Artxibo bizia

  • Apartamentua New Yorkeko Riverside kalean dago, adreilu gorriko eraikin erraldoi bateko azken solairuren batean. Eguzki epela sartzen da etxeak dituen leihoetatik eta apartamentuko txoko ezberdinak goxo-goxo argiztatzen ditu. Kanpoalderantz begiratuz gero, pareko edifizioko ur-biltegia dago, Hudson ibaia alde batera, Central Park urrutiago eta hirugarren plano batean Manhattaneko etxe-orratzek zerua erditik mozten dute. Moyra Davey apartamentuan aurrera eta atzera dabil, aurikularrak belarrietan eta grabagailua eskuan dituela, bere bakarrizketan murgilduta. Deskribatutako agertoki hori, bere pelikuletako edozein eszena izan liteke.

Daveyren
Daveyren "Les Goddesess" filmeko fotograma (Madrilgo reina sofia museoa)

Argazkilaria, idazlea eta zinegilea da Moyra Davey (1958), Toronton jaio eta New Yorken bizi den artista. Artium museoak bakarkako erakusketa eskaini dio artista kanadiarrari; 80. hamarkada erdialdetik gaur egun arte egindako lanak biltzen dituen proiektua soila da estiloz, baina esanguratsua. Erakusketaren irekiera ekainetik urrira atzeratu behar izan zen osasun krisiaren eraginez, eta lehen aldia da Daveyren lanak Europako museo publiko batean aurkezten direla. 2017an Walking with Nandita (Nanditarekin oinez) ikusizko saiakera Kasseleko documentan aurkeztu zuen eta bere obrak, besteak beste, MoMA eta Tate London bildumen parte dira. Hala ere, itxaroteak merezi izan du, hare eta desiragarriagoa egin duelako Daveyren unibertsoan murgiltzeko aukera izatea.

Erakusketaren planteamendua xumea da: zuri beltzean inprimatutako argazki serie ederra hasieran, argazki-postal multzoak han eta hemen aretoa zipriztintzen, eta Daveyk zuzendutako sei ikus-entzunezkoek proiektuaren muina osatzen dute. Horiek guztiak, baina, bata bestearekin estuki lotuta daude. Hasierako argazkietan aurkezten zaizkigun Rosie txakur beltza, Moyraren semea eta haren lagunak, edota zeharo laurogeiko hamarkadakoa den looka duen artistaren ahizpa gaztea, ondoren datozen pelikuletan ezagun egingo zaizkigu: argazki berdintsuetan batzuetan, eta hezur-haragitan besteetan. Halaber, erakusketara sartzearekin batera, Moyraren ahotsa somatuko dugu airean flotatzen, eta presentzia hori bisita osoan lagun izango dugu.  

Betidanik erakarri nau arte postalak, posta-zerbitzuaren bidez eskala txikiko lanak bidaltzea helburu duen mugimendu artistikoak. Moyrak ere ekintza horri ekiten dio serie bat osatzen duten argazkiak banan-banan hartuz eta bere baitan tolestuz, argazkiak berak eskutitz forma hartzen duen arte. Hartzailearen izena idatzi, dagozkion zigiluak itsatsi eta postaz bidaltzen ditu, gehienetan bere kolaboratzaile eta gertukoei. Denbora bat igaro ondoren, argazkiak bildu eta pieza artistiko gisa aurkezten ditu, pleguak, zimurdurak eta kilometroen joan etorriak paperean igartzen direla. Erakusketan barrena, argazki multzo ezberdinekin egingo dugu topo; batzuk ondoan daukaten pelikuletako fotogramez eginda daude, Notes on Blue Mailer (Oharrak Blue Mailer gainean) seriea adibidez, Artiumeko hogei langile eta kolaboratzaileri bidalitako argazki-postalez osatutako sorta.

Moyra Daveyk bere biografiatik eta intimitatetik sortzen du. Argazkietan hori igarri daitekeen arren, bere pelikuletan Daveyren unibertsoa guztiz zabaltzen zaigu. Bere apartamentua da egiten dituen ikus-entzunezkoen kokalekua, eta pelikula batetik bestera salto egitearen ondorioz, espazio hura gero eta ezagunagoa bilakatzen zaigu: leiho ondoan ohea, batzuetan eginda besteetan deseginda; azuleju zuridun komuna; sukalde txikia, eta marrazkiz eta notaz estalitako hozkailua; bere ahizpen gaztetako erretratuak horman itsatsita zinta urdinez; liburu mordoa, batzuek hauts kapa sendoa dute gainean, beste batzuk irekita daude, eskuz idatzitako nota batzuen ondoan; eta kamerak, tripodeak, grabagailuak eta kableak han eta hemen. Etxea estudio bilakatu da.

Filosofo peripatetikoen antzaz, hara eta hona, logela batetik bestera igarotzen da Moyra, grabagailua eskuan eta bere bakarrizketan buru-belarri, pausoa gelditu gabe. Off ahots auto-erreflexiboan etengabeko hitz jarioa dauka, gehienetan ziurtasunez, noizean behin zalantzati. Hitzei bezain besteko arreta jarri behar diegu egiten dituen ekintza sotil baina sinbolikoei: kamera aurrean biluztu eta ohearen alde batera etzanda geratzen da eskuz idatzitako orriak inguruan dituela, Chantan Akermanek Je Tu Il Elle (Ni Zu Bera Bera) (1975) filmean egiten zuen bezala. Ohe berean, take away eran ekarri dioten jana jango du, konpultsiboki, Akermanek azukre koilarakadak jaten zituen oldar berdintsuaz. Daveyren Hemlock Forest (Hemlock Basoa) (2016) filmean etengabekoak dira zinemagile belgikarrari egindako erreferentziak, News from Home (Etxeko berriak) pelikulako metroko eszenak txertatzen dituenean, adibidez. Mary Wollstonecraft filosofoak, Virginia Wolfek, Margerite Durasek edo Susan Sontagek idatzitako hainbat pasarte eta hausnarketa bere bizitzako beste zenbait gertakarirekin uztartu, nahastu eta bere egingo ditu bideo-saiakera feminista izendatu genitzakeen pelikuletan. Asko dira, beraz, artistaren lanetan lekua aurkitzen duten beste egileen hitzak, eta artistaren artxibo bizian gordetzen direnak. Aipatutako filmak, Les Goddesses (Jainkosak) (2011) eta Wedding Loop (Ezkontza begizta) (2017) lanekin batera, triptiko bat sortzen du.

Notes on Blue (Oharrak urdinaren gainean) (2015) filmak itsutasunean jartzen du fokoa, eta Derek Jarman artista ingelesak egindako Blue (Urdina) (1993) dokumentala du abiapuntu. Jarman itsu geratzen ari zela egin zuen pelikula, 79 minutuz klein tonalitateko urdin koloreko irudi finkoa duena. Moyrak ere bere azalean bizi izan zuen itsutasun pasarterik, eta Jarmanen pelikula, zein José Luis Borges edo Sylvia Plathen testigantzak eta idatziak kontuan hartuta, film intimo hori eratu zuen, auto-erreferentziaz josirik dagoena.   

Behin baino gehiagotan bisitatu behar den erakusketa da, denbora behar baita ikus-entzunezko guztiak ikusi ahal izateko. Zinemara joango bagina bezala, aldiro film bat aukeratu –I confess (Aitortzen dut) (2019) bere azken lana, esaterako– eta gure atentzio osoaz ikusiz gero, ziur nago astinduta eta estimulatuta aterako garela museotik. Benetako gozamena da horrelako proposamenak geurean ikusteko aukera izatea.


ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude