Bidasoaren azpietan alderrai

  • Iragan hurbileko zenbait pasarteren berrikusketa zorrotza egiten du Eneko Aizpuruak Bidasoan gora (Elkar, 2020) saiakera literarioan. Dokumentazio lana ibiltariaren begiradarekin josita, Txingudiko paduratik Xorroxingo iturrirainoko ibilbidean ikusi eta ikasitakoak kontatzen ditu, atzeko planoan beti Bidasoa delarik –desberdinen topaleku batzuetan, tragediaren metafora bestetan—. Irungo poxpolo fabrikako emakumeak, Mikel Zabalzaren muntaia poliziala, Eduardo Lopez Morenoren hilketa, Lakoizketako eroa, portugesen trafikoa, eta bidean galdu direnen beste zenbait istorio biziberritu nahi izan ditugu ibilbidearen zati bat berreginez.

(Argazkia: Dani Blanco)
(Argazkia: Dani Blanco)

Literaturtasuna dario Endarlatsako bidegurutzeari, Eneko Aizpuruaren (Lazkao, 1976) Bidasoan gora saiakeran kontatzen direnak ezagutu behar izan gabe ere. Behobia eta Iruñea lotzen dituen N-121-A errepidea zubi bihurtzen da Lesakaren eta Beraren arteko zati batean, eta zubi nagusiaren azpialdera desbideratzen denak beste zubi bat topatuko du –miliziano errepublikanoek Gerra Zibilean Iruna bidean zihoazen erreketeei bidea galarazteko leherrarazi zutenaren toki berean–. Haren albo batera, Bidasoa ibaiaren parez pare, zentral hidroelektriko abandonatu baten ondoko atsedengunean jarri du hitzordua Aizpuruak. “Badirudi hemen azpian beste denbora batean murgiltzen garela. Iragana hemen dago, geldi, eta aurrerabidea hor doa, ziztu bizian, hainbeste heriotza eragin dituen errepide horretan”. 

Goizeko erreka-lainorik ez baina oraindik gandutu antzera, haitzarte itxiak kutsu tetriko bat eransten dio tokiari –gure hitzordutik hiru bat astera kiskaliko ditu parajeok sute handi batek–. “Pio Barojak esana dauka mendiarte honetan badela zerbait zitala, beldurgarria”, dio Aizpuruak. Haren hitzetan ez da zenbait aipu-zaleren erudizio merkerik; irakurle finaren datuak josten ditu ibiltari ernearen behaketekin, nola liburuan hala elkarrizketan ere. “V.S. Naipauli irakurri nion toki batek ez duela zinezko bereizgarririk, harik eta idazleren batek liburu batean kokatzen duen arte”. Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso-ko pasarte batez oroitu da, inguru hartan kokatuta dagoena, “ez alferrik”. Iñaki Abaitua idazleak eta Eduardo Ortiz de Zarate etakideak Endarlatsako bidegurutzean aparkatzen dute autoa, ibaia gurutzatu eta mugaz bestaldera ihes egin nahian. Ahalegin horretan hiltzen dituzte. “Nik uste Saizarbitoriak nahita aukeratu zuela eszena hura hemen girotzea. Gipuzkoaren, Nafarroaren eta Lapurdiren arteko muga izanik, sinbolikoa delako, eta gainera, hemen tragedia usaintzen delako”. Zubiaz bestaldera seinalatu du: han datza Santa Kruz apaizak aginduta fusilatutako 42 karabineroen omenezko oroitarria.

Metro batzuk atzerago dago Txapitelako harria, eta, bertan sartuta, mugako lehen mugarria –handik hasten da gaurko ibilbidea–. XIX. mendekoa da Frantziak eta Espainiak mugak zehazteko izenpetutako tratatua. Han zehazten da: Txapitelako harritik itsasaldera Bidasoa ibaiak markatzen du muga naturala, eta Txapitelako harritik barrualdera mugarriek. “Bidasoa elkargune izan da beti, alde batekoek zein bestekoek merkataritzarako erabili duten baliabide naturala. Hitzarmen horrek elkargunea bereizteko erabiltzen du, aurrena muga ‘natural’ bihurtuz, eta gero, muga politiko”.

Argazkia: Dani Blanco
Zalantzarako eskubidea

Pauso mantsoz egin dugu aurrera, lurrera adi, putzuak ahal bezala saihestuz. Oinezkoaren erritmoa eta perspektiba aldarrikatzen ditu Aizpuruak, ideien mundu zurrunaren kontrapuntu modura. “Sarri gure teoriak eraikuntza itxiak izaten dira, eta errealitatearekin talka egiten dute”. Aldiz, ibiltariak bidean ikusten, usaintzen, entzuten dituenek aurreiritziak osatzeko balio diote, aldez aurretik egositako ideiek nekez jaso ohi duten aniztasuna bilduz. Dokumentazio lan handia egin ondotik, 2019ko ekaineko egun batez abiatu zen Txingudiko paduratik, eta sei egunen buruan amaitu zuen ibilbidea Xorroxingo ur-jauzian. Bideko ustekabekoei beso zabalik, ez zuen plangintzarik egin. Ibiltari zorrotza da liburukoa, inguruarekin ez ezik bere kondizioarekin ere kritiko dena: ekobobo, domingero… “flâneur” gehi genezake, oker erabilitako hitz pedanteen zerrendan aspaldi ez balego. Aizpuruaren saiakera literarioak badu horretatik ere, ordea. Oroitu du nola hain gustuko duen W.G. Sebaldek ibiliari garrantzia handia ematen zion. “Literaturak xehetasuna jasotzeko borondatea dauka, eta ibiltzea horri lotua dago. Orain, adibidez, Endarlatsako tunelera iristen ari gara. Bertsio ofizialaren arabera, hona ekarri zuten Mikel Zabalza 1985ean. Hemendik oinez pasatzen zarenean, burua bueltaka hasten zaizu; errepide nagusitik ziztuan pasatzean, ez zara ohartu ere egiten hemen tunel hau dagoenik”.

Garai batean Bidasoako trenaren tunela izandakoa parez pare duela, argi dio Aizpuruak: “Bertsio ofiziala gezurra da. Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatu zuten, poltsa egin zioten eta eskuetatik joan zitzaien. Hura hil ondoren, zozketa egin behar izan zuten erabakitzeko zein Guardia Zibili egokituko zitzaion epaitegien aurrean fardela bere gain hartzeko ardura. Behin gorpua hona ekarrita, muntaia prestatzen hasi ziren: tunel honen inguruan zegoen zulo bat ikuskatzera ekarri zutela, eta, halako batean, tunelaren erdialdeko irekigunetik ibaira jauzi eginda ihes egin ziela. Eskuburdinak jarrita zituen. Nola arraio egin behar zien ihes? Ez dauka ez hanka ez buru. Harrigarriena da oraindik Espainiak ez duela gertatutakoa aitortu. Bertsio ofizialak dio Bidasoa ibaian itota hil zela. Senitartekoak etsita daude, kasua irekitzen saiatu ziren orain gutxi, eta atzera bota zieten ostera. Behin eta berriz hormaren kontra jotzea bezala da”. Aizpuruak oraindik ez daki, baina aste gutxiren barruan zabalduko da bi Guardia Zibilen arteko elkarrizketa biltzen duen audio bat, bere tesia frogatzen duena.

"Literaturak xehetasuna jasotzeko borondatea dauka, eta ibiltzea horri lotua dago”

Zabalzaren gorpua agertu eta handik hamar urtera, Endarlatsako tuneletik metro gutxitara dagoen Guardia Zibilaren kuartel abandonatuan hil zuten Eduardo Lopez Moreno Espainiako polizia. Bidasoan arrantzatzen ari zela, une batez kuartel zaharrera sartzea bururatu zitzaion. Han, zerbait arraroa sumatuta, objektu bat arakatzen hasi zen. Eskuetan egin zion eztanda. Hiru hilabete lehenago ETAk jarritako lehergailu bat zen. Lehertu ez zela ohartaraziz abisua emana zeukaten, baina artezilariek ez zuten deus topatu, eta horretan gelditu zen kontua. Aizpuruak oroitzen du nola eztandaren egun berean izan zen Jose Maria Aznarren aurkako atentatua ere. “Fakultatean nintzen ni, eta gogoan dut Tele 5ko albistegi osoa eskaini ziotela Aznarri. Azken hamar segundoetan aipatu zuten Lopez Morenoren hilketa. Garai hartan ez nion erreparatu ere egin; beste polizia bat hil dute, eta kito”. Liburua prestatzen ari zela semearekin jarri zen harremanetan, eta haren ahotik daki atentatuaz geroztik bizi izan zutena. Beratik Andaluziara joan behar izan zuten bizitzera, amaren herrira. Semea arrotz sentitzen zen han, ordea. “’Ni Berakoa nintzen’, esaten zidan hark. Adarra jotzen zioten, ze hizkera arraroa zeukan esanez... Hori literarioki oso potentea da”. Hamabost urteren buruan itzuli zen berriro Berara. “Lasai asko segi nezakeen bidean aurrera, beste aldera begiratuz, baina aniztasun hori jaso nahi nuen liburuan”.

Zalantza ereitearekin lotzen du idazketa Aizpuruak, eta zalantzarako eskubidea defendatzen du gatazkarekin lotutako auzi askotan ere. “Badirudi askok badakitela nondik gatozen eta nora goazen, zer egin behar zen lehen eta zer orain. Bide egokia seinalatzen dabiltza beti”. Aldiz, “bidean galdutakoen bila” aritu da bera. “Makina bat izan ziren alde batekoen eskaera askorekin eta beste aldekoen argudio askorekin ados zeudenak, baina zurrunbiloak irentsi zituen. ‘Nirekin edo nire kontra’ paradigma nagusitzen denean, kontakizun eta bizipen asko bidean gelditzen dira”. Oroitzen du gatazkaren une gori batean –ETAk Jose Maria Aldaya enpresaria bahituta zeukan garaian– Donostiako Artzain Onaren parean ikusitako irudia: errepidearen alde batean hura askatzearen aldeko kontzentrazioa, eta beste aldean kontra-kontzentrazioa. Bien artean, zebra-bidea, eta handik pasatzen andre zahar bat, janari-orgari tiraka, begirada lurrean itsatsirik. “Zer pentsatuko ote zuen emakume hark gertatzen ari zenaz?”.

Arkadia galduaren arriskuak

Atzera Endarlatsako bidegurutzera itzuli, autoan sartu eta Legasarantz abiatu gara, ibaiaren ibiliari jarraituz. Bidean, ezker-eskuin zabaltzen zaizkigu larre berdeak, muino txikiak, eta nostalgikoentzat tentagarri diren klase guztietako paisaia bukolikoak. Aizpuruari, aldiz, iruditzen zaio ez dagoela ibai bati begira egotea bezalakorik malenkonia sendatzeko. Paisaiaren mitifikazioak erne jartzen du. “Faxista austriarrek ere iragan loriatsu bat asmatu zuten, eta paisaia mitikora jo zuten ideia politiko oso arriskutsuak funtsatzeko. Euskal paisaia zoragarri hori, berde bukoliko hori, gezurra da. Kontuz nostalgiarekin eta iragana mitifikatzearekin; horrek ekartzen ditu egungo amesgaiztoak”. Halakoak irakurketa erabat interesatuak iruditzen zaizkio, iraganak, arakatu nahi duenarentzat, irudi asko dituelako larre berdeetatik harago. Irungo Junkaleko Andre Mariaren poxpolo fabrika, adibidez. XIX. mende amaieran juduen diruarekin sortua, 600 emakumek baino gehiagok egiten zuen lan, oso baldintza gogorretan: fosforoak hortzak eta hortzoiak jaten zizkieten. Bataz beste 23 urtekoak, ezkongabeak eta sindikatuetan elkartuak. Bat eginda zeuden Britainia Handian beren gisako lanetan zebiltzanekin, eta borroka gogorren ondoren lortu zuten baldintzak hobetzea. “Guri, aldiz, emakume baserritar familia-zaintzailearen kontakizuna iritsi zaigu, euskal Arkadia mitikoarena. Nik ez daukat baserriaren kontra ezer –liburuan baserriak eta errotak jasotzen dira–, baina askotan ideia atzerakoiak saltzen dizkigute baserriaren izenean”.

Matxain (ezkerrean) eta Aizpurua (Eskuinean) Kontxi Bergararekin, Lakoizketak 1888an idatzitako sendabelarren hiztegia eskuetan. (Argazkia: Dani Blanco)

Legasa begi bistan, abiada mantsotu eta eskuinera jiratu dugu, Jose Maria Lakoizketa zenaren etxerantz. Aizpuruaren irudiko, Lakoizketak ezin hobeto gorpuzten du bidean galdutako jendea. ‘Lakoizketako eroa’ deitzen zioten herritarrek, uneoro ikusten zutelako, saskia aldean, mendi-belarrak biltzen. Frantziako Botanika Elkarteko kide egin zuten 1877an, bi liburu idatzi zituen, eta 2.500 belar biltzen zituen herbarioa osatu zuen. Etxe inguruan ezezagunak zer suma antzeman orduko atarira azaldu da emakume bat. Besteren artean Lakoizketa aipagai den erreportaje baterako hormako plakari argazki bat atera nahi diogula esplikatutakoan, ziztuan desagertu da barrura, eta liburuxka batekin itzuli da laster. “Tori, zuretzako”, luzatu dio Aizpuruari. Lakoizketak 1888an idatzitako Diccionario de los nombres euskaros de las plantas medicinales-en (Sendabelarren euskarazko izenen hiztegia) ale originala da, sendabelarren izenak biltzen dituena gaztelaniaz, frantsesez, latinez eta euskaraz. Orriak arratoien horzkadaz josirik daude. Bere burua aurkeztu digu: Kontxi Bergara, Etxalarkoa jaiotzez, Narbartera ezkondua. Zokoratuaren arrenkura dario Lakoizketari buruz hitz egitean, baina baita inork ahaztuari arreta jarri izanaren ilusioa ere. Azaldu dizkigu herbarioarekin igarotako kalbarioak: Lekarozko fraileen kolegioan zeukaten, eta haiek Iruñera joandakoan, Bertizko Jaurerrian uztea proposatu zuten familiakoek. Alkateak ezezkoa eman zien, ordea. Etxeko ukuiluan gorde behar izan zuten osorik, egunkari paperetan bilduta, harik eta Eduardo Gil Bera senitarteko eta idazlearen bidez Gasteizko Natur Zientzien Museora eramatea lortu zuten arte. “Europako bigarren herbarioa da, eta pentsa nola ibili garen”.

Portugesen drama ahantzia

Legasako zubia igaro, ezkerretara hartu eta bertan da Katxaine baserria, Blas Andresenaren jaiotetxea. 1962tik 1965era portugesak mugaz bestalde pasatzen ibilitakoa da hura, eta hark kontatu zizkionak biltzen ditu Aizpuruak liburuan. Espainian frankistek agintzen zuten bitartean Portugalgo panorama ez zen hobea: Salazarren diktaduraz gain, gerra kolonialak zituzten Angolan eta Mozambiken, eta asko gerrara joatera derrigortzen zituzten. Gainera, krisi ekonomiko gogorrean sartuta zegoen herrialdea. Egoera hartan, migrazio uholde handi batek zeharkatu zuen Espainia Frantziara joateko –han lan indar premia zegoenez–. Klandestinoki egiten zuten bidaia, kamionetetan sartuta Iruñeraino, eta handik, bide desberdinak hartuta, mugaldera. Andresenak bide horietako batean jarduten zuen mugalari gisara. Aizpuruari kontatu zionez, maiatzetik azarora bitarte aritzen ziren egunero berrehundik gora portuges pasatzen. Iruñea ingurutik San Blasko bentaraino ekartzen zituzten lehendabizi, handik Legasara, eta Katxaine paretik ilaran pasa ahala ogitarteko bat ematen zieten, segidan zubia igaro eta mendiz mendi, Baztan aldera joateko. Era horretara sortu zen portugesen xenda, deus ez zen tokitik ibiltzearen ibiltzez egindako bidea.

Pierre Aprendiztegi mugalaria elkarrizketatu zuen libururako Aizpuruak, eta hark kontatu zion nola aurkitu zituen hamar bat portugesen gorpuak bere baserritik gertu. Guztira zenbat hil ote ziren galdetuta, “hori Bidasoa ibaiak besterik ez daki” erantzun zion.

