24 orduko guardiak egiten dituen erizain prekarioaren nekadura ulergarria da, noski. Hoteletako gelak bata bestearen atzetik garbitzen dituen kelly esplotatuaren akidura ere bai, nola ez. Egun erdiz pedalei eragitera behartuta dagoen rider autonomoaren unadura eztabaidaezina da, bistan da. Baina eta zer gertatzen da egun osoa eserita eman, adibidez ordenagailu aurrean, bulego batean, egunaren atzetik eguna, eta ohera lehertuta joan, baiki, baina ohetik altxa ere pott eginda, gogorik gabe, ezertarako gauza ez izanik bizi denarekin? Nekatzeko ezer egin ez, ustez, eta nekatuta? Chantal Akermanen narrazioko emakumeak dio: “Akitutako pertsona bat naiz”, eta ez da erizain, ez kelly, ez rider ere. Bizitzaz nekatuta dagoen beste pertsona bat gehiago da, besterik ez.
Nekea betidanik egon da gure artean, ados, gizakiaren muinean dagoen zera bat da. Hain zuzen, gizakiaren mugetarik bat litzateke, den bezala gaixotasuna, zahardadea, heriotza. Baina nekearen pertzepzioa ez da izan garai guztietan berdina. Berriki arte nekea lotzen bazen lan fisikoarekin, azken garaiotan neurrigabe ugaritu da bestelako neke bat, isilagoa, ikusezinagoa. Lanetik etxera zabaldu da, aisialditik eguneroko jokabideetara, gure ahultasun, zaurgarritasunak agerian utziz. Munduan egoteko manera bat bilakatzeraino. Neke ikaragarria da bizi dugun garaiaren ezaugarria. Gabeziak, oztopoak, porrotak, inoiz ez dugu gaur bezainbeste motibo izan nekaturik egoteko. Georges Vigarello: gizajendearen autonomiak gora egin duen neurri berean egin du gora nekeak, aukeratu ahal izateak, edo aukeratu ahal izatearen ametsak, ahitzen gaitu; pixka bat beste Georges baten, Perec, Gauzak eleberriko bikoteari gertatzen zaiona, bizi nahiko luketenaren eta bizi duten egunerokoaren arteko kontraesanak abailtzen dituela. Norbera izateak nekatzen gaitu. Esan dezagun argi: nekez soportatzen dugu geure burua. Horrekin bizitzen ikasi behar dugu, ordea. Gure mugekin negoziatzen. Labur, nekea onartzen.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.