Nahel Merzouk tiroz hil zuen Florien M. polizia Euskal Herrira lekualdatu dute

  • 17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.


2025eko uztailaren 2an - 10:49
Azken eguneraketa: 12:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2023ko ekainaren 27an, Nanterre hiriko polizia-kontrol batean, 17 urteko Nahel Merzouk banatzailea gelditu, Florien M. agenteak arma gaztearen burura hurbildu eta tirokatu egin zuen. Heriotza filmatua izan zen eta tiro egin aurretik ez da inolako gatazkarik ageri. Kasuak sumina piztu zuen, kale borrokak hartu zituen Frantziako Estatuko auzo asko, eta polizia gehiegikeria salatzeko mobilizazio jendetsua ekarri zuen (honela kontatu genuen ARGIAn).

Libération egunkariak orain jakitera eman du, poliziak berak desio zuen moduan, Euskal Herrian hasiko dela lanean. 40 urteko agentea batik bat bulegoan arituko da, publikoarekin harremanean eta kontrol judizialpean. Frantziako Gobernuko Barne Ministeritzaren arabera, “zerbitzuaren mesedetan” hartu da erabakia.

Egunkariak gehitu duenez, agentea aldi baterako langabetu zutenean lansaria jasotzen jarraitu zuen eta bere abokatu gastuak Barne Ministerioak ordaindu zituen (15.000 euro inguru).

Auziak, dena den, zabalik jarraitzen du, hilketa leporatzen dio Fiskaltzak, eta epaiketa 2026an egingo dela aurreikusten da.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...