"'Maitatu zure burua' leloa sistemaren tranpa da"

  • “Hizketaldi potoloa: lodientzat, lodifobiaren kontra eta lodien alde” zioen kartelak erakarrita bete da Zumaiako Torreberri gaztetxea gabonak igaro osteko bigarren ostiralean. Ez da ohikoa izaten entzuleak hain modu zuzenean sailkatzea, ezta loditasunaz halako erraztasunarekin hitz egiten duen hizlaria topatzea ere. Mijo Lizarzaburu da bera, eta herriz herri dabil loditasunaren auzia politikoa dela azaltzen. Hitzaldiaz gozatzea litzake egokiena, baina besterik ezean hona zertzelada bat.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Zertxobait entzuten bada ere, oraindik badirudi ez dela gizartean errotu, baina zuk argi diozu: “Loditasuna politikoa da”. Zergatik?
Ezkerreko matxismoa indartzen ari den garaiotan, badirudi politikoa den bakarra kapitalismoa dela, eta beste borroka guztiak, antiarrazismoa eta feminismoa kasu, kapitalismoarekiko azpiratuta agertzen dira. Azpiratze horrek lortzen duen gauza bakarra da langile klasearen homogenizazioa indartzea. Homogenizazio hori apurtu behar da, ez badugu nahi ezkerreko mugimenduen kontrola ezkerreko gizon zurien esku geratzea. Beraz, bai, gizentasuna politikoa da. Gizartearen gehiengoaren ikuskerak ezartzen du zein den gorputz zuzena edo normala, patriarkatuaren, kapitalismoaren eta arrazakeriaren mesedetan: gorputzak, beste gauza askoren artean, heterosexuala eta zuria izan behar du, baita argala, ederra eta funtzionala ere. Hor sartzen da lodi-aktibismoa; gorputz horien normaltasuna apurtuz, gure gorputzetatik identitate antipatriarkal eta antikapitalista  eratzeko, gorputz gaixo, itsusi eta ez produktibotik. Magda Piñeirok tripartito gordofóbico deitu dion osasun, moral eta estetika lodifoboa borrokatuz.

Norbere burua maitatu behar dela dioten mezuak etengabe iristen zaizkigun honetan, aipatu duzu ia ezinezkoa dela gizena izan ezkero. Non egiten dute talka bi ideiek?
XXI. mendean gaude, mugikorraren eta irudiaren garaian; selfiaren inperioan. Testuinguru horretan gorputz lodia gorputz okerra da: argaltasun proiektuan porrot egin duen gorputza da. Hau da, “maitatu zure burua” konponbide gisa erakustea sistemaren tranpa da. Nola maitatuko duzu zure burua eremu mediko, familiar, sexu-afektibo osoak esaten badizu zure gorputza okerra dela? Norbere burua maitatzea garrantzitsua da, dudarik gabe, baina lodientzat derrigorrezkoa da gure gorputza okerra dela dioen mezu hori modu kolektibo eta antolatuan borrokatu eta aldatzea. Sistemari ezin dio norberak bakarrik aurre egin. Ez duzu zoriontasuna lortuko Be yourself, be happy katilu bat erosiz, antsiolitikoak hartuz eta lanean jarraituz.

Gorputz idealaren bila, dieta amaigabeen amets gaiztoetan bizi ohi dira emakume asko, “ni ez naiz hau, eta X kilo gutxiago ditudanean izango naiz” ideian sakonduta. Zer dago halakoen atzean?
“Argalatasunak zoriontasuna dakar”. Hori bezalako promesa jasanezinak garatu ditu sistemak. Mirarien pareko dietak (galdu 20 kilo 5 minututan), Euskal Herritik oso urruti ekoizten diren janariak hemengoak baino osasuntsuagoak direla sinestaraztea, ingelesez agertzen zaizkigun kirolak (Crossfit, body-building, fitness cardio). Lodioi disforia antzeko bat sortzen digute: gure buruan atzerritar sentitzen gara eta joera dugu gorputz lodiarekin identifikatu beharrean, gure burua etorkizuneko gorputz argal idealarekin lotzeko. Etorkizun argalaren ideia horrek gure orainaldi osoa determinatzen du. Orain kirola egin eta garbi jaten badut, pozik nago etorkizuneko niaren bidean ondo noalako, kontrako bidea hartuz gero, ordea, errua sentituko dut. Etorkizuneko perfekzio hori, noski, ez da eskuragarria, baina bizi osoa emango dugu hori eskuratu nahian. Zergatik? Kontua ez delako argaltasuna, gure gorputzen gaineko kontrol soziala baizik. Merkantzia ez da argaltasuna, hori bigarren mailan geratzen da. Sortzen ari direna da emakumeak menperatzeko borondatea.

Heteropatriarkatuak emakumeen gorputzen gaineko kontrola ezarria du, eta sistema kapitalistak ere jakin du lekua egiten lodien artean: XXL emakumeak “normaltasunez” erakutsiz hedabideetan, publizitatean, besteak beste.
Kontua da kapitalismoak geroz eta gaitasun handiagoa duela produktu zehatzak sortzeko, eta azken urteetan aukera bat ikusi dute gorputz lodietan. Halaber, merkatu horretan sartzen direnak gutxiengoa izango dira. Gutxiengo hori “lodi ona” alorrean sartuko da, eta emakume argal batek baino hobeto bete beharko ditu feminitatearen mandatuak: makillajea, depilazioa, arropa liraina, hau da, curvy-ak izango dira, ez masa amorfoak besteok bezala. Horren bidez bereizketa egiten da loditasun moten artean: lodi onak vs lodi txarrak. Onak dira kapitalismoaren beharrak asetzen jarraituko dutenak. Ez dute araua apurtuko, zabaldu baizik. Norma zabaltzeak nolabaiteko pribilegio indibiduala ematen die lodiei, sistemaren parte sentiarazten baititu. “Zu salbatu zaitezke lodia izan arren” da promesa berria. Baina helburua ezin da izan talde hegemonikoaren parte izatea, hegemonia bera sortzen duen araua apurtzea baizik.

“Lodi-aktibismoa” aldarrikatu duzu egoera iraultzeko: historikoki irainak izan diren esanak birjabetu eta gizen bezala identifikatu. Boteretze berri baten aurrean gaude?
Niri beldurra ematen dit hori esateak. Esango nuke desboteretze garaietan gaudela. Hau da, lodifobiak indarra du: eraso zuzenek, osasun arloko, lan eremuko, nahiz maila sexu-afektiboko bazterketak, ikusezintasun kulturalak eta autozaintzaren agindua ez betetzeagatik epai moralek indarrean jarraitzen dute eta uste dut gehiago izango direla denborarekin.

Adibide gisa pandemiaren garaia jarriko nuke: guztiok etxean konfinatuta egon ginenean jendea kezkatuago zegoen ez gizentzeaz, eskubideetan eta osasungintzan egin dituzten murrizketez baino. Hau da, sistemak askotariko mekanismoak aktibatzen ditu lodifobia garai guztietara moldatzeko. Gero eta gehiago indartuko da.

 Horren aurrean beharrezkoa da lodi-aktibismo indartsu, kolektibo eta antolatua. Lodi-aktibismoa boteretzea da, baino erresistentzia moduan ulertuta. Hau da, lodifobiarik ez balego, ez litzake lodi-aktibismorik izango. Lodi-aktibismoa leku askotan kokatu daiteke, baina nik transfeminismo antikapitalistarekin batera ulertzen dut, ertzeko gorputzen politikak modu bateratuan antolatzea beharrezkoa delako heteropatriarkatu arrazista kapitalista lodifoboari aurre egin nahi badiogu.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputza
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Gorputz hotsak
"Ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea"

Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro... [+]


Aireportuko anekdota bat

Askotan nahastu izan nau kanpo begiradak mutiko nerabe batekin, hori ez da berria. Berria ez denez, grazia egitetik gogaitzera pasa izan nau. Berria ez denez, geroz eta erantzun epikoagoak botatzeko gaitasuna garatu dut, egoeraren gaineko kontrola neureganatuz. Eta kontrola... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Eguneraketa berriak daude