Odola darie irudiei

  • Odola dario literaturari artikuluan euskal literaturan hilekoak bete izan duen tokiari erreparatu genion, aztertzeko nola irudikatua izan den. Artikulu haren segida da honakoa, baina fokua pixka bat zabalduta: testuaz gain irudiak ere barne hartzen dituzten lanei erreparatuko diegu, hilekoak euskarazko komikietan eta liburu hibridoetan hartu duen tokiari eta irudikapenari erreparatzeko.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Harriduraz begiratzen ditut telebistako iragarkiak. Hilekoari buruz idatzi nuen aurreko artikulutik hona aldaketa bat gertatu da panoraman. Lehen odol urdindunek soilik isurtzen zuten odola telebistaren unibertsoan. Tanpoi eta konpresa marka ezagunek urdin koloreko isuria erabiltzen zuten beren produktuen erresistentziaren eta kalitatearen gorena azpimarratzeko, eta guk odola irudikatu behar genuen. Garbitasuna, disimulua eta “hilekoa edukiko ez bazenu bezala” jendaurrean aurkeztea dira iragarkion lema eta bandera. Diskurtsoa ez dute aldatu. Baina orain errazagoa da odola irudikatzea, izan ere, kolore urdineko likido hori gorri kolorekoagatik ordezkatu dute zenbaitek.

Estrategia kapitalista bat dela esango didazue batzuek. Eta arrazoia duzue, bezeroak gerturatu eta dirua irabazteko estrategia izan daiteke. Baina hilekoa tabua den heinean, iruditegi txikia dugu gaiaren inguruan. Eta iragarkiek gure irudien mundua osatzen eta elikatzen dutenez, aldaketa aproposa eta probetxuzkoa iruditzen zait.

Gure literaturan hilekoari buruz idatzi denaz aritu ginen honen aurreko Odola dario literaturari artikuluan. Gaurkoan, aldiz, hilekoari buruz ditugun irudizko liburuak aztertuko ditugu. Alde batetik komikiak, eta bestetik, liburu hibridoak.

Komikiari dagokionez, esplizituki feministak eta kolektiboak diren lanetan aurkituko ditugu hilekoari buruzko aipamenak; emakume komikigileen lanak erakutsi eta mundu horretan dagokien lekua aldarrikatzeko pentsatutako lanetan hain zuzen ere. 1996an Napartheid aldizkariak argitaratutako emakume komikigileen antologia da Aizan. 29 emakumek hartu zuten parte eta hilekoari buruzko bi lan aurkituko ditugu bertan: Amaia Martiarturen Regina dibina eta Maria Magdalena, jan iezadazu… Biek dute txiste forma eta biek bilatzen dute irakurlearengan inpaktua eragitea. Egoera absurdoak izan daitezke, umorearen bitartez gaia gerturatzeko eginak. Apurtzaileak dira eta tonu feminista darabilte. Irudi guztiak txuri-beltzean eginda daude eta ez dira edertasuna agertu nahi duten irudiak.

Komikiari dagokionez, esplizituki feministak eta kolektiboak diren lanetan aurkituko ditugu hilekoari buruzko aipamenak; emakume komikigileen lanak erakutsi eta mundu horretan dagokien lekua aldarrikatzeko pentsatutako lanetan hain zuzen ere

Hirugarren aipamena Tupust! 1 (2019, Txalaparta) antologian aurkituko dugu. Asko dira jorratzen diren gaiak, eta Miren Amuriza eta Eider Eibarren eskutik datorkigu Orbana lana. Kasu honetan hilekoaren orban bat duen irakasleak hilekoa zer den kontatu behar die haurrei. Irakaslea heldua da, ez da edertasun kanonetan sartzen eta orbanaz lotsatzen ez den pertsonaia da. Argia, zuzena eta ahaldunduta dagoena. Aurretik aipatutakoak bezala, istorio hau ere umore klabean pentsatua eta ekarria da, bestea zirikatzeko eta geure buruaz barre egiteko beharretik abiatuta, seguruenik.

Lan hibridoei dagokienez, berriz, lau testu ikusiko ditugu. Lan hibridoei estu geratzen zaizkie genero literarioen mugak, eta ondorioz, genero literario bat baino gehiago nahasten dituzte. Sailkatzeko zailak diren arren, oso aberatsak eta aproposak izan ohi dira tabuei buruz hitz egiteko. Azpigai interesgarri eta beharrezkoak planteatzen dituzte, eta bazterrekoagoak diren materialen erabilpena egiten dute, bazterrekoagoak diren gaiak lantzeko aukera emango balute bezala.

Alaine Agirre eta Sara Moranteren Kamisoi zuri zetazkoa (Erein, 2018) lanak hilekoa jaitsi berri zaion haur batek jasaten duen abusu eta bortxaketa baten salaketa egiten du. Hilekoak haur izatetik emakume izaterako muga adierazten du, zerbait aldatzen den momentu horren adierazle da. Hilekoa, emakumetzea eta arriskua eskutik doaz kasu honetan. Album ilustratua da; testu narratiboak eta irudiek oso ongi osatzen dute elkar. Irudiak borobilduak eta iradokitzaileak dira, eta lehenengo begiratuan eman dezakeena baino gehiago kontatzen dute.

Antxiñe Mendizabal eta Iraia Okinaren Emakume burugabea (Elkar, 2018) lanak poesia eta irudia nahasten ditu. Ahalduntze prozesu baten kontakizuna da, protagonistak bere barrura eta askatasunera egiten duen bidaia. Gorputza orokorrean, eta hilekoa zehazki, bere buruaz erditzeko medio dira protagonistarentzat. Askatasun abesti bat da, lirismoz betea. Irudietarako gorriaren eta marroiaren arteko gamak erabiltzen ditu Okinak, eta hilekoa esplizituki marraztu ez duen arren, gorputz biluzia, alua eta plazerra antzeman ditzakegu.

Falta zaizkigu menopausiari buruzko lan gehiago, hilekoaren minari buruzkoak, odolarekin bizi izandako pasadizoak, kopa menstruala izendatuko dutenak, odolarekin eta sexuarekin lotutako anekdotak, begirada espirituala duten odolaren kontakizunak, hilekoa modu gozagarrian eta hilekoa modu traumatikoan galdu duten pertsonaien ahotsak...

Txakur Gorria kolektiboak 2017an autoekoitzitako Hizteria: eskuko hiztegia liburuan asmatutako hitzen asmatutako definizioak aurkituko ditugu. Ane Labaka, Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo eta Malen Amenabarren lehen sorkuntza kolektiboa da. Jolasetik eta jolaserako pentsatua, idatzia eta ilustratua. Hiperbolea eta umorea lagun hilekoa hiru hitzetan erabiltzen da: definizioan edo definizioaren adibideetan. Eta esplizitua den irudiak umorea eta errealitatea nahasten ditu.

Uxue Alberdiren Dendaostekoak (Susa, 2020) liburuak ez du irudirik, arrazoi duzue. Baina sailkatzen zaila den lana da. Autobiografia kolektiboa dela diot nik, kronika literario bezala sailkatzen du Alberdik, eta bi etiketak balio dute. Nahiz eta bi etiketak diren estu. Bi ahizpen denda aitzakia gisa hartuta, ahizpa horien bizitzen eta garaiko gertakarien nondik norakoak kontatzen dira lehenengo pertsonan. Hilekoari buruzko pasarte hau dago liburuan: Konpresarik eta tanpoirik ez zen garaian, andreek trapuak baliatzen zituzten hilekoa biltzeko, garbitu eta berrerabili egiten zituzten. Ni baino hamabost urte zaharragoak ziren bi andreok ibaiaren hegi banatara bizi ziren. Kalean topo eginda, “esperoan al zaude?” Galdetu dio batak besteari, eta hark izututa: “Nolatan dakizu? Ez diot inori esan!”. Leihoa seinalatu dio lagunak: “Trapurik ez…”. Garaiko baliabide higieniko ezberdinak bistaratzeaz aparte, pasarte horrek xehetasunez erakusten digu hilekoaren inguruko kode kulturala. Liburu berarekin jarraitu eta bukatu nahiko nuke artikulua.  Arropak eskegitzeko moduaz zera esaten du beste une baten: Berak erakutsi zigun (…) hurrenkera egokian esekitzen arropa garbitu berria: maindireak kanpo aldera, barrurago toallak, galtzak eta alkandorak, eta leiho-kontra, babesean, arropa txikia, intimoa (…) Susmagarria zen bularretakoak lehen lerroan zabaltzen zituen andrea. Hilekoa lehen lerroan esekitzea bezain susmagarria, gehituko nioke nik.

Publizitateak kolore gorria barneratu du, baina argi dago mezu berbera azpimarratzen jarraitzeko soilik egina dela. Dena den, egia da hilekoa kontatu, aipatu eta esplizitatu nahi izan duten hainbat autore eta lan ikusi ditugula, eta hala ere, hutsuneak ditugula: falta zaizkigu menopausiari buruzko lan gehiago, hilekoaren minari buruzkoak, odolarekin bizi izandako pasadizoak, kopa menstruala izendatuko dutenak, odolarekin eta sexuarekin lotutako anekdotak, begirada espirituala duten odolaren kontakizunak, hilekoa modu gozagarrian eta hilekoa modu traumatikoan galdu duten pertsonaien ahotsak... Hautsak harrotuko dituzten hilekoaren inguruko istorio eta irudi gehiago behar ditugu. Bularretakoak lehen lerroan zabaltzea eta odola zipriztintzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Mona Lisaren lapurreta

Ihes plana
Agustín Ferrer Casas
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Harriet, 2024

---------------------------------------------------------

1936ko azaroaren 16an Kondor legioko hegazkinek Madrilgo zenbait museori egin zieten eraso. Eta horixe bera da liburu honetara... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


2025-03-19 | Bertsozale.eus
Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Eguzki beltza

Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]


2025-03-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hirien jana

2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Nagore Tamayo
“Dantza eszena zuritu edo edukiz hustu dela sentsazio orokorra da”

Azaroan estreinatu zuen bere lehenengo lana Nagore Tamayo dantzariak (Tolosa, 2000): Nondik abiatu inora izena du, eta Natalia Belén dantzariarekin batera gorpuztu du. Bere herrian egin dugu hitzordua, Zumardi Handian.


'Literatura Plazara'
“Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu”

Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]


Eguneraketa berriak daude