Nola dago irudikatua hilekoa euskal literaturan? Ainhoa Aldazabal Gallastegik esku artean ibilitako liburuetan aurkitu ditu, besteak beste, hain hedatuak dauden hilekoarekiko isiltasuna, tabua eta mina, baina baita hilekoaren beste perspektiba bat plazaratzen duten narrazioak ere. Artikulu hau euskal narratiban eta poesian hilekoaz idatzitakoetan oinarritua dago, eta bi piezaz osatutako lanaren lehen zatia da; komiki eta liburu hibridoetan hilekoaz egiten den irudikapena landuko du aurrerago argitaratuko den bigarren zatiak.
Isiltasuna. Ikusezintasuna. Tabua. Horiek dira hilekoa inguratzen duten hitzak. Zuetako batzuek esango didazue beste ezertaz ez dela hitz egiten orain, modan dagoela eta gure belaunaldiko emakumeok zortea izan dugula. Baina lehenengo hilekoaz galdetzen dudanean, lotsa, beldurra, segurtasun falta, harridura eta mecauenlaputa dira ateratzen segitzen duten hitzak.
Jendartearen erdiak bizitza erdiz-edo bizi dugun fenomenoak bide zaila izan ohi du ama-alaben artean ere. Lehen hilekoarekin batera etorri ohi dira azalpenak –konpresak non dauden, tanpoia nola sartu– eta “Ai, maittia, emakumetu egin zara” bezalako komentarioak, jendarte honetan emakumetzeak izan dezakeen pisu eta zamarekin. Ez zaigu eta ez dugu askoz gehiago esplikatzen.
Eskolako testuliburuetan ere azalpen sistematiko eta aseptikoa ematen da, oro har. 28 egunean behin gertatzen den odol isuria da. Obulatu ostean haurdun geratu ez garelako jaurtitzen dugun haurtxo hilak odol forma du. Eta hormona batzuek aurreskua dantzatzen digute txistu jasanezinaren musikarekin. Badakizue, histeriko hutsak gara.
Ia hutsetik hasten gara urte luzez lagunduko digun bidaide gorria ezagutzen. Eta bakoitzak era desberdinean bizitzea ez litzake katastrofea izango hilekoa kontu politiko ez balitz. Hain da politikoa, ezen azken hilabeteetako polemika batek kontu honekin baitu zerikusia: hileko mingarriengatik baja eskatzeko lege proposamenak sortu zuen triskantza (mina asmatu egingo genuela, baja gehiago hartuko genituela, mina oso subjektiboa dela, emakumeak estigmatizatuko gaituela…). Badago, hala ere, polemika nahikorik sortu ez duen albisterik. Astekari honetan bertan irakurri dut hilekoaren kontrolerako erabiltzen ditugun aplikazioek abortatu duten emakumeen aurkako jazarpena egin ohi dutela. Zalantzarik balego, sistema heteropatriarkalak gure odolaren kontrol zorrotza egiten du erreprodukzioa azpiratu eta bereganatzeko. Federiciren Caliban eta sorgina liburuak (Elkar, 2014) azaltzen du hori.
Hilekoaz baino nahiago izaten dut hilekoez hitz egin. Esperientzia, ahots eta narratiba guztiak baitira oraindik beharrezko. Gure literaturaren zabala kontuan hartuta, hilekoa hitza askotan aurkitzeko gogoa nuen, baina ondoko hitzak dira aurkitu ditudanak: isiltasuna, ikusezintasuna eta tabua. Abiapuntua hau izanik, hilekoa hitza pasarte, esaldi edo uneren batean agertzen duten liburuez hitz egin nahi nuke hemen. Eta hilekoari buruzko imajinarioa zein den ikusi. Barka libururen bat pasa bazait. Seinale ona litzake aipatutakoez gaindi besterik balego.
Honako honetan narratibari eta poesiari erreparatuko diegu, eta komiki eta liburu hibridoak aztertzea hurrengorako utzi. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Erein, 1997) nobela klasikoan protagonistaren ahots jarioa irakurriko dugu. Barne bakarrizketa horrek tradizioaren ahotsa ekartzen digu eta beste gai batzuekin nahastuta agertzen da hilekoari buruzko imajinarioa: Amak baleki regla gain-gain dudalarik burua garbitu dudala / Aitak eta anaiak ez dute odolaren arrastorik ikusi behar / Odola bai, lotsaz eta ezkutuan. Hilekoarekin duen harremanaz ere hausnartzen du protagonistak: Ez dago munduan gauza gorrotagarriagorik hilekoaren hasieran tokatzen den igande bat baino, Txemarik gabeko igande batean, gainera, hilekoa / Txemak ere ez zuen hilekoa onartzen, sekula aitortuko ez badu ere hilekoa nuen egunetan nire gorputzak atzera egiten zion, niri ere atzera egiten didan bezala. Hilekoari buruzko herri-sinesmenak antzematen dira bertan, hilekoa irudikatzen da lizuna, zikina eta ia deabrukeria den zerbait bezala. Gizonak (Txemak) dion nazka ere agertzen da, sexu-harremanak baldintzatzerainokoa.
Laura Mintegiren Nerea eta biok (Txalaparta, 1994) liburuan hilekoarekin lotuta agertzen diren hitzak honako hauek dira: gaixotasuna, malenkonia, zigorra, inposaketa, biziarteko kartzela-zigorra, heriotza, injustizia… ia-ia hilekoak sortzen dion haserrea uki dezakegu testuan.
Miren Agur Meabek menopausiari dedikatzen dio kapitulu oso bat Kristalezko begi bat (Susa, 2013) liburuan; Adin arriskutsuaz du izena. Adierazpide klinikoagoa lehenengo pertsonarekin tartekatzen du, efektu berezia sortuz: Aspalditik erabiltzen ditut pilula mineralak, bat goizero. Horri bai, eutsi diot. Bihartik aurrera ganoraz gosaltzen eta kirol apur bat egiten saiatuko naiz (...) Estriak ditut sabelean (...) Udaberritik hona behin etorri zait hilekoa, marka luzanga pare bat, maiatzean, fluido ilun baten nahi eta ezin bat, ez arestiko turrusta mamitsuak. Bosgarren etena dut jadanik; horixe izango zen azkena, beharbada. Menopausia, ordea, ez da hilekoak kito esatea bakarrik. Interesgarria da bizi-etapa hau kontuan hartu izana. Izan ere, hilekodun emakumeak ugalkorrak gara odola isurtzen dugun bitartean; ama potentzialak. Eta, beraz, positibizatutako etapa dela esan genezake (termino patriarkaletan, noski). Meaberen atal horrek tabuaren tabua dakarkigu ordea. Are ikusezinagoa den etapa batez hitz egiten duelako.
Menopausiaz hitz egiten duen poema bat dugu Isabel Díazen Sano erradikal (Alberdania, 2020) liburuan: Pausa, hilekoaren galera. Klimaterio deitzen dio berak eta gaiari buruzko beste ikuspegi bat dakarkigu. Erritmoa moteltzeaz, geldotzeaz ari da. Eta galera bat izan arren, aldaketa bitalak egiteko aukera gisa planteatzen du.
Leire Bilbaoren Ezkatak (Susa, 2006) poema liburuan aurkituko ditugu gaiari buruzko hiru poema. Odoletan 1 poemak hilekodun subjektuaren aldarrikapena egiten du, eta odola bistaratzeko hilekoa hitza bost aldiz erabiltzeaz gain, ispiluan odolarekin marrazten du. Aurreko testuekin alderatuta, hilekoarekiko tonu lagunkoiagoa darabil poetak. Odoletan 2 poeman tonu sentsuala darabil idazleak, baina baita probokatzailea ere. Irudi indartsu honekin ematen dio hasiera poemari: Odolez zikindu ditut atzamar puntak // eta ahora eraman zalantzati // Nire gorputzak nahi ez duen odol honek // ez du zapore mikatzik. Oso bisuala da eta inpaktuzkoa izan daitekeen jarrera erakusten du. Emasabela poeman hilekoaren indar sortzaileaz dihardu; ama izateko ahalmenaz bai, baina geure buruak edo proiektuak (bir)sortzeko ahalmena ere aldarrikatzen du, modu horretan diskurtso hegemonikoa zalantzan jarriz.
Ione Gorostarzuk Des egiten (Elkar, 2012) poema liburuan planteamendu interesgarria egiten du. Izan ere, odola ama izateko aukeraren gogorarazpena (izan) da(iteke) eta berak hautu kontziente gisa planteatzen du: Sor dezaket norbait- noizbait- eta hil dezaket nornahi- noiznahi-.
Euskal literaturan gaiaren inguruko isiltasuna nagusi bada ere, ikusi bezala liburu bakoitzak ahots eta esperientzia desberdinak dakarzkigu. Jendarte honetan hilekoak sortzen dituen min, segurtasun falta eta beldurrak aurki daitezke pasarte batzuetan, lerrootara ekarritakoetan kasu. Menopausiak sortzen duen egoera berezi eta konkretuaz ere irakurri dugu. Eta ahalduntzerako eta geure buruak ezagutu zein birsortzeko aukeraz ere aritu zaizkigu. Bada zerbait. Eta hala ere, gutxiegi da. Odol ziklo batzuen ostean ekarriko ditugu erraietatik idatzitako liburu gehiago, gaiari beste leku batzuetatik heltzeko asmoz. Odoldutako liburu gehiago behar ditugu esperientziaren anitza jaso ahal izateko. Odolari esker bizi gara. Odola gara.
Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]
Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]
Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]
Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.
Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]
Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]
Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]