“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

  • Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min kronikoa pairatzen du. Lau ebakuntza egin dizkiote eta anestesiko ugari hartzen ditu, baina mina ez da baretzen. Hilekoak eragindako mina ikertzea eta prebentzioan indarra jartzea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Espe Cirizak urte asko eman ditu medikuz mediku minaren zergatia jakin gabe. Argazkia: Olaia L Garaialde

12-13 urte zituelarik gorputzeko mina eta nekea sentitzen hasi zen Ciriza. Amak bainu bat hartzeko esan zion, eta uretatik atera ostean odola ikusi zuen: hilekoa zen. "Ez nuen deus ulertzen; amari galdetu nion zer zen. Ilusioa eta mina sentitzen nituen", kontatu du. Ordutik, teknika, botika eta ebakuntza asko probatu dituen arren, “ikaragarrizko” mina sentitzen du. 28 urterekin endometriosia diagnostikatu zioten. Endometriosia gaitz kroniko bat da eta endometrioa uterotik kanpo sortzen denean eta hilekoarekin kanporatzen ez denean sortzen da: "Hilabeteak eman izan ditut hilekoarekin".

Minaz gain, "pila bat" odolustea eta anemia dira sintometako batzuk: “Txikitan hirunaka eta launaka hartzen nituen nolotilak eta espidifenak. Gainera, ordu erdiro gelatik atera behar izaten nuen konpresa aldatzeko. Askotan hanketatik jaisten zitzaidan odola eta txaketarekin estali behar izaten nuen. 1990eko hamarkadan lotsa handia ematen zuen hilekoak”. Deus gutxi hitz egiten zen hilekoaz: “Eskolan batere ez, eta etxean soilik guraso modernoak zituztenek”. Minaz gain, askotan sukarra izaten zuen: "41,5eko sukarra izatera iritsi naiz".

Urte asko eman ditu medikuz mediku minaren zergatia jakin gabe. Osasun sistema publikora zein pribatura jo zuen, baina inork ez zekien zer zen: "Psikiatrara bidali ninduten, esanez mina asmatzen nuela; oso bakarrik sentitu naiz". Salatu du oraindik ere ez dela hilekoaren inguruan ikertzen: "Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu eta ikusezinak gara". Ez dago botikarik edo ebakuntzarik gaitza sendatzeko, baina garaiz antzematen bada gehiagora ez joatea lortu daiteke. Horregatik, prebentzioan indarra jartzea garrantzitsua dela nabarmendu du: "Oso zaila da ginekologoarenera joatea; ez joateko erresistentzia handia egiten dute medikuek".

"Psikiatrara bidali ninduten, esanez mina asmatzen nuela; oso bakarrik sentitu naiz"

Min amaiezina

28 urte zituenean, sanfermin batzuetan, parrandan zegoelarik lagun baten gainean igo, eta iltzaturik geratu zitzaion eskuineko hanka. Ospitalera joan, eta apendizitisa zuenez ebakuntza bat egingo ziotela esan zioten: "Osaba medikua da, eta esan zien ginekologo batek begiratzeko. Zortzi zentimetroko endometrioa –kistea– nuen. Oso hotza izan zen mediku bat etorri zen eta esan zidan endometriosia nuela eta ezingo nituela haurrak izan". Halere, bi haur izan ditu Cirizak: "Zorte handia izan dut. Oso gogorra egin zitzaidan, mediku horrek amets bat kendu zidan". Ugalkortasun teknika batzuen ostean lortu zuen haurdun geratzea: "Beldur handia nuen, beste arrisku batzuen artean, abortatzeko arrisku handia nuelako".

Diagnostikoa jaso eta bi hilabetera egin zioten ebakuntza. Ordutik, lau ebakuntza egin dizkiote. Azkenekoan histerektomia erradikal bat; hau da, umetokia, umetoki-lepoa, obarioak, umetoki-tronpak eta inguruko ehunak kendu dizkiote. Medikuntza tradizionala, imanak, yoga, minaren kudeaketaren inguruko tailerrak, denetarik probatu du, baina mina sentitzen jarraitzen du. Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitatera ere joaten da eta botika ugari hartzen ditu: "Lidokaina saioak jasotzen ari naiz, eta momentuz ez dut aldaketatik sumatu. Horrez gain, pilula pila bat hartzen ditut: goizean bi antidepresibo eta lorazepam bat, eguerdian lorazepama eta morfina, eta gauean bi antidepresibo eta bi diazepam. Hala ere, minez esnatzen naiz gauetan". Lidokainak ez badu funtzionatzen, ketamina emango diote: "Nola amaituko dut?".

Ikusezintasunean murgildurik

Kanpotik ez denez detektatzen, gaixotasun ikusezina ere deitzen diote endometriosiari: "Zazpi organo kendu dizkidate, baina ez du inork ikusten". Baztertuta sentitzen da: "Nire bizitzako pertsona hurbilenek ulertzen ez duten mina sentitu dut beti". Medikuen arabera ona da kalera ateratzea, ibiltzea eta sozializatzea; hala ere, ez da batere erraza: "Saiatzen naiz oso parranda zalea naizelako. Askotan aulki bat izaten dut ondoan, eta nekatzen naizenean esertzen naiz. Azkenean esaten dizute aspergarria zarela eta giroa izorratzen duzula".

Lanean ere eragiten dio minak eta bi urte darama bajan. %60ko desgaitasuna ematea lortu du, baina lanerako ezintasuna lortzea “oso zaila” dela dio: "Medikuek esaten zidaten: ‘Zer nahi duzu, 42 urterekin erretiroa ematea?’, baina nik ez dut hori nahi. Mina kentzea eta bizitza aktiboa izan nahi dut". Horrek prekarizaziora eramaten duela salatu du: "Bajan egonik sos gutxi kobratzen dut; elikagai bankuak laguntza ematen dit".

Horrez gain, amatasuna ere "zailtzen" duela nabarmendu du. Bananduta dago eta bi astetik behin egoten da haurrekin. "Alde batetik bestera ibili behar zara eta ikaragarrizko mina sentitu arren, haurren erritmoa jarraitu behar duzu, edo nik, behintzat, jarraitu nahi dut. Oso gogorra da", esan du hunkiturik. Haurrekin dagoenean ahalik eta denbora luzeen pasatzen saiatzen da: "Amorrua sentitzen dut badakidalako zer den gaixorik dagoen ama bat izatea. Zorionez, bikotekideak ulertzen nau eta  laguntzen dit". Enpatiari, begietara begiratzeari eta besarkadei garrantzi handia ematen die: "Haurrak zoriontsuak eta pertsona onak izatea nahi dut, eta ama gaixorik egon arren beti ondoan egonen naizela jakitea".

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Burua eta bihotza oso garrantzitsuak dira. Lehen asko gustatzen zitzaidan umetokia, lore baten antzekoa delako; bizitza irudikatzen du. Baina prestatu gabe kendu zidatenez, maitatzetik gorrotatzera pasa naiz. Feminitatea kendu izan balidate bezala sentitzen dut. Ez gaituzte horretarako prestatzen".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”

Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]


Gorputz hotsak
“Fibromialgiaren okerrena da ingurukoek ez sinistea”

Batzuentzat ikusezina eta sinesgaitza bada ere, fibromialgia existitzen da, eta berrehun sintoma baino gehiago daude gaitzari lotuta. Horietako batzuk jasaten ditu Edurne Iribarrenek (Otsagabia, Nafarroa, 1954) eta nabarmendu du eragin “handia” dutela egunerokoan:... [+]


Gorputz hotsak
“Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”

Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]


Gorputz hotsak
“Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen”

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Gorputz hotsak
“Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana”

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Eguneraketa berriak daude