Frankismoaren “biktima guztiak” aitortuko ditu oroimen historikoaren legeak

  • Elkarrekin-Podemosek eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek akordioa lortu dute, Eusko Legebiltzarrean tramitazio prozesuan dagoen Memoria Historikoaren Legea onartzeko; alderdi moreak 60 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkio proiektuari.


2023ko otsailaren 09an - 10:48
Azken eguneraketa: 12:25

Elkarrekin-Podemoseko bozeramaile Miren Gorrotxategik eta Ezker Anitza-IUko parlamentari Jon Hernándezek prentsaurrean azaldu dutenez, EAEko Memoria Historikoaren Legeak erreparazio “integrala” aitortuko die biktimei: “Biktima guztiei, ez bakarrik hildakoei”, azaldu du Gorrotxategik.

Horrela, lehen “kanpoan” geratzen ziren diktaduraren beste biziraule asko –zaurituak, errepresaliatuak, gerrilariak, emakumeak...– ere aitortuko ditu biktimen zentsuak. Gainera, dagokienean, indemnizazioak jasotzeko bermea izango dute biktima horiek, ez baitira aurrekontuei lotuta egongo. Hernándezen arabera, Europako araudia aintzat hartuko du lege berriak –gizateriaren aurkako krimenek ez dutela preskribitzen dio honek–, eta diktaduran ezarritako kondenak bertan behera uzteko neurriak jarriko dira.

Beste hainbat gauza ere jasotzen ditu akordioak: emakume izate hutsagatik erreprimitu zituztenen aldeko politikak bultzatzeko artikulu propio bat; memoria elkarteen parte-hartze handiagoa… Aldaketa horiekin, “justizia gehiago duen memoria historikoa egiteko aukera” egongo dela esan du Gorrotxategik.

Gorabehera asko Legebiltzarrean

Memoria Historikoaren Legea aurrera ateratzeko prozesuak gorabehera asko izan du. Aurreko legegintzaldian hainbat proposamen eraman ziren Eusko Legebiltzarrera, tartean, 2019an Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformak sustaturiko Herri Ekinbide Legegilearen muina jasotzen zuena, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek batera aurkeztua. Besteak beste, frankismoaren krimenak judizializatzeko aukera ematen zuen.

Baina ekimenak ez zuen legebiltzarreko mahaiko tramitea pasa, Eusko Jaurlaritzak jadanik esana zuelako beste lege bat prestatzen ari zela. Orain adostutako testuak Jaurlaritzak iragarritako lege hori “hobetzen” duela dio Gorrotxategik.

Aitortza “moraletik” harago doazen urratsak ematen joatea beti da onuragarria, oroimen historikoaren arloan erreparazio osoa lortzeko. Baina, Elkarrekin-Podemoseko kideek aitortu duten bezala, oraindik badaude hutsuneak. Hutsune handiak

Hutsuneak eta arriskuak

Aitortza “moraletik” harago doazen urratsak ematen joatea beti da onuragarria, oroimen historikoaren arloan erreparazio osoa lortzeko. Zentzu horretan, itzalpean geratu diren biktimak –kasu askotan emakumeak– zentsu ofizial batean jartzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina, Elkarrekin-Podemoseko kideek berek aitortu duten bezala, oraindik badaude hutsuneak. Hutsune handiak.

Alde batetik, indemnizazioak emateko orduan baremazio edo zehaztapen faltak ezerezean utz dezake atal hori –eta ez litzateke lehen aldia izango halako zerbait gertatzen dela–. Bestetik, lege autonomikoak, espainiar justiziaren eta 1977ko Amnistiaren Legearen horma gainditzeko modurik ez du oraingoz.

PP, C’s eta Vox lehendik ere saiatu dira legearen tramitazioa gerarazten. Eta eskuin muturrak prest du helegite metraileta frankismoaren krimenak zuritzeko; ikusi besterik ez dago zein azkar eraman duen epaitegietara Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea. Astearte honetan Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Vox-ek lege horren kontra jarritako helegitea, “espainiar batzuen oroimena nabarmendu eta beste batzuena baztertzen duelako”.

Aurrekari horiekin, ezin esan akordio honek paper errean amaitzeko arriskurik ez duenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarra
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Whatsapp-a ez da izango EAEko hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera... [+]


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk

EAJ, EH Bildu eta PSE-ren babesarekin atera da aurrera. Erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du Jaurlaritzak. Helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da.


Eguneraketa berriak daude