"Altsasuren karikatura egin nahi izan dute, baina gaizki atera zaie"

  • Duela lau urte “batzuek” erabaki zuten lehen lerro politiko eta mediatikora eramatea, azken hamarkadetan Euskal Herriko leku ugaritan gertatu izan diren liskar horietako bat. Zazpi gazte eta herri oso bat deabru bilakatuta. Zurrunbiloaren erdian harrapatu zuen gazteetako bat da Adur Ramirez de Alda, 21 urterekin espetxeratu zuten. Jukutriaz, amarruaz, espetxeaz, elkartasunaz eta garaipenaz hitz egin dugu berarekin. Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak lau urteko espetxe zigorra jaso eta bi astera. Pablo Hasélen espetxeratzearen biharamunean. Espainiako Guardia Zibilak Egunkaria itxiarazi zuela 18. betetzear zirela. Bertsio ofizialak ez sinesteko gogorarazi digun herrian: Altsasun.

Argazkia: Dani Blanco

Unibertsitateko bi karrera amaitzen ari zara.
Batetik, Magisteritzako azken urtea dut. Presentziala denez, espetxean ezin izan bainuen amaitu. Eta bestetik, espetxean Zuzenbidea ikasten hasi nintzen eta orain azken urtea baino ez zait falta.

Ez esan, zigor bidetik jo nahi duzula?
Bai, penaletik [barreak]. Hau guztia pasa aurretik gustatzen zitzaidan. Oso interesgarria zait.

Epaile izan nahi duzula esaten badidazu…
Ezta pentsatu ere! Abokatu izatea gustatuko litzaidake, baina praktikak egin ostean esango dizut ea iritzia mantentzen dudan.

Zer egoeratan zaudete orain?
Bost kide hirugarren graduan gaude, gaueko 12etan etxean egon behar dugu, kontrol telematikoa jarri digutelako. Julen [Goikoetxea] eta Jonan [Cob] bigarren graduan dira. Astelehenetik ostiralera goizean Zaballako kartzelatik atera eta gauean berriz barrura joan behar izaten dute. Asteburuak giltzapean. Sei hilean behin egiten diete baldintzen errebisioa. Berriki izan dute eta, uste genuenaren kontra, ukatu egin diete gradu aldaketa.

Zure izenean mintzo zara, ezta?
Bai.

Aske sentitzen al zara gertatutakoaz hitz egiteko?
Bai, baina naizen bezalakoa naizelako. Hirugarren graduan egonda beti duzu begi bat gainean.

2016ko urriaren 15a zer da zuretzat?
Buf! Bizitza aldaketaren lehen eguna. Beti eramango dugu gurekin, alde negatibo zein positiboa. Gu, familia eta Altsasu bera aldatu gaitu. Baina, muntaiarekin lotutako guztia kenduta, egun normala izan zen. Feria eguneko ostiral arrunta. Pilota partida, afaria lagunekin…

Ospa mugimenduak aipatu zuen iskanbilaren pizgarri guardia zibilen mehatxuak izan zirela: “Hilko zaitut”, “Begitartean tiro bat sartuko dizut”.
Tabernan borroka bat izan zen eta kito, ez dugu morboa elikatu nahi. Halere, mozkor arteko iskanbilan baino, sorburua aurretik ikusten dut. Guardia zibilen txostenetan benetan pisua zuena ez zen gau hartan gertatutakoa. Haiek Alde Hemendik mugimendua zuten begi tartean. Ospa mugimendua, sektore zehatz batean herrian antolatuta zegoen jendea, eta gazteria orohar, txosten horietan jende asko agertzen zelako. Hori da hasieratik zigortu nahi zutena.

Argazkia: Dani Blanco

Guardia Zibileko tenientearen bikotearen lagunak epaiketan azaldu zuen gau hartan ez zuela erasorik ikusi, txupito edalontzi batzuk jaurti zirela bakarrik.
Bai, eta lesioek ere ez dute bat egiten haien ipuinarekin. Epaiketan kontraesan asko izan zuten. Ez du funtsik. Horregatik jendeak ez du sinestsi eta gailendu da gure bertsioa. Jendeak argi ikusi zuen ziotena ez dela egia eta horrek azaltzen du ondoren jaso dugun elkartasun zabala.

