Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie Antzuolako haurrei. “Aprobetxatu naturarekin hemen duzuen harremana; naturarekin harreman ona izateak osasuntsu eta zoriontsu egiten gaitu”.
Antzuolara hitzaldi bat ematera joan behar zuela-eta (elkarrizketa egin dio ARGIAn Urko Apaolazak), Valladaresek berak egin zuen galdera: eta herriko eskolara haurrekin solastatzera gerturatzen banaiz? Ez alferrik, belaunaldi berrienen artean bioaniztasunaren eta klima aldaketaren inguruko dibulgatzaile porrokatua da zientzialaria. Bi saio izan ditu Antzuolako herri ikastetxean: bata Lehen Hezkuntzako 5. mailako 21 ikasleekin, bioaniztasunaz (10-11 urte inguruko haurrekin), bestea Lehen Hezkuntzako 6. mailako 26 ikasleekin, klima aldaketaz (11-12 urte ingurukoekin).
“Ekosistema da makina handi bat eta espezieak dira makina horretako piezak; torlojuak eta enparauak kendu eta kendu bagabiltza, azkenerako makinak ezin du aurrera egin, izorratu egiten da; berdin ekosistemarekin, espezie bakoitzak gainera bere funtzioa baitu”. Halaxe mintzatu zaie lehenengo saioko haurrei. Erleen adibidea jarri du, eta espezieen galeraz aritu dira. “Historian, espezieak agertu eta desagertu egiten dira, naturala da, arazoa da gizakia dena endredatzen hasi dela, aurrez inoiz bizi gabeko mailatan endredatzen, eta desagerrarazten ari dela agertzen direnak baino espezie gehiago”.
Espezieen bost suntsipen handi izan dira historian, horiez aritu dira, bereziki dinosauroez, haurrek galdera eta iruzkin mordoa zituztelako, eta azkenerako, Valladaresen eskema guztiak apurtu eta galdera batetik bestera eta hari-mutur batetik bestera elkarrekin solasean aritu dira, biologoak prestatuta zuen aurkezpenetik urrun: 2032an Lurra jotzeko arriskua duen meteoritoaz aritu dira, zooetan dauden animaliez, Lucy australopithecusaz, hainbat auzotan jarri diren katu-kolonien arriskuez –katuek txoritxoak, sugandilak eta inguruko bioaniztasuna ehizatzen eta akabatzen dute “eta ez dugu hainbeste katu beharrik, utzi bakean katuak, eurak ere ez dira kolonia-zaleak, autonomoak dira”–, desagertutako animaliak fosiletako DNA arrastoetatik berreskuratzeaz, ikusmenaren alde eboluzioan gizakiok usaimenean izan genuen galeraz…
"Ekosistema da makina handi bat eta espezieak dira makina horretako piezak; torlojuak kendu eta kendu bagabiltza, azkenerako makina izorratu egiten da; berdin ekosistemarekin"
Gustura asko aritu da Valladares umeekin, haien jakin-minari segika, baina mezu garbi batzuk ere eman nahi izan ditu: espezieen seigarren suntsipen handia bizitzen ari gara uneotan, kalkulatzen dute desagertzeko arriskuan direla milioi bat landare eta animalia espezie –bioaniztasun osoaren %11,5 inguru–, “eta lehenengo aldiz historian, espezie bakar batek eragin du suntsipen hori: gizakiok. Ez da gaiztoak garelako, tontoak garelako baizik”. Naturarekin dugun harremana zaindu behar dugula transmititu die ikasleei, Antzuolan zorteko direla, naturaz inguratuta daudelako, baina munduko biztanleen %70 hirietan bizi dela, naturarekin apenas harremanik izan gabe, eta haurrak harrituta utzi dituen anekdota kontatu die: behin solasaldi batera joan zen eta bertako umeak tximeleten beldur ziren, ez zituztelako inoiz ikusi. “Aprobetxatu naturarekin duzuen harremana; naturarekin harremanik ez duenak ez du ezagutzen, eta ezagutzen ez duzun horri ez diozu baliorik ematen, ez duzu zaintzen”. Eta jakina denez, naturaren eta eremu berdeen onurak asko dira, gizakion eta planetaren osasunerako, besteak beste.
“Galdera onak dira konponbiderako bidea”
Bigarren saioan, borobilean eserita zeuden ikasle helduxeagoei mezu bera eman die biologoak: aldaketa klimatikoak ziklikoak izan dira historian, baina osagai berria du azken honek: gizakiok gara eragile nagusietako bat. Lurra planeta berotegi erraldoi bihurtzen ari diren gasez hitz egin die Valladaresek ikasleei, eta klima aldaketak dituen arriskuez. Tenperatura gradu bat igotzeak, adibidez, esan nahi du atmosferan hezetasuna %7 handitzea, eta beraz, euri langarraren ordez euri-jasak nagusitzea. Espazioko zaborra, gizakion eraginez planetaren ardatza mugitzera iritsi izana, itsas-mailaren gorakada (“ura, berotzen denean, dilatatu egiten delako eta gehiago okupatzen duelako”) eta itsaso eta ibaiek gainezka egiteko arrazoiak izan dituzte hizpide, besteak beste.
“Gizakiak gara eta klima jakin bat behar dugu, bestela ur falta, gosea, gerrak… orokortuko dira, baina ahazten zaigu gizakiak garela”. Eta helduei errieta egin beharko lieketela esan die gazteei: etorkizuneko belaunaldien baliabideak erabiltzen eta agortzen ari gara. Planeta bat dugu eta egungo erritmoan bi planeta eta erdi bagenitu bezala jokatzen dugu, planetak ekoizten duena baino azkarrago ari gara kontsumitzen: “Ezinezkoa da hori mantentzea; frenatzea dagokigu, gutxiago kontsumitzea, eta ez da zerbait txarra, ez da sekulako sufrimendua, jokoaren arauetan sartzea baizik. Saskibaloian ezin diozu baloiari hankarekin eman, honetan berdin: planetak funtzionatzeko duen modura egokitu behar dugu, erokeriak egiteari utzi, besterik ez”.
"Entzun ohi da ezer gutxi eragin dezakegula, baina ongi egiten dena eredu ere bada, besteek martxan jarri ditzaketen adibide eta ereduak dira, eta horrek efektu biderkatzailea du"
Argi du biologoak: “Soluzioaren parte izan behar dugu, eta zenbat eta gehiago izan, eraginkorragoak izango gara”. Lantzen al duzue aldaketa klimatikoa eskolan? galdetu dio irakasleari, eta honek esan dio batez ere egunerokoari lotuta jorratzen dutela: birziklapena, baratzea, argi eta gasaren erabilera, neurriko kontsumoa… kontzientziazio eta sentsibilizaziotik. Ura aurrezteko ikastetxean egin duten proiektu arrakastatsua azaldu du, esaterako.
Horren balioa nabarmendu du biologoak: “Entzun ohi da norberak bere aletxoa jartzen duela, ezer gutxi eragin dezakegula, baina ongi egiten dena adibide eta eredu ere bada, beste eskola edota herri batzuetan ikusi eta martxan jarri ditzaketen adibide eta ereduak dira, eta horrek efektu biderkatzailea du; ederra da funtzionatzen eta inspiratzen duten ereduak martxan jartzea, komunitatean, zeren nor bere kasa ez da eraginkorra, komunitateak du indarra”. Greta Thunberg-ez mintzatu zaie –ezagutzen al duten galdetuta, inork ez du jakin esaten nor den–, klima larrialdiaz ohartarazteko bere borrokaz, gazteen artean bihurturiko fenomenoaz, Fridays For Future olatuaz.
Galdera zaparrada amaieran etorri da, eta gogoz gelditu dira ikasleak, denborak agindu baitu bukatzeko ordua dela. Joan aurretik, Valladaresek azken mezu bat utzi die ikasleei: “Galdera onak dira konponbiderako bidea, pentsarazten duten galderak; jakintzaren oinarria da galdetzea”.
Orain da unea eta ez dugu denbora askorik. Baina, zer egin? Nondik hasi? Nora jo? Badugu gaitasun teknikoa, bide-orri argi bat falta zaigu, adostasun zabal bat. Oinak lurrean eta lokatzari aurre egiteko prest, berandu baino lehen ekin beharreko bideaz aritu gara Marta... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Azken urteotako uda bukaera guzietan bezala, Ipar hemisferioko suteen kalteak zenbatzen ari gara, eta zenbakiak ikusi arren, oraino zaila zaigu arazoaren munta eta horri loturiko arriskuaren ezaugarriak ulertzea. Halere premiazkoa da, horren arabera lurraldeak prestatu beharko... [+]
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta makineria pisutsuarekin bertako instalakuntza eta azpiegiturak suntsitu zituen... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen bilduma erraldoiaren miaketa azkarra egin eta urteroko uztaldi nagusiaren dasta bitxienetakoa... [+]
Iruñeko Hirugarren Zigor Auzitegiak 5.850 eta 9.450 euro arteko zigorrak ezarri dizkie Baztango Aroztegiko zazpi auzipetuei, derrigortze edo bortxa delituagatik. Baztertu egin du, ordea, talde kriminala osatzen zutela.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen... [+]
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-
Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez da aldaketarik egon alde bakoitzak egindako eskaeretan.
Vichamako (Peru) aztarnategian, arkeologoek 3.800 urte inguruko estatuatxo berezi bat aurkitu berri dute. Caral zibilizazioaren azken arokoa da, eta bi apo irudikatzen ditu.
Aztarnategi bereko hainbat hormairuditan gosetea, lehortea eta, finean, ingurumen krisiari lotutako... [+]