Despopulazioari balazta, ekonomia eraldatzailearen bidez

  • Herri eta bailara ugari basamortu bihurtzen ari da Euskal Herrian. Lan eta zerbitzurik gabe, egungo merkatuak bazterturiko eremuotan nola bizi? Egoera hori irauli nahi du Udalbiltzak, eta horretarako, logika lehiakorretik at, pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia eraldatzaileko proiektuak bultzatuko ditu.

Sei herri. Gares (Nafarroa), Argantzun (Araba), Agoitz (Nafarroa), Galoze (Nafarroa), Balmaseda (Bizkaia) eta Izuran (Behe Nafarroa) ari dira egiten formazio saioak, OlatuKoopeko eta Koop57ko kideek gidatuta. Denera 70 pertsona baino gehiagok hartu du par

Anbiziotsua da oso Udalbiltzaren egitasmoa, aurrean daukagun larrialdiaren parekoa, hain zuzen. Despopulazioa. Azken urteetan gero eta maizago entzuten ari garen hitza, beste hainbat lurralde arazoren sorburu eta ondorioa da. Euskal Herriko udal eta hautetsiak biltzen dituen erakundeak, ekonomia eraldatzailearen bidez jarri nahi dio balazta eremu zabaletan biztanleria galerak ekarritako egoera larriari, eta proiektuak bultzatu eta diruz lagunduko ditu herri horietan. Hauspotu, herriak bizituz izeneko programan bidaide izango ditu OlatuKoop sarea eta Koop57 finantza etikoen erakundea.

Udalbiltza ez da hutsetik hasi ordea, lehenago ere Zuberoan eta Pirinioetan martxan jarri ditu antzekoak –Pirinioan lan eta bizi ekimena kasu– eta horien arrakasta ikusita eman du oraingo urratsa: “Pirinioetako ekimena baliagarria zela ikusi eta eskualde gehiagotara zabaltzea ondo legokeela pentsatu genuen”, azaldu digu Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak. Horretarako baina, aurretik Gaindegiari ikerketa bat agindu zioten hiru adierazle zehatzen inguruan: despopulazioa, langabezia tasa eta zerbitzuen eskuragarritasuna.

“Irri” bat Euskal Herriaren mapan

Emaitza horiek eskuan hasi ziren lanean: “Eskualde batzuetan datuak bereziki kezkagarriak ziren eta horiek aukeratu genituen proiektuak lantzeko”. Pirinioen bi aldeak, Nafarroa erdialdea, Arabako zati handi bat eta Enkarterriak lehenetsi dituzte. Izan ere, Euskal Herriko mapa hartuz gero (ikusi beheko mapa), zirkulu erdi edo irri baten traza osatzen du eremu zabal horrek, baina Gaindegiaren datuek ez dute baikortasunerako biderik ematen.

Adibidez, Erronkari eta Zaraitzu ibarretan biztanleriak %15,5 egin du behera  hamar urtean, Arabako mendialdean %8,3, Zuberoan %4,5… Langabezia tasa baxua da, baina populazioaren zahartzeak eraginda, eta horrek areagotu egiten ditu oinarrizko zerbitzuak urrun edukitzearen kalteak: herri gehienetan osasun zentroak 20 kilometrotara dituzte adinekoek, eta eskola gertukoenak berriz 10 kilometrotara daude.

Ondorioa argia da: zenbat eta urrunago eduki zerbitzuak eta aktibitate laborala, orduan eta biztanleria galera handiagoa jasaten dute herriek. Hori kontuan edukita, Gaindegiak osaturiko “eskualde kritikoen rankingean”, aipatu irri horretako guztiak goiko postuetan daude.

Asurmendi Arakaldoko alkatea da, Aiaraldean dagoen 160 biztanleko herria, eta ondo ezagutzen ditu gabezia horiek: “Dendarik ez dago eta erosketak egiteko edo beste edozein zerbitzu jasotzeko herritik irten behar duzu. Askotan garraio pribatua hartzea beste erremediorik ez dago, baina kasuistika ezberdinak ditugu: gidatzen ez duten pertsonak, zailtasunak dituztenak, haurrak... Alde egiteko arrazoia izan liteke”.

"Produktuak eta zerbitzuak herritarren beharrak asetzeko sortu behar dira, eta ez alderantziz”

Jabi Asurmendi
Udalbiltzako lehendakaria

Laguntza tekniko eta ekonomikoa

Merkatuek bazterrean utzitako herrietan logika merkantilistak ez du balio zerbitzuak herritarren eskura jartzeko garaian. Horregatik jo du Udalbiltzak ekonomia eraldatzailera, “guztiz” partekatzen dituelako bere balioak: “Produktuak eta zerbitzuak herritarren beharrak asetzeko sortu behar dira, eta ez alderantziz”, dio Asurmendik

Hauspotu programan formazio saioak antolatu dituzte hainbat herritan OlatuKoopeko kideek gidatuta,  eta eredu izan daitezkeen proiektuak ezagutzeko aukera dute bertaratuek, batez ere agroekologia, zaintza eta etxebizitzaren ingurukoak, arlo horiek bultzatu nahi baitituzte. Babes tekniko horren barruan, programan parte-hartzen dutenek bidelaguntza ere izango dute euren proiektua aurrera ateratzeko. Leire Udabe Zarauzko Lakari kooperatibako eta OlatuKoopeko kidea aritu da saio horietan hizlari: “Guretzat aukera izugarria da ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko”.

Programaren beste ardatza ekonomikoa da. Koop57ren bitartekaritzari esker, diru-funtsa osatu dute proiektuak finantza etiko eta solidarioan oinarrituriko mikrokredituen bidez laguntzeko.

Oraingoz Garesen, Argantzunen, Galozen eta Agoitzen egin dituzte saioak, eta beste bi geratzen zaizkie lehen fasea amaitzeko, bata Balmasedan eta bestea Izuran. Horrez gain, batzar orokor bat ere egingo dute hausnarketa eta ideia orokorragoak partekatzeko. Antolatzaileak kontent dira erantzunarekin, 70 pertsona inguru bildu baitiuzte oraingoz; herrietako beharrak kontuan hartzen dituen formazioa eskaini eta tokian bertan sorturiko proiektuak bultzatzean datza giltza, euren ustez: “Oso sentsazio onarekin ari gara geratzen, ikusten ari garelako toki bakoitzean badaudela proiektuak”, azaldu du Koop57ko Gorka Juliok.  

Herritarren inplikazioa funtsezko

“Herritik jaiotako proiektuak” izango direla argi du Asurmendik, tokiko eragile eta elkarteekin lan handia egin baitute eskualde bakoitzeko kezkak eta beharrak identifikatzeko. Zentzu horretan, ez du zalantzarik, ordainetan, herritarrek konpromisoa eta inplikazioa erakutsiko dutela horiekiko, bai gertutasunagatik, bai ikuspuntu ekologiko batetik jasangarriagoak izango direlako eta baita ahalegina eskertzeko ere: “Nik militantzia bezala ikusten dut: zer gutxiago herriko sugarra bizirik mantentzeko egindako lanari erantzutea baino”.

Nolanahi ere, kulturalki aldaketa handia beharko dela badakite, esaterako jabetza pribatuak duen estatus ukiezinari dagokionean: “Kontsumo eta jabetza eredu batzuk dauzkagu barneratuta, kontziente izan gabe horrek guztiak nora eramaten gaituen”. Etxebizitzaren arloa izan liteke adibide bat, hainbeste etxe huts dauden tokian, nola liteke etxebizitza arazo izatea? Hain zuzen, Agoitzen otsailaren 28an egindako formazio saioan etxebizitza komunitarioko esperientzien berri eman zuten.

Donostian aurkeztu zuten ekimena urtarrilaren 27an. Irudian, Gorka Julio (Koop57), Jabi Asurmendi (Udalbiltza) eta Leire Udabe (OlatuKoop). (arg: Foku / Juan Carlos Ruiz)

Lurra bera ere faktore garrantzitsua da, lehen sektoreari hain loturik dauden bailaretan. Norbanakoek bezala udalek ere badute ardurarik terrenoen lagapenean. Asurmendik Ipar Euskal Herriko Lurzaindiaren proiektua nabarmendu du, formazioa eta ustiapenen jarraipena lehenesten baititu jabetzaren aurretik.

Despopulazioa denon arazoa da

Urruneko eskualdeek bizirik irautea ez da soilik hango biztanleen ardurapean dagoen borroka. Despopulazioa eta, ondorioz, lurraldearen desertifikazioa, denon arazoa da, hirietan bizi direnena ere bai.

Merkatuek bazterrean utzitako herrietan logika merkantilistak ez du balio. Horregatik jo du Udalbiltzak ekonomia eraldatzailera

Lurralde oreka mantentzea zein garrantzitsua den erakusten digu datu batek: Nafarroako eskualde mailako herri historiko eta garrantzitsuak, Tafalla edo Lizarra kasu, biztanleak galtzen hasi dira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak txosten batean jakinarazi duenez. Domino fitxen tankeran erortzeko arriskua dute herri koskorrek ere, CaixaBank bera kezkatzeraino –Nafarroako Kutxa irentsi zuen bankua, ez ahaztu irakurle–: “Inguruko herrietan ez badago biztanlerik, hauen merkataritza, aisialdi eta osasun eskaintzek ez dute zentzurik eta desagertu egingo dira”.

Ikuspegi ekonomizista hutsetik haragokoa da auzia, ordea. Izan ere, herri txikiekin batera naturari loturiko kultura eta bizimoduak bazterrean uzten baditugu, larrialdi klimatikoarekin gainean ditugun erronkei aurre egiteko jakintza oso bat ere galduko dugu: “Ikusi besterik ez dago, adibidez, auzolana zein inportantea izan den. Despopulazioak hori guztia galtzea ere badakar atzetik”, dio Udalbiltzako lehendakariak.

Urbizidio edo ekozidio antzeko horiek gertatu ez daitezen –herrien eta naturaren suntsiketa–, pertsona erdigunean jarriko duten lurralde bizigarriak behar ditugu. Hauspotu norabide horretan doa, eta Udabek laburbildu duen moduan, erakutsi nahi du “posible dela Euskal Herriko txoko ezberdinetan lan egin eta nork bere bizi proiektua eraikitzea”. Posible dela irri egitea, alegia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


Eguneraketa berriak daude