Gizon batek Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea jazarri eta haren baimenik gabe ukitu du kale erdian, jendaurrean. Presidenteak salaketa aurkeztu du, eta gizona atxilo hartu dute. Mexikoko emakumeek bizi duten egoera zaurgarria agerian geratu da.
Asteazkenean gizon batek Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea jazarri eta haren baimenik gabe ukitu du. Mexiko Hiriko erdigunean gertatu da, Sheinbaum Jauregi Nazionaletik –botere exekutiboaren egoitzatik– Hezkuntza Publikoko Idazkaritzara dagoen bide motzean oinez zihoala. Gizona, lepoan musu ematen saiatu da, eta gero bizkarretik besarkatu du, beste hiritar batzuk agintaria agurtzen ari zirela aprobetxatuz. Ordu batzuk geroago, agintari federalek jakinarazi dute gizona atxilotu eta Mexiko Hiriko Sexu Delituen Fiskaltzaren eskuetan utzi dutela.
Sheinbaumek agerraldi publikoan esan du salaketa aurkeztu duela, “Mexikoko emakume guztien izenean”. Gainera, Mexikoko sexu-jazarpenaren aurkako legeak berrikusteko eskatu du. “Hori presidenteari egiten badiote, zer gertatuko da gure herriko emakume gazte guztiekin?”. Bitartean, oposizioak krisi politikoa estaltzeko muntaia dela esan du.
INEGI Mexikoko Estatistika eta Geografiako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 15 urtetik gorako emakume mexikarren %70 baino gehiagok indarkeria psikologikoa ( % 52), fisikoa ( % 35) edo sexuala ( % 48) jasan dute. Hala ere, erakundeek eta agintariek %90 baino gehiagoko “zifra beltza” kalkulatu dute, salatzen ez diren kasuen estimazioarekin.