Epaiketan adierazi zenuen Koxkan ez zinela izan. Orduan, zergatik zure kontra jo? Zergatik zuek?
Argi daukat atxilotu nindutela aurretik ezagutzen nindutelako. Guardia Zibilak Sakanako gazte askoren argazkiak zeuzkan, tartean ondoren inputatuta izan ginenonak. Norbaitek esan zien “señalad a este” (“seinala ezazue hau”).

“Ospa mugimendua, herriko sektore zehatz batean antolatutako jendea eta, orohar, gazteria dira hasieratik zigortu nahi zituztenak”

Terrorismoa egotzita, 375 urteko kartzela zigorra eskatu zizuen fiskalak.
Bai, lesio terroristak eta gorroto delitua. Aldarrikapen politiko bat biolentziaren erabilerarekin lotu zuten eta hala, Guardia Zibila Euskal Herrian egotea beharrezkoa dela aldarrikatzeko baliatu zuten.

Maila pertsonalean, ETAren amaieraren garaian, 2011n nik 16 urte nituen. Beraz, ETArekiko lotura organikoaz hitz egiten zutenean, pentsa zertaz ari ziren.

Zigor eredugarri gisa izendatu duzue. Zeren eta zeinetzat eredugarri?
Guardia Zibila ukiezina dela argi uzteko. Bera ezbaian jarriz gero, areago sektore politiko eta herri zehatz batekoa bazara, mezua argia da: ondorioak katastrofikoak izango dira.

Amarrua izan dela salatu duzue, baita gizartearen zati handi batek ere. Baina zeinen montajea?  
Estatuaren oinarri diren zati batzuk dira sortzaileak. Guardia Zibilaren elementu batzuk, terrorismoaren biktimen kolektibo batzuk, indar politiko batzuk –baita Nafarrokoak ere bai, aukera ikusi zutelako orduko Nafarroako Gobernuaren aurka egiteko– eta epailetza bera, salbuespenezko doktrinak indarrean mantentzen dituena. Ahaztu gabe, noski, hedabide batzuek egiten dutena. Jukutriaren igorle nagusiak izan dira.

Altsasu kriminalizatzeko nahia aipatu izan duzue.
Zalantzarik gabe. Estatuaren estrategiaren parte bat izan da Altsasu deabruaren pare aurkeztea. Garaipen nagusia izan da Altsasu izatea gu babestu gaituena, herria, eta ez bakarrik gure gertukoenak. Lehen unetik Altsasuk ez zuen sinetsi saltzen ari zirena. Elkartasuna oso orokorra zela ikustean, Espainiako Estatuak gure kontra egiteaz gain, Altsasu herriari berari zuzendu zion erasoa, babes zabal horren atzean herri “erradikal eta biolentoa” zegoela esanez.  Altsasuren karikatura egin nahi izan dute. Baina gaizki atera zaie.

Epaiketa Iruñean egin izan balitz eta ez Madrilen, zigorra askoz txikiagoa zatekeen?
Auskalo, agian ez.

Bestela esanda, zigorra behar al du gau hartan gertatutakoak?
Kasu honek hartu zuen dimentsio mediatiko eta politikoa izan ez balu, taberna batean izandako borroka epaitua izan behar da? Lesio batzuk tartean izanik, normalean bai. Baina, edonola ere, zigorra ez zen inolaz ere izango ezarri digutenaren tamainakoa. Areago, froga sendorik izan gabe posible izango zen denak libre geratzea. Baina gurekin hori ez da inoiz aukera bat izan.

Argazkia: Dani Blanco

Nolakoak izan dira espetxean bizi izandako 1.325 egunak?
Oso gogorrak. Hasieran Jarraipen Bereziko Presoen Fitxategian (FIES, gaztelaniazko sigletan) izan nintzen eta urte eta erdian hamalau bat aldiz aldatu ninduten moduluz. Hori astakeria da.

Jakina, espetxetik espetxera aldeak handiak dira. Zaballan beste kide guztiekin batera egoteak buruan epe motzean ateratzeko asmoarekin, ez du zerikusirik zigorra jarri ziguten garaiarekin, Madrilgo espetxean bakarrik nengoenean.

“Froga sendorik izan gabe posible izango zen denak libre geratzea, baina gurekin hori ez da inoiz aukera izan”

Zer bizimodu aurkitu duzu ziega artean?
Desesperazioa da hitza. Eta horren ondorioz, droga menpekotasuna, biolentzia, beste kideak salatzea… Amorrua eta ezinegona eragiten ditu espetxeak. Pobrezia ere badago. Kristorena. Denek nahi dute hortik atera. Batzuek espetxearen arauak bere egiten dituzte, murrizketak lortu eta lehenago ateratzeko, eta beste batzuk, zigor oso handiak dituztenak bereziki, desesperatuta daude. Eta berdin zaie dena. Eta dena da dena.

Irakurri dizut zuk beste bat gehiago sentitu zarela, Altsasun bertan militantzia politikoagatik edo beste asmakeria batzuengatik kartzelan izan direnen artean.
Gu ez gara EPPK-ren parte izan, ez gaituztelako gure militantziagatik epaitu. Gatazka politikoaren ondorioekin lotutako preso batzuk izan gara, borroka armatua indarrean zen garaitik kanpo. Gure kasuan militanteak ginenok eta ez zirenak bazeuden ere, ez da gauza isolatua izan, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren parte izan da.

Altsasu izan den moduan izan zitekeen Oñati?
Bai, “Alde Hemendik” aldarrikapena lantzen duen herrietako bat delako. Halere, nik argi dut Nafarroan izateak bazuela pisua, orduan Nafarroako Gobernuaren – Geroa Bai, Euskal Herria Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko akordioak sustatutakoa– aurka egiteko. Horregatik, Oñatin baino, adibidez, Etxarrin gertatzeko aukera gehiago zegoela esango nuke.

Guardia Zibilaren kuartelak zer ekarri dio Altsasuri?
Guardia Zibila sufrimenduarekin lotzen dut beti. Herria jazartzen duen erakundea da. Oso txikitatik ezagutu dugu Guardia Zibila jendea jipoitzen, atxilotzen, kolpatzen. Herriari egindako ekarpena hori da. Gaur egun ere bai.

Kuartelean bizi diren pertsonekin harremanik izan duzu?
Horko inor ez dut ezagutzen. Eta ez dut uste espazio bertsuak konpartitu ditugunik.

 “Guardia Zibila sufrimenduarekin lotzen dut. Herria jazartzen duen erakundea da”

Guardia Zibila eta Sakanaren arteko “harremana” ez da gozoa. Aspalditik.
Sakana beti izan da oso aktiboa eta bizia gai askotan. Horrek beti izan du erreakzioa boteredunen aldetik. Eskualdean bi kuartel ditugu, Irurtzunen eta Altsasun. Guardia Zibilaren presentzia itogarria da, eta pandemia egoera honetan, zer esanik ez. Baina tira, estatu poliziala eta pandemia, eskutik doaz leku guztietan.

Espainiako segurtasun indarrek Euskal Herritik alde egin behar al dute?
Bai. Argi. Herri izaera ukatzeko daude Euskal Herrian.

2019ko Ospa Eguna iragartzeko agerraldia. Argazkia: Mikel Olabide

“Dena da ETA” teoriaren beste ondorio bat al zara?
Bai. Nahiz eta ez zaidan asko gustatzen “Dena da ETA” definizioa, Garzonek eta konpainiak asmatutako lotura hori. Agian gokiagoa zatekeen “Dena da Nazio Askapenerako Mugimendua”.

Bada, Garzonek berak zuen alde hitz egin zuen, gehiegikeria zela esanez.
Boterean direnean interes jakin batzuen mesedetan aritzen dira, irmo, baina hara non, ardura uztean, diskurtsoa aldatzen du epaile, politikari eta ministro askok. Doktrina makur horren erantzule nagusia izan zen Garzon, baina, tira, positiboa da horrelakoak esatea orain. Kontraesankorra bezainbeste.

Zuen kasuaren berezitasunetako bat izan da Euskal Herrian ezezik, Espainiako Estatuan ere babes handia lortu izana.
Ebrotik beherako apartheid informatiboak eragin handia izan du. Harresi eraginkorra izan da, jende askori ez zaio hemengo informazioa iritsi. Garai hauetan, teknologia berriak tarteko, muga hori gainditu eta elkartasun sareak sortzeko aukera gehiago dago. Estatuak bitarteko komunikatibo itzelak izaten jarraitzen du, nagusiki telebista, baina kasu honetan kontrabotere informatiboak funtzionatu egin du. Estatuaren interesen menpeko hedabideek egin zuten bonbardaketa bera ere baliagarria izan zen tortillari buelta emateko.

“Guk flipatu egiten genuen. Flipatu koloretan. Batzuetan negarrez, babesa hainbestekoa zela ikustean”

Elkartasun ekimen guztiak zerrendatzea ezinezkoa da. Asko eta askotarikoak izan dira. Nola jaso dituzu?
Ia dena espetxetik bizi izan dut. Altsasun 60.000 lagun bildu zirenetik, ondorengo guztia. Guk flipatu egiten genuen. Flipatu koloretan. Batzuetan negarrez, babesa hainbestekoa zela ikustean.

Kataluniatik jasotakoak bereziki hunkitu zaitu.
Ikaragarria izan da handik jaso ditugun mezuak, eskutitzak. Gure artean esaten genuen, “Baina zer ostia gertatzen da Katalunian?”. Bo, haiei ere errepresio garai gogorra egokitu zaie, gertu-gertutik ikusi dute zein den estatuaren aurpegia. Katalanek sarri aipatu didate: “Bai, bagenekien Euskal Herrian presoak, atxiloketak, errepresioa zeudela, baina… ez genion tamaina hartzen, ezta oso-osorik sinetsi ere”. Eta begira, orain. Haiei ere begiak irekiarazi dizkiete.

2018ko Iruñeko Sanferminetan manifestazioa. Argazkia: Altsasu Gurasoak

“Jaikitzen naizenetik berriro ohean sartzen naizen arte, denbora guztian daukat gaia buruan”. Hala zioen zure ama Bel Pozuetak.
Bai. Demasa, demasa! Esajerazioa irudi lezake, baina hala izan da. Barrutik ere bizi izan dut. 90 minutuko bisean bisetan, gaiaren inguruan aritzen ginen berbetan eta azken minututxoetan baratzeaz, etxeaz, gutaz… Hala zen egunerokotasuna. Eta, egia esan, denak topera zeudela ikusteak asko lagundu nau. Lau urtez oso maila zorrotzeko militantzia izan da. Izugarria. Familiek dena eman dute seme-alabengatik eta gizarteagatik, hau dena ez baita kontu pertsonala izan. Horrela bizi izan dute eta oraindik ere hala daude, korapilo asko askatu gabe dagoelako.

Gazte mugimenduak gazteei ahotsa ematea aldarrikatzen du. Zuen kasuan aldiz…
Zero! [barreak].

Eroso sentitu zarete?
Bai eta ez. Baina begira, gurasoak bildu eta antolatzearen ideia gugandik atera zen. Gu atxilotu baino astebete lehenago, hainbat asanblada egin genuen herrian, eta gurasoak lehen lerrora ekartzea interesgarria egin zitzaigun. Halakoetan ohikoa ez den aldea erakusteko balio lezakeelakoan. Gure planteamendua zen gurasoak izatea gure ahots eta belarriak. Noski, gero ez da horrela izan erabat, haiek ere dituztelako haien iritzia eta diskurtso propioa. Eta hala izan behar du.

“Espainiako Estatuaren interes politikoei begira, neurritik irten ziren eta gaizki atera zaie. Herriaren garaipena izan da”

Gurasoek egindako lana brutala izan da. Ahaztu gabe, Altsasuren gaitasuna eta Altsasukoak Aske plataformak izan duen mobilizaziorako ahalmen ikaragarria. Baita beste eragile batzuen lana ere, Ernaik Nafarroan kristoren dinamikak egin zituen.

Guk, kanpoan izan bagina, nola jokatuko genukeen? Auskalo. Edonola ere, gu bigarren maila batean geratzea gure estrategiaren parte izan da.

1000 egun, mila mezu, mila muxu. Zaurietan, muxu. Injustiziari aurre egiteko, emozioak ere lehen lerrora.
Gure kasuaren injustiziak jende asko hunkitu zuenez, askori min hori kanporatu beharra ateratzen zitzaion. Batzuek esan digute, bai, alde emozionala gailendu zaiola alde politikoari. Baina nire ustez, ildoak gehien bat emozioei erreferentzia egiten bazien ere, karga politiko handiko gaiak ukitzen ziren, inplizituki izanik ere. Jendearen ikuspegia aldatzeko oso baliagarriak izan dira, eta orain perspektibaz ikusita, politikoki oso indartsua izan dela iruditzen zait.

Urte luzez oso gogorrak izatera ohituta egon gara, dena konfrontazio terminoetara eraman nahian.

Elkartasun baga handi horrek lagundu duela, adibidez, zu orain kalean egoteko adibidez, baina zertan uste duzu izan dela eraginkorra?
Baliagarria izan da jendeak argi ikus dezan Guardia Zibilaren zeregina zein den hemen, baita Auzitegi Nazionalaren existentzia bera ere ezbaian jartzeko. Gazteriari begira ere oso interesgarria izan da, Estatuak gu zapaltzen jarraitzen gaituela gordin erakusteko.

Argazkia: Dani Blanco

Bost urte eta gero, jokaldia ondo atera al zaio Espainiako Estatuari?
Nik uste ezetz. Lortu dute min handia egitea, gugan, senideengan, herrian eta gurekin enpatia izan dutenengan. Baina interes politikoei begira, neurritik irten ziren eta gaizki atera zaie. Herriaren garaipena izan da. Horrela ikusten dugu auzipetuok.

Kontakizunaren borroka gero eta azkarrago gertatzen da. Kalean zinela ikusi duzu zure buruari buruzko telesaila telebistan. Nork eta ‘Altsasukoak Aske’ kamiseta eramateagatik pertsona bat zentsuratu zuen kateak berak, ETBk, egina.
[Barreak]. Bai, pasada izan da! Lagunekin ikusi nuen. Surrealista. Argi dago fikziozko elementu asko sartu zituztela, gauza batzuekin ez nintzen oso identifikatuta sentitu, baina beste batzuekin bai. Gidoian errespetatu zuten epaiketan gertatutakoa, adibidez. Kritika hor utziko dugu, nahiago gehiago ez hitz egin, ur handitan ez sartzeko [barreak].

Elkartasuna adierazi duten horiei guztiei, zer esan?
Gure artean askotan aipatu dugu: Nola demontre eskertu jendetza hori guztia? Hainbeste eta hainbeste izanik, ezinezkoa zaigu. Hasteko eta behin, nire iritziz, ekarpen ona da gu orain isilik ez geratzea, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Elkarrizketa hau adibidez, hor kokatzen dut.

Zer irakaspenarekin geratzen zara?
Hasteko, izan, izango dira horrelako montaje gehiago. Espainiako Estatua ez denez demokratikoa, disidentzia politikoa egongo da. Eta horri erantzuteko, errepresioa baliatuko dute, historiak hala erakutsita.

Gure kasuan gakoa izan da puntu komunak bilatzea askotariko jendeen artean. Dinamika ez ixten asmatu dugu, ahalik eta gehien zabaltzen, elkartasun sarerik handienak osatzeko. Estatuak akusatuak isolatuta egotea nahi du. Haiek gu gure baitara biltzea nahi badute, orduan guk aliantzak egin behar ditugu, gure borrokaren zilegitasuna zabaltzeko. Elkartasuna eta batasuna.


ASTEKARIA
2021eko martxoaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#4
Estitxu Eizagirre
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude