"Elkarrizketa eraginkorra izanen da presoak aske daudenean bakarrik"

  • Abokatua, aktibista soziala eta Espainiako Kongresuko diputatua da Jaume Asens (Bartzelona, 1972). Urtarrilaz geroztik, Pablo Iglesias ordezkatu du Unidas Podemos talde parlamentario konfederalaren presidentetzan. Abokatu gisa, giza eskubideen eta mugimendu sozialen defentsak markatutako ibilbidea du, eta, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoaren ebazpenaren figura erabakigarrienetako bat da gaur egun. ARGIArekin solastatu da, “aldaketaren gobernuaren” aukera eta zailtasunen inguruan.

Argazkia: Jordi Borràs

2015ean egin zenuen salto politikara, Bartzelonako udal hauteskundeetan lehendabizi eta Espainiako Kongresuan, gero. Nola daramazu?
Arrazoimenez ezkorra naiz eta borondatez baikorra. Horregatik, ilusioz bizitu dut, beti ere, ekintza politikoaren mugen kontziente izanik. Adorno filosofoak erraten zuen arrazoimenaren gaixotasuna betidanik izan dela mugen kontzientzia galtzea. Hori ahantzi gabe, nire belaunaldi politikoari tokatu zaio salbuespenezko garai bat bizitzea: Espainiako Estatuaren osotasunean aukera berri bat zabaldu zen eta aprobetxatu beharra zegoen. Errepublikaren garaitik, sekula ez du gobernurako sarbiderik izan PSOEren ezkerrean dagoen indar politiko batek, Unidas Podemos-ek edo En Comú-k.

Ez da urte xamurra izan. Gobernua osatzeko arazoen ondotik, ados jarri eta hilabete gutxira, mundu mailako pandemia iritsi zen.
Noski, antzekorik ez genuen sekula ikusi. Pandemiak eragindako testuinguru horri aurre egiteko ezinbertzekoa izan da gizarte ezkutua altxatzea, eta horretan, gure ekarpena erabakigarria izan da. Hala ere, argi dago estatuaren ikusmolde tradizionalari lotutako hainbat osagai ukiezin daudela oraindik.

Adibidez?
Monarkia. Gure ekimen guztiek PSOEren ezezkoarekin talka egin dute eta zaila da aurrera egitea. Edo, Kataluniari dagokionez, elkarrizketaren agendaren bitartez alderdi popularraren konfrontazioa bukatu da, baina, oraindik ere, espetxeratuak aske utzi gabe. Lan anitz dugu egiteko eta galtzeko denbora gutxi. 

"Monarkiaren inguruko inkestarik onena erreferenduma da”

Monarkia aipatzen duzula,16 hedabide independenteren egitasmoak egin du CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroak azken bost urte hauetan barneratu nahi izan ez duen galdera. Zer deritzozu?
Hasteko, CISak hedabide independente horien egitasmoaren adibidea hartu eta, bistan denez, gizartearentzat interesekoa den galdera hori barneratu beharko luke. Horretaz aparte, ezinbertzekoa iruditzen zait errege-etxea fiskalizatu eta monarkiaren ustezko delituak arakatzera bideratuta dauden ikerketa denek aurrera egin ahal izatea. PSOEk oraingoz gure proposamen guztiak blokeatu dituen arren, gure erronka eustea da eta gobernu bazkideekin hagitz pedagogikoak izatea, geuretzat zentzuzkoa denera batu arte. Monarkiaren inkestarik onena erreferenduma da, ziur nago iritsiko dela, baina, aldez aurretik, gehiago behar dugu.

Argazkia: Veronica Povedano

“Espainiako Gobernurik aurrerakoienean” sartu zineten, gauzak aldatzeko asmoz.  Zenbateraino da egingarria zuen erronka?
Katalunian elkarrizketaren bidea dugu, errepresioaren kontra aurreratzen ari gara indultuen eta sedizio delituaren erreformaren bitartez, monarkia eztabaida betean dago, aurrekaririk gabeko baliabideen mobilizazioa egon da pandemian atzean inor ez gelditzeko, frankismoaren biktimekin bat egiten duen oroimen historikoaren legea dugu... Aurrera egiten ari gara testuinguru hagitz zailean, eskuin erabat desleial batek gobernua eraisteko bere beso judiziala erabiltzen ari den bitartean. Baina bidegurutze unean gaudela erranen nuke: irtenbide progresista bat egon daiteke inbestidurako blokean oinarrituz, edo PSOEk bipartidismoaren birmoldatzearekin amestu dezake, Podemos eta independentistak gobernagarritasunetik kanporatu nahi dituen Ciudadanosen laguntzarekin. Horregatik da hain garrantzitsua PSOE eurengana ez biratzea. Edonork jakin beharko luke zer dagoen jokoan!

"Elkarrizketa eraginkorra izanen da presoak aske daudenean bakarrik”

Zuen hauteskunde konpromisoen artean zegoen preso dauden buruzagi independentisten indultuak tramitatzea.
Badirudi bide hori martxan dela.

Larrialdi demokratikoa eta immoralitatea da pertsona baketsu hauek espetxean jarraitzea, are gehiago, urriaren 1eko Polizia operatibo doilorraren erantzuleek euren inpunitatea galdu ez duten bitartean. Indultuaren formak zentzua du auzitegietan dauden bidegabekeriak erreparatzeko. Legeak jasotzen du, erabilgarritasun publiko, ekitate edo proportzionaltasunean oinarrituz, epai baten zigorraren zorroztasuna leuntzea. Eta iraganean egin den zeharkako zentzuan ez bezala, espetxeratutako independentisten kasuan indultua egokia da. Batez ere, bortxaketa edo homizidioetako kasuetan baino espetxe zigor gogorragoak dituztela kontuan hartuta. Katalunian dena izan zen baketsua.

Bide hori bermatuz gero, noiz egongo dira aske Kataluniako politikari espetxeratuak?   
Indultua tramite administratibo erabat arautua da. Gobernuak ez du bertze aukerarik, tramitera onartu eta ebaztea bertzerik, alde edo kontra. Lantzen ari garen egutegiaren arabera, epea 3 eta 5 hilabete bitartekoa da. Hainbat txosten behar da eta, azkenik, Ministroen Kontseiluak erabakiko du indultua eman ala ez. Guk ez dugu indultuak ematea ez den bertze agertokirik ulertzen.  

Politikari espetxeratuak aske uzteko bideak hiru dira gaur gaurkoz: indultua, amnistia eta zigor-kodearen erreforma. Lehendabizikoarekin aski izanen da?
Guk argi utzi dugu beti: helburua askatasuna da eta elkarrizketa eraginkorra izanen da presoak aske daudenean bakarrik. Hori horrela, ez dago biderik gainontzekoekin bateraezina denik. Testuinguru horretan, guk dioguna da, oraingo indar korrelazioan eta bideragarritasun juridikoan oinarrituz, zigor-kodearen erreforma eta indultuaren konbinazioa dela biderik eraginkorrena, espetxeratu zein erbesteratuei mesede egiten die, gainera.

Argazkia: Jordi Borràs

Baina, zenbateraino da bideragarria zigor-kodearen erreforma?
Sekula baino egingarriagoa da orain, azkenik, PSOEk onartu duelako. Guk maximoen posizioa babesten dugu, alegia, sedizio delitua zigor-kodean indargabetzea, baina prest gaude mota penalaren erreformaren inguruan hitz egiteko, hor baldin badago kongresuaren gehiengoa. Erreforma honen bitartez helburu bikoitza asetzen dugu: batetik, espetxeratuak aske gelditzea eta, bertzetik, manifestatzeko askatasuna blindatzea, etorkizunean halako bidegabekeriarik ez errepikatzeko inoren kontra, independentista, grebalaria edo Hipotekek Kaltetuen Plataformaren aktibista izan. 

Zuen proposamena hasieran sedizio delitua erabat ezabatzea zen, aldiz.
Noski, 200 urte baino gehiago ditu, zaharkituta dago eta ez dagoelako gure inguruko ordenamendu juridikoetan homologatuta. Hori bai, pragmatiko izan behar dugu. Erreformaren bitartez, matxinada armatua barneratuz eta delitua mantenduz, PSOEk errazago onartuko du. Eta noski, urriaren 1ean halakorik ez zen gertatu.

Amnistia aldiz ez duzu bideragarria ikusten. Zergatik?
Desiragarria da baina nekez da bideragarria. Kontuan hartu behar da, amnistia legean azken hitza Auzitegi Konstituzionalak duela eta, oraintxe, epaileen gehiengoa kontserbadorea dela. Horregatik iruditzen zait ezinezkoa bide horrek aurrea egitea. Ez hori bakarrik, kontsentsu politikorik ez dago amnistiaren inguruan, beraz, ez du batzen. Amnistia, iraganean, lanabes erabilgarria izan zen gaur egun falta den kontsentsu handiko testuinguruetan aurrera egiteko.

Procésaren sententzian Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia erabakigarria izan da. Zuk diozu alderdi popularrak lubakitu duela erakunde hori, Auzitegi Gorenaren aldaketa blokeatu eta epaileak kontrolatuz. Zergatik?
PPk kupula judizialaren txoko nabarmen guztiak okupatu nahi ditu, hori delako orain euren Espainiaz duten ikuspegi kontserbadorea babesteko modu bakarra. Baina jarrera hori konstituzioaren kontrako atentatu larria da, erakundeen ohiko funtzionamendua eragozten du, ordena konstituzionalaren subertsioa da, eta erakunde konstituzionalen egiturak ez berritzeak zilegitasun demokratikoaren printzipioa urratzen du, gainera. Funtsezkoa da kongresuak Botere Judizialarekin gertatzen ari den honetan esku hartzea eta eskatzea erakunde kolpismoa amaitzea.

Bitartean, Goreneko epaileek Quim Torra inhabilitatu dute. Abokatu gisa, zer deritzozu erabakiaz?
Abokatu gisa galdetzen badidazu, aitortuko dizut politikaren judizializazio garai honetako kapitulurik zentzugabeena dela hau. Sententzia burugabekeria da. Legealdiak izan zezakeen bukaerarik okerrena da. Are gehiago, kontuan izanik, politika berriz ere baliagarria izateko ahaleginak egiten ari garela, PPren politikaren judizializazioaren legatua atzean uzteko.

Kataluniak hitzordu berria du hautestontziekin otsailaren 14an. Ekainaren 12ko hauteskundeetan Podemos Galizian desagertu eta Euskal Herrian hondoratu zen. Berdina gertatuko ote da Katalunian?
Testuinguru desberdinak direla erranen nuke, baina noski, Galizia eta Euskadiko emaitzak bi ohartarazpen garrantzitsu dira. Katalunia alferrikako bide orri baten porrota digeritzen ari da oraindik, eta aldaketa behar handia dago. Hauteskunde hauetan osagai gako bat dago gainera, aurrekaririk gabeko osasun eta ekonomia krisiarekin zerikusia duena. Zalantzarik gabe, kanpainaren ardatz garrantzitsua izango dira krisi honetatik ateratzeko batzuen eta bertzeen proposamenak, eta, bertze hauteskunde batzuetan ez bezala, ardatz nazionala presente egonen den arren, ez da garrantzitsuena izanen. Afera sozialak sekula izan ez duen lehentasuna hartuko du. Eta, noski, are gehiago, hauteskundeetara iristen bagara buruzagi independentistak aske izanik…

"Funtsezkoa da Euskal Herrian nagusi den bizikidetza eskuinaren eraso doilorrez blindatzea”

Zer deritzozu Espainiako Gorteetako hemizikloan eskuinak egiten duen ETAren erabileraz?
Penagarria da biktimen eta euren minaz egiten duten erabilera. Badirudi, batzuek faltan dutela banda armatu baten existentzia, euren gorroto diskurtsoari eusteko. Izugarri sentitzen dut, bertze garai batekoak diruditen diskurtsoak entzuten ditugulako oraindik. Funtsezkoa iruditzen zait Euskal Herrian nagusi den bizikidetza giroa eskuinaren eraso doilorretatik blindatzea. Ezker abertzaleak egin duen indarkeriaren errefus esplizituaren bitartez, ETArena barne, agertoki berria sortu da. Aspaldidanik ezabatu behar ziren milaka euskaldunen eskubideak baldintzatu dituzten salbuespenezko hainbat neurri, horietako anitz NBEak berak arbuiatu dituenak. Adibidez, legegintza penal arrunta berreskuratu beharra dago eta presoen sakabanaketa politika amaitu, diskriminatzailea izateaz haratago, familiak kriminalizatzen dituelako. 

ETAren mamua presente dago. Adibidez, Altsasuko gazteen zigorretan. Abokatu bezala, zer deritzozu auzi honetaz?
Bidegabekeria da. Posible dudan guztietan nire elkartasuna agertzen diet eurei eta haien familiei. Ostatu bateko liskarra dena, Nafarroan epaitu behar zen, eta azkenean terrorismotzat jo zuten Auzitegi Nazionalean. Gerora, inolako oinarririk ez zuen terrorismoaren auzia desmuntatu ahal izan da, baina, epaia erabat neurrigabea izan da. Procésarekin berdina gertatu zen: matxinada akusazioa koartada zen bi helburu asetzeko erabilgarria zelako. Batetik, politikarien inhabilitazio prebentiboa lortzeko, eta bertzetik, legeak lehenetsitako epailea saihesteko, fiskaltzatik erran zen bezala, ez baitzuten epaiketa Bartzelonan egitea nahi. Alegia, procésaren eta Altsasuko gazteen auziak Madrilera eraman zituzten kontrol hobea izateko. Deriba horren auzi nabarmena izan da Tamara Carrascoren kasua: hasieran terrorismo eta matxinadagatik epaitu zuten. Eta azkenik absolbitu dute, gertakariak Bartzelonan epaitu direlako. Agerian dago hainbat ekintza erabiltzen ari direla indarkeria dagoela babesten duen kontakizuna sendotzeko. ETAren indarkeria desagertu da, baina haren aurka erabilitako ereduak bere horretan jarraitzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Podemos
2024-04-22 | ARGIA
Pilar Garrido (Ahal Dugu-Aliantza Berdea): "Emaitza txarrak lortu ditugu eta hala aitortzen dugu"

Ahal Dugu izan da gaurko galtzaileetako: ez du ordezkaritza politikorik lortu. Inkestek iragartzen zioten aukera hori, baina baita eserleku bat edo bi lortzeko aukera ere. Azkenean ez du lortu eta alderdi moreak kolpe gogorra jaso du.


Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Lander Martínez Sumarreko bozeramaileak egintzat eman du banaketa eta Alba García alderdi horretako lehendakarigaiak ere ez du gaur gaurkoz posible ikusten koaliziorik.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez

Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua izan zena Espainiako hauteskundeetan, koaliziotik kanpo aurkeztearen alde mintzatu da Eusko Legebiltzarreko datozen bozketei begira. “Euskadiko jendea mobilizatzeko balio du... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


Eguneraketa berriak daude