ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

  • Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira.

Hernaniko Udaleko, Udalbiltzako eta Burujabetzen Aldeko Elkarteko ordezkariak asteazkeneko agerraldian, Hernanin. Argazkia: Hernani Burujabe.

2023ko irailaren 27an - 14:44
Azken eguneraketa: 17:52

Eraldaketaren esparruan lanean dabiltzanek zita bat dute Hernanin urrian. Asteazken honetan aurkeztu dituzte Burujabetzak, udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzeko helburua duten jardunaldiak. Hernaniko Udala, Hernani Burujabe herri proiektua eta Udalbiltza dira antolatzaile.

Aurkezpenean haien ordezkariak izan dira: Xabier Lertxundi eta Itsaso Lekuona Hernaniko alkatea eta zinegotzia hurrenez hurren; Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakari izendatu berria eta Clara Rouget erakunde horretako zuzendaria; eta Aines del Valle eta Ander Larretxea burujabetzen aldeko elkarteko kideak.

Burujabetzen aterkipean

Bi urte dira Hernanin martxan jarri zutela Hernani Burujabe proiektua eta Lertxundiren esanetan uste dute "egiten dugun proposamena beste zenbait herritarako ere aproposa izan daitekeela". Zentzu horretan, Udalbiltzarekin lankidetza "ezinbesteko" jo du.

Alberdik, bere aldetik, Udalbiltzaren garrantzia azpimarratu du, bere ustez "tresna ezin hobea" delako herrietan martxan diren ekimen eraldatzaileak hortik kanpora ere proiektatzeko: "Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari garen lan guztia saretzeko", esan du.

Hernanin ez ezik, beste toki askotan ere ari dira lanean ikuspegi eraldatzaile horretatik eta "burujabetzen aterkipean". Esperientzia horiek guztiak metatzen joan dira eta orain horiek modu "sistemikoan" artikulatzea dute erronka, antolatzaileek azaldu dutenez

"Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari garen lan guztia saretzeko"
Haritz Alberdi (Udalbiltza)

Mahai-inguruak eta esperientziak

Jardunaldiak urriaren 19tik 21era izango dira, Hernanin bertan, eta hainbat hitzaldi eta ekitaldi antolatu dituzte. Hala, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko esperientziak ezagutu ahal izango dituzte parte-hartzaileek.

Esaterako, urriaren 19an burujabetzen inguruan egingo den mahai-inguru irekian Mireia Vehí CUPeko diputatu ohiak hitz egingo du, baita Glenna Del Valle Cabello Venezuelak Bilbon duen kontsul nagusiak ere, Jule Goikoetxea filosofo politiko eta EHUko irakaslearekin batera.

Horrez gain, urriaren 20an elikadura, zaintza, hezkuntza eta lanaren arloan dabiltzan eragileetako ordezkariek ere solasaldia izango dute euren esperientziak partekatzeko.

Azken egunean, berriz, Burujabetzen Eguna ospatuko dute. "Kalejira kulturala" egingo dute lehenik, eta ondoren bazkari girotua izango dute horretarako izena ematen dutenek.

Informazio guztia burujabetzak.jardunaldiak.eus webgunean aurki liteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Burujabetza
‘Hamarreko bitxia’ ipuin liburu kolektiboa argitaratu du Udalbiltzak

Udalbiltzak 2021etik antolatzen du Geuretik Sortuak sormen beka. Oraingoan, literaturaren alorrari dagokion Hamarreko bitxia ipuin liburua aurkeztu dute Donostian.


2023-12-07 | Kronika
Energia bulegoa ireki da Hernaniko Burujabetzen Etxean, Iturolan

Herritarrei eta Hernaniko enpresei energia aholkularitza eskainiko die.


2023-12-06 | ARGIA
Gaur, abenduak 6, ARGIAn lanean ari gara normaltasunez

Abenduaren 6an Konstituzioaren Eguna ospatzen da Espainiako Estatuan. ARGIAn aspaldi egin genuen hautua gure egutegi propioa landu eta jai inposatzaile eta arrotzak ez onartzeko; horregatik, asteazken honetan normaltasunez ari gara lanean, ez dugulako ezer ospatzeko.


Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra egingo dute Gasteizen: ura, elikagaiak, energia, garraioa, klima...

Ostiral honetan ekonomialari euskaldunek zita garrantzitsua dute Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, biltzarra egingo dute hirugarrenez. Euskal Herrian estrategikoak izan daitezkeen hainbat gairen... [+]


Eguneraketa berriak daude