Gutxienez 30 lagun zauritu zituen antifaxisten aurkako kargetan. Kausa judiziala artxibatzea, Ertzaintzan barne-ikerketei ekitea eta instituzioek faxismoarekin duten konplizitatea moztea exijitu dute ostiralean eginiko agerraldian.
U12 jazartuak. Inpunitaterik ez! lelopean, agerraldi jendetsu bat izan zen atzo arratsaldean Gasteizen (Araba). Joan den urriaren 12an Ertzaintzak izandako "jarrera bortitza eta arduragabea" eta inpunitate poliziala salatu zituzten bertan elkarretaratutako pertsonek; izan ere, Espainiako Falangearen kontzentrazio faxista bat babesteko, ehunka antifaxistaren kontra oldartu ziren ertzainak egun horretan, hainbat pertsona larriki zaurituz eta atxilotuz. "Gertatutakoa ezin dugu onartu, eta jendarteak horren berri izan behar du", seinalatu zuten prentsaurrekoan: "Inpunitateak ez du lekurik, eta horri amaiera eman behar zaio".
Igande horretan Ertzaintzak zauritutako hainbat lagunen argazkiak erakutsiz egin zuten atzoko agerraldia, eta gogorarazi zuten Eusko Jaurlaritzak nahiz Gasteizko Udalak baimendu zutela falangisten elkarretaratzea. Zorionez, ehunka lagun mobilizatu ziren "talde faxista horrek adierazten duen guztiaren" kontra, baina gogor jo zuen haien aurka Ertzaintzak: "Herritarrak lurrean zeudela jipoitu zituen, buruan eta aurpegian makilarekin kolpatuz; gomazko pilotak burura zein aurpegira jaurti zituen edo furgonetarekin jendea harrapatu zuen". Ohartarazi zuten, hala, indarkeria horrek "bizitzaren kontrako ondorioak" sor ditzakeela biktimengan, eta horrek erakusten duela ertzainei "ez zitzaizkiela axola haien ekintzek izan zitzaketen ondorioak".
Hori gutxi balitz, eta egun horretako bideoetan ikus daitekeenez, ertzainek hainbatetan kargatu zuten falangistekin batera antifaxisten aurka; "ez liskarra eragozteko, ez herritarren segurtasuna babesteko, baizik eta ahalik eta kalte handiena eragiteko".
Gutxienez 30 zauritu
Prentsaurrekoan honela laburbildu zituzten igandeko biolentzia polizialaren ondorioak: "Hezur-haustura ugari; barailaren haustura bat, larrialdiko esku-hartzearekin; hortz-abultsioa; begietako traumatismo larria; ekimosi anitzak, eta hainbat lakatze". Jakinarazi zuten 30 bat zaurituk behar izan zutela arreta medikoa, "eta askok ezin izan zutela jaso beldurragatik, ospitalera laguntza horren bila zihoazen pertsonak atxilotzen eta identifikatzen ari zirelako".
Exijentziak
Urriaren 12an gertatutakoaren aurrean, ezinbestekotzat jo zuten "isilik ez geratzea", eta hiru neurri exijitu zituzten: egun horretan atxilotutakoen aurkako kausa judiziala artxibatzea; "Ertzaintzan barne-ikerketak abiaraztea, gehiegizko arduragabekeriak eta indarkeriak ondorioak izan ditzaten eta eragindako kalteak zigorrik gabe gera ez daitezen"; eta "faxismoarekin zein beste diskurtso baztertzaileekin konplizitate instituzionala etetea".