaten duen gisan, “Zaintzen dugun pertsonaren aitzinean kokatzen den pareta edo babesle bilakatu gara”.

Egoera erregulatu gabe duten kideak atzerritartasun legeak zeharkatzen ditu, bete-betean harrapatzen ditu. Askok lana galdu dute, eta horrekin batera baita etxea ere. Horri egoera irregularrean egotea erantsita, aspalditik abiatuta duten legeztatze egoera eten egiten da. Amets gaizto bilakatzen da.

Egoera horretan dauden emakume asko ama dira, gainera. Eta beren haurren premiei ere aurre egin behar diete, noski. Ikasketak pagatu, etxean lanak egin ahal izateko internet pagatu, arropa… Dena kate bat da. Pandemiaren eraginez, bestalde, interna gisa lan egiteko eskaria igo egin da nabarmen. Azken batean familiek beren senideak zaintzeko unean ahalik eta kontaktu gutxien egotea nahi dute, kutsatze arriskua mugatzeko. Krisi honek asko kolpatu du bereziki zaintza lanetan diharduten emakume etorkinen sektorea. Ezinbestekotzat jo dute zaintzaren arloa; eta hala da. Baldintzak, ordea, ezin prekarioagoak dira. Aurrez ere hala zen eta orain okerrera egin dute. Hipokrisia handia dago gaiaren inguruan.

Argazkia: Dani Blanco

Zuri nola eragin dizu pandemiak?
Irailera arte lana izan nuen fundazio batean, eta geroztik langabezian nago. Baina nik langabezia kobratzen dut. Pribilegiatua sentitzen naiz, nahiz eta nire eskubidea izan. Zaintza lanetan jardun duen emakume etorkinak, normalki, ez du langabezia eskubiderik. Sistemaren tripak oso maltzurrak dira. Eta beti pentsatu ohi da norberari ez zaiola halakorik pasako, baina batek daki. Pentsamolde horrekin, jende askok borroka horretatik kanpo kokatzen du bere burua, ez da identifikatua sentitzen, eta horrek potentzial handia kentzen dio borrokari. Ezin da ahantzi oinarrizko giza eskubideen aldarrikapenaz eta defentsaz ari garela. Aurtengo Emakumeen Mundu Martxan indar berezia egin nahi izan dugu egoera ikustarazteko, arazo hau Euskal Herriko kaleetan ematen dela azpimarratzeko.

Nola laguntzen zaitu mugimendu feministan antolatua egoteak?
Asko laguntzen nau. Herrigintzarengan sinesten dut, hortik nator. Hor daude nire sustraiak eta jatorria. Kolektibo feministan sortzen diren indarrak, josten diren sareak eta burutzen diren ekintzak erabat emankorrak dira nire iritziz.

Deskolonizazioa aipatzen da gero eta gehiago.
Egoera iraultzeko, benetan bestelako mundu bat sortzeko, deskolonizazioa ezinbestekoa da. Arrazakeriaren kontra ere antolatua dagoen mugimendu feminista behar dugu, emakume migratuen agendari ere espazioa emango diona. Bertakoen eta atzerritarren arteko harreman subordinatua sustengatzen duen mugimenduak kalte besterik ez du egiten. Harreman bertikalekin ez dugu lanik egin nahi. Euskal Herrian, salbazio harremanetatik berdinetik berdinera aritzeko harremanak lantzen ari gara. Lan handia egin duten zenbait kolektibo daude, honaino heltzeko ezinbestekoak izan direnak: Malen Etxea, Mujeres con voz, Bidez bide…

Krisiak aukerak dira?
Zenbaitek hala diote. Nik uste dut benetako aukerak izan daitezen behetik lan handia dugula egiteko. Antolatuta gauden kolektiboetan bestelako jendarte eredu baten aldeko borroka nola landu gogoetatzen hasi beharko genuke. Ez soilik orain artekoa errepika ez dadin, baizik eta sortuko den hori alternatiba erreala izan dadin. Egun, jende askoren kezka oporretara joateko PCR proba edo txertatu behar izatea da, edota baserri bat erostea, berriz ere konfinatuko bagintuzte egoera eramangarria izateko. Alternatiba indibidualen aurrean, kolektiboki pentsatzen hasi beharko genuke. Gainontzean, jendarte heteropatriarkal arrazista erreproduzitu besterik ez dugu eginen. Oinak lurrean behar ditugu. Gaztetxeak, auzo elkarteak, guraso elkarteak… batzen gaituzten topalekuak behar ditugu zerbait berria eraikitzen hasteko. Hobea izanen da, dudarik gabe. 

Inor ez da ilegala
“Bergaran, adibidez, etxebizitzaren eskubidea arazo bilakatu da. Eta Euskal Herri osoan esango nuke. Guk, talde feminista gisa, egoera hori azaleratu nahi izan genuen Emakumeen Mundu Martxarekin. 900 etxebizitza huts daude hemen. Herrian lan egiten duten emakume etorkin askok ezin dute etxebizitza bat lortu eta ez da bidezkoa. Hemen bizi dira, hemen lan egiten dute, hemen erosten dute… Sistema arrazistak dituen burokraziak uzten ditu etxebizitza eskubidetik at. Soilik etorkin izateagatik”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-25 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


Eguneraketa berriak daude