Itsasoa akituta dago baina biziberritu nahi du Andaluziako Conil de la Fronteran bezala Ingalaterrako Lyme Bayen

  • Andaluzian Conil de la Fronterako kostaldearen 65.000 hektarea uretan arrantza mugatu nahian ari dira arrantzaleak eta ekologistak, arrainik eta urpeko landarerik gabe geratzen ari den itsasoa berpizteko baina kontra dauzkate aisialdiko arrantzan aritzen diren yate eta ontzi txikien jabeak. Plana aurrera aterako balitz, Conilen errepika daiteke Ingalaterrako Lyme Bayen erakutsitakoa: ahitzeraino hustutako itsasoak aukera txiki bat aski duela bere bizi nahia erakusteko.


2021eko maiatzaren 07an
Lyme Bay badian izurdea jauzika Lyme Bayen neguan arrantzan eta udan turistei itsasoa erakusten jarduten duen arrantzontziaren aurrean. (Argazkia: Nick's Mackerel Fishing)
Lyme Bay badian izurdea jauzika Lyme Bayen neguan arrantzan eta udan turistei itsasoa erakusten jarduten duen arrantzontziaren aurrean. (Argazkia: Nick's Mackerel Fishing)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ehundik gora autoz osatutako karabanak kolapsatu zuen Cadiz hiriko erdigunea martxoaren 21ean, Espainiako Gobernuak inguruan ezarri nahi duen Mar de Gades itsas erreserbaren kontrako protestan. Aisialdirako beren yate, kanoa eta txalupetatik arrantzan jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen zuten. Agi denean, flota industrialak ia desagertzeraino urritutako arrainei orain arerio berriok atera zaizkie.

Gades da erromatarrek gaur Cadiz denari ipinitako izena; aurretik feniziarrek Gadir deitua zuten. Eta Mar de Gades bataiatu dute urte luzez ekologistek eta arrantza artisanala egiten duten profesionalek, funtsean Conil de la Fronterako kofradian biltzen direnek, landutako erreserba proiektua: 35 kilometroko kosta Cadiz hiriburutik gertu Sancti Petritik hasita Trafalgarreko puntara arte, Espainiari dagozkion 12 milia zabal hartuta, 65.000 hektarea itsaso, non arrantza zorrotz arautua geratuko den.  Barruko hiru eremu zehatzetan arrantza erabat debekatuta edukiko du.

Bapore artisanalak Conil de la Fronterako kaian. (Argazkia: CEO Birdlife)

Conilgo portuak 54 bapore profesional dauzka, 200 lanpostu ingururekin. Arrantzale txikiok ordezkatzen dituen kofradia 20o9an hasi zen lantzen erreserba asmoa, AEBetan eta Europan diren ereduetatik abiatuta. Ecologistas en Acción (Ekologistak Martxan, Hego Euskal Herrian) mugimenduak lagundu zien zehazten bai erreserbaren mugak eta bai hura kudeatzeko proposamenak. Asmoak, ordea, ez zuen aurrera egiten  Espainiako Administrazioaren bulegoetan eta beharrezkoa izan zen Munduko Naturaren Funtsa (WWF ingelesezko sigletan) gobernuz kanpoko erakunde indartsuak esku hartzea politikari eta burokratek atera irekitzeko. Azkenean, joan den otsailean Madrilgo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioak sarbidea eman dio proiektuari eta interesa dutenek alegazioak egin ditzaten epea zabaldu.

Orduan mobilizatu dira aipatu aisialdiko arrantzale amateurrak, oso ugariak inguru hiper-turistifikatu honetan: Sancti Petri, Chiclana, Barbate, Conil… denbora-pasazko 1.670 ontzi, handi eta txiki. Erreserbaren kontrako elkartean 4.000 lagun daude, 20.000 sinadura bildu dituzte. Ez da jakin arrantza industrialean ari diren bapore handiek ezer esan dutenik, hauek ziurrena okupatuta daudelako Mediterraneoko beste arrantzagune aberatsagoetan Europar Batasunak aipatzen dituen babes neurriak borrokatzen.

Mar de Gades erreserbaren sustatzaileek uste dute arrantzarik gabeko eremu babestuek ahalbideratuko dutela berriro ugaltzea azken hamarkadetan urritutako arrainak eta hemendik inguru osora hedatuko dela oparotasuna. Arrain, itsaski eta moluskuez gain, itsas hondoko landare eta koralak suntsitzetik salbatu eta berriz indartzea ere espero dute, tartean Astroides calycularis koral laranja-kolorea. Horretarako, 65.000 hektarea horietatik urrundu nahi dituzte arrasteko bapore handiak baina zorrotz kontrolatu beharko dute aisialdiaren aitzakian egiten den arrantza ere, urpekari furtiboena barne.

Turismoaren industriak eta denbora-pasako sasi-arrantzaleen presioari eusteko gai izango dote da Madrilgo ministerioa? Honek Mar de Gadesen sustatzaileei aurreratu die erreserbaren aldeko babes gehiago bildu beharko dituztela: “Itsas erreserbak kontsentsuz erabakitzen dira”. Ez da seinarelik onena.

Arrantzalea Lyme Bayko uretatik ateratako nasa aztertzen. (Argazkia: Blue Marine Foundation)

Biodibertsitatearen inguruko albisteen artean oihartzun txikia eduki ohi dute planetako itsasoen bizi gabetzeari buruzkoek. Balea eta gainerako ugaztunak batetik, arrainak bestetik, izugarri urritu dira kopuruz eta beste hainbeste txikiagotu tamainaz. Gizakiak –tartean balea espezie bat suntsiketara kondenatu genuen euskaldunok– aspalditik burututako ehiza eta arrantzaren ondorioak dira, Callum Robertsek The Unnatural History of the Sea liburu mardulean azaldu dituenak eta beste hainbat liburu eta filmetan erakutsiak..

Hondamendiaren pena kontsolatzeko balio dezake, baina baita borrokatzeko behar den itxaropenari eusteko ere, jabetzeak nola babes-lekuetan erakusten duen itsasoak bere biziberritzeko irrika eta indarra. Esate baterako Ingalaterrako Lyme Baykoa itsas parkean.

Ingalaterrako hego-mendebaldean, Plymouth inguruan, Jurassic Coast izenez ere ezagutzen dute Lyme Bay inguruko itsas-hegia, paleontologoek hor aurkitu dituzten arrasto bereziengatik. Biodibertsitate oso handiko gunea da, arrainez oso aberatsaz gain bere hondoan espezie oso bereziak dauzkana, landareak bezala koralak. Ekologistek 1990ko hamarkadan indartu zituzten inguru hori babesteko kanpainak.

Betidanik fama eduki dute Lyme Bayko maskorrek, tartean bieira edo erromes-maskorrek. Hauek itsas hondoa hondeatzen duten karramarroz –errestan eramandako salabardo metalikoz– biltzen dira, baina 1980 ingurua arte bertako arrantzaleek erabilitako ekipoek hondarra  baizik arakatzeko indarrik ez zuten. Bieirak urritu eta teknologia aurreratu, 1990ko hamarkadarako badiako hondoa ez koral eta ez landare uzten ari ziren, ekologistek urpean hartutako irudiek erakutsi zutenez. 2005.erako, gainera, Ingalaterrako beste portuetako bapore handiak ere etorriak ziren bieiratara, Lyme Bayko hondoak are gehiago hondeatzera.

2008an, egoeraren larria ikusita, azkenean Londresko Gobernuak Lyme Bay area babestu deklaratu zuen, draga eta bestelako karramarro bidezko hondeatzeak debekatuz 16.000 hektareatan; gaur 23.000 hektarea dauzka zorrotz araututa. Baina errazagoa denez jarduera bat debekatzea haren ordezko kudeaketa antolatzea baino, tirabiraz betetako bidea egin behar izan dute Lyme Bayen inplikatutako jendeak, gaur daukan orekara iritsi arte.

Gobernuaz eta lekuko agintariez gain, Lyme Bayko Arrantza eta Kontserbazio erreserbaren martxa berria antolatzeko prozesuan hartu dute batetik Blue Marine Foundation erakunde ekologistak eta bestetik bertako arrantzale eta ofizialeek. Egindako bidea eta itsas hegi horren gaurko egoera erakusten du Lyme Bay: berreskurapena arteko bidea dokumentala. Bertan mintzo diren zientzialariek aitortzen dute erreserba abian jarri ondorengo urteetan oso ezkor zirela emaitzez, hilabeteak etorri eta hilabeteak joan itsas hondoak basamortu itxurako harritza jarraitzen zuelako, baina laugarren urtetik aurrera hasi zela aldaketa gauzatzen mirari baten gisa, landare eta koral berriak erne eta ugarituz estreina, ur horietan maskor, itsaski eta arrainak ugarituz gero eta azkenerako erreserbatik inguruko uretara bizi berria irradiatuz.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Ugatza Azazetan: kontserbazioa edo txikizioa?

Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]


2025-05-07 | Elhuyar
Biodibertsitate iluna neurtuta, giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela ikusi dute

Giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna neurtu dute: leku jakin batean bizi daitezkeen baina bizi ez diren espezieen... [+]


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola

Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Eredu inspiratzaileak martxan jartzera animatu ditu Antzuolako ikasleak Fenando Valladares biologoak

Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]


Galeperra ez da galzorian deklaratuko eta bere ehizak baimenduta jarraituko du

2022an galeperra galzorian izendatzea proposatu zuen Espainiako Zientzialarien Batzordeak, bere ehiza debekatzea ekarriko lukeena. Espainiako Gobernuak orain erabaki du ez ematea babes hori espezieari, eta ehiztarien lobbyak eskainitako informazioa erabili du horretarako.


2025-02-02 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Martxan da Errobiko hezegunea “Natur Erreserba Nazional” gisa izendatzeko proiektua

Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


Lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak 2024an

Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.


92 hildako gutxienez
Zergatik lehertu da zerua orain Valentzian?

Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Korrika egiten duen hegalaria

Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.


Eguneraketa berriak daude