130 hildako Rio de Janeiron, “krimenaren aurkako” inoizko operazio polizial odoltsuenean

  • Brasilen inoiz egindako polizia operaziorik hilgarriena izan da: Comando Vermelho bandaren aurka ari zirelakoan, agenteek gutxienez 130 pertsona hil dituzte. Rio de Janeiroko gobernadoreak “arrakasta” aipatu du eta Lularen gobernuak, aldiz, “bortizkeria”. Herritarrek ezinegona eta estatuaren bazterkeria salatu dute.

@Choquei

2025eko urriaren 30ean - 12:16
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteartean, hamarnaka gorpuk osatutako ilara luze batekin esnatu zen Penha favelako São Lucas plaza. Senideek gau osoa gorpuen bila pasa ondoren, ikusgai utzi zituzten plazan, operazioa gaitzesteaz gain, ezagunak bilatu ahal izateko. Bezperan, Claudio Castro –Bolsonaroren eskuin muturreko alderdiko– gobernadoreak 2.500 agentek parte hartu duten operazio poliziala agindu zuen, Comando Vermelho taldearekin amaitzeko asmoz. Emaitza: 130 hildakotik gora, atxilo hartu nahi zuten liderra (Doca) aske, eta taldeari kendutako kale metro bakar bat ere ez, Fogo Cruzado institutuak jakitera eman duenez. Hala ere, Castro gobernadoreak operazioa “arrakastatsutzat” jo eta krimenaren aurkako “kolpe gogor” bat izan dela baieztatu du.

Brasilen inoiz egindako polizia operaziorik hilgarriena izan denak Luiz Inácio Lula da Silvaren Brasilgo Gobernua eta Rio de Janeiro estatuko gobernadorea parez pare jarri ditu. Lula “izututa” eta “harrituta” geratu da hildakoen kopuruarekin, eta Ricardo Lewandowski Justizia ministroak operazioa kritikatu du: “Izugarri odoltsua izan da, zeharo bortitza. Aztertuko dugu zuzenbide estatu demokratikorekin bateragarria ote den”. Lewandowskik gaineratu du gobernuak ez zuela operazioaren inguruko berririk. Aldiz, Castrok salatu zuen Brasilgo Gobernuak ez diola laguntzarik eskaini, eta Rio de Janeiro “bakarrik” utzi duela. 

Bitartean, egoera jasan ezina dela salatu dute herritar eta erakunde ezberdinek. Thais Loredo abokatuak adierazi du inongo agintarik ez duela lagundu erreskatean, eta ondorioz jendeak ez duela lorik egin, ezta jan ere, desagertuen bila. La Vanguardia-k jaso ditu Loredoren hitzak: "Estatuak aspaldi utzi gintuen eta berriro utzi gaitu sarraski honen ondoren. Gorpuak kargatzen ari direnak biztanleak dira”. Bestalde, Fogo Cruzadok –indarkeria armatuari buruzko datuak erregistratzeko eta ekoizteko plataforma kolaboratiboak– Castro gobernadorearen jokabidea gaitzetsi du, esanez polizia auzora bidaltzen duenean, jendea arriskuan jarri eta “propaganda” besterik ez duela egiten. Euren datuen arabera, martxotik hona, operazio polizialetan soilik bala galduekin 363 biktima izan dira Brasilen. 


Eguneraketa berriak daude