Migratzaileek etxetik irteterako argazki bat bitan zatitzen zutela azaldu du Aizpuruak, erdia bertan uzteko eta beste erdia aldean eramateko. Frantziara iristea lortuz gero, beren erdia postaz bidaltzen zuten etxera, eta familiak orduan ordaintzen zien azken zatia kontrabandistei. Asko izan ziren, ordea, bidean galduak. Andresenaz gain, Pierre Aprendiztegi mugalaria elkarrizketatu zuen libururako Aizpuruak, eta hark kontatu zion nola aurkitu zituen hamar bat portugesen gorpuak bere baserritik gertu. Guztira zenbat hil ote ziren galdetuta, “hori Bidasoa ibaiak besterik ez daki” erantzun zion. Hemerotekan aztarrika topatu ditu datu gehiago: Diario Vascoren berri batek dio 1972an bakarrik 182 portuges hil zirela Bidasoa zeharkatzen. Rosa Arburuak –auziari buruzko ikerketa lan bakarraren egileak– auzitan jartzen du datu hori, puztua egon daitekeela iradokiz. Edonola ere, tragedia haren lekukotza eman dezakeen belaunaldiak ez du asko iraungo, eta oharkabean igaroko ote den kezka du Aizpuruak: “Egun oso kontuan hartzen dugu zer gertatzen den Afrikatik Iruna datozenekin, hedabideek kontatzen digute zer gertatzen den Gibraltarren, eta, aldiz, ez dakigu ezer duela 50 urte eskas hemen gertatutako dramari buruz. Ez genion erreparatu ere egin. Zergatik? Arrotzak zirelako”.

Iturbururik gabeko ibaia
Argazkia: Dani Blanco

Ibilaldia amaitzeko Bertizko Jaurerrira gerturatu gara. Itxita topatu ditugu hogei kilometro karratu pasatxoko parke naturalaren ateak –espezie autoktonoez gain, 120tik gora landare exotiko biltzen ditu–. Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek eman zioten egungo itxura, 1900 eta 1949 urteetan artean. Klase altuko jendea, familiarekin ondarea kudeatu besterik ez zuten egiten. Garai hartarako bikote “oso irekia” zirela kontatzen du Aizpuruak, eta esaterako, sentsibilitate berezia zeukatela animalien eskubideekin, hizkuntzekin edota ingurugiroarekin –inguruko beste zenbait jauntxok ez bezala–. “Toki idiliko bat eraiki nahi izan zuten, baina posible al da hori?”.

Jaurerriaren gainkaldeko Aizkolegi mendian txaleta eraikiarazi zuen Zigak, bere emaztearentzat opari. Behatokia jarri zuen han, izarrei begiratzeko teleskopio eta guzti. Fernandez hil zenean, Ziga bakarrik gelditu zen bere paradisu perfektuan. “Herritarren artean zurrumurrua zebilen: teleskopio hura zerura baino Lapurdiko hondartzetara begira jartzen zuela, emakume biluziak ikusteko”. Ametsetako lorategi haren parez pare dago gaurko ibilaldiko azken geltokia. Askok uste dutenaren kontra, Bidasoa ez da Xorroxingo ur jauzian sortzen –Baztan erreka da hura–, ezpada aurrerago, Bertizko Jaurerriaren ondo-ondoan, Zeberiako urak Baztan errekakoekin elkartzen diren puntuan. Alta, bada xextrarik kontu horretan ere: “Zenbaitek dio Bidasoa Doneztebe inguruan sortzen dela, Baztanek Galbaiaralderen urak hartzen dituenean”. Bata zein beste izan, kontu bat garbi dago: Bidasoak ez dauka iturbururik. Eta Bidasoan gora-ko orrialdeetan ere alferrik ibiliko da bat gertakarien arrazoi gordeen peskizan. Aski izango du liburua ausaz irekitzea ziurgabetasunarekin topo egiteko: “Zenbat eta urrats gehiago bidean, orduan eta urrunago dirudi dena delako ibai edo errekaren sorburuak. Hortaz, ez ote litzateke hobe urratsa moteltzea eta begiak sorburuan jarri ordez, aurrean dagoenari lasai erreparatzea?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude