“Polizia eredua aldatzeak ez du zigorgabetasuna amaitzea bermatzen”

  • Poliziaren indarkeriari aurre egiteko giza eskubideen behatokia da IRIDIA. Doako lege aholkularitza eta laguntza psikosoziala eskaintzen die biktimei. Horrez gain, dibulgazio eta salaketa lanak egiten ditu behatokiak, komunikazio kanpainen bidez eta talde politikoekin eta parlamentarioekin dituen harremanen bitartez. IRIDIAko zuzendarikidea eta zuzenbide penaleko abokatua da Anaïs Franquesa (Vilafranca del Penedès, Herrialde Katalanak, 1983).
"Polizia jardueren kontrolerako eta fiskalizaziorako tresnak dituzten erakunde independenteak behar dira". (Argazkia: Jordi Borràs)

Azken hilabeteetako gertakarien ondorioz, foam jaurtigailuen erabilera eztabaidaren erdian kokatu da Herrialde Katalanetan zein Euskal Herrian.
Foam jaurtigailuek kalte handia eragin dezakete. Jatorrian, suzko armak ordezkatzeko sortu ziren eta NBEren nazioarteko araudiaren arabera, ezin dira bereizi gabe erabili. Hau da, ezin dira erabili manifestari talde baten aurka sakabanatzeko helburuarekin, ez daude horretarako pentsatuta.

Baina, adibidez, duela gutxi Mosso d’Esquadrek argitaratutako protokoloak ahalbidetzen du hori.
Gobernu osaketarako ERC eta CUP alderdien arteko aurreakordioari esker argitaratu den protokoloak asko kezkatzen gaitu. Jasotzen denez, baldin eta pertsona batek objekturen bat jaurtitzen badu, Esquadra Mossoek gorputz adarretara tiro egin dezakete. Horrek esan nahi du burura tiro egin dezaketela eta gero esan, adibidez, eskuetara tiro egiten ari zirela.

Arazo hori konpon daiteke foam jaurtigailuak beste tresna batengatik ordezkatuz? Zein izan beharko litzateke abiapuntua?
Beste arma batengatik ordezkatu edo ez erabakitzea azken katebegia da. Lehenik eta behin ikusi behar da agente batek delitu bat egiten badu, instituziotik bertatik emango zaion erantzuna zein izango den eta hori nola kontrola daitekeen. Kontrolerako eta fiskalizaziorako tresnak behar dira. Armak ordezkatzeak edo polizia eredua aldatzeak ez du inpunitatea amaitzea bermatzen.

Zertan oinarritzen dira kontrol eta fiskalizazio tresna horiek eta nork izan beharko luke horren ardura?
Argi dagoena da poliziaren egitura hierarkikoaren mende ez direla egon behar, organo independenteak izan behar dira. Poliziaren jokabide zehatzak auzitegiek epaitu behar dituzten ala ez ebaluatzeaz gain, zein arma eskuratzen den ere fiskalizatuko lukete.

Bitartean, zigorgabetasuna nagusi. Etsigarria da.
Poliziarengan konfiantza izan behar dugula esaten digute, baina poliziarekiko mesfidantza inpunitateak sortzen du, instituzioek zein auzitegiek erantzun sendorik ematen ez dutenean. Zigorgabetasun hori irauli behar da, eta pixkanaka goaz aurrera. 2020. urtean 135 agente ikertu ditugu IRIDIAn eta hori pentsaezina litzateke duela urte batzuk, are gutxiago epaiketara iristea edo polizia bat kondenatzera heltzea.

Argazkia: Jordi Borràs

Gardentasunerako tresna gisa azalduta, Ertzaintzak iragarri du urtearen amaieran kamerak eramango dituela soinean, uniformeetan. Zer deritzozu?
Kamerak baliagarriak izan daitezke gardentasunerako, baina ikusi egin beharko da nork kontrolatuko dituen irudi horiek. Agenteak erabaki dezake noiz hasi eta noiz utzi grabatzeari? Ondoren, grabazio hori ikusteko aukera izango du? Edo irudi horiek organo independente batera bidaliko dira era zifratu batean, eta erakunde horrek erabaki dezake, salaketa jarriz gero, epaiketarako aurkeztu edo ez? Zenbat denboraz egongo dira gordeta irudi horiek? Galdera asko dago airean.

Beste ertz bat izan daiteke kontrolerako tresna bihur daitezkeela.
Jakina. Manifestazioetara nor joaten den ikusteko erabil daitezke kamerak, eta baita debekatuta dauden profil ideologikoak egiteko. Intimitate eskubidea urra dezakete…

Indarraren monopolioa du poliziak. Zer suposatzen du?
Manifestazioetan indar eskaladaren lehen katebegia poliziaren presentzia da, Erresuma Batuko College of Policing-ek adierazten duenez. Beraz, polizia armatuta egotea, ezkutuekin, kaskoekin, foam jaurtigailuekin eta abar, indarraren erabilera horretan beste maila bat igotzea bezala ulertu behar da. Tentsioa handitu dezake eta istiluak gertatu daitezke. Protestarako eskubidea zer den eta nola gauzatzen den hautemateko era da gakoa. Bermatu beharreko eskubide gisa edo mehatxu gisa ulertzen den.

Desokupa enpresa ultraeskuindarrarekin harremana izan du Ertzaintzak bideo batzuek erakusten dutenez. Katalunian ere gertatu da Mosso d’Esquadrekin. Oso larria da.
Hasteko, etxe kaleratzeak soilik agindu judizial baten bidez eraman daitezke aurrera. Desokupa enpresa pribatu bat da, ezin du horrelakorik burutu, are gutxiago indarkeria erabilita. Hainbat delitu bil ditzake horrek, hertsapenak, etxebizitza bortxatzea, eta abar. Beraz, Ertzaintzak etxe kaleratzea geldiarazi beharko luke. Desokuparen eta Ertzaintzaren edo Mosso d’Esquadren artean nolabaiteko lankidetza eta sinpatia egoteak kezka handia sortzen du. Ikusi behar da nondik datorren harreman hori, zein lotura egon daitekeen eskuin muturrarekin eta zergatik. Ikertu beharreko gai korapilotsua da.

Bokazioa eta aktibismoa
“Giza eskubideen defentsan oinarritu ditut nire aktibismoa eta lan arloa. Mugimendu sozialek errepresioaren aurka egin duten lanetik edan dut. Plaça Catalunyaren hustuketa, esaterako, eskola izan zen niretzat. Mugimendu sozialek eta giza eskubideen aldeko erakundeok tolerantziaren mugak mugiaraztea lortu dugu. Orain, poliziaren indarkeria albiste da, onartezina dela eta gertatu ezin daitekeela berresten du iritzi publikoak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeria
Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Udaltzainek bi lagun zauritu dituzte tiroz Barakaldon; horietako bat larri dago

Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian izan da tiroketa, udaltzainak zulo bat estaltzera joan direnean.


Eguneraketa berriak daude