Lur gorrietan ekonomia eraldatzaileaz herritarren bizitza eraikitzen

  • Artikulu honek udalgintza eraldatzailearen adibide praktiko bat azaltzen du: despopulazioa, langabezia edo zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten zonaldeetan ekonomia suspertzeko Udalbiltzak eta Olatukoopek elkarrekin martxan jarritako Hauspotu programa, hain zuzen. Udalgintza eraldatzailea zer den jakiteko, Larrun aldizkariaren azken zenbakia irakurri.


2020ko abenduaren 27an
Gaindegiak Udalbiltzarentzat egindako mapa. Gorriz despopulazioa, langabezia edo zerbitzu irisgarritasun arazoak dituzten zonaldeak.
Gorriz despopulazioa, langabezia edo zerbitzu irisgarritasun arazoak dituzten zonaldeak.

2019ko udan ekin zion Udalbiltzak Hauspotu programa lantzeari. Honen aurrekari izan zen 2013-2015 urteen artean egin zuen Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa: “Haren arrakasta ikusita, pentsatu genuen beste hau martxan jartzea”, azaldu du Aitor Elexpuruk. Despopulazioa, langabezia eta zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten eskualdeak bultzatzea da Hauspoturen helburua, hori guztia ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatuz.

Zonalde gorriak helburu

Lehenik, Udalbiltzak Gaindegiari eskatu zion aztertu zezala Euskal Herriko zein eskualdek zituzten arazo horiek: despopulazioa, langabezia eta zerbitzuen irisgarritasuna. Ondoren, Udalbiltza bera hurbildu zen eskualde horietara eta lehen kontaktua egin zuen bertako alkate, zinegotzi eta ESEn lanean ari diren jendeekin. Hauspotu programa aurkeztu zien eta herri horietan egingo zituzten formazio saioetara gonbidatu zituzten.

Formazio saioak eskualdeetan

2020an zehar formazio saioak antolatu ditu Hauspotu programak, mapan gorri ageri diren zonaldeetan. Udal eta garapen agentzietako teknikariak eta proiektu berriak abiatu nahi dituzten herritarrak formatzeko balio izan dute. Eduki aldetik, bi zati izan dituzte: ESEn murgiltzeko zer pauso eman behar diren landu dute teorikoki, eta bestetik, martxan diren esperientzia praktikoak aurkeztu dituzte. Herri hauetan denetan egin dituzte formazio saioak: Araban Argantzun eta Espejon; Bizkaian Enkarterri bailaran; Nafarroan Sartaguda, Tafalla, Lizarra, Deierri, Gares, Larraga, Mendigorria, Agoitze, Irunberri, Galoze, Otsagabia, Burgi eta Zangotzan; eta Nafarroa Beherean Izuran.

Aitor Elexpuru, Berako alkatea eta Udalbiltzako 'Hauspotu' programaren arduraduna.
13 proiektu berriren ongarri

Formazio saio hauen ondoren, epe bat zabaldu zuten jendeak proiektuak aurkeztu zitzan. Hauspotu programaren laguntza jasotzeko interesa zuten 27 proiekturen eskaerak jaso zituzten: Arabako bat, Bizkaiko hiru, Iparraldeko bi eta Nafarroako 21.

Proiektua aurkeztu zutenei, formakuntza eskolak eman dizkiete udazken honetan. Formakuntza bidezko babes honek bi ardatz ditu: batetik laguntza teknikoa eskaintzen du Hauspotuk Olatukoopen bidez, eta bestetik laguntza ekonomikoa Koop57 bidez. “Koop57ri 25.000 euro esleitu dizkio Hauspotu programak, modu honetan Koop57k proiektu berri hauei 250.000 euro arteko maileguak eman ahal izan diezaien”. Prozesu honen ostean, Hauspoturen laguntza jaso nahi duten eta ESE baldintzak betetzen dituzten 13 proiektu sendo aurkeztu dira.

“Jendeak gogo handia du bertan bizitzen jarraitu eta ekintzailetza egiteko”

Udalbiltzak bilerak egin ditu Nafarroako CEDERNA-Garalur eta Lizarraldeko garapen agentziekin eta baita Pirinioetako mahaiarekin ere, Hauspotu programa aurkezteko: “Jaso ditugun proiektu gehienak beraien eremuetakoak direnez, interesgarria baita honen berri izatea eta haien teknikariak formatzea”. Horrela jarraitu du Elexpuruk: “Gaia pixka bat xaxatu orduko ikusi dugu jendeak gogo handia duela toki horietan bizitzen jarraitzeko eta ekintzailetza lanak egiteko. Hor inbertitu eta lagunduz gero, hainbat proiektu eramango lirateke aurrera”.

Hurrengo urratsa: udalgintza eraldatzailea

Hauspoturen bigarren faseari ekiteko gogoz gaude, eta udalgintza eraldatzailea landu nahi dugu: arlo publikoaren eta arlo kooperatibo-komunitarioaren arteko elkarlanak eta sinergiak sortzea izango da hurrengo erronka. Horretarako, udalak eta garapen agentziak proiektu honetara erakartzea gakoa izango da”. Programa honi esker martxan jarri diren proiektuak egonkortzea ere helburuen artean da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udalbiltza
‘Hamarreko bitxia’ ipuin liburu kolektiboa argitaratu du Udalbiltzak

Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


2021-04-27 | ARGIA
Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" proiektua
26 artistek bere herria ez den batean landuko dute bere obra

Udalbiltzak bere lehen kultur-egitasmoa martxan jarri du: Geuretik Sortuak proiektua. Artistek beren sormen lana burutzeko hiru aste bitarteko egonaldia egingo dute, bere bizilekua ez den herri batean. Udalbiltzak azaldu duenez, proiektu honek "euskal kultura Euskal Herriko... [+]


2020-12-27 | Estitxu Eizagirre
Udalgintza eraldatzailea

Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuek (ESE) eguneroko praktikan erakusten dute posible dela jardueren erdigunean dirua metatzea ez den baloreak jartzea. Haien arteko sareak indartuz doaz, jarduera ekonomikoen fase bakoitza geroz eta gehiago ESEko proiektuen bidez hornitzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude