"Birusa lezio ikaragarria izan da Mendebaldeko herritar guztiontzat"

  • Donostiako ospitaleko ZIUko medikua, irratian ere zaildua. Pandemiak, hedabideetako lehen lerrora ekarri du Felix Zubia, bateko zaintza intentsiboko unitateetako katastrofe eta hekatonbea, eta besteko birusak eragindako mundu mindua. Mikrobioak pekoz gora jarri du ustez erraldoi ginen ezdeuson bizia.

Nola titulatuko zenuke 2020. urtea?

Alde batetik, “Handi uste, eta izan ez”, ezarriko nioke titulua, herrialde aberatsetan, oroz gain. Bestetik, osasungintzan ari garen langileoi dagokigunez, “Zarataren urtea”, esango nuke. Ikaragarrizko estresa izan dugu, nahiz pertsonalki eta profesionalki ere oso garai “polita” izan. Urte honek erakutsi digu albistea sortu beharra dugula noiznahi eta beti. Zientziaren eremuan, komunitate zientifikoak aspaldi jarriak dauzka arauak, baina alferrik izan da. Egun batetik bestera, ikusi dugu arauei ezikusi egin eta zientzia bihurtu dutela inoren txio bat, inoren whatsapp mezu bat. Eta horretarako eskubiderik ez dago! Edozeinek hitz egin du, eta horrek etengabeko zarata eragin du.

“Handi uste, izan ez”…

Koronabirusa umiltasun lezio ikaragarria izan da mendebaldeko herrialdeentzat, ze koronabirus honek anaia, arreba edo lehengusu txiki bat izan baitzuen 2003an Txinan eta inguruko herrietan. Eta, ondorioz, serio jokatu zuten, eta prestatu zituzten herrialdea eta osasun sistema. Hemen ere jaso genuen abisua, baina ez genuen prestaketarik egin, ez genuen ez osasun sistema indartu, ez Osasun Publikoa ere, hau da, jendartearen osasuna zainzten duen osasunaren atala. Konfiantza ikaragarria genuen zientzian, baina gaitza etorri denean, Osasun Publiko ahula dugula ikusi dugu: babes bereziko ekipo guztiak gurea ez den herrialdean asmatu eta egin dituzte, beti-betiko ekonomiaren legeak jarraituz, pentsaturik birusa ez zela ezer izango, pasatuko genuela hau ere. Haatik, izugarrizko zaplastekoa jaso dugu. Kalkulu akats geoestrategiko ikaragarria izan da.

Lezio ikaragarria izan dela, esan duzu. Lezioa “ikasgai” ohi da euskaraz. Ikasi dugu batere?

Ezetz esango nuke. Hor bada adibide eder bat. 2016an –ikusirik 2003 hartan zer izan zen, eta handik hamar urtera ere zer izan zen–, koronabirusaren kontrako txertoa sortu zuten AEBetan. Hiru milioi euro behar zituzten txertoa frogatu eta prest edukitzeko. “Buruargiren” batek hura ez zela lehentasuna erabaki zuen, eta ez zuten harako dirurik bideratu. Eta, hala ere, ziurtasun faltsu horrek bizi gaitu, zerbait gertatzen bada zientziak salbatuko gaituela pentsatzen dugu. Bestek salbatuko gaituela pentsatzen gu beti, geure hauskortasunaz jabetu gabe! Lezio ikaragarria mendebaldeko herritar guztiontzat.

Argazkia: Dani Blanco

Rikardo Arregi Kazetaritza sarien banaketa ekitaldian kontatu zenuenez, lehenengoan, etorriko zela ez zenuen uste.

Albistea jaso genuen, eta hari jarraipen egiten ari ginen. Ziotenez, gaitza ez omen zen hain txarra, ez hain kutsakorra, ez hain arriskugarria. Hala ere, Txinak 50 milioi biztanleko eremua itxi zuen, eta ospitale berri bat egin zuten egun batetik bestera! Hori arreta emateko moduko gauza zen. Baina aurreko birusak [SARS, 2003] sortu ziren eremuan bertan kontrolatu zituztenez, hau ere kontrolatuko zutela uste genuen. Are gehiago, otsailaren amaiera aldera, astearte bat-edo izango zen, Txinako gobernuak eta Osasunaren Mundu Erakundeak garbi esan zuten gaitza kontrolpean zutela, kasik bukatutzat eman zitekeela gaixotasuna. Eta horixe esanez bukatu nuen aste horretako [Osasun etxea] irratsaioaren grabazioa. Ostiralean grabatu, eta larunbat goizean, jaiki, eta Italian birus kasuak agertu zirela aditu nuen irratiz. Jo eta Arantxari [Artza, irratsaioaren gidaria] hots egin nion, nire azken hitzak kentzeko esanez, bestela lotsagarri gelditu behar genuela!

Inork espero ez zuen.

Ez da inork espero ez zuena. Otsailean, esaterako, sakelakoei buruzko mundu biltzarra izatekoa zen Bartzelonan. Hego korearrak izan ziren atzera egiten lehenak. Kritika handiak jaso zituzten, baina zerbait bazetorrela igarri zioten, eta ez zela parte onekoa. Ez dakit den Txina ondoan daukatelako, espioitza zerbitzuek lan egiten dutelako, edo zer arraiogatik, baina zerbait bazekiten. Edo, besterik gabe, umildade ariketa izan zen.

Umildade ariketa haiek, harrokeria franko guk?

Bai. Baditugu uste eta ziurtasun faltsu batzuk, eta, horrekin batera, geurekoikeria galanta! Ez gara jabetzen elkarren premia handia dugula. Gizartea ez da posible batak bestea lagundu gabe, maila guztietan lagundu ere. Autosufizientzia horixe dugu. Lezioa jaso dugula, baina ez dugu ikasi!

Eta osasun sistemaren arduradunek neurriak agintzen dituztenero, zirrikitu bila gu.

Zirrikitu bila betiere! Tranpa nola edo nondik egingo! Neurrien espiritua barneratu beharrean, hari nola eskapo egingo pentsatzen beti. Egia da batzuek eta besteek ez dutela gauza askotan asmatu, baina gizarte, jendarte eta pertsona moduan, uste dut gure buruari autokritika izugarria egin beharko geniokeela, ikusirik zein bazterrera utzi dugun elkartasuna.

“Autokritika” esan diguzu orain, baina “porrot kolektiboa” esan izan duzu bai Berria-ko eta bai Euskadi Irratiko kolaborazioetan.

Hasi goitik eta beheko mailetaraino, porrot egin dugu. Hasteko, bizitzeko estilo jakin baten porrota da: natura inbaditzea, birusa animalietatik pertsonetara transmititzea, turismo eta bidaiaren industrializatzea –horrek birusa mundu guztira zabaltzeko erraztasunak ekarriz–, eta, oroz gain, geurekoikeria handi hori, zientziarekiko ziurtasun faltsu hori, gauza guztien gainetik pertsonaren hauskortasuna ezkutatu nahi hori… porrot kolektiboaren froga dira. Heriotzak ere zenbaki bihurtu ditugu, ez pertsona. Onargarri al da, bada, astero 60 edo 80 pertsona hiltzea? Bestela jokatuta, geure esku dagoena eginda, heriotza horiek saihestuko genituzke! Orduan, zer ari gara?

Argazkia: Dani Blanco

ZIUko mediku zara Donostiako ospitalean, noiz hasi zineten zaparradaz jabetzen?

Iazko gabonetan bertan, Txinako berri irakurtzen hasi ginenean medikuntza aldizkarietan. Dena zen berri, baina gu laster ginen protokoloak ezartzen, babes bereziko ekipoak saiatzen, entrenamenduak egiten… Nik neuk, zortzi protokolo idazten hartu dut parte! Martxoaren hasieran Italiako berriak jaso genituenean, zerbait etorriko zitzaigula pentsatu genuen, baina horrelako dimentsiorik izango zuela, pentsatu ere ez. 2009an, A gripea izan zenean, 40 bat gaixo izan genituen gure [Zaintza Intentsiboko] unitateetan. Eta behin ere ahaztuko ez zaizkigun egoerak bizi izan genituen. Esate baterako, emakume bat, haurdun, pneumoniak jota, hiltzeko zorian. Zesarea egin behar izan genion –lankide batek egin zion–, ni han bertan nintzela, ZIUko box baten barruan! Haurra onik atera zen, zorionez, baina ama ez, zoritxarrez: hil egin zen.

Espero zenuten gaitzak horrelako dimentsiorik iritsiko zuela?

Zerbait espero genuen, baina ez horrenbestekorik. Ezta pentsatu ere. Gasteizkoak hasi zitzaizkigunean esaten bertan zutela birusa, egoera lehertzera zetorrela, orduantxe bai, “Hementxe daukagu!”, esan genion geure buruari. Abuztuan, oporretatik itzuli, ospitalera joan, ikusi, eta esan nuen: “Hau da txikizioa daukaguna!”. Eta bigarren olatuan gaude abuztuaren amaieraz gero. Bigarren olatuan, irailean, eta urrian, eta azaroan!

Kalekook jabetzen garen ez dakit...

Egoera disoziatiboan bizi gara, guztiz. Alde batetik, kaleko mundua dago; bestetik, ospitalekoa. Ez dugu besteren sufrimendua ikusi nahi, hura ezkutatzeko joera dugu, hilak zenbaki bihurtzeko tirria. Ospitaleetan bizi dugun panorama kalekoek ikustea komeniko litzatekeela uste dut.

Miren Basarasi aditu genion azaroaren amaieran esaten sufrimendua erakutsi beharko zatekeela.

Dudarik gabe. Zenbakiek despertsonalizatu egiten gaituzte. Bi bizipen ditut, koronabirusak ekarriak biak, bizi guztian neurekin izango ditudanak. Bata, neska gazte baten kasua da, 35 urtekoa, koronabirusarekin ingresatu zutena. Martxoan, apirilean zen, hor nonbait. Eguna eman zuen gurekin. Arnasa hartu ezinda etorri zen, eta arnasgailua jarri behar izan genion. Hori baino lehen, telefono deia egiten utziko ote genion eskatu zigun, faborez, bideo-deia egin nahi ziola bere gizonari. “Bai, utziko ez dizugu, bada!”. Eta emakumeak, gizonari: “Jakin ezazu lo hartzera noala, ez dakit bizirik aterako naizen, baina bizirik atera nahiz ez, jakin ezazu zu ezagutzea izan dela munduko gauzarik ederrena, eta zurekin bi haurrak izatea”. Bizirik atera zen.

Bigarrena?

Urrian-edo. Gizon bat, hego amerikarra jatorriz, hemen bizi dena, 50ren bat urtekoa. Ekarri zuten, eta intubatu genuen, berari buruzko bestelako berririk ez genuela. Hurrengo egunean, dei bat [Gipuzkoako] foru aldunditik. “Nola dago gizon hau? Alarguna da, bi seme ditu, 12 eta 8 urtekoak, eta, beste berririk ez bada, harrera-familia bila hasi beharko dugu, gizon horrek hemen ez du-eta seniderik”. Horiexek dira benetako errealitateak, dramak. Hori zenbaki bihurtzea, errealitatearen ukazio itsusia egitea da.

Zer aho-gozo utzi dizu drama hori bertatik bertara bizitzeak?

Lanbidearekin batera ikasi genuen ez goian, ez behean bizitzen. Norbait sendatzen dugunean, ez dugu guk sendatzen, eta, era berean, norbait hiltzen denean, ez dugu guk hiltzen. Bestela, errusiar mendian biziko ginateke, erotuko ginateke. Lana ahalik eta ondoena egiten ikasi genuen, eta bizitzen. Ze aho-gozo uzten digun bizi izan dugun egoerak? Lagundu izanaren poza, batetik, eta, bestetik, hainbeste heriotza eta sufrimenduk, erasana barrua. Beti daramagu karga hori geure barruan, lanbideari dagokiona da, baina oraingoan guztiz biderkatuta etorri zaigu. Gaitz erdi, zaintzak bi, hiru eta lau pertsona artean ere egiten ditugu, momentu txarrak banatzera jotzen dugu, sufrimendua elkarrekin eramatera. Horrek sortzen duen elkartasuna ez dakit, bada, beste ezerekin konpara litekeen.

Pandemia kudeatzeari dagokionean, zer ez da egin behar bezala?

Zerrenda ikaragarria litzateke! Aurreneko momentutik gaixotasunari zeukan dimentsioa ez ematea inork, adibidez. Edo Osasun Publikoa behar bezala ez indartzea. Edo ziurtasun faltsurik gabeko mezuak ematea. Edo udan, ondo xamar geunden garaian, inork ez esan izana: “Hau larria da, gaizki ibili behar dugu, zaindu gaitezen denok!”. Elkartasun falta ikaragarria ikusi da gizarte maila guztietan. Edo dikotomia faltsu hori sortzea ere –osasuna, alde batetik, ekonomiaren osasuna, bestetik–, ez da ondo egin.

Gauza asko ez dira behar bezala egin!

Zerrenda luzeagoa izan liteke!

Norena da ardura?

Denona. Nork geure ardura dugu, dagokigun mailan. Ez zait gustatzen inor seinalatzea, zatarra da eta. Noski, agintari den horrek ardura du, agintari delako. Baina nik ere ardura leporatzen diot neure buruari, alegia, zergatik ez ote nuen hedabideetan gogorrago hitz egin martxoan, zergatik ez ote nuen gogorrago hitz egin udan. Eta ondokoaren zorigaitza kontuan hartzen ez duen gizartearen ardura ere hor da.

Damu duzu hedabideetan gogorrago hitz egin ez izana.

Kontzientziako karga. Udan, batzuetan bai, besteetan ez, gogorrago hitz egin nuen, kontua ez baita jendeari beti errietaka jardutea, bestela haizea hartzera bidaliko zaituzte-eta, normala denez! Kar, kar… Mendebalde osoaren porrot kolektibo izugarria da hau guztiau, indibidualismoaren porrot izugarria, turismoa industria bihurtzearen porrota, eta, batez ere, geure zilborrari begira bizitzearen porrot kolektibo ikaragarria.

Zer onik atera liteke pandemia honetatik?

Bizipenak. Bizitza bizipenak baitira, eta bizipenak inork ez dizkigu kenduko: igarotako momentuak, jendeari laguntzeko aukera… Denok esaten genuena: “Seguru, hemendik gizarte hobea aterako dela!”. Etxean barruan lotuta geundenean esaten genuena zen hori. Garai bateko txalo haiek-eta, sekula ez zidaten ilusio handirik egin: kalera irteteko aukera izan zenean bukatu ziren txalo haiek! Kar, kar… Zazpi euroko billetea baino faltsuagoa zen hura! Gizakiaren martxa ikusi eta ez naiz batere baikorra. Txalupa berean goaz denok, baina ez dugu ikasi. Nire esperantza bakarra da ondoko belaunaldiak bizitzaren eta munduaren ikuspegi berri bat sortzea, baina ez dakit lortuko dugun.

Izugarrikeria gertatu da.

Medikuntzan bada kontzeptu bat, katastrofea izenekoa. Katastrofeak ez du esan nahi ondo edo gaizki lan egin den, baizik eta zauritu gehiago dagoela baliabideak baino. Katastrofe bat gertatzen denean, gainezka izango da beti osasun sistema. Hortaz, oraingo pandemian, transmisioa moztea da lehenengo gauz. Transmisioa pertsonatik pertsonara gauzatzen da, ordea, eta horixe etetea kostatzen zaigu. Hiesaren prebentzioa adibide hartuta, sexu harreman seguruak izatea da bidea, ez kontsulta gehiago jartzea! Milaka Hies kasu izan bagenitu, inork ez zukeen esango: “Handitu itzazue ospitaleak!”. Transmisioa eten behar da, eta, horretarako, bizimodua aldatu behar dugu. Ematen du tabernak itxi eta akabo dela mundua. Ez dugu gure bizimodua kritikoki aztertzeko gogorik.

Zer sentitzen duzu agintariak hizketan aditzen dituzunean?

Ez nuke haien azalean egon nahi. Ez dakit, eta ez nuke jakin nahi, zenbat presio jasotzen duten. Hala ere, zera eskatuko nieke, ildo tenporala zabaltzea, ez jardutea astebete edo hamabost eguneko epera begira, zera esatea baizik: “Begira, hau pandemia bat da, mundu mailako arazoa, baina, gure txikian, zerbait ere egin dezakegu, baina, horretarako, gizarte guztiaren erantzuna behar dugu”… Edota, askoz ere garbiago esatea: “Milaka heriotza datoz, aurrean dauzkagu, osasun sistema gainez egiteko arriskua dugu, eta neurri zorrotzok hartzera goaz halako eta halakorengatik”. Horixe eskatuko nieke agintariei, eta ez positibismo faltsuetan ibiltzea: “Hobeto gaude! Aurreko astean baino hobeto ari gara!”. Beharbada, jendeak ez du egia aditu nahi, baina esan beharra dago, eta horrek jarraikortasuna eskatzen du.

Mezuak, iturburuko ur garbia bezain garbi nahiko zenituzke.

Uste dut agintari eta ardura karguetan daudenek komunikazio estrategia birplanteatu beharko luketela. Epe motzeko fokua kendu, eta epe luzekoa jarri, jendeari gauzak garbi esan; gogorra dena, gordin; baina gauza bat esan, edo gero bete ez, edo bestela jokatu, ez. Horixe da sinesgarritasuna galtzeko bidea. Nire ustez, ez dute komunikazio estrategian asmatu, ezta komunikazio hori hizkuntza egoki batean egiten ere.

Eta, orain, hemen dira txertoak. Panazea?

Txertoa izango da ataka honetatik aterako gaituena, dudarik gabe. Historiak erakutsi du txertoa dela birusei kontra egiteko neurri eraginkorrena. Poliomelitisak, adibidez, sekulako txikizioak egiten zituen hemen duela hamarkada batzuk arte, eta txerto bidez kontrolatu zen. Baztanga ere bai, eta beste gaixotasun asko ere bai. Beraz, honen irtenbidea txertoa izango da. Hala ere, txertoaren eraginkortasuna zenbaterainokoa den ikusi behar da, gaitza guztiz desagertzen den, ez den, gelditzera etorri den tantaka-tantaka gaixoak eta hilak eragitera... Dena dela gaitza munduan desagertzekotan, aberatsak ez diren herrialdeetan ere egin beharko ditugu txertaketak, bestela atzera hona etorriko zaigu-eta birusa, mutatuta. Bitartean, joka dezagun eskuzabaltasunez, ondokoagan pentsatuz, aita edo ama galtzera doazen pertsona larriengan, edo gurasoak galtzera doazen haurrengan…

Zenbakiek ezkutatzen duten sufrimenduaz ari zara…

Eta zientziaren ikuspuntutik, berriz, beste galdera bat ere egin beharko genioke geure buruari: “Eta gure ikerlariak, nola bizi dira Euskal Herrian?”… Hurbiletik ezagutzen dut haietako batzuen egoera, eta esan nezake gaizki tratatutako kolektiborik baldin bada Euskal Herrian, lanbide guztiak aintzat hartuta ere, ikerlariena dela okerrena. Bekak eskaintzen zaizkie, mixeria bat, kotizatzen ez duten bekak, gizarte segurantzaren aurrean langabezia eskubiderik gabekoak, osasun txartela eskatzeko ere eskubiderik ematen ez diena… Horixe eskaintzen diegu gizartean lehenengo mailakoak izan beharko luketenei. Goi mailako ikasketak eta doktorego tesiak eginak dira, gure aurrerapidea sortu beharko lukeen jendea da, gizartearen arazoei irtenbidea eman beharko liekeen jende ongi prestatua. Mila gauzatan ari gara dirua inbertitzen, baina ez ikerketan, ez zientzian. Sekulako hutsunea dugu hor.. Ikerlarien baldintzak hobetu behar ditugu, eta ikerkuntzari benetako garrantzia eta bultzada ikaragarria eman.

Osasuna, alde batetik, ekonomiaren osasuna, bestetik?

Ekonomia bultzatu nahi dugula benetan esango bagenu, zergatik ez dugu herriko denda txikietan gehiago erosten? Edo, ondokoak kutsa ditzakedala kontziente izanda, zergatik ez dut egiten ostalaritzaren erabilera arduratsua? Osasunik ez dagoen tokian, ekonomiarik ere ez dago. Dikotomia horiek tranpa hutsak dira. Osasuna zaindu behar da, pertsonen bizitzak zaindu behar dira, eta osasun arloan arduratsu jokatuz eta elkartasuna erakutsiz, ekonomiari eutsi ezinik ez dago. Sektore askok sekulako zaplastekoa jaso dute, eta ez daukagu malgutasun mentalik aurrekontu guztiz ezberdin batzuk egiteko, maila guztietan ere? Hasi herrietatik, foru aldundietara eta gobernuetaraino, pertsonari ahal den neurrian laguntzeko? Gure zilborrari begira ibili behar beti!

*** *** ***

Xabier lete, I

"ZIUn sartu zenean ezagutu nuen Xabier Lete. Ospitaleko ohe batean ezagutu nuen, beraz, liburuetako irakurketatik aparte. Lan handia eskatzen zuen Xabier zaintzeak, eta pertsona bakarrarentzako lan handia zelako, nire lankide Fermin Alberdik eta biok hartu genuen haren ardura, bukaerara arte. Medikuntzak egindako oparirik berezienetakoa izan zen hura zaintzea. Zenbat gauza esan nahiko nizkiokeen, eta ezin. Eta, batez ere, berari bere kontuak esaten adituko nahiko nizkiokeenak, eta ezin".

xabier lete, II

"Pertsona iluna zela uste du jende askok, baina juxtu kontrakoa zen. Bazuen kontzientzia munduaz, gizarteaz, bere gaixotasun eta ahuldadeaz, baina horren barruan, alaitasuna eta maitasuna ekartzen zituen beti ospitalera. Gure unitateko erizain asko eta askoren izenak zekizkien, haien bizitzari buruzko interesa zuen, zein zituzten arazoak, zer moduz zeuden… Horixe Xabierren leziorik handiena: hain gaizki eta ahul egonda, zer maitasun zabaltzen zuen".

 

xabier lete, eta III

"Lurdes [Iriondo] hil zenean elurtuta zegoen Bianditz mendia. Xabier azkeneko aldiz, hiltzera etorri zenean, hegoaldera jotzen zuen gelan jarri zuten, Bianditz ikusten zuela. Eta hiltzera etorri eta zein irribarrerekin sartu zen, deskribatzerik ez dago. Bizipen ikaragarria izan zen. Eta Xabierren azken hitzak: “Felix, akordatzen al haiz?”. Alegia, Lurdes hil zenean ere zurituta zegoela mendia. Harrezkero, “Elurra zatorrek!” aditzen dudanean, “Bihar ere, zurituko dik Bianditz!”, pentsatzen dut. Elurra ikusi dut poema ere, une horretaz ari da".

 

AZKEN HITZA

Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut (amaiera)

(…) gaur, izan ginen hartatik

ia ezer ez denean geratzen

berriro xuriz jantziak ikusi ditut mendiak,

ekialdeko bortuetara begiratu dut hunkitua

eta barnearen barne barneratuenetik esnatu zait

denboraren abaraskaren pean

estalia zegoen kantua:

goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza.

(Xabier Lete)

 

 

 

Felix Zubia Olaskoaga (Zarautz, 1974), Medikuntza ikasketak egina EHUn (1998). Pilotarien eskuetako patologiaz idatzi zuen gradu amaierako tesia. Donostiako ospitaleko ZIUn ari da 1999az gero. Aspaldi ari da Euskadi Irratiarekin kolaboratzen. Lauretan Babel saioan ekin zion, Susana Mujika gidari, eta Osasun etxea-n da, berriz, 2013tik hona, Julian Bereziartua Zuriko-ren lekukoa harturik. Hedabideetako lehen lerrora eraman du pandemiak, eta lan onaren sari, 2020ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi du Arantxa Artza esatariarekin batera. Xabier Lete zenaren zaintzaz arduratu zen haren mundualdiaren azkenetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude