An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist

  • Hala zioen Mladen Stilinović artista kroaziarrak 1994. urtean oihal arrosa batean idatzi zuen esaldiak. Lelo hori, 90eko hamarkadako enblema bilakatu zen, batez ere Europako periferia deiturikoan bizi eta lan egiten zuten artista eta kultur eragileentzat. Mundu globalizatuaren aurrean beraien nortasun propioa aldarrikatzeko oihua zen. Milurteko berriaren atarian egin ziren tankera horietako adierazpen eta arte erakusketak izan ditu hizpide urrian Bilbon egin den komisariotzari buruzko nazioarteko sinposioak. 

Mladen Stilinović artistaren 'An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist' lanak (1992) zeresan handia eman zuen.
Mladen Stilinović artistaren 'An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist' lanak (1992) zeresan handia eman zuen.

IV. Topaketa: erakusketaren saioa (1977-2017) antolatu berri dute Bulegoa z/b-koek Azkuna Zentroan. Duela lau urte hasi ziren antolatzen jardunaldi horiek eta helburua argia da: hamarkada jakin batean aurkeztu ziren erakusketa eta proiektu artistiko adierazgarriak ikertzea, horietan parte hartu zuten eragileen bitartez. Aurkezpen horietatik diagnosi, irakurketa eta ondorio ugari ateratzen dira, interesgarriak direnak gaur egungo testuinguruarekin alderatzeko eta, etorkizuneko norabide posibleak iragartzeko.

Aurtengo edizioan, 1997tik 2007ra bitartean ekoitzi ziren hainbat erakusketa paradigmatikotan sakondu da eta garaiko testuinguruaren baitan aztertu dira. Hori guztia, han eta hemen ibilitako arte-komisario, -kritikari eta artisten parte hartzearekin egin da. Luxuzko gonbidatu zerrenda pandemiaren erdian: Washington, Londres, Zagreb edo Stockholmetik etorri izan ezin direnen ahotsak streaming teknologiei esker iritsi dira Bilbora.

Garai horietako arte erakusketen gaineko diagnosia egiteko orduan, badira kontuan hartu beharreko adierazle batzuk: milurteko aldaketarekin batera mundu globalizatuaren interkonexioak biderkatu ziren eta teknologia digitalak –Internet kasu– abiadura bizian garatu ziren. Urte horietan komisarioaren figura ere erdigunean kokatu zen, erakunde artistikoak berritu eta horien funtzioak birpentsatu ziren eta “industria kultural” deiturikoen gorakada ere gertatu zen. 1990eko hamarkadako arte erlazionalaren mugimenduak, Nicolas Bourriaud kritikari eta komisarioak hala izendatu zuen korronteak, adierazpen artistikoak artikulatzeko eran zeresana izango du oraindik. Motzean esanda, garrantzi handiagoa ematen zitzaion dinamika artistikoaren parte ziren pertsonen artean suertatzen ziren harremanei, objektu artistikoi baino. Adierazle horiek guztiak eta gehiagok markatuko dute hamarkada horretako amalgama.

Orduko panorama kultural horren nondik norako orokorrak marraztuta, gonbidatuek beren ekarpen propioak egin zituzten. Londresko Goldsmiths unibertsitatean irakasle den Yaiza Hernández komisario kanariarrak, Las Palmaseko CAAMen –Arte Modernoko Zentro Atlantikoaren gaztelaniazko siglak– aurkeztu zen El corazón de las tinieblas (Ilunbeen bihotzean) erakusketa ekarri zigun gogora. Porrot egin zuen proiektua izan zen hura, besteak beste, ez zituelako kontuan hartu medioek “kaiukoen krisia” gisa izendatu zuten migrazio fenomenoa eta hurbileko egoera politikoa, Afrika erdigunean zuen proiektu artistikoa izan arren. Stockholmetik, Maria Lind komisarioa A Fiesta of Tough Choices (Aukera zailen festa bat) erakusketaz mintzatu zen eta, berak hautatutako testu batzuen bitartez, 2000. urte hasieretako Londres hiriko politika kultural mainstream-ak ekarri zituen argira, zeintzuetan artea eta kultura interes ekonomikoetarako tresneria bailiran erabili ziren, inpaktu handiko proiektu artistikoak lehenetsiz besteen aurretik. Interesgarria izan zen oso Zagreben sorburua izan zuen WHW (What, How & for Whom) kolektiboko Ana Dević-ek emandako hitzaldia ere. Lau emakumez osatutako proiektu kuratorial honek, batik bat, erakusketak antolatzen eta argitalpenak ekoizten egiten du lan. "Zer?", "nola?" eta "norentzat?" dira antolaketa ororen oinarrizko hiru galderak, eta funtsezkoak dira erakusketak planifikatzeko, sortzeko eta egiteko, baita artelanak ekoitzi eta jendaurrera aurkezteko ere. Horiek dira, beraz, WHW kolektiboak egiten duen lan ororen ardatzak. Dević-en hitzaldia luze aritu zen An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist (Ingelesez hitz egin ezin duen artista ez da artista) obra ikonikoaz. Ruth Noack alemaniarrak eta Lisette Lagnado brasildarrak, Kasseleko 12. Documenta eta São Pauloko biurtekoaz mintzatu ziren, hurrenez hurren. Mega-egitura zurrun hauetan gutxiengoen diskurtsoak txertatzeko zeunden –eta dauden– zailtasunez aritu ziren, izan feminismoa, izan kultura herrikoia; eta horien inguruan jardun zuten: nola eragin aldaketak behin erakunde barruan zaudela?

'Juguemos a prisioneras' marrazki-liburua (Azucena Vieites, 1998).

Euskal Herriko garaiko testuinguruaz ere hitz egin zen. Azuzena Vieites artistak, 90eko hamarkadako aipamen batzuk ekarri zituen gogora bere hitzaldian. Lo-fi edo "zuk zeuk egin" praktiken bitartez, berak eta Estíbaliz Sádabak 1994. urtean sortu zuten Erreakzioa/Reacción erresistentzia feministarako proiektuaz aritu zen. Fanzineak, hitzaldiak, mintegiak eta tailerrak antolatzen zituzten; esaterako, Artelekun 1997an egin zuten eta hilabete iraun zuen Solo para tus ojos (Zure begientzat bakarrik) tailerra. Feminismoa, artea ekoizteko modu prekarioa eta garai horretako hainbat lagun artistaren lanek izan duten garrantzia –Itziar Okariz, Jon Mikel Euba…– azpimarratu zituen Juguemos a prisioneras (Jolas gaitezen presoetan) marrazki-koadernoko irudi zoragarriak ikuskatzen genituen bitartean.

Peio Aguirre arte-kritikariak, sinposioaren aurretik antolatu ziren lau tailerretako bat zuzendu zuen eta Gara egunkariko Mugalari gehigarri kulturalean zentratu zuen bere saioa. Bertan, 2000-2004 bitartean argitaratutako hainbat arte kritika eta artikulu hizpide hartuta, garaiko Euskal Herriko esparru artistikoan aurkeztu ziren erakusketa eta ekimen ikoniko batzuk aipatu zituen. Horien artean, Artelekuk antolatu zuen Elektronikaldia edota, D.A.E-k (Donostiako Arte Ekinbideak) egin zuen Superkongresua. Berezia izan zen oso Mugalariko orrialde txuri-beltz horietan lanean aktibo jarraitzen duten artisten lehen erakusketen argazkiak ikustea, Amsterdamera edo Bruselara egin zituzten lehen bidaien kronikak irakurtzea eta zenbait kritikak eragin zituzten polemiken jarraipena egitea. Arte kritikariaren rolaz ere luze hitz egin zen.

Nolakoak izango dira hemendik eta hamabost urtera egingo diren arte erakusketak? Nolakoak izango dira etorkizuneko publikoak? Arte-kritikarik egingo ote da? Hauek dira airera bota ziren galderetako batzuk. Erantzuna zein den jakiteko, atentzio handiz begiratu beharko diegu datozen garaiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude