Larrialdi ekologikoa, Mendebaldean zentratutako kontakizuna

  • Thierry Amougou ekonomialaria Kamerunen sortu zen eta Belgikan Lovainako unibertsitate katolikoan ari da irakasle. L’Esprit du capitalisme ultime: démocratie, marché et développement en mode kit [Amaierako kapitalismoaren izpiritua: demokrazia, merkatua eta garapena kit moduan](2019) liburuaren idazlea, pentsamendu antikolonialistan erreferentzia klasikoetakoa den Centre Tricontinental erakundeak plazaratzen duen Alternatives Sud aldizkarian plazaratu du 2020an orriotara dakarkigun artikulua, L’Urgence écologique, un récit occidentalo-centré tituluarekin.

Klimaren kezka” edukitzea eta bere alde mobilizatzeko pribilegioa berdintasunik gabe dago banatuta Ipar eta Hego aldeen artean. Alde batetik aberatsen opulentziak eragindako [CO2] emisioak eta bestetik pobreen bizirauteko emisioek eraginak,  kapitalismoaren eta zanpaketa kolonialaren historiak gaur erditu ditu ‘munduaren klima’ salbatu beharra defenditzen duen hegemonia tekno-zientifikoa eta baita bere ifrentzua den klima-eszeptizismoa ere. Larrialdi ekologikoaz kezkatzen dira orain arte hari probetxua atera diotenak eta ez bere lehen biktimak direnak.

Zein belaunaldirena, zein ‘arrazarena’, zein nazionalitaterena da klima? Galdera hau, jende txintxoei barregarri iruditu arren, garrantzia handikoa da baldin eta “klimaren belaunaldia” –klimaren alde Mendebaldeko gazteek antolatutako mobilizazioa– irakurtzen bada historia globalaren neurgailu oso batekin; hau da, kontuan hartzen bada Mendebaldea munduaren zati bat baizik ez dela, gainerakoen historia guztiak ere entzun gabe ezingo dela arazoa erdipurdika baizik ulertu.

Denok “klimaren belaunaldi”?

Klimaren berotzearena ez da soilik goraka doan tenperaturaren kontua:  batez ere da Mendebaldean bezala hortik kanpoko herrialdeetan abian dagoen modernizatze prozesuaren errendimendu gero eta txikiagoen edo negatiboen erakusgarria. “Klimaren belaunaldia” kontzeptua, definizio demografikoa utzi eta zibilizazioaren ikuspegi batetik aztertzen baldin badugu, ulertu dezakegu honela ere: Mendebaldeko zibilizazio tekno-zientifikoak gaurko mendebaldar askorengan eragin duen klimarekiko sentsibilizazio handiago bat.

Larrialdi ekologikoaz kezkatzen dira orain arte hari probetxua atera diotenak eta ez bere lehen biktimak direnak. zein belaunaldirena, zein ‘arrazarena’, zein nazionalitatereba da klima?

Horren froga da Afrikan, Erdiko Asian edo Latino Amerikan klimaren alde ez direla mobilizatzen hango eskola-umeak, lizeoetako ikasleak, unibertsitateetakoak, ikerlariak eta politikariak. Han ez baita hain itogarri sentitzen kultura zientifikoak ‘klima globalaz’ egin duen eraikuntza, nahiz eta sentsibilitatea egon badagoen. Lurraldeotan Ingurumenari lotutako aldarrikapenak mamitzen dira Lehenbiziko herriek eta nekazariek beren bizimoduak zaintzeko daramatzaten borroketan. Ondorioz, Europako ‘klimaren belaunaldiak’ Mendebaldeko bizimodua gaitzesten duten bitartean, gizarte ez-mendebaldarrak borrokan ari dira beren antzinako bizimoduak babesteko kapitalismoaren lapurretatik.

Munduko klimaren gaurko ikuspegi teknozientifikoa ez al da, beraz, izaera historikoa duen planteamendu sozial, geopolitiko, ekonomiko eta politiko bat? Errealista ote da dimentsio anitzeko planteamendu honetaz hitz egitea  aldi berean auzitan jarri gabe ‘klima globala’-k dauzkan kategoria politiko, ekonomiko, ingurumenezko eta ekologikoak? ‘Klima globala’ kontzeptuak bere izaera teknozientifikoarekin egituratzen du mundua, ulergarritasun bat ematen dio politika klimatikoari, baina ezkutatzen ditu kapitalismo historikoaren dinamikaren barruan gertatutako hainbat zanpaketa, baztertze, desparekotasun eta diskriminazio sozial eta kultural, hain zuzen ere klima globala arazo larri bihurtu dutenak.

Umeak jolasean madagaskarreko oihan suntsitu batean. (Argazkia: Asahi Shimbun)

‘Tximeleta efektua’

Klimaren zoratzearen kausa nagusietakoa den lapurreta kapitalistari dagokionez, hura jasan dute Afrika, Latinoamerika eta Erdiko Asiako hainbat belaunaldik. Kaosaren teoriari jarraituz esaten bada tximeleta baten hegalkadek eragin dezaketela milaka kilometrotara dagoen sistema oso bat dardarka jartzea, nola konpentsatu behar litzateke gaur egun kolonialismoak indigenen fauna, landaredi eta zibilizazioak ez babesteagatik eragindako klimaren zoratzea?

‘Klima globalak’ behar bezala aztertzen ote du nola antolatu beharko den justizia inter-generazionala gizarte ez-mendebaldarron mesedetan? Klimaren aldeko Funts Berdeak [GCF ingelesezko sigletan, Nazio Batuen Erakundeak klimaren aldaketaren aurrean herrialde txiroei laguntzeko antolatutako funtsa], barrutik hain hutsa egonda, balio ote dezake tamaina horretako helburu bati aurre egiteko? “17 urte dauzkat eta klimaren aldaketarekiko beldurrak mugiarazten nau” zioen hedabideen aurrean Anuna De Weverrek. Belgikako mobilizazioen burua den militante honen beldurra inolaz ere ez da hedatuko Mendebaldekoak ez diren eskualdeetan, baldin eta bere adineko gazteek beldurra badiote batik bat lotara gosea ase barik joan beharrari, edateko urik ez edukitzeari, eskolara ezin joanari, babesik ez edukitzeari edo haur soldadu bilakatu beharrari.

Nola defenditu dezakegu elkarrekin munduaren klima, milaka gazte eta haur beren gurasoekin itotzen ari direnean Mediterraneoak irentsita, beste gazte eta haur batzuk Brusela, Paris edo Quebecen  guraso eta irakasleei eskutik helduta manifestatzen ari diren bitartean?  Youth For Climate [Gazteak Klimaren Alde] mugimenduak ezin lezake arrakastarik izan gai oinarrizkoak, prematerialistak, falta diren herrialdeetan, mobilizazio hori han iruditzen zaielako luxuzko kezka postmaterialista bat. Arazoa ez da kezkak oinarririk ez izatea, kontua da gure pentsamendua klimaren larrialdiaz kezkatzen dela eguneroko gabezien estutasunetik askatuta dagoenean: sabel gosetiarekin klima gutxi!

Haur eta gaztetxo langileak Kongoko meategi batean. (Argazkia: Wikimedia)

“Klimaz kezka” edukitzeko pribilegioa

Herri txiroak eta beren populazioak zigor bikoitza jasatera kondenatuta daude. Zeren eta, klima zoratzen ari den Lur berean bizitzeaz gain, elkarrekin zer ikusi behar dute Hego Amerikako ‘faveletako belaunaldiek’ eta Europako ‘klimaren belaunaldiek’?  Latinoamerikako gazte txiroek eta oro har planetako Hegoaldekoek ordainduko dute klimaren zoratzearen prezio garestia, Europako ‘klimaren belaunaldikoek’ ordainduko dutenaren oso ezberdina. Kongoko umeek, sarritan Mendebaldeko multinazionalen hornidurarako meategi artisanaletan bizirik lurperatuta ari direnek, ba al daukate ‘klimaz kezkatzeko’ pribilegiorik senperrenak egin behar dituztenean sos bat biltzeko?

Belaunaldien arteko injustiziak etorkizunaz hausnartzeaz gain eraman behar gaitu iraganaz eta gaur egunekoaz eztabaidatzera. Orain Afrikari eskatzen zaio ez dezala gehiago jarraitu ‘zibilizazioan sartzeko’ bidean, noiz eta garapen baten jabe izatera iritsi ez denean eta gainera galdu duenean lehengo berezko bizitza paradigma, Winston Churchillek kolonietako idazkari nagusi zenean idatzitako My African Journey [Afrikako nire bidaia] hartan erakutsitako paradigma hura.

Churchillek liluraturik deskribatu zituen Afrika Ekialdean 1907an ezagututako kolore anitzeko tximeleta mordo izugarriak. Gaurko munduak Afrikaren aniztasun hura berreskuratu nahi luke biotopo baten osasun ekologiko onaren adierazgarritzat, ‘tximeletaren paradigma’. Alegia, Churchill bera 1905ean Afrika ‘zibilizatzen’ ibili ostean, orain Afrikari munduak eskatzen dio ‘deszibilizatzea’. Baina zein belaunaldik pagatu behar du modernizatze kapitalistak suntsitutako tximeleta afrikarren zorra? ‘Hiru hamarkada loriatsuak’ [II. Mundu Gerra ondorengo oparotasun ekonomiko aldia] ezagutu zituzten europar haien biloben belaunaldiak ala berena zen ‘tximeletaren paradigma’ sutsuki defenditzeagatik urkatu zituzten afrikarren bilobenak? Nola berradiskidetu bi belaunaldi ezberdinok klimaren alde egin beharreko murrizketen inguruan, beren bizimoduak hain errotik kontrajarriak direnean?

“Gaur planetaren klimak nozitzen dituen arazoak dira Zurien eta Beltzen, Zurien eta Gorrien, eta Zurien eta Horien arteko urte luzeetako harremanen ondorio”. Thierry Amougou. (Argazkia: AFP)

Denak bapore berean, baina denentzako lekurik ez salbamendu txalupetan

Kapitalismo merkantilista eta industrialaren hasieretan Atlantikoan gaindi gertatutako esklabo trafikoak erakusten du kapitalismoak erregaitzat erabili zituela zenbait populazio arrazializatu: indioak, beltzak eta horiak. Horren adierazgarri bikaina da Voltairek Candide-n erakusten duen ‘Surinamgo beltz’ hura, zeinaren esku eta oin anputatuak izan baitziren menpekotasun erabatekoz produzitzeko erregai eta pizgarri.

‘Surinamgo beltza’-k erakusten du arrazaren osagaia bazutela kapitalismoaren barruan mendez mende  ingurumenaren eta ekonomiaren arteko beharrezko oreka suntsitu duten  desberdintasun sozialek. Kapitalismoak garai hartan mortairu edo porlantzat erabili baldin bazituen odola, hilketa, urkatzea eta morrontzako lana, kapitalismoak itxuraldatu duen mundu batean gaur egun berriro agertzen dira fantasma gisa klimaren arazoan, Achille Mbembe filosofoak aipatzen zuen la raison nègre (arrazoi beltza) horretan mamituz.

Gaur planetaren klimak nozitzen dituen arazoak dira Zurien eta Beltzen, Zurien eta Gorrien, eta Zurien eta Horien arteko urte luzeetako harremanen ondorio ingurumenezkoak. Binomio horietan bigarrenek –Beltzek, Zuriek, Gorriek, Horiek…– ez dute soilik zanpaketa, mesprezua eta azpiratzea sufritu: horrez gain, beren kultura eta ingurumenarekiko zeukaten harreman propioa ere zanpatu eta suntsitu dizkie Mendebaldeko kapitalismoak naturarekiko egiten duen erabilera instrumentalak.

Produkzio kapitalistak Zurien mesedetan egin duen arrazializazio historiko hau gaur egun ere berresten da; izan ere, hondamendi ekologikoen larrialdia salatzen dutenak nagusiki dira kapitalismoaren harreman arrazialetan irabazle izan direnak. Arazoa gutxi edo batere aipatzen ez dutenak dira, berriz, harreman historiko arrazializatuaren galtzaileak, egunero biziraun beharraren buruhausteetan itota bizi direnak. Zein dira produkzio kapitalistaren eta honek eragin duen ‘klimaren arazoaren’ gaurko ‘Surinamgo Beltzak’?

2019ko martxoan Mozambikeko eskualde zabalak suntsitu zituen ‘Idai’ urakana klimaren aztoratzearekin lotu dute zientzialariek. (Argazkia: Siphiwe Sibek)

Klima globalak zein nazionalitate daukan

‘Pachamama’, Ama Lurra, ugazama [ama elikatzailea?... Jatorrizkoan Mere nourricière], horrela izendatzen dute Lurra Latinoamerikako indigenek. Klimaren gaia fronterarik gabekoa denez, hura zaintzeko politikek hartu beharko lukete kontuan Lur bakar bat, herri bakar bat, nazio bakar bat: horrela Lurra-nazioa litzateke klimaren nazionalitatea. Gaur egun ekonomiak, kulturak, politikak eta migrazioen dinamikek ez dute erakusten, urrik eman ere, mundua gu guztion Pachamama denik.

"Diskurtsoak iradokitzen du denok goazela itsasontzi berean baina denok ez daukagu sarbiderik salbamendu txalupetara (...) solairu ezberdinetan goaz, batzuek lehenengo klasean eta besteak bigarrenean"

Europara migratzaileak datoz pentsatuz ez bakarrik hemen segurtasun soziala, politikoa eta ekonomikoa hobeto ziurtatuta daudela, pentsatzen dute ere kontinente hau ez dagoela beren sorterria dagoen Lurra-nazio berean. Ordainetan, Europa sendotzen ari bada gotorleku moduan, esan nahi du europar askok babestu egin nahi dituztela beren kultura eta ongizate estatua, baldin eta badaude. Ondorioz, hitzaldietan aipatzen da klima zaintzeko mundu osoa nazio bakar bilakatu beharra dagoela, ideietan bai  aipatzen da baina askoz gutxiago jokabide politiko errealetan. Hauek analizatzen baldin badira migrazioen arloan, bereziki, ageri da klimak hainbat nazionalitate badituela.

Alde batetik, txiroek uste dute iparraldean egoera ekonomiko, politiko eta sozialek baimentzen dutela klimaren berotzea gutxiago nozitu ahal izatea;  beste aldetik, Iparreko herrialdeek beren baldintza politiko, sozial eta ekonomikoak babestu nahi dituzte klimaren berotzearen ondorioak planetako txiroek baino hobeto jasan ahal izateko.  Diskurtso honek iradokitzen du denok bizi arren itsasontzi berean, denok ez daukagula sarbiderik salbamendu txalupetara. Praktikak erakusten du solairu ezberdinetan goazela itsasaldi honetan, batzuek lehenengo klasean eta besteak bigarren klasean.

Lurra nazio bakartzat hartzen ez denez,  hainbat klima eredu dauzkagu aldi berean. Samuel Huntingtonen ideiei jarraiki, ‘klima globala’ da klimarekiko planteamendu ezberdinen arteko gerra. Bush aitak 1992an Rioko Lurraren Gailurrean bota zuen “Gure bizimodua ez da negoziagai!” eta Margaret Thatcherrek 1980an zabaldutako “Ez dago alternatibarik!”, biak ere dira zibilizazio eredu beraren osagai, klimaren arazoa zibilizazio identitate baten hots, kapitalismoaren, mende jarritako eredu batenak. Alegia, nazioa eta bere bizitza eredua aldaezinak direla klimaren beroketa gora-behera:  planteamendu honetan klima politikaren koste-etekinak argudiatzen dira termino identitarioetan.

Gero daukagu Edouard Glissantek aipatzen duen ‘mestizaia’ edo ‘kreolizazio’ eredua. Honetan ez da aipatzen  klimarekiko ikuspegi ezberdinen arteko txokerik, baizik eta horien mestizaiak eraman gaitzakeela klima globalaren nazioa izango den Pachamamara. Azkenik, Achille Mbembek bezala azpimarra genezake munduaren etorkizun ‘negroa’ [devenir nègre du monde]: klimarena dela irteerarik gabeko paradigma, zeinetan gizaki guztiok izango baikara klimaren beroketaren ‘negroak’, klimaren ‘Surinameko Beltzak’, klimaren politika neoliberalen itsasontziaren azpiko aldeko solairuan bidaiatu beharko dutenak.

Klimaren aldeko mobilizazioa Parisen 2020ko irailean, tartean zela Greta Thunberg. (Argazkia: ISO)

Kontakizun mendebal-zentratua

‘Klima globala’ deituak hainbat arrazionalitate daramatza bere baitan tira-biran. Azalean arrazoiaren heroikotasuna eta hegemonismo teknozientifikoaren itxurak erakutsiz, mamian ukatu eta fagozitatu egiten ditu mendebaldarrak ez diren kulturek klimari buruz dauzkaten ikusketa pre-zientifikoak, hauetara ateak irekitzeko orde. Lehen herriek, beren bizimoduarekin planetaren bi birikak –Amazoniako eta Gineako golkoko oihanak—zaindu dituztenek, badituzte lekuko ezagutzak sekula agertzen ez direnak Klimaren Garapenari buruzko Gobernu arteko Adituen Taldearen (GIEC) txostenenetan.

Ezin konta ahala herri indigenaren iraganak suntsitu dituztenak ez al dira izan, bada, iparraldeko eredu matematiko eta fisikoak?  Nola kontabilizatzen  dira Iparrak bere oparotasunean isurtzen dituen emisioak eta Hegoak biziraun nahian emititzen dituenak? Munduko eskualde bakoitzak eduki behar balu bere kultura eta arazoekin bateragarria den klima eredu bat, orduan gaurko AEBek klimarekiko eszeptizismoa leukakete klimarekiko argudio nagusi. Hemen klimaren beroketari buruz halako iritzi-demokrazia bat daukate kontrajartzen dituena arrazionalitate zientifikoa eta arrazionalitate demokratikoa: iritzi-demokraziaren izenean baimentzen da egiatzat ematea ebidentzia zientifikoak gezurrak edo asmakizunak direnak erakutsi dituenak. Mendebaldeak, beraz, bi arrazionalitate dauzka borrokan bere baitan. Batek erakusten du klimaren beroketa existitzen dela baina besteak ukatu egiten du eta klimari buruzko akordioak eragozten ditu.

"Youth For Climate mugimenduak ezin lezake arrakastarik eduki gai oinarrizko eta prematerialistak falta diren herrialdeetan, hauetan mobilizazio hori iruditzen zaielako luxuzko kezka postmaterialista bat "

Hau ez al da gertatzen guk zientziak deitzen ditugunak balioekin lotuta daudelako? GIECeko kimikoek, fisikoek, matematikariek eta estatistikariek badauzkate, jakina, beren ereduen parametroen antolaketan muturra sartzen duten balioak. Ereduok sarritan mundu mailakoak dira baina eraiki dituzte Mendebaldeko jendeek (GIECen 27 ereduetatik 21 zientzialari iparramerikarrek sortu dituzte) eta haien kultura ezin da geratu ekuazioen atarian!

Objektibotasuna boterearen tresna da modernitatea abiatu zenetik eta Mendebaldea da erabaki eta arautzen dituena ‘klima globala’ eta horri lotutako politiken objektibatzeko moduak. ‘Klima globala’ren kontakizunak jarraitzen du erabat mendebal-zentraturik egoten. Eta ezkutatzen du hitz horrek gaur egun bere baitan daramatzala, legitimatuz, sailkapen kolonial eta eboluzionistak: gizarte tradizionala versus gizarte modernoa, komunitatea eta gizartea, natura eta kultura, etnologia eta soziologia, Mendebaldearen historia –zientifikoa denez gero, unibertsala– eta Mendebaldetik kanpoko ikuspegiak, hauek ez balira bezala zientifikoak.

Thierry Amougou ekonomialari kamerundarra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude