Hilekoaren prozesu naturala ere, aztoratua

  • Ezjakintasunak, ezinegonak, kontrol ezak, mugek, aginduek, ardurek... osasun mentala erasaten dute, are gehiago bizi duguna bezalako pandemia egoeratan. Eta apenas hartzen da kontuan. Kaos honetara egokitzeko ahaleginetan ari dira garunak eta, hartara, baita gorputzak ere. Tartean, hilekoaren jarioak, zurrunbilo batean murgilduta.

"Hilekoa konfinamendu garaietan". Kariela Quintana Matos eta Oihana Ortega Otxoa de Ametzaga, 'La regla en tiempos confinados' inkestaren egileak.

COVID-19ak gorputz kopuru jakin bat harrapatu du, baina denon osasunean ari da eragiten; mentalean zein fisikoan. Hilekoaren zikloetan ematen ari diren aldaketetan suma daiteke, adibidez. Hala esan digu Iratxe Gil psiko-sexologo eta sexu-terapeutak. Gasteizen du bulegoa, eta martxoko konfinamenduaz geroztik kontsultak areagotu egin zaizkiola dio, zalantza berriek motibatuta: “Hilekoaren atzerapenari buruzkoak izan dira asko. Estres handia sortzen ari da azkenaldian eta hau ez da gure zikloen lagunik onena”. Estresak kortisol hormona askatzen du; zenbait zelularen funtzioetan desorekak eragiten ditu horrek, hilekoaren prozesu naturalean besteak beste. Hala, “normala” da aldaketak sumatzea, zikloak aurreratu ala atzeratzea, haien iraupena luzatu ala laburtzea edota min handiagoa sumatzea, besteak beste. Baita hilekoa desagertzea ere.

Ia 500 emakumeko lagin bat ardatz, %48,1ak azken hilabeteetan aldaketaren bat sumatu duela frogatu du Oihana Ortega Ribabellosako (Araba) gazteak. Esperientzia pertsonaletatik abiatuta, ondorio kolektiboak ateratzea helburu, inkesta bat egin zuen lagun batekin batera pasa den udaberrian. Apirilaren hasieratik ekaina erdialdera bitarte egon da sarean bueltaka eta ia 500 erantzun jaso dituzte, gehienak 20-40 urte bitarteko emakumeenak. La regla en tiempos confinados (Hilekoa konfinamendu garaian) txostena osatu dute ateratako ondorioekin eta, “adituak ez izan arren”, profesionalen bati bidaltzea pentsatu dute, ikerketa baten abiapuntu izan daitekeelakoan, hasieratik interesa azaldu zuen Iratxe Gil sexologoari esaterako.

Hilekoaren prozesu naturala oztopatzen dute pandemia bezalako bizipenek: antsietatea, takikardiak, hipokondria uneak, aspergarritasuna, interes falta, nekea, beroa, zorabioak, hazkura, mina esku eta hanketan, titiburuetan, eremu peritonealean... “Normalak” izan daitezke horiek guztiak, baina inkestan parte hartu duten emakumeen erdiak baino gehiagok ohi baino sakonago sentitu ditu. Inkesta horretan ez dute soilik hilekoaren sintomei buruz galdetu, egoera osotasunean ulertu nahi izan dute analisi sakonagoa egiteko. Konfinatuta igarotako egunak, adina, lan egoera, antisorgailuen erabilera, hilekoaren sintomak eta aldaerak eta erabilitako babes neurriak (kopa, konpresak, tanpoiak) izan dira kontuan hartutako irizpideak.

"Azkenaldian emakume askok galdetu dit hilekoaren atzerapenaz. Estres handia sortzen ari da azkenaldian, eta hori ez da gure zikloen lagunik onena". (Iratxe Gil)

Ikerketa irekia utzi dute, esan bezala, profesionalek zuku gehiago atera diezaioten. Datu bat ematearren: konfinamenduan emakumeen ia erdiak ez du lanik egin; egin dutenen artean, presentzialki jardun direnak halako bost izan dira telelanean aritu direnak. Ez dute sakon analizatu lantokira joan diren emakumeak eta sintometan aldaketarik izan dutenak, kopuruan paretsuak izanik ere, pertsona berak ote diren, hau da, eragin zuzena ote duen testuinguru horrek. Hipotesi bat plazaratzera ausartu dira, ordea: ”Haurrak eskolara joaten ez badira eta seme-alabak dituzten horiek etxean lanean baldin badaude, kontziliazio-arazoak sor daitezke, zeinak estres handiagoa eragin eta emakume horien osasuna kalte lezakeen”.

Emozio orok du lekua

“Emozioetan analfabetoak gara, argi eta garbi”, dio Gilek. Horiek detektatu eta kudeatzeko zailtasunek gorputza ez ezagutzera garamatzate: “Emozio negatiboak arbuiatzen saiatzen gara, baina guztiak dira balekoak eta beren lekua ematea ezinbestekoa da osasun mentalerako eta, hortaz, fisikorako. Emozio asko ari gara sentitzen orain eta kosta egiten zaigu identifikatzea eta hitzez adieraztea. Mister Wonderful bezalako positibismo korronteak oso kaltegarriak dira, ez baititu hainbat emozio onartzen. Malguak izan behar gara gure buruarekiko. Zaurgarri sentitzeko baimena eman behar diogu. Ez da ezer gertatzen. Sentitzen dugun guztia ondo dago”. Sexu-terapeutaren hitzetan, agertzen zaizkigun sentimenduak nahitaez atera behar ditu gorputzak.

Dioenez, erru sentipena, beldurrak eta gogogabetasuna izan dira faktore nagusiak hilekoaren “deskontrol” horretan: “Kapitalismoaren produkzio abiadura basatia gure beharren kontra doa. Produktibitatea gelditu edo murriztera eraman gaitu egoera honek eta ez gaude horretara ohituta, kapitalismoak kontrakoa egiteko hezi gaitu. Behar hori betetzen ez dugunean errudun sentitzen gara eta sentsazio hori sute bat bezain azkar hedatzen hasten da; zerbait egiteko beharra daukagu, baina era berean triste eta ahul sentitzen gara, bi bider errudun. Nahi dut edo nahi izatea behar dut, baina ez dut gogorik. Bipolaritate horretan erortzen gara”. Etengabeko zalantzek, gainera, heldulekurik gabe utzi gaituztela iritzi du, noraezean sentiarazteraino.

"Argi genuen COVID-19ak sortutako alarma egoerak gure gorputza eraldatu eta eragina izan duela hilekoaren zikloan. Hori azaleratu nahi genuen". (Oihana Ortega)

“Osasuna da fisikoa, mentala eta erreproduktiboa”, azaldu digu Ortegak.  “Argi genuen COVID-19ak sortutako alarma egoerak gure gorputza eraldatu eta eragina izan duela hilekoaren zikloan. Hori azaleratu nahi genuen”. Gaixotasuna pasa ala ez, guztiok egoera bertsuan gaudela aintzat hartzea ezinbestekoa dela dio, guztion osasunean izan baitu eraginik: “Arazoa fisikoki adierazteko modu bat izan da hilekoaren aldaketa”.

Zentzu horretan, norberak bere burua ezagutu eta gure osasunaren jabe egiteko aukera baliatzea gomendatu du Gilek.

Auto-ezagutza gako

Gasteiztarrak zailtasun pertsonal batetik ikasitakoa baliatu du gorputzaren prozesuei buruzko gogoeta egiteko. Giza papilomaren birusa detektatu zioten eta huraxe izan zen beretzat inflexio puntua: “Gure gorputzaz daukagun ezagutza eskasaz jabetu nintzen”.

Hilekoa, maiz ulertzen dugu zerbait matematikoa balitz bezala, 28 egunean behin izaten den odol jarioa, besterik ez. Terapeutaren ustez, prozesua “desnaturalizatzen” du horrek, ikuspegia murriztu eta ezagutza mugatu: “Parametro horien barruan aurkitzen ez direnak patologizatu egiten dira. Hilekoa zenbaki batzuk baino gehiago da eta perfekzioaren ideia kendu behar dugu burutik”.

Hilekoaren pautak kontrolatuta ez izateak ezinegon eta kezka ugari sortu ditu, gorputzaren kontrola galtzearen sentsazioa izateraino. Paradoxikoa eman dezake, baina arrazoi hori berori da gure gorputzaren gaineko ezagutzaren eta kontrolaren beharraz jabetzeko aukera: “Hilekoaren zikloaren ezagutzak gauza asko konta diezaguke gure gorputzari buruz, osasunaren adierazgarri aparta baita. Ziklo labur batek, esaterako, zerbaiten gabezia azaleratu nahi du”. Parametro orokor batzuk dituen arren, partikularra da pertsona bakoitzaren zikloa. Horregatik azpimarratzen du auto-ezagutzaren garrantzia: “Bizitzan zehar aldaketak ematen ditu gure zikloak, bizipen guztiek eragiten dutelako. Bizitzako prozesu guztiak daude lotuta”.

Hilabeteotako kontsulta askoren prozesua positiboa izaten ari dela azaldu digu, konfinamenduak bizi erritmoa moteltzeko aukera eman duenez, auto-behaketa eta auto-zainketa ahalbidetu dituelako. Gorputza egokitu egiten dugu buruak agintzen duen horretara. Eta burua, hein berean, egokitzen dugu hezkuntzaren aginduetara. Jasotako hezkuntza nolakoa, hala hauteman edo ezagutuko dugu gure gorputza, hilekoaren zikloa adibidez; eta hala gurenagantuko ditugu erritmo eta jokabide jakin batzuk, zeintzuek, agian, ez dioten lekurik ematen gorputza ezagutzeari. Hori horrela, Espacio de desaprendizaje (Des-ikaste espazioa) deitutako proiektua abiatu du Gilek, non terapia psikologikoa, sexuala eta menstruala egiten dituen. Horiez gain, hitzaldi eta ikastaroak ematen ditu eta sarera ere hasi da egokitzen, auto-masaje menstruala eta uteroaren erlaxazio lantegia eskainiz, besteak beste.

Hori guztia kontuan hartuta, esan digu norberari dagokiola aldaketak kudeatzea, joera negatiboen eragina aztertu eta apaltzen saiatu, eta modu positiboan hautematea.  “Bizi ohiturak aldatzen ari dira eta horrek derrigorrean eragina du hilekoan, baita elikadurak eta gure burua-gorputza zaintzeari eskaintzen diogun arreta eta denborak ere. Osasun arazoa baino gehiago sistemaren arazoa da. Ezinbestekoa da hilekoa ikusaraztea; hura naturalizatu eta desmitifikatzeko”.

Hilekoa atzeratu zaio %48ari

Hilekoa konfinamendu garaian inkestan parte hartu duten 485 emakumeetatik, %48ak erantzun du hilekoa aurreratu ala atzeratu zaiola.

%34ak adierazi du zikloak ohi baino gehiago ala gutxiago iraun diela.

%43ak ohi baino odol jario handiagoa ala txikiagoa izan du, gure bizi-errutinak aldatzearen ondorio, egileek diotenez.

%25ak esan du ohi baino min gutxiago sentitu duela, eta %34ak min handiagoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hilekoa
2023-10-03 | Leire Artola Arin
Zikloan
Hilekoaren zikloa euskaraz ezagutzeko lehen web aplikazioa sortu dute Iametzak eta Ara!Gorputzek

Norbere zikloaren ezagutza ugalkortasunetik harago ezinbestekoa dela uste dute sortzaileek, eta oinarrizko hiru puntu errespetatu dituzte Zikloan web aplikazioa egiterakoan: ikuspegi feminista kritikoa, datuen babesa eta euskara hutsean izatea.


Hilekoa min kroniko bihurtzen denean

Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak emateko. Salatu dute “gutxi” ikertzen dela eta mediku batetik bestera ibili behar dutela.


Ekainetik aurrera Hego Euskal Herrian baja hartu ahal izango da hilekoagatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik

Europar Batasunean hilekoaren minaren ondoriozko baja aitortu duen lehen estatua da Espainiakoa. Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.


Ginekologoarengana joateko hamaika traba

Hainbat gaztek ginekologoarekin duten lehen harremana korapilatsua izan ohi da. Euren bizipenak eta kezkak kontatu dizkigute Aroa Sotelok (Bilbo, 1998), Ainhoa Labairuk (Bilbo, 1998), Naiara Martinek (Mar del Plata, Argentina, 1990) eta Uxue Reyk (Iruñea, 1997). Lehenago... [+]


Materialismo histerikoa
Kamehameha egoerak

Imajinatu, nonbait honetako elkarteren batean, neska sartu berri batek, inozentzia osoz proposatzen duela komunean, komuneko papera dagoen moduan, konpresak edo tanpaxak jartzeko. Eta komuneko papera jartzeaz arduratzen den kidea guztiz asaldatzen dela bere adinean konpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude