Bilboko gazte bati barrabiletara tiro egin eta ondorioz barrabila galduarazi zion ertzaina identifikatu du Segurtasun Sailak

  • Apirilean gertatu zen, Etxarri II gaztetxearen desalojoan, eta tiroaren ondorioz barrabila galdu zuen Iker Aranak. Aranak berak emandako materialetik identifikatu dute ertzaina.


2025eko uztailaren 2an - 10:11
Etxarri II gaztetxearen hustuketaren aurkako manifestazioa. Ecuador Etxea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bilboko Etxarri II gaztetxeko hustuketan, aurtengo apirilean, Ertzaintzak egindako kargetan galdu zuen barrabila Iker Aranak, foam bala batek bertan jota. Eta, hain zuzen ere, Aranak berak emandako materialean identifikatu dute tiro egin zion ertzaina, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Ospitaletik atera berritan salatu zuen bere kasua Iker Aranak, auzokideen babesean. Bertan, adierazi zuen “justifika ezina” izan zela Ertzaintzaren esku hartzea, bera ez baitzegoen istiluen gunean, eta “geldirik” zeudela azpimarratu zuen, ez zutela arrazoirik tiro egiteko. Gehitu zuen tiro egin zion ertzainari aurpegia ikusi ziola, eta tiro egin zion ertzainak "min egiteko" intentzioa zuela.

Aranak salaketa jarri zuen, eta berak zeukan materiala bidali zuen salaketarekin bat. Hortik abiatuta, Aranari arrazoia eman zion Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, adierazi baitzuen hura zegoen tokian ez zegoela istilurik, “ustez”. Are, gehitu zuen ertzaintzaren jokaera hura "desegokia" izan zitekeela.

Hain zuzen ere, Zupiriak aipatutako material horixe bera da, Radio Euskadiren arabera, orain identifikazioa ahalbidetu duena. Izan ere, material horren faltan, ezin zuten ertzain jakin bat identifikatu: tiro egiteko erabilitako arma jakinda, ertzain kopuru murritz bat izan zitekeen, baina ezin zitekeen jakin nor zen zehazki.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.