Artikulu honek udalgintza eraldatzailearen adibide praktiko bat azaltzen du: despopulazioa, langabezia edo zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten zonaldeetan ekonomia suspertzeko Udalbiltzak eta Olatukoopek elkarrekin martxan jarritako Hauspotu programa, hain zuzen. Udalgintza eraldatzailea zer den jakiteko, Larrun aldizkariaren azken zenbakia irakurri.
2019ko udan ekin zion Udalbiltzak Hauspotu programa lantzeari. Honen aurrekari izan zen 2013-2015 urteen artean egin zuen Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa: “Haren arrakasta ikusita, pentsatu genuen beste hau martxan jartzea”, azaldu du Aitor Elexpuruk. Despopulazioa, langabezia eta zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten eskualdeak bultzatzea da Hauspoturen helburua, hori guztia ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatuz.
Lehenik, Udalbiltzak Gaindegiari eskatu zion aztertu zezala Euskal Herriko zein eskualdek zituzten arazo horiek: despopulazioa, langabezia eta zerbitzuen irisgarritasuna. Ondoren, Udalbiltza bera hurbildu zen eskualde horietara eta lehen kontaktua egin zuen bertako alkate, zinegotzi eta ESEn lanean ari diren jendeekin. Hauspotu programa aurkeztu zien eta herri horietan egingo zituzten formazio saioetara gonbidatu zituzten.
2020an zehar formazio saioak antolatu ditu Hauspotu programak, mapan gorri ageri diren zonaldeetan. Udal eta garapen agentzietako teknikariak eta proiektu berriak abiatu nahi dituzten herritarrak formatzeko balio izan dute. Eduki aldetik, bi zati izan dituzte: ESEn murgiltzeko zer pauso eman behar diren landu dute teorikoki, eta bestetik, martxan diren esperientzia praktikoak aurkeztu dituzte. Herri hauetan denetan egin dituzte formazio saioak: Araban Argantzun eta Espejon; Bizkaian Enkarterri bailaran; Nafarroan Sartaguda, Tafalla, Lizarra, Deierri, Gares, Larraga, Mendigorria, Agoitze, Irunberri, Galoze, Otsagabia, Burgi eta Zangotzan; eta Nafarroa Beherean Izuran.
Formazio saio hauen ondoren, epe bat zabaldu zuten jendeak proiektuak aurkeztu zitzan. Hauspotu programaren laguntza jasotzeko interesa zuten 27 proiekturen eskaerak jaso zituzten: Arabako bat, Bizkaiko hiru, Iparraldeko bi eta Nafarroako 21.
Proiektua aurkeztu zutenei, formakuntza eskolak eman dizkiete udazken honetan. Formakuntza bidezko babes honek bi ardatz ditu: batetik laguntza teknikoa eskaintzen du Hauspotuk Olatukoopen bidez, eta bestetik laguntza ekonomikoa Koop57 bidez. “Koop57ri 25.000 euro esleitu dizkio Hauspotu programak, modu honetan Koop57k proiektu berri hauei 250.000 euro arteko maileguak eman ahal izan diezaien”. Prozesu honen ostean, Hauspoturen laguntza jaso nahi duten eta ESE baldintzak betetzen dituzten 13 proiektu sendo aurkeztu dira.
Udalbiltzak bilerak egin ditu Nafarroako CEDERNA-Garalur eta Lizarraldeko garapen agentziekin eta baita Pirinioetako mahaiarekin ere, Hauspotu programa aurkezteko: “Jaso ditugun proiektu gehienak beraien eremuetakoak direnez, interesgarria baita honen berri izatea eta haien teknikariak formatzea”. Horrela jarraitu du Elexpuruk: “Gaia pixka bat xaxatu orduko ikusi dugu jendeak gogo handia duela toki horietan bizitzen jarraitzeko eta ekintzailetza lanak egiteko. Hor inbertitu eta lagunduz gero, hainbat proiektu eramango lirateke aurrera”.
“Hauspoturen bigarren faseari ekiteko gogoz gaude, eta udalgintza eraldatzailea landu nahi dugu: arlo publikoaren eta arlo kooperatibo-komunitarioaren arteko elkarlanak eta sinergiak sortzea izango da hurrengo erronka. Horretarako, udalak eta garapen agentziak proiektu honetara erakartzea gakoa izango da”. Programa honi esker martxan jarri diren proiektuak egonkortzea ere helburuen artean